Diputatuen Kontseiluak 2002ko ekainaren 18an hartutako erabakiaz Gipuzkoako Foru Aldundiak bete behar dituen lanpostuetarako hautapen prozesuen oinarri orokorrak.
1.1.Oinarrien xedea da Gipuzkoako Foru Aldundiko plantilakoak diren eta oinarri espezifikoetan jasotzen diren lanpostuak betetzeko oinarri orokorrak ezartzea.
1.2.Oinarri espezifikoetan zehaztuta dago zer plaza beteko diren txanda irekian, zein minusbaliatuenean eta zein barne sustapenean.
Barne sustapeneko txandan edo minusbaliatuentzako txandan bete beharreko plazak bete gabe geratzen badira, nahiz hautagairik ez dagoelako nahiz hautagaiek hautapen prozesuak gainditzeko eskatutako baldintzak betetzen ez dituztelako, hutsik geratutako plaza horiek txanda irekian bete beharrekoei gehituko zaizkie, baldin eta 1.3 atalean aipatzen diren plazetakoak ez badira.
1.3.2001eko maiatzaren 29ko 42/2001 Foru Dekretuaren eta 2002ko ekainaren 11ko 32/2002 Foru Dekretuaren 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera, barne sustapenean bete beharreko plaza batzuk funtzio publikoan sartzeko deialdietatik aparte betetzea erabaki zen, Foru Aldundiko giza baliabideen antolamendu orokorraren ondorioz. Oinarri espezifikoetan jasota daude sistema horren bitartez bideratutakoak. Plaza horiek, bete gabe geldituko balira ere, ez litzaizkieke inola ere txanda irekian ateratakoei gehituko
1.4.Eskakizun jakin bat jarrita daukaten lanpostuak ezin izango dituzte bete, inola ere, eskakizun hori egiaztatu ez duten hautagaiek.
2.Baldintza orokorrak.
2.1.Plazak Gipuzkoako Foru Aldundiko plantila unitariokoak dira eta, beraz, ez dute ematen lana toki edo departamentu jakin batean egiteko eskubiderik, plaza horietan aritzen diren langileak beste batzuetara aldatuak izan baitaitezke.
Zer destinotan lan egingo den, dei egindako plaza horietan hautapen prozesua amaitzerakoan hutsik daudenen arabera erabakiko da.
2.2.Plaza bakoitzari oinarri espezifikoetan kasuan kasu aipatzen den hizkuntz eskakizuna dagokio. Hizkuntz eskakizuna derrigorrezkoa denean, ezinbestekoa izango da hura egiaztatzea. Hizkuntz eskakizuna derrigorrezkoa ez denean, egiaztatuz gero merezimendutzat hartuko da.
2.3.Lanaldia eta gainerako lan baldintzak, esleitutako destinoan lanpostuak dituenak izango dira.
3.Parte hartzeko eskakizunak.
3.1.Oinarri espezifikoetan jasotako plazetarako hautapen prozesuetan parte hartu ahal izateko, eskaera orriak aurkezteko epea amaitu baino lehenago hautagaiek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:
a)Europar Batasuneko kide den estaturen bateko nazionalitatea edukitzea edota, bestela, Europar Batasunak sinatutako eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen ondorioz langileen zirkulazio librea aitortzen zaion estaturen bateko nazionalitatea izatea.
Aurkez daitezke, halaber, Europar Batasuneko kide den estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideak ere, baldin eta zuzenbidez banatuta ez badaude, bai eta nazionalitate hura dutenen ondorengoak eta haren ezkontide zuzenbidez banatugabearen ondorengoak ere, 21 urte baino gutxiago badituzte, edota gehiago izanik ere haien kontura bizi badira.
b)18 urte beteta edukitzea eta derrigorrez erretiratzeko adina ez gainditzea eskaera orriak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
c)Lanpostuen eginkizunak normaltasunez betetzea galaraziko dion gaixotasunik nahiz muga fisiko edo psikikorik ez izatea, 1982ko apirilaren 7ko 13/82 Legea, minusbaliatuak gizarteratzekoa, aplikatzea eragotzi gabe ere.
Dagokion unean egiaztatu behar da hori, epaimahaiak onartutzat jotzen dituen hautagaiei bakarrik egingo zaizkien proba eta azterketen bitartez. Azterketa horiek beti izendapena egin aurretik egingo dira, hau da, praktika edo prestakuntza aldia egitea aurreikusita dagoenean praktikaldiko funtzionario izendatu aurretik eta, gainerakoetan, karrerako funtzionario izendatu aurretik. Azterketak Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitako zerbitzuetan egingo dira. Lan kontratupekoak hartzeko deialdietan, azterketa horiek kontratua sinatu aurretik egingo dira.
Hautapen prozesuan zehar,
epaimahaiari beharrezkoa iruditzen bazaio, Lehendakaritza Departamentuari
eskatu ahal izango dio hautapen prozesua amaitu zai egon gabe minusbaliatuen
txandan parte hartzen ari diren hautagaiei mediku proba eta azterketa egokiak
egiteko, kasuan kasu aurkeztu diren plazan ohikoak diren jarduerak betetzeari
begira eskakizun hau betetzen duten egiaztatzearren.
d)Oinarri espezifikoetan adierazitako titulu ofiziala edo homologatua edukitzea edo eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Atzerriko tituluak baldin badira, homologaturik daudela ziurtatzen duen egiaztagiria eduki behar da.
e)Diziplina espedientearen bidez inongo herri administraziotatik kendua ez izatea eta herri eginkizunak betetzeko ezgaiturik ez egotea. Atzerritarrek egiaztatu behar dute beren estatuan funtzio publikoan aritzea debekatzen dien diziplinako zigorrik edo zigor penalik ez dutela.
f)Oinarri espezifikoetan derrigortzat jotzen diren gainerako eskakizunak betetzea.
3.2.Minusbaliatuen txanda:
Minusbaliatuentzat gordetako plazetara aurkezten direnek %33ko ezintasuna edo handiagoa izan behar dute eta minusbaliotasun agiria eduki behar dute, Administrazio organo eskudunak emana (Foru Aldundietan, IMSERSOn edo balio berekoetan).
3.3.Barne sustapeneko txanda:
Barne sustapenean ateratako plazetara aurkezten direnek, 3.1 oinarrian aipatutako eskakizun orokorrez gain, honako hauek bete behar dituzte:
a)Gipuzkoako Foru Aldundiko karrerako funtzionarioa eta aurkezten den lanposturako deialdi berezian aipatzen den sailkapen taldekoa izatea eta jatorrizko eskalan karrerako funtzionario gisa gutxienez bi urteko zerbitzua betea izatea.
b)Hautagaiak duen eskalan zerbitzu aktiboko egoeran edo parekoan egotea edo zerbitzu berezietan egotea.
D taldetik C talderako barne sustapenean, titulazioari dagokion eskakizuna Euskal Funtzio Publikoaren Legeak hamaseigarren xedapen gehigarrian dioenera egokitu ahal izango da, oinarri espezifikoetan berariaz aipatzen den kasuetan.
3.4.Deialdi espezifiko bakoitzean txanda bakarrean parte hartu ahal izango dute hautagaiek, hau da, barne sustapenean, txanda irekian ala minusbaliatuenean, eta zein txanda den adierazi behar dute eskaeran bertan.
Hautagai batek zein txanda aukeratzen duen berariaz aipatzen ez badu, deialdi bereko aukera baliodun bat baino gehiago adierazi baditu edo aukeratu duen txanda murrizturako eskakizunak betetzen ez baditu, txanda irekian parte hartzeko eskaeratzat joko da ofizioz.
4.Eskaera orriak.
4.1.Epea:
Parte hartu nahi den deialdi espezifiko bakoitzean onartua izateko eskaera orri normalizatuak Lehendakaritza Departamentuko foru diputatuari zuzenduta aurkeztuko dira, oinarri hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita eta, gehienez, deialdiari buruzko iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hogei egun naturaleko epea amaitu arte. Eskaera orrietan honako eskakizun hauek bete behar dira:
4.2.Eskaera orrirako eskakizunak:
a)Eskaera orriaren eredu normalizatua erabili behar da. Eredu hori Gipuzkoako Foru Aldundiko bulegoen beheko oinean (Gipuzkoa plaza z/g, 20004, Donostia) eskuratu daiteke. Nahi izanez gero, oinarri hauen 4.3.b) atalean aipatzen diren erregistroetan ere eskuratu daiteke, eta baita Interneten bitartez ere, helbide honetan hain zuzen: www.gipuzkoa.net/ope2001.
Eskaera orriarekin batera NAren edo, atzerritarra izanez gero, balio bereko agiriaren fotokopia (konpultsatu gabe) aurkeztu behar da derrigorrez.
b)Hautagaiek eskaera orriaren atal guztiak bete behar dituzte, eta aditzera eman behar dute parte hartzeko eskakizun guzti-guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.
Horretarako, eskaera orriaren atal egokietan, datu hauek zehaztu behar dituzte:
—Eskatutako datu pertsonalak.
—Parte hartzen duten deialdia.
—Parte hartu nahi duten txanda: A) irekia, b) barne sustapenekoa, edo c) minusbaliatuena, oinarri espezifikoetan ezarritakoaren arabera. Hautagaiek txanda bakarrean parte hartu ahal izango dute deialdi bakoitzeko.
—Ezintasunen bat duten hautagaiek aipatu egingo dute hori eskaeran, hautapen probak egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten egokipen teknikoak ere aipatuta.
—Oposizioaldiko ariketak egiteko aukeratzen duen hizkuntza ofiziala: Euskara edo gaztelera.
—Parte hartu ahal izateko duen titulazioa eta horren kodea.
4.3.Eskaerak aurkezteko tokiak:
Eskaera orriak, behar bezala beteta, honako toki hauetan aurkeztu ahal izango dira.
a)Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Zentralean, Gipuzkoako foru jauregiaren beheko oinean (Gipuzkoa plaza z/g, 20004 Donostia).
b)Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta dauden udal eta entitateen erregistroetan, hau da: Alegia, Altzo, Aretxabaleta, Deba, Eskoriatza, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Hernialde, Idiazabal, Irun, Irura, Larraul, Legazpi, Legorreta, Lezo, Mendaro, Olaberria, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zumaia eta Zumarragako udaletxekoetan, eta Debagoieneko Mankomunitatekoan.
c) 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusten dituen tokietan, hau da:
—Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroetan, beste edozein Autonomia Erkidegotako erregistroetan eta Estatuko Administrazioaren erregistroetan.
—Posta Bulegoetan. Horrelakoetan, beti ere aurkezpen epearen barruan, kartazal irekian aurkeztu behar zaio eskaera orria Postetxeko funtzionarioari, hark ziurtatu ahal izan dezan. Orduan bakarrik ulertuko da postetxera eramandako egunean bertan sartu dela eskaera orria Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Zentralean. Eskaera orria da zigilatu behar dena.
—Araudi aplikagarrian aurreikusten den beste edozein eratan.
5.Aurkeztu behar den dokumentazioa.
5.1.Eskaera orriarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa:
—NAren edo, atzerritarra izanez gero, balio bereko agiriaren fotokopia (konpultsatu gabe).
5.2.Hautapen prozesuan zehar aurkeztu behar den dokumentazioa:
a) Merezimenduak:
Hautapen prozesuan zehar, merezimenduak aditzera emateko eta egiaztatzeko epea irekiko du epaimahaiak. Merezimenduen aipamena horretarako emango den inprimakian egingo da. Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen espedientean dagoeneko jasota dauden agiriak ez dira aurkeztu behar, horrelakoetan nahikoa izango baita hori aipatzea.
b) Euskara:
Aurkezten diren plazari dagokion hizkuntz eskakizuna aurrez egiaztatua duten hautagaiek horren ziurtagiria aurkezteko epea irekiko du epaimahaiak euskarako probak egin aurretik, 9.3 oinarrian aipatzen den legez.
Aurkezten diren plazari dagokion hizkuntz eskakizuna dutela ziurtatzen duten hautagaiek ez dute euskarako azterketa egin behar. Ziurtagiri hori aurkeztu beharra ez dute izango Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen espedientean dagoeneko jasota baldin badago eta hori aipatzen badute.
5.3.Hautapen prozesua amaitzerakoan aurkeztu behar den dokumentazioa:
Parte hartu ahal izateko 3. oinarrian aipatutako eskakizunen egiaztagiriak hautapen prozesua amaitzerakoan aurkeztu beharko dituzte izendatuak edo kontratatuak izateko proposatuak diren hautagaiek, 10. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen espedientean dagoeneko jasota dauden agiriak ez dira aurkeztu behar.
5.4.Dokumentuak konpultsatzea:
Deialdian parte hartzeko eskakizunak eta, halaber, merezimenduak egiaztatzeko, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak aurkeztuko dira, eskaera orriari erantsi behar zaion NAren kopia izan ezik.
Kopiak konpultsatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro zentralean (Gipuzkoa plaza z/g) edo fede-emaile publiko eskudunaren bidez egin daiteke. Horretarako, jatorrizko dokumentuak eta kopiak aurkeztu behar dira.
6.Hautagaiak onartzea.
Eskaera orriak aurkezteko epea amaitu ondoren, Lehendakaritzako foru diputatuak onartutako eta baztertutako hautagaien behin-behineko zerrenda onartuko du. Zerrenda Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Gipuzkoako Foru Aldundiko iragarki taulan erakutsiko da, eta hamar laneguneko epea emango da bazterketa eragin duten oker eta hutsuneak zuzentzeko eta zerrenden aurkako erreklamazioak egiteko.
Erreklamaziorik aurkezten ez bada eta ofiziozko akatsak antzematen ez badira, behin-behineko zerrenda behin betikotzat joko da, besterik gabe. Erreklamazioak aurkezten badira, baietsi edo ezetsi egingo dira behin betiko zerrenda ere onartuko duen ebazpenaren bitartez. Behin betiko zerrenda ere lehen aipatu zen bezalaxe argitaratuko da.
Behin-behineko zerrendatik kanpo geratu eta epearen barruan erreklamazioa aurkezten duten hautagaiek aukera izango dute kautelazko izaeraz hautapen probak egiteko, egindako erreklamazioa data horretarako ebazten ez bada.
Era berean, behin betiko zerrendatik kanpo geratu eta bidezkoa den erreklamazioa aurkezten duten hautagaiek aukera izango dute kautelazko izaeraz hautapen probak egiteko, egindako erreklamazioa data horretarako ebazten ez bada.
7.Epaimahai kalifikatzailea.
Lehendakaritzako diputatuak foru aginduaz izendatuko ditu hautapen probak baloratuko dituzten epaimahaiak. Izendapenak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
Epaimahai kalifikatzaileak honela osatuko dira:
Lehendakaria:
—Gipuzkoako Foru Aldundiko foru diputatu edo zuzendari nagusi bat, edota Lehendakaritza Departamentuko goi mailako teknikari bat, karrerako funtzionarioa dena.
Mahaikideak:
—Lehendakaritza Departamentuko karrerako funtzionario bat.
—Herri Administrazioetako karrerako bi funtzionario.
—Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) ordezkari bat.
—Langileen ordezkari bat, karrerako funtzionarioa eta ordezkaritza sindikalak izendatua.
—Euskararen jakintza baloratzeko ez besterako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat izendatuko da.
Idazkaria:
—Gipuzkoako Foru Aldundiko idazkari tekniko bat, titular gisa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko karrerako funtzionario bat, ordezko gisa.
Lan kontratupeko langileak hartzeko deialdietan epaimahaikide izateko ez da beharrezkoa izango karrerako funtzionarioa izatea, eta nahikoa izango da kasuan kasu aditzera emandako organoko edota Administrazioko enplegatua izatea.
Komenigarria ikusten badu, epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatu ahal izango du. Aholkulari horiek beren espezialitateko gaitasun teknikoa bakarrik baliatuko dute eta horietan ez bestetan oinarrituta lagunduko diote epaimahaiari.
Epaimahaiko kideek ezin izango dute jardun, eta Lehendakaritzako foru diputatuari jakinaraziko diote, eta, halaber, hautagaiek haiek gaitzesteko aukera izango dute, 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28. artikuluan aipatzen duen egoeraren bat gertatuz gero.
Epaimahaiak 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak 22 eta 27 bitarteko artikuluetan zehazten dituen arauetara egokituko du bere jarduna. Edonola ere, lehendakariaren aginduz idazkariak deituta bilduko da, hautapen probak egin baino behar beste lehenago, eta ondo eratua egoteko lehendakaria eta idazkaria (edo horien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak egon beharko dira bertan.
Epaimahaiak bildutakoen botoen gehiengoaz hartuko ditu erabakiak. Epaimahaiko kide guztiek hitza eta botoa izango dituzte, idazkariak izan ezik, ez baitu botorik izango. Berdinketa gertatzen denean, lehendakariaren botoak erabakiko du.
Lehendakaria edo haren ordezkoa bileran ez badago, gaixorik badago, kargua hutsik badago edo bestelako kausa legalak behartzen badu, mahaikide zaharrenak ordeztuko du.
Idazkaria edo haren ordezkoa bileran ez badago, gaixorik badago, kargua hutsik badago edo bestelako kausa legalak behartzen badu, Epaimahaiak gehiengoz erabakitzen duen mahaikideak ordeztuko du.
Epaimahaiak jarduteko autonomia osoa izango du, eta prozesua legezkotasunez eta objetibotasunez garatzea zainduko du.
Era berean, legeria aintzat hartuta, oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak erabakiko ditu, deialdiak ondo garatzeko behar diren erabakiak hartuko ditu eta oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetan jarraitu beharreko irizpideak ezarriko ditu.
Hautapen prozesuaren edozein
unetan, deialdian parte hartzeko eskakizunen bat betetzen ez duen hautagairen
bat dagoela jakiten badu, interesatuari entzun eta gero, hura baztertzeko
proposatuko dio epaimahaiak organo eskudunari, eskaeran hark jarritako
okerrak edo faltsukeriak adierazita.
Epaimahaiak behar diren neurriak hartuko ditu oposizioaldiko ariketa idatzietako edukien konfidentzialtasuna bermatzeko eta ahal dela hautagaia identifikatu gabe zuzentzeko.
Komunikazioetarako eta era guztietako gorabeheretarako, epaimahai kalifikatzaileak helbide hau izango du:
Funtzio Publikoko Zerbitzua.
Gipuzkoako Foru Aldundia.
Gipuzkoa plaza z/g.
20004 Donostia.
8.Deialdiak, jakinarazpenak eta informazioa.
Lehenengo ariketa egiteko deia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Prozesu honetan sortzen diren gainerako komunikazio eta jakinarazpenak Gipuzkoako Foru Aldundiko iragarki taulan argitaratuko dira.
Interneteko www.gipuzkoa.net/ope2001
helbidean ere jarriko da informazioa interesatuen eskura, baina web orri
horrek izaera informatiboa izango du eta, hortaz, jakinarazpen ofizialtzat
aurreko paragrafoan aipatutakoak joko dira. Kasuan kasu, bete beharreko
plazekin zerikusi zuzena duten foru bulego periferikoetan ere eskuratu
ahal izango da informazioa.
Web orrian, besteak beste oinarriak, onartu eta baztertutako hautagaien zerrendak, ariketak egiteko egunak eta lortutako kalifikazioak kontsultatu ahal izango dira.
Deialdiaren informazio orokorra eskuratzeko leku zehatza hau izango da:
Atari: Enplegu publikorako eskaintzari buruzko informazio zentroa.
Gipuzkoako Foru Aldundia, beheko oina.
Gipuzkoa plaza, z/g.
20004 Donostia.
Telefonoa: 943.483.344.
Internet: www.gipuzkoa.net/ope2001
9.Hautapen prozedura.
9.1.Hautapen prozedura zehatza deialdi espezifiko bakoitzean eta txanda bakoitzerako ezartzen dena izango da.
9.2.Ariketak:
Oposizioaldian egin beharreko ariketak deialdi espezifiko bakoitzean aipatzen direnak izango dira.
Hautapen probak ez dira hasiko eskaera orriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabete igaro baino lehenago. Lehenbiziko ariketa egingo den tokia, eguna eta ordua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
Ariketa bakoitzeko dei bakarra izango dute hautagaiek. Salbuespenezko egoerak egiaztatu egin beharko dira eta epaimahaiak baloratuko ditu. Identifikatzearren, hautagaiek NA eramango dute, eta atzerritarrek balio bereko nortasun agiri egokia.
Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta bitartekoak egokitu egingo dizkiete ezintasunen bat duten hautagaiei, beharrezkoa baldin badute eta eskaera orrian horren beharra aipatu bazuten, gainerako hautagaiekiko aukera berdintasuna bermatzearren. Hori, dena dela, probaren edukia itxuragabetzen ez bada edota eskatutako gaitasun maila jaisten edo eragozten ez bada.
Ariketa bat erabat bukatzen denetik hurrengoa hasi arte gutxienez hirurogeita hamabi ordu eta gehienez berrogeita bost egun natural igaroko dira.
Hautagaiak zein hurrenkeratan arituko diren erabakitzeko, 1995eko martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretuko 17. artikuluan xedatzen den zozketa baliatuko da, 2002. urterako «S» letratik hasten dena.
Lehenbiziko deitura «S» letratik hasten zaion hautagairik ez badago, lehenengo deitura «T» letratik hasten zaien hautagaietatik abiatuko da, eta behar bada hala jarraituko da hurrenez hurren.
Ariketa teorikoak eta praktikoak deialdi espezifiko bakoitzean zehazki zerrendatutako gaiei buruzkoak izango dira.
Deialdi bakoitzean bi gai zerrenda egongo dira: Bata orokorra, plazaren titulazio mailari dagokiona eta oinarri hauetan jasotzen dena, eta bestea espezifikoa, deialdi espezifiko bakoitzean jasotzen dena.
9.3.Euskara:
Plazek hizkuntz eskakizun bat jarria dute eta deialdi espezifiko bakoitzean zehaztuko da.
Hautagaien euskara maila egiaztatzeko ariketak egingo dira.
Nolanahi ere, hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko ariketak egin aurretik, epaimahaiak epe bat jarriko die hautagaiei, aurkeztu diren plazari dagokion hizkuntz eskakizuna aurrez egiaztatua badute, horren ziurtagiria aurkez dezaten. Hori eginez gero ez dute euskarako azterketa egin beharrik izango.
Hizkuntz eskakizunak egiaztatzeko ondorengo agiriok aurkez daitezke:
—4. hizkuntz eskakizuna:
* Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) agiria, 4. hizkuntz eskakizuna eskuratua izatea egiaztatzen duena.
—3. hizkuntz eskakizuna:
* Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) agiria, 3. hizkuntz eskakizuna edo goragokoa eskuratua izatea egiaztatzen duena.
* Euskararen Gaitasun Agiria- EGA (edo baliokideak diren egiaztagiri zein diplomak).
* Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun agiria.
* Hezkuntza Sistemako 2. hizkuntz eskakizunaren egiaztagiria.
—2. hizkuntz eskakizuna:
* Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen agiria, 2. hizkuntz eskakizuna edo goragokoa eskuratua izatea egiaztatzen duena, edo horren balio berekoak.
* Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. ikasturtea gainditu izanaren agiria.
* Hezkuntza Sistemako 1. hizkuntz eskakizunaren egiaztagiria.
—1. hizkuntz eskakizuna:
* Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen agiria, 1. hizkuntz eskakizuna edo goragokoa eskuratua izatea egiaztatzen duena, edo horren balio berekoak. 1. hizkuntz eskakizuneko ziurtagiriak indarrean egon beharko du euskarako ariketa egin behar den egunean.
Hautagaia aurkezten den plazaren hizkuntz eskakizuna duela agiri bidez egiaztatzen ez den kasuetan, prozeduraren fase bat izango da hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko ariketak egitea.
Epaimahaiak erabakiko du oposizioaldiko zein unetan egin ariketa hori.
9.4.Lehiaketa:
Lehiaketaldia egitea aurreikusten duten deialdi espezifikoetan epaimahaiak epe bat ezarriko du deialdi bakoitzean baloratuko diren merezimenduak adierazi eta, behar izanez gero, egiaztatzeko.
Adierazitako epe horretan ere merezimenduak adierazi eta egiaztatu beharko dituzte hasiera batean hautapen prozesutik baztertuak izan arren erabaki horren aurkako erreklamazioa aurkeztu dutenek, baldin eta behin betiko ebazpenaren zain badaude.
Ezingo dira baloratu behar bezala adierazi ez eta ezarritako epean egiaztatu ez diren merezimeduak. Era berean, eskaera orriak aurkezteko epea amaitu aurrekoak diren merezimenduak bakarrik baloratuko dira.
Nolanahi ere, hizkuntzen azterketak egitetik lor daitezkeen merezimenduak ariketa bakoitza egiten den egunean konputatuko dira, eta hizkuntzen ezagupen maila egiaztatzeko agiriak epaimahaiak merezimenduak egiaztatzeko emandako epearen barruan aurkeztu ahal izango dira.
Urteka, seihilabeteka edo hilabeteka baloratzen diren merezimenduak adierazitako denbora aldi horien batura eginez konputatuko dira, eta erreferentziako aldia baino txikiagoak diren zatikiak ez dira kontuan hartuko. Hala urtea izango da 365 egunen batura; seihilabetea, 180 egunen batura eta hilabetea, 30 egunen batura.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izango eta bertan lortutako puntuaketak ez dira kontuan hartuko oposizioaldiko ariketak gainditzeko. Puntuazio horiek, gainera, ez dute inoiz gaindi-tuko txanda bakoitzeko oposizioaldiak izango duten puntuazioaren %45.
10.Epaimahaiaren proposamena.
Oposizioaldiko ariketak deialdi espezifiko bakoitzean xedatutakoaren arabera kalifikatuko dira.
Lehiaketaldiko merezimenduen balorazioa, hala aurreikusita dagoenean, deialdi espezifiko bakoitzean ezarritako baremoen arabera emandako puntuak batuz egingo da.
Hautaketa prozesuaren bukaerako kalifikazioa deialdi espezifiko bakoitzerako zehaztutako eran lortutako puntuak batuta aterako da. Ariketen kalifikazioa eta merezimenduena, halakorik egonez gero, amaitu ondoren, epaimahaiak behin-behineko izaeraz proposatutako hautagaien izenak jakinaraziko ditu, beti ere, lortutako puntuaketa hurrenkeraren arabera eta hautagaiak postuen artean aditzera emandako lehentasun hurrenkeraren arabera, beti ere parte hartu duen txandako hizkuntz eskakizuna eta Lanpostuen Zerrendan aipatutako gainerako eskakizunak betetzen baditu. Dena dela, barne sustapeneko txandako hautagaiek lehentasuna izango dute txanda irekikoen aldean, eta txanda bakoitzaren barruan amaierako puntuazioaren hurrenkera jarraituko da.
Hori zehaztearren, hautapen prozesuan zehar Lehendakaritza Departamentuak egoki ikusten duen unean, postuei begira hautagaiek duten lehentasun hurrenkera adierazteko eskatuko zaie.
Berdinketarik gertatuz gero, hautagaien hurrenkera ondorengo irizpideei jarraituz osatuko da:
1. Oposizioaldiko ariketa praktikoan puntu gehien lortu duena.
2. Oposizioaldian guztira puntu gehien lortu duena.
3. Oposizioaldiko lehen ariketan puntu gehien lortu duena.
4. Deialdi espezifikoaren lehiaketa-oposizioko oinarrietan zehaztutako hurrenkeran merezimenduetan puntu gehien lortu duena.
5. Deialdiko gai zerrenda espezifikoari dagokion berdinketa hausteko proba bat egitea.
Gainditu duten hautagaien behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera interesatuek hamar laneguneko epea izango dute bidezko irizten dituzten erreklamazioak aurkezteko.
Epaimahaiak, aurkez daitezkeen erreklamazioak erabaki ondoren, bere proposamena igorriko dio Foru Aldundiko organo eskudunari hark bere proposamenak egin ditzan praktiketako funtzionario izendatzeko, deialdian hala aurreikusitako badago, edo karrerako funtzionario izendatzeko, praktikaldirik aurreikusi ez bada. Lan kontratupeko langileentzako plazak betetzeko deialdietan, epaimahaiak kontratazio proposamena egingo du.
Epaimahaiak ez du inola ere deitutako plaza kopurua baino hautagai gehiago proposatuko.
Aprobatutakoen zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita 20 egun naturaleko epean, parte hartzeko 3. oinarrian zehaztutako eskakizunen froga dokumentalak aurkeztuko dituzte proposatuak izan diren hautagaiek.
Halabeharrezko arrazoirik izan gabe, hautagaiek ez badute adierazitako epean eskatutako dokumentazioa aurkezten, edo galdatutako eskakizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez badute, ez dira izendatuak edota kontratatuak izango, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geratuko dira, instantziako faltsutasuna dela eta beregana dezaketen erantzukizuna baldintzatu gabe. Horrelako kasuetan, lehiaketa-oposizioa gainditu dutenetatik amaierako puntuazioaren hurrenkeran hurrengo datorrenaren aldeko izendapen edo kontratazio proposamena egingo du organo eskudunak.
11.Praktika eta prestakuntza aldia.
Hala ezar dezaten deialdi espezifikoetan praktika edo prestakuntza aldi bat egingo da eta oinarri espezifikoetan zehaztuko den gehieneko iraupena izango du.
Horrelakorik badago, Diputatuen Kontseiluak praktiketako funtzionario izendatuko ditu epaimahaiak proposatutako hautagaiak.
Lan kontratupeko postuetan, aldi hori probalditzat joko da eta Langileen Estatutuko 14. artikuluan xedatutakora egokituko da.
Gainerako deialdietan praktika edota prestakuntza aldia ebaluatu eta kalifikatu egingo da. Ondoko puntuok kontuan hartuta:
* Zeregin eta betebeharren betetze maila.
* Laneko kalitatea.
* Ikasteko jokaerak.
* Ekimena.
* Ardura eta egokitze maila.
* Elkarlanerako jokaerak.
* Bezero eta lankideekin izandako harremanak.
Praktika edota prestakuntzako aldia baloratzeko Batzorde Ebaluatzailea eratuko da eta ondorengo hauek osatuko dute:
Batzordeburua:
—Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, edo berak izendatutako ordezkoa.
Batzordekideak:
—Funtzio Publikoko zerbitzuburua, edo berak izendatutako ordezkoa.
—Praktikaldia egin den Zerbitzuko burua, edo berak izendatutako ordezkoa.
—Ordezkaritza sindikalak izendatutako langileen ordezkari bat, edo berak izendatutako ordezkoa.
Idazkaria:
—Lehendakaritza Departamentuko teknikari bat, edo berak izendatutako ordezkoa.
Batzorde Ebaluatzaileak epaimahaiarentzat ezarritako funtzionamendu arau berak bete behar ditu eta «Gai» edo «Ez Gai» kalifikazioa emango dio praktika edo prestakuntza aldiari.
Praktikaldia egiten ari den bitartean eta bukatu aurretik, Batzorde Ebaluatzaileak praktikaldiaren behin-behineko ebaluaketa bat egingo du eta emaitza aldekoa ez den kasuan interesatuari jakinaraziko zaio. Praktikaldia amaitzen denean bukaerako ebaluaketa bat egingo da.
Batzorde Ebaluatzaileak praktikaldia gainditu duten praktiketako funtzionarioen behin betiko zerrenda igorriko dio Lehendakaritzako foru diputatuari. Gero, Lehendakaritzako foru diputatuak karrerako funtzionario izendatzeko proposamena aurkeztuko dio Diputatuen Kontseiluari, onar dezan.
Praktika edota prestakuntza aldia gainditzen ez duen hautagaiak karrerako funtzionario izendatua izateko eskubidea galduko du edo, lan kontratupeko postua bada, kontratua bertan behera utziko da, Diputatuen Kontseiluak hartutako erabaki arrazoituaren bidez.
12.Plazen esleipena eta izendapena edo kontratazioa.
Karrerako funtzionario izendatzeko edo lan kontratupekoen kasuan kontratatuak izateko proposatuak izan diren hautagaiek, azken puntuazioko hurrenkeraren eta eskainitako lanpostuen artean adierazitako lehentasun hurrenkeraren arabera dagokien destinoa lortuko dute, 10. oinarrian adierazi legez.
Halaber, adierazitako lehentasunak ikusita, Lehendakaritza Departamentuak medikuaren ebazpena eska dezake minusbaliatuen txandan parte hartu duten hautagaiei dagokienez, bete beharreko lanpostuekiko duten bateragarritasun maila edo lanpostua betetzeko beharrezkoak diren egokitzapenei buruz iritzia eman dezan.
Diputatuen Kontseiluak karrerako funtzionario izendatuko ditu proposatuak izan direnak edo lan kontratupeko kontratua egingo die, eta haiek beren plaza jabetzan hartu behar dute, izendapenaren edo kontratazioaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita 30 laneguneko epearen barruan.
Lan kontratupeko plazetarako proposatutako hautagaiak kontratatzeko baimena Diputatuen Kontseiluak emango du, eta haiek kontratua sinatzeko 30 laneguneko epea izango dute, Diputatuen Kontseiluak hartutako jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.
13.Gorabeherak.
Epaimahaiak ahalmena du sortutako zalantzak argitu eta, oinarri hauetan aurreikusi gabeko puntu guztietan, lehiaketa-oposizioa behar bezala aurrera eramateko hartu behar diren erabakiak hartzeko.
Nola deialdia hala oinarria, edo oinarrietatik eta epaimahaiaren jardunetik eratorritako egintza administratibo guztiak, inpugnatu ahal izango dira, 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, aurreikusitako modu eta epeetan.
14.Aldi baterako lanpostuak betetzeko Lan Poltsak.
Deialdiak erabaki ondoren, oposizioaldiko ariketak gainditu arren deitutako plaza kopurua txikiagoa delako plazarik lortzen ez duten hautagaien zerrendak, lanpostu beretan edo antzekoetan aldi baterako langile beharrak betetzeko erabiliko dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duen araudiaren arabera kudeatuko dira.
Halaber, oposizioaldiko lehenengo
ariketa egiten denetik aurrera, Diputazioak lan poltsa gisa erabil ditzake
gainditutakoen zerrendak, ordurarte egindako ariketetan lortutako puntuen
baturaren ondorioz lortutako puntuaketa hurrenkeraren arabera, eta bukatuta
dauden hautaketa prozesuetako zerrenden osagarri izango dira. Bigarren
ariketa egiten denetik aurrera, hortik ateratzen diren zerrendek lehentasuna
izango dute aurretik deitutako aldi baterako lanetarako lan poltsekiko
eta bukatuta dauden Enplegu Eskaintzetako zerrenden osagarri izango dira.
Hautaketa hori osatu ahal izango da merezimenduen ebaluaketa eginez edota
puntuaketarik onena lortu duten 10 hautagaiei proba espezifiko mugatua
eginez, gero hamarreko taldetan zabalduz joan daitekeena.
TITULAZIOEN ZERRENDA
599 Medikuntzako lizentziatua (lan medikuntzako espezialitatea)
549 Arkitektoa
548 Telekomunikabideetako ingeniaria
547 Industria Antolaketako ingeniaria
546 Mendietako ingeniaria
545 Informatikako ingeniaria
544 Industriako ingeniaria
543 Elektronikako ingeniaria
542 Bide, Kanal eta Portuetako ingeniaria
541 Nekazaritzako ingeniaria
540 Goi Ingeniaritzak
539 Dokumentazioko lizentziatua
538 Jarduera Fisikoaren eta
Kirolaren Zientzietako
lizentziatua
537 Kazetaritzako lizentziatua
536 Psikologiako lizentziatua
535 Pedagogiako lizentziatua
534 Soziologiako lizentziatua
533 Zientzia Politikoetako eta Administrazioko lizentziatua
532 Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziatua edota Ekonomiakoa
531 Zuzenbideko lizentziatua
530 Gizarte eta zuzenbide zientzien arloko lizentziaturak
529 Matematikako lizentziatua
528 Kimikako lizentziatua
527 Fisikako lizentziatua
526 Biokimikako lizentziatua
525 Biologiako lizentziatua
524 Farmaziako lizentziatua
523 Geologiako lizentziatua
522 Medikuntzako lizentziatua
521 Albaitaritzako lizentziatua
520 Esperimentazio eta osasun
zientzien arloko
lizentziaturak
519 Itzulpen eta Interpretaritzako lizentziatua
518 Hizkuntzalaritzako lizentziatua
517 Giza Zientzietako lizentziatua
516 Gizarte eta Kultura Antropologiako lizentziatua
515 Filologiako lizentziatua
514 Historiako lizentziatua
513 Geografiako lizentziatua
512 Arte Ederretako lizentziatua
511 Filosofiako lizentziatua
510 Giza zientzien arloko lizentziaturak
495 Nekazaritzako ingeniari
teknikoa edo goi ingeniari
agronomoaren hiru ikasturte
osorik
449 Arkitekto teknikoa
448 Topografiako ingeniari teknikoa
447 Telekomunikabideetako ingeniari teknikoa
446 Herrilanetako ingeniari teknikoa
445 Sistema/Kudeaketa Informatikako ingeniari teknikoa edo Informatika Lizentziaturako hiru ikasturte osorik
444 Industriako ingeniari teknikoa
443 Basogintzako ingeniari teknikoa
442 Nekazaritzako ingeniari teknikoa
441 Aeronautikako ingeniari teknikoa
440 Ingeniaritza Teknikoak
438 Kudeaketa eta Administrazio Publikoko diplomatua
437 Gizarte Heziketako diplomatua
436 Bibliotekonomia eta Dokumentazioko diplomatua
435 Zuzenbide Lizentziaturako hiru ikasturte osorik
434 Maisu-maistrak
433 Lan Harremanetako diplomatua
432 Gizarte Laneko diplomatua
431 Enpresa Zientzietako diplomatua
430 Gizarte eta zuzenbide zientzien arloko diplomaturak
428 Kimika Lizentziaturako hiru ikasturte osorik, edo Industriako ingeniari teknikoa (Kimika espezialitatea)
423 Estatistikako diplomatua
422 Fisioterapiako diplomatua
421 Erizaintzako diplomatua
420 Esperimentazio eta osasun zientzien arloko diplomaturak
332 Puerikultura
331 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Metalgintza-Mekanika
329 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Osasuna
328 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Kimika
327 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Ostalaritza eta Turismoa
326 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Elektrizitatea eta Elektronika
325 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Delineazioa
324 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Eraikuntza eta Obrak
323 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Arte Grafikoak
322 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Nekazaritza
321 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2). Adarra: Administrazioa eta Merkataritza
320 Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2)
310 Batxilergo Bateratu Balioaniztuna (BBB)
300 Goi Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa (LH2), edo baliokidea
231 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Metalgintza-Mekanika
229 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Osasuna
228 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Kimika
227 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Ostalaritza eta Turismoa
226 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Elektrizitatea eta Elektronika
225 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Delineazioa
224 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Eraikuntza eta Obrak
223 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Arte Grafikoak
222 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Nekazaritza
221 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1). Adarra: Administrazioa eta Merkataritza
220 Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1)
210 Eskolako graduatua (OHO)
200 Eskolako graduatua (OHO), Oinarrizko Batxilergoa, Lehen Mailako Lanbide Heziketa (LH1), edo baliokidea
100 Eskola ziurtagiria