USARRAGA

Agustin Beloki. Bidania, 2000.urtea
Noiz edota nork jarria
ote da zure lehen harria?
Agian zinen ermitaren bat
geroago baserria?
Lubaki zahar ebakia
kondairaren larrukia,
geroarentzan nola marraztu
zure barne irudia.
Sakon ta urrun gelditzen zaigu
Usarragan historia.

Itsas kresalaren gatza,
Ernio zaharrak bere karaitza,
hego ta ipar oretu dute
Usarragan eguratsa.
Barruko zoko bakoitza
nahiz irudikatu hutsa,
hor irakurri genezake guk
iraganaren hizkuntza.
Politikoen jauregi zena
gaur historian egoitza.

Gar-mendi batek jausiak,
albora bota eta josiak,
dirudite zu babesten dauden
Naturaren harresiak.
Seme ororen auziak
edo arazo nahasiak
zure errotan igo, oretu
eta bertan egosiak.
Horretarako elkartzen ziren
zugan Batzar Bereziak.

Zure magal ta sutondo,
hori herriak badako ondo,
izan zinela askatasun ta
demokrazian bulego.
Bostehun urte geroago
zurekin zorretan edo,
Gipuzkoa da honen testigu,
gu Gipuzkoaren aho.
Hilezkortuko zaitun ikurra
harlandu horretan dato.

Orain direla bost mende
gertatu zenaz gu pozik gaude;
gipuzkoarrok inoiz ez dugu
gauzatu hainbat botere.
Inglaterrarekin ere
eztabaidan parez pare,
bake ituna izenpetuaz
gaitasunaren seinale.
Burutu zuten arbaso haiei
gorazarre ta ohore.

Suertez edo halabeharrak,
gu nola garen Usarratarrak,
baina ez noski zu maitatutzen
ikasi dugun bakarrak.
Beste euskaldun jatorrak
hustu dituzte indarrak,
barpiztu eta suspertu nahirik
irautearen sustarrak
Zure ordez emando diegu
txaliak eta eskerrak.