|
Usarragako azken batzar Bereziaren 300. urteurrena Miguel Angel Elkoroberezibar Larrañaga |
|
Gipuzkoako historiaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien historiaren pasarte jakin batzurekin lotura zuzena du Bidegoiango herriak eta bereziki bere lurretan dagoen Usarraga baserriak. Bertan egin ziren 1445etik 1700. urteko otsailaren 9ra arte Gipuzkoako Batzar Bereziak. Uste gabeko arazoren bat sortu edo Batzar Nagusien ohiko deialdietatik kanpo batzarrerako deia egin behar zenean antolatzen ziren Batzar Bereziak. Usarraga baserria eta bere ingurua eta Bidaniako San Bartolome eliza erabili zituzten nagusiki garai hartako batzarkideek Batzar Berezietan mahai gainean izaten zituzten gai berezi eta premiazkoak eztabaidatu eta erabakiak hartzeko. Gipuzkoako erdigunea zena agintarien bilgune izan zen mendetan. Aparteko sona izan zuen, adibidez, 1481eko urrian Usarragan ospatutako batzarrak: bertan, Ingalaterrako erregearen ordezkariekin harremanetan jartzeko lehenengo pausuak eman ziren eta egindako elkarrizketen ondorioz, 1482. urteko martxoaren 9an Londonen bake ituna sinatu zuten Ingalaterrak eta Gipuzkoak. Bi herrien artean hamar urtez bakea eta adiskidetasuna izatea adostu zuten. Historiarekiko zordun sentitzen gara eta urteurren borobila aitzakiatzat hartuz, argi geneuzkan bi helbururi tinko eutsi diegu: lehenengoa, Batzar Bereziak egiten zireneko aretoen artean zaharrena eta zutik gelditzen den bakarra Usarraga baserria denez, bere izena eta izana hilezkortuko dion oroitarria etxeko horman jartzea. Eta bigarrena, esku artean daukazun liburu hau argitaratzea. Hiru urte luzeetako lanaren ondoren, badaukagu 2000.eko udazken honetan pozik egoteko arrazoirik: alde batetik, Javier Vicuña argin oñatiarrak egindako oroitarria Usarraga baserriaren horman dotore-dotore ikus dezakegu; ia mila kiloko karaitzak beste hainbeste urtetako historia laburbiltzen du. Bertan honakoa irakur daiteke, Gipuzkoako Batzar Nagusien harmarriaren azpian: "Gipuzkoa eratu zenetik 1700. urtera arte, Usarragan, Gipuzkoako erdigune honetan, bildu ziren Gipuzkoako Batzar Bereziak". Bestetik, eskuartean daukazun liburu hau, 1997ko udan prestatzen hasi eta aurtengo udaran amaitutzat eman duguna. Liburuak honako arloak biltzen ditu, besteak beste: Usarragaren garrantzia historikoa, Batzar Berezien zergatia, egitura eta antolaketa, Batzar Berezi esanguratsuenen nondik norakoak (José Luis Orella Unzuék idatzita), Usarragarako bideak (Javier del Valle Goiri eta Agustin Belokik) eta baserriaz eta bertan bizi izan direnei buruzko datu eta oroitzapenak (Agustin Belokik). Denek dute Usarraga abiapuntu eta jomuga, baina helburu, tratamendu, idazkera eta itxura ezberdinarekin. Bai oroitarria eta baita liburua gauzatzea ere ezinezkoa zatekeen hainbeste lagunen partaidetzarik gabe eta Gipuzkoako Batzar Nagusien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bereziki Lehendakaritza Sailaren eta Bidegoiango Udalaren babesa lehenengo momentutik izan ez bagenu. Denoi mila esker. Baina honako hau ez da lehenengo ahalegina izan: 1906an Carmelo Echegaray kronista ospetsuak eskaera egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiari Usarragako lurretan monumentu bat jar zezan. Orrialde askotan zehar Usarragaren garrantzia azaldu ondoren, honela amaitzen zuen bere idatzia: "(...) ¿Será atrevimiento en el que suscribe indicar respetuosamente a la ilustre Diputación de Guipúzcoa que inspirándose en esos nobilísimos ejemplos, procure perpetuar de una manera ostensible el recuerdo del lugar en que se celebraron las Juntas Particulares de nuestra tierra, y en que se adoptaron acuerdos de tan extraordinaria trascendencia como los que se mencionan a la cabeza del presente escrito? Desapareció ya la iglesia de San Bartolomé de Vidania en que aquellas Juntas se verificaban; derruyose también la casa que le estaba adosada, y en cuya sala se congregó después y durante todo el siglo XVII la representación de Guipúzcoa. Ya no queda más que el campo de Usarraga. (...) Un sencillísimo monumento que se construyera en aquel campo, vendría a perpetuar la memoria de las asambleas que allí se celebraron, y a evitar de este modo, que vaya perdiéndose y desvaneciéndose el recuerdo de sucesos históricos que deben guardarse con cariño, si no queremos olvidarnos de nuestros anales, y dejar que nuestras tradiciones se borren y se falseen y el espíritu de nuestros mayores se desconozca. (...) Dios guarde a V.E. muchos años.- San Sebastián, 22 de mayo de 1906. El cronista de las Provincias Vascongadas, Carmelo de Echegaray." Hurrengo egunean bertan jaso zuen erantzuna: "(...) La Comisión, aceptando en principio con entusiasmo la plausible y patriótica idea expuesta por el Sr. Echegaray, entiende que procede pasar el asunto al señor arquitecto provincial, para que, examinando el lugar de Usarraga en que las Juntas de Guipúzcoa se celebraban, presente para el próximo periodo de sesiones un proyecto de monumento modesto, pero decoroso, que sirva para perpetuar la memoria de aquellas asambleas. En ese monumento habrá de colocarse una lápida conmemorativa, y se atreve a expresar la Comisión su pensamiento de que, por su carácter y significación especiales, debe erigirse por medio de una suscripción popular, en que se señale como cuota máxima una cantidad muy pequeña. La diputación podría encargarse de cubrir el déficit que resultase, y de satisfacer la suma que hubiese de diferencia entre el producto de la suscripción y el coste total del monumento. (...) San Sebastián, 23 de mayo de 1906.- Francisco Gáscue, Joaquín Carrión y José de Elósegui." Bazirudien proiektuak aurrera egingo zuela baina ez zen horrela izan. Monumentua ez jartzearen arrazoia ez dugu ezagutzen, ez baita inon idatzita ageri, ez Foru Aldundian eta ezta Bidegoiango udalean ere. Diru kontuak beharbada.... Urola bailaran zorte handiagoa izan zuten, eta seguru asko baliabide gehiago ere bai, eta handik zortzi urtera, 1914ko uztailaren 30ean, Azkoitiko Basarte baserrian eta Azpeitiko Olatzeko Andre Mariaren ermitan oroitarri bana jarri zituzten, haietan ere Gipuzkoako Batzar Bereziak egiten zirela gogora araziz. Jakina denez, Gipuzkoako Batzar Bereziak bi tokitara soilik dei zitezkeen, Bidaniko Usarragara eta Azkoitiko Basartera. Deialdiak horrela behar zuen izan, gero batzarra baserrian bertan beti egiten ez bazen ere. Usarragan 1700eko otsailaren 9an egin bazen azken batzarra, Basarten urte bereko urriaren 31n. Urteak pasatu arren, oraindik buruan zeramaten oroitarriaren ideia zenbait bidanitarrek, eta 1977ko udaberri aldera proposamen zehatz bat azaldu zioten Bidaniako udalari: Usarraga baserri aurrean eskultura bat jartzea. Egilea ere izendatu zuten, Julian Ugarte margolari eta eskulturgilea. Proiektua landu zuen eta irudiaren maketa egin. Baina oraingo honetan ere, bigarren aldiz, huts egin zuen egitasmoak. Hirugarren saiakera da beraz gurea, eta zorionez egia bihurtu dena. Donostian, 2000ko uztailean |