|
Agurrak |
|
Roman Sudupe Olaizola
Euskal esaera zahar batek dio nora jo jakiteko nondik gatozen behar dugula jakin. Eta hori edozein pertsona edo talderentzat egia izanik, hainbat gehiago gurea bezalako herrialdeentzat, eta guk geuk historiko deritzegun eta foralak diren erakundeetatik begiratuta. Euskaldunon gaurko autogobernuak sustrai sakonak ditu foruen lehenaldian, hura eguneratzen du eta bizirik iraunarazten dio, eta posible egiten du gaur egun Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak indarrean dauden erakundeak izatea eta modernotasun nahiz etorkizunerako berebiziko gaitasuna mantentzea, gure zuzenbide-sistemaren esparru berrituan. Usarragan egin zen azken Batzar Bereziaren 300. urteurrena gogoratzeak aukera paregabea ematen digu, irakurleak eskuartean duen argitalpen interesgarri honetaz baliatuz, gure historiaren garai hartaz dugun ezagutza sakontzeko. Gipuzkoako herritarrek, eta gure historiaren bilakaeraz arduratzen den pertsona orok, orrialde hauek irakurri ahala, hobeto ulertu ahal izango dute gure foru erakundeen esanahia eta, horrela, gure oraina hobeto ulertzeko eta gure etorkizuna asmatzen eta eraikitzen laguntzeko giltzarri oso baliotsuak eskuratuko dituzte. Izan ere, Gipuzkoako historia, -atzo, gaur eta bihar- Usarragako bideetatik igarotzen den ibilbide luzea dugu. Iñaki Alkiza Laskibar
Liburu honen irakurleak ikusi ahal izango duenez, Gipuzkoako Batzar Berezien historia azpimarragarria eta oparoa izan da. Hori egiaztatzeko, Batzar horiek biltzen zireneko epealdi luzea (1445-1700) aztertzea eta lekuko eta protagonista garrantzitsuak izan zireneko gertaera historikoei begiratzea besterik ez dago. Liburuaren egileek adierazten diguten moduan, Erakunde hura partaide izan zuten jazoeren handitasunak mailarik gorenean kokatzen dute Erakundea bera, une garrantzitsu hartan probintziaren historia idazten ari zirenekin batera. Bestalde, ezin ditugu ahaztu gertakizun haietako pertsonaiak ere, Batzar Berezietan parte hartzeko xedez Gipuzkoako geografiako gune desberdinetatik abiatuta Usarragara iristen ziren bideetan beren aztarna utzi zuten guztiak. Hori dela-eta, Usarragan egindako azkeneko Batzar Bereziaren 300. urteurrenaren ospakizunaren harira, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Erakunde hura omendu nahi izan dute. Ganbara honek ere, nolabait, erroak leku haietan baititu, non batzarkide haiek interes orokorrari zegozkion erabakiak hartzen zituzten, gaur egun Batzar Nagusi hauek osatzen dituzten gizon eta emakumeek egiten duten modura. Gure iraganaren berri izateak oraina hobeto ulertzeko balio digu, eta erakusten digu gipuzkoarrok geure erabakiak geuk hartzeko borondatea oso sustraitua izan dugula eta oraindik ere halaxe daukagula, eta unerik zailenetan ere, erabaki horiekin kontsekuente izan garela, gure askatasunaren ezaugarri nagusiaren erabateko ardura hartuz: hots, geure buruaren jabe izatearen ardura. Orrialde hauek, apalki bada ere, horren konplexua, kolegiatua, askea eta burujabea den gure sare instituzionala historian zehar osatzen joan diren ezinbesteko gertaerak hobeto ulertzeko lagungarri izatea gustatuko litzaidake. Joaquín Villa
Usarragan egin zen azken Batzar Bereziaren 300. urteurrena gogoratzeko, gure departamentuak liburu hau plazaratzen lagundu nahi izan du, uste sendoa baitu Gipuzkoako gobernu politikoan enklabe horrek izan zuen garrantzia gogorarazteko balioko duela. Usarraga eta Basarte izan ziren antzinako Ordenantzek Ermandadearen Batzar Bereziak egiteko izendatu zituzten leku bakarrak, nahiz eta geroago, 1461ean, pribilegioa hiribildu guztietara zabaldu zen, eta batzarleku bihurtu ziren San Bartolomeko eliza hasieran, eta Bidaniko lurraldeko edozein etxe edo leku geroago, Usarragako batzar-etxea bakandua eta urruti baitzegoen. Dena den, Usarragan mota guztietako erabakiak hartu ziren, besteak beste, Gipuzkoak bere historian Ingalaterrarekin sinatu duen nazioarteko hitzarmen bakarra, muga ermandadea mantentzeko Nafarroako erreinuarekin egindako akordioa eta mugetatik at gaizkileen atzetik ibiltzeko alkateen izendapena. Hala ere, Usarragan hartutako erabaki ekonomiko eta politiko garrantzitsuena saka alkatetzari eta gauza debekatuenei zegokien pribilegioa Probintziarako eskatzea izan zen, eta Erregek ematea. Horrek, Gipuzkoari bide eman zion erreinu arrotzetatik merkantzia inportatzeko; izan ere, aipatutako saka alkatetzak salgaiak "edonolako eskubide, aduana, lansari eta zigorretatik salbuetsita, libre eta erantzukizun gabe" ekar zitzakeen, memento hartatik aurrera eta "behin betiko". "Behin betiko" horrek XIX. mendera arte iraun zuen, Estatuaren interesak tarteko, baina zerga salbuespenaren errege pribilegioa gauzatu zen garaian Gipuzkoaren barne garapena nabarmena izan zen, eta denok espero dugu garapen horrek segida izango duela, orduko erakundeen oinordeko izango diren garaian garaiko instituzio eta tresna egokien bitartez. Juan Ugarte Toledo
Gure gizarte hau azkarregi doala pentsatzen dugu askotan: ustekabean, isilean zenbaitetan, urteak, agian mendeak, zutik izan diren etxeak, bideak, inguruak,... desagertu egin dira. Desagerpen horiek, azken urteetan eta ongizate gizartearen izenean, uste baino ugariagoak izan dira, zenbait unetan gure ondarearen zati garrantzitsu bat, itzuliezinezkoa, behin betiko galduz. Eskuartean dugun argitalpena, ikertzaile talde baten eskaerari erantzunez Udalak bultzatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz egina, goian aipatutako hausnarketaren ondorioa da, Bidaniako Usarraga baserrian egin ohi ziren Batzar Berezien ingurune soziala eta historikoa deskribatuz. Nere nahia, beraz, argitalpen hau gure nortasunak duen aberastasuna ezagutu, ikertu eta sakontzeko interesa duen edonorentzat baliozkoa izatea |