








|
Gipuzkoa: Sectores Industriales
Manufaktura-industriak osatzen du Gipuzkoako industria-ehunaren puskarik handiena.
Aparteko garrantzia du makina-lanabesa egiten duen industriak: sektore horretan
Espainian dauden enpresa gehienak Gipuzkoakoak dira.
Elektronika industriak ere indar ikaragarria hartu du azken urteotan,
telekomunikazioen aurrerapenarekin batera, hain zuzen ere.
Ezin aipatu gabe utzi, badaudela enpresa batzuk sektorerik tradizionalenetakoak direnak (siderurgia, forja, untziolak, papera, altzariak...), baita automobilgintzaren lagungarri den industria oparoa ere, auto-atalak egiten dituena Europako fabrikatzaile nagusientzat
Bereziki aipagarria da Arrasateko esperientzia kooperatiboa, izan ere, hasieran bost kideko kooperatiba txiki bat besterik ez zena, berrogei urte eskasen buruan, Euskal Herriko industri talderik handiena eta Europako industria-korporazio nagusietako bat bilakatu baita, bost kontinenteetara hedatuta dagoena.
Esperientzia horrek filosofia kooperatiboa eta enpresa-kudeaketarik aurreratuena bateratzen jakin du, eta izan duen arrakastaren formulek mirespena sortzen dute herri askotan oraindik.
Gipuzkoako enpresen tamaina txikiak industri errealitate bikoitza eragin du: alde batetik, barne merkatuari begira dauden enpresak, eta beste alde batetik, nazioarteko konpainiak azken produktuez edo haiek egindako produktuen funtsezko atalez hornitzen dituzten industriak.
Munduan merkataritzako hesiak desagertzeak Gipuzkoako enpresak nazioartekotzea ekarri du berarekin.
Produktu askok merkatu berriak irekitzea lortu dute, eta, aldi berean, beste enpresa batzuek, nazioarteko industri helburuetarako lan egiten jarraitzen dute.
Horrekin batera, Gipuzkoako teknologi sektoreak hain garapen sendoa izan duenez, nazioarteko aplikazio teknologiko asko eta asko oinarri gipuzkoarrarekin egiten dira, eta Gipuzkoako enpresen gain uzten dira Europako Batasunak bultzatutako zenbait proiektu teknologiko.
Horren guztiaren eraginez, atzerriko diru-ezarleek konfiantza areagotu dute, eta lehen baino askoz ere agerpen handiagoa daukate Gipuzkoako industria-ehunean.
|
|