| Gazteria
Zerbitzua administrazioko unitate nahiko “gaztea” da oraindik, 1991. urtean
hasi baitzen bere barne egitura moldatzen. Egia da aurretik ere bazegoela
izen bereko administrazio unitate bat, baina aro berria urte horretan hasi
zen egituratzen, erabaki batzuk direla medio. Esate baterako, Zerbitzuko
buruzagitza osatzea lortu zen, teknikari plaza berriak sortu eta bete egin
ziren eta zerbitzuaren aurrekontua nabarmen gehitu zen. Eta, horrez gain,
zerbitzuen eskaintza zabaltzen hasi zen, gaurko egun ezagutzen dugun ildo
beretik. Beste aldetik, azken legealdiari hasiera eman zitzaionean, Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusiak lehentasuna eman zion plan estrategiko hau egiteari. Izan ere, zenbait arrazoirengatik behartuta geunden saiakera hau egitera. Beste batzuen artean aipatzekoak dira, adibidez, gizartea aldatzen ari dela, orain arte bildutako esperientziak ondorio batzuk ateratzeko aukera ematen digula, gazteriari buruzko politikak birplanteatzeko garaia iritsi dela, EAEko Gazte Plana indarrean dagoela, gazteriari buruzko politika koherente bat landu behar dela eta, azkenik, zerbitzuen eskaintza eta demandan aldaketa nabarmenak gertatu direla. Horregatik, bada, 2001-2004 plan estrategiko hau dela-eta Gazteria Zerbitzuak lortu beharko luke, batetik, bere zeregina Gipuzkoako haur eta gazteek dituzten beharren bilakaerari egokitzea, eta bestetik, bere egitura uztartzea erakunde nahiz sare publiko eta pribatuen ekimenekin, hau da, gazteek beraiek edo haur eta gazte gipuzkoarrez arduratzen diren beste eragileek bultzatutakoekin. Plan Estrategikoak 2004. urtera arteko bizitza izango du. Hala, 2003. urtearen bukaera aldean, ordura arte lortutakoa aztertzen eta plan berria diseinatzen hasiko gara. Beste aldetik, Plan Estrategikoaren baitan bi gestio plan daude, 2001-2002 aldirako lehena eta 2001-2004rako bigarrena. Aurkeztera goazen dokumentuak bost atal handi ditu: 1. Zerbitzuaren eta testuinguruaren diagnostikoa. Helburu horrekin AMIA bat egingo da, une honetako ahulezia, mehatxu, indargune eta aukerak atzemateko. 2. Gazteria Zerbitzuaren zeregina. 3. Proposatutako lan egitura. 4. Ildo estrategikoak, estrategiak eta helburuak 2001-2004 aldirako. 5. Plana elikatzen duten baloreak. Plana, nolanahi ere, Zerbitzuaren proposamen bat besterik ez da. Hartaz, eztabaidaren ateak beti irekita utziko ditugu, beren buruaren jabe izaten eta herritar eragile bilakatzen haur eta gazte gipuzkoarrei laguntzea baita gure azken helburua. |
||