Aldez aurretik kontzeptu batzuk argitzea komeni da:

Subsidiariotasuna.

Udal administrazioari eta arlo honetan diharduten irabaz xederik gabeko erakundeei dagokienean subsidiariotasunaren printzipioari eutsiz, haur eta gazte gipuzkoarrentzako zerbitzuak garatzea da Zerbitzuaren xedea. Hala, bereziki udal mailan, irabaz xederik gabeko erakundeen bidez eta gazteen beraien parte hartzearekin erantzungo zaie haur eta gazteen beharrei. Eta hain zuen ere, erantzukizun publikoaren printzipioari jarraituz beteko du aipatutako xedea.

Gipuzkoako Gazteria Zerbitzuak haur eta gazteentzako zerbitzuak emango ditu, bete gabeko beharrak sumatzen dituen neurrian (behar berriak, hutsuneak, zerbitzuak jasotzeko arazoak, edo bestelako faktoreak) eta ekimen arloa edozein delarik ere (hezkuntza, kultura, etxebizitza, enplegua, osasuna, ...). Izan ere,haur eta gazte gipuzkoarren eskubideak egiazki onartzea eta gehitzea da gure helburua.

Gazteria Zerbitzuak, beste aldetik, berak zuzenean eta modu iraunkorrean eskaini eta kudeatutako zerbitzuak jarriko ditu haur eta gazteen eskutan, zerbitzu horiek gauzatzeko eskalako ekonomiak behar direlako sare lokalek (udal zein eskualde mailakoek) erantzuteko modurik ez daukatenean. Erakunde eta sareei zuzendutakoei dagokienean, zerbitzuak iraunkorrak izango dira, nahiz eta gerta litekeen Zerbitzuaren esku hartze zuzenik gabe bitarteko egituren bidez bideratzea (kultur sustapeneko agentziak, aholkularitza espezializatuak, informazio eta dokumentazioko etxe espezializatuak, ...).

Sareak.

Haur eta gazteei zuzenduriko enplegu, etxebizitza, hezkuntza, kultura, osasun, gizarte ongizate eta beste hainbat zerbitzu ematen dituzten eragile, elkarte eta erakundeen multzoari deitzen zaio haur eta gazteen laguntzarako sare lokala (udal zein eskualde mailakoa). Berezko sare lokala, halabeharrez, haur eta gazteen laguntzarako sare lokalaren osagaia da.

Berezko sare lokalean sartzen dira, alde batetik, bereziki haur eta gazteei zuzenduta maila lokalean informazio, hezkuntza ez arautu, kultura, sustapen eta emantzipazioko zerbitzuak eskaintzen dituzten eragile, elkarte eta erakundeak, eta bestetik, haur eta gazteek beren kabuz eta hezkuntza ez arautuko sare ez arautuek (gurasoek, sare ez arautuko hezitzaileek, lagunek, bizilagunek) egindako ekimenak.

Emantzipazioa.

Emantzipazioaren arloan Gazteria Zerbitzuak egingo duen lanaren bidez, ateak ireki nahi dira heldutasunaren atarian gazteei oztopoak arindu eta esparru arautu nahiz arautu gabekoetan hezkuntza prozesuak eskaintzeko. Bi estrategia horiek burutzeko, ordea, laguntzako beste sistemetan ere baliabide propioak eskuratu behar dira. Zerbitzuak, beraz, emantzipazioari dagokionean politika periferikoak garatuko ditu, gunetara mugatu gabe.

Kudeaketa moduak.

Azaldu berri ditugun kasu guztietarako balio duelarik, Gazteria Zerbitzuak kudeaketa zuzenaren zein zeharkakoaren bidez eskaini ahal izango ditu bere zerbitzuak (eskaintza propioa).

Eskaintza propioa eskaintzeak ez du esan nahi Zerbitzuko langileen zerrenda nahitaez handitu behar denik, zerbitzu hori elkarte pribatuekin hitzar baitaiteke, eta nagusiki irabaz xederik gabekoekin, baina bai aipaturiko zerbitzuak Zerbitzuaren dinamikan txertatu behar direla. Dena den, sare lokaletara transferitu nahi diren zerbitzuen kasuan eta, horrenbestez, haur eta gazteei zuzenduriko zerbitzu gehienak kudeatzeko orduan, aipatutakoa da kudeaketa modurik egokiena.

Kudeaketa publiko zuzena, berriz, gomendagarria izango da zerbitzu horiek izaera iraunkor bat dutenean (eragile, elkarte eta sareei zuzentzen zaizkienetan eta eskalako ekonomiak behar dituzten haur eta gazteei zuzendutako hainbat zerbitzutan), baina baldin eta egungo langileen prestakuntza ziurtatzen bada edo langile zerrenda handitzeko modua aurkitzen bada. Nolanahi ere, ezin daiteke ahaztu bitarteko eta izaera pribatu eta sozialeko egiturak interesagarriak izan daitezkeela sare lokalak garatu eta haur eta gazteen alorra lantzeko.

Programak eta egitura planak.

Programak, berriz, zerbitzu edo ekipamendu nuklear edo estrukturaltzat jotzen diren horiek gauzatzeko balio duten planifikazio tresna edo baliabidek dira. Hor dauzkagu, besteak beste, informazioko zerbitzuak, hezkuntza ez arautukoak eta kulturakoak, sustapenekoak, informazio eta dokumentaziokoak, heziketakoak eta aholkularitzakoak, baliabide eta euskarrien transferentziakoak, ebaluaketa eta kontrolekoak eta, azkenik, lehen eta bigarren mailako neurri lokaleko zentroak.

Era berean, planak badira, baita ere, zeharreko xedeen inguruko programei dagokienean ekinbide bateratua egituratzeko balio duten tresnak, izaera estrukturala duten arren (gure kasuan, sare lokalen garapeneko plana, edo haurren, nerabeen eta gazteen inguruko planak).

Horiek guztiek osatzen dute Gazteria Zerbitzuaren jardueraren mamia edo edukia, nahiz eta haur, nerabe eta gazteei zuzendutako zeharreko ekintzen kasuan soil-soilik epe luzerako planen izaera eman zaien. Nolanahi ere, nahiz eta gaur egungo ekintzei planen izaera ez eman, horrek ez du esan nahi zeharreko izaerarik ez dutenik.

Proiektuak ere plangintzarako tresnak dira, neurri handiagokoak batzuk txikiagokoak beste batzuk, baina maila lokaleko planak eta programak finkatzen dituztenak dira, zeharreko izaera duen ala ez kontuan hartu gabe. Zerbitzu honentzat ez dago izaera estrukturala duen proiekturik. Gauzatu daitekeen proiekturik handiena haur eta gazteen laguntzarako sare lokala da, gerora erakunde lokalekin hitzartzeko aukera ematen baitu.

Gure ustez, Gazteria Zerbitzuaren egiturak jaso egin behar du proposatzen ari garen lan planeko ikuspegi bikoitza: haur eta gazteentzako zerbitzuak, batetik, eta hezitzaile, erakunde eta sareen xederakoak, bestetik.

Eskema hori egiturazkoa izango litzateke, hau da, Zerbitzuaren berezko eginkizunak berez dakarrena, eta horregatik, ez litzateke aldagarria izango inoren irizpide subjektiboen arabera.

Ekipamenduen gaineko programari ere tratamendu berdina eman nahi izan diogu, Plan Estrategikoaren ardatzetako bat denez propioki aztertzea merezi baitu, gure ustez.

Izan ere, sare propioko udal zein eskualde mailako zerbitzuek eskema horren arabera egin beharko lukete beren plan estrategikoa. Eta, era berean, Gazteriako Foru Zerbitzuarentzat estrukturaltzat jo diren programak, estrukturalak izango dira gazteriako zerbitzu lokalen kasuan.

a.- Haur eta gazteei zuzendutako zerbitzuak.
Haur eta gazteei zuzendutako zerbitzuen helburua da, haien heziera prozesua, partaidetza, heldutasunera iristeko prozesua eta emantzipazioa erraztea, beti ere, hiritartasun aktiboaren kontzeptutik abiatuz eta proiektuen mailan zabaltzen eta heltzen doazen eskuartzeak kontutan izanik (batez ere nerabe eta gazteekin).

Zerbitzuaren laguntza mamia, berriz, informazioko, hezkuntza ez arautuko, kultur arloko, promoziozko eta emantzipazioko zerbitzuek egituratzen dute, haur eta gazteen heziera prozesuarekin batera doazelarik heldutasunera iritsi bitartean. Hala, bada, sarera etortzen den haur edo gazte batek informazioa jasoko du eta zerbitzu propioetara eta bestelako zerbitzu-sistemetara jotzeko aholkatuko zaio; eta, nahi izanez gero, heziketa ez arautuko eta izaera iraunkorreko kultur eskaintzetan (urte osoan zehar eta heldutasun arora iritsi bitartean) parte hartu ahal izango du. Eta, bestetik, hamasei/hemezortzi urtetik aurrera bere kultur eta aisialdia betetzeko ekimenak gauzatzeko laguntzak jasoko ditu, bai eta bere buruaren emantzipazioa errazteko ere.

Zenbait egoeratan, eta haur eta gazteek aintzat hartutako eskubide gehiago izan ditzaten, Zerbitzuak bestelako zerbitzuak sustatu edo bereak zuzenean eman ahal izango ditu (enplegu, etxebizitza, hezkuntza, osasun eta bestelako gaietako esperientzia pilotuak).

Hala, bada, sare propioaren oinarrizko lau programak eta, horrenbestez, izaera estrukturalekoak dira honakoak:
· Informazio programa.
· Hezkuntza ez arautu eta kulturako programa.
· Sustapen programa.
· Emantzipazio programa.

b.- Hezkuntzako eragileei, elkarteei eta sareei zuzendutako zerbitzuak.
Osotasunaren ikuspegiarekin, Gazteria Zerbitzuak laguntza multzo bat eskaintzen die erakunde eta sareei, esaterako, azterketa eta argitalpeneneko zerbitzuak, informazio eta dokumentaziokoak, prestakuntzakoak, aholkularitzakoak, baliabide eta euskarrien transferentziakoak eta ebaluaketa eta kontrolekoak (ikuskaritza). Hala, sare edo elkarteren batek bere burua egituratu edo proiektu jakin bat gauzatu nahi badu, eskaintzen diren zerbitzuen multzoa erabil ahal izango du, hau da, informazioa eta dokumentazioa jaso, prestakuntza eta proiektuaren diseinua egiteko eta martxan jartzeko hasierako kontsulta-zerbitzuak erabili, sare, elkarte edo proiektua kudeatzeko baliabideak eta euskarriak lortu, prestakuntza iraunkorraz baliatu eta bestelako kontsulta eta ebaluaketa zerbitzuak jaso.

Beraz, eragile, elkarte eta sareen sustapenari dagozkion oinarrizko lau programak, eta horrenbestez izaera estrukturalekoak, dira honako hauek:
· Azterketa (ebaluaketa barne) eta argitalpen programa.
· Informazio eta dokumentazio programa.
· Formazio eta aholkularitza programa.
· Baliabide eta euskarriak transferitzeko programa.

Zerbitzu horiek zerbitzuen sare propioei zuzentzen zaizkie nagusiki, nahiz eta haur eta gazteriaren ardurako sareei ere zuzen dakizkiekeen.

Eragileen, elkarteen eta sareen sustapenarekin loturik martxan jarri nahi den planari Sare lokalak garatzeko plana deitzen zaio.

c.- Ekipamendu programa.
Oinarrizko sareei dagokienean, ekipamenduen garapena da plan honen helburu nagusienetako bat. Izan ere, ekipamenduak eragileei, elkarteei eta sareei eskaintzen zaizkien zerbitzuak dira, baina bai eta gazteei beraiei ere. Beste aldetik, gune egokiak dira beste zerbitzu batzuk edo gazteek beraiek eta elkarte eta beste erakundeek erabakitako ekimenak aurrera eramateko, esperientziak trukatu eta belaunaldiak harremanetan jartzeko ere gune garrantzitsuak izan daitezkeelarik. Arrazoi horiek guztiak kontutan izanik, ekipamenduen kudeaketa izaera estrukturaleko programen barne sartu behar da eta helburu nagusitzat sare lokalak garatzea duten gainontzeko programekiko koordinazioa zeharkakoa izango da.

Ekipamenduen programaren eskutik esparru so-ziokulturalen sarea sortu nahi da haur, nerabe eta gazteen beharretarako. Udal titularitatekoak izan behar dute, ezaugarri hauekin: gertutasuna, partaidetza, bizitasuna eta gauza askotarako balio izatea. Beste aldetik, ekipamenduen programak bere baitan jaso behar ditu gaur eguneko gazte informazioko bulegoak (GIB), sare lokalaren eta aterpetxeen esparruetan, eta baita eskualde mailan ere, oinarrizko zentroen izaera izan behar baitute.

Hau da, espazio iraunkorrak bultzatu behar dira, eragin eremuan edo lurralde jakin batean kokatutako espazio iraunkorrak, beste baliabideekin batera zerbitzu multzo bat osatzeko balioko dutenak eta beren funtzionamenduan norberekeriaren tentazioari ihes egingo diotenak. Hau da, edozein motako arazori aurre egiteko orduan, behar adinako ekimen eta koordinazio plataforma bultzatu behar da gizarte sarearekin batera.

Gure nahia baldin bada udalerri gazteen partaidetza bultzatu eta merkatu aisialdiari alternatiba positiboak bilatzea, nahitaez azpiegitura iraunkor eta irekiak sortu behar dira. Hau da, espazio horiek gai izan behar dute gazteek beraiek sortutako ideia eta proiektuak jasotzeko.

Sareko oinarrizko zentro diren neurrian, bertan haur eta gazteei zuzendutako zerbitzuen multzo osoarekin loturarik duten jarduerak eta proiektuak gauza daitezke eta, bide batez, eragile, elkarte eta sareei zuzentzen zaizkien zenbait zerbitzurekin loturarik dutenak (informazioa eta dokumentazioa, elkarteei zuzendurikoak, prestakuntza eta aholkularitza jarduerak, baliabide materialen transferentzia –lokal eta ekipoen lagapena edo alokairua, zerbitzu orokorrak
). Nolanahi ere, sare lokalaren jardunaren baitan programa desberdinak uztartzen dira oinarrizko gune baten markoan, nahiz eta bakarra ez izan.

Aterpetxeek, aterpetxe diren heinean, gazteentzako egonaldi eta ostatu zerbitzuak eskaintzen dituzte batez ere, sustapen programaren barne (gazte-turismoa). Elkarteei eskaintzen zaizkien egonaldi eta ostatu zerbitzuak, haur eta gazteei zuzendutako jarduera eta proiektuak burutzeko elkarte horiek transferitzen zaizkien baliabideak dira, azken finean.

Labur jarrita, ondorengo hau da proposatzen den egitura:
 
 


 
  Aurkezpenean adierazi dugunez, Gazteria Zerbitzua unitate administratibo nahiko “gaztea” da. Progra-mak eta zerbitzuak kudeatzea izan da orain arte egin duen lanaren zatirik garrantzitsuena: gazte informazioko programa eta zerbitzuak, aterpetxeetakoak, aisialdiko eta denbora librekoak, kultura zabaldu, sustatu eta sortzekoak ... Eskaintza lurralde historiko osora zabaltzen ahalegindu gara eta Zerbitzuko profesionalek egitasmo horri erantzun diote batez ere. Egitura ere egitasmo horren aginduetara taxutu da.

Haur eta gazteei zuzendutako zerbitzuei dagokienean badaude, hala ere, hutsune nabarmen batzuk. Esate baterako, programa estrukturalen izaera dutenenetan ere ez dago behar bezala landuta urte osoan zehar eta adin tarteen arabera egin beharko litzatekeen hezkuntza ez arautuaren eta kulturaren eskaintza. Sustapen programak ere ez daude landuta eta emantzipazioarena, berriz, hasi gabe dagoela esan genezake.

Zerbitzuen eskaintza propioak, izan ere, hain garatuta ez dauden alderdi horiek landu beharko lituzke. Horretarako proiektu aitzindariak bultzatu behar dira, ondoren sare lokalei transferitzeko.

Beste aldetik, erakunde eta sareei laguntzea baldin bada Zerbitzuaren estrategiaren muina, sare lokalak bultzatzeko plana abian jarri behar da halabeharrez, aurreko egitasmoak kontuan hartuz eta berriak sortuz beti ere. Eta, beste aldetik, hain garatuta ez dauden erakunde eta sareentzako zerbitzu/programak landu behar dira (erakunde eta sareentzako informazio eta dokumentazioa, laguntza eta aholkularitza, prestakuntza, ebaluazioa ...) eta zerbitzu guztiei jarraitasunaren ikuspegia eman behar zaie.

Beste aldetik, haur eta gazteei begira sare lokalak eta zerbitzuen jarraitasuna lortu nahi badira, haur eta gazteentzako ekipamenduetan dauden hutsuneak behin betiko bete behar dira. Horregatik, bada, ekipamenduei buruzko programa estruktural bat egin da. Programa horren egitekoa zabalagoa da gaur egungo
Aterpetxeen Atalekoa, haur eta gazteentzako ekipamenduak lurralde historiko osora zabaltzea baita eginbeharretako bat. Dena den, kontuan hartu behar da aterpetxeen funtzioa eta errentagarritasuna bateragarriak direla, hau da, ez direla kontrajarriak informazio, hezkuntza ez arautu, kultura eta sustapeneko programak eta elkarteen aldeko zerbitzuak eskaintzea, batetik, eta egonaldiak eta osatua eskainiz eta gazte turismoa bultzatuz errentagarritasuna lortzea, bestetik.

Zerbitzuaren kudeaketa dela eta, fase honetan ondorengo lanak egin beharko lirateke:
· Planifikazio sistematikoa egiteko tresnak eskuratzea (beharrak eta bitartekoak ebaluatzea, plan estrategikoak, kudeaketa planak, ...).
· Informazioa kudeatzeko sistemak hobetzea, informazio estrategikoa eguneratuta ematea eta maila lokaleko informazioa bultzatzea.
· Sistemak definitzea koordinatzeko bai zerbitzu eta programen ardura duten profesionalak eta bai area edo atalak (haur eta gazteentzako zerbitzuak, erakunde eta sareentzako zerbitzuak, eta ekipamenduak).
· Erakunde eta sareei laguntzeko, aurrekontuetan munta handiko kontusail bat irekitzea eta udal eta prestakuntza programetarako gaur egun daudenak handitzea.
· Giza baliabideak modu sistematikoan kudeatzea. Horretarako, lortu nahi diren helburuetan oinarritua prestakuntza plan bat egin behar da, profesionalak gaitu egin behar dira kudeaketa zereginetan, erakunde eta sareak bultzatu (partaidetza, sare lana, ...), prestakuntza, aholkularitza eta ebaluazioko zerbitzuak eskaini eta, azkenik, plan eta proiektuetan oinarrituta helburuen araberako eskumenen eta zuzendaritzaren ebaluazio sistemak landu behar dira.
· Pixkanaka planak, programak eta proiektuak formalizatu behar dira, eta maila lokalean trukaketak bideratu erakunde eta instituzioen artean.
· Zerbitzuaren egitura aldatu egin behar da eta profesionalen funtzioak berriro definitu. Izan ere, egitura malgua eta zeharreko lana egingo duena behar dugu, hau da, haur eta gazteentzako zerbitzuak zuzenean ematea, sareak bultzatzea eta ekipamenduak garatzea aldi berean landuko dituena eta bere lana plan eta proiektutan oinarrituko duena.
· Zerbitzuko aldaketei buruzko informazioa eman behar zaie maila lokaleko erakunde eta instituzioei batez ere, eta Zerbitzuaren kanpoko harremanak biderkatu.

Ikusita zein alde handia dagoen Zerbitzuak gaur egun bizi duen egoeraren eta desiragarriak izango liratekeen helburu eta errekerimenduen artean, helburu horiek lortzeko planteamendu bat egin behar da, baina planteamendu errealista epe motz eta ertainera.

Izan ere, Zerbitzuaren esku hartzea eta gazteriari buruzko politika bene-benetakoak izateko, Gazteria Zerbitzuak aipatutako norabidea hartu behar du. Eta, beste aldetik, norabide horretan Zerbitzuak bere bidea egin dezan, nahitaez heldutasun bat lortu beharko luke bai bere interbentzio esparruan eta bai gazteriari buruzko politikan.

Plan estrategiko honen bidez jarraitasun bat eman nahi zaie laguntzei, haur eta gazteentzako eta sare lokalentzako laguntzei alegia. Eta, horrez gain, ekipamenduen sare koherente bat lortu behar da eta Zerbitzua agentzia espezializatu bilakatu, horiek baitira, hain zuzen, epe luzera haur eta gazteen alorrean benetako plan sektoriala eskuratuko diguten estrategiak.