| AHULEZIAK
Zerbitzuaren baitan eskumenen banaketa ez da argia eta jardueren erabaki mamia ez dago finkatuta. Zerbitzuari dagokionean ez da garbi azaltzen ez zein eskumen dauzkan, ez bere egiteko nagusia zein alderdi estrukturaletan oinarrituta azalarazten eta egituratzen duen, ez bere eta administrazioko beste departamentuen eginkizun edo funtzioen arteko mugak zeintzuk diren, eta ezta ere zein den bere gain hartzen duen egitekoa gazteriari buruzko politika orokorrak lantzeko orduan. Horregatik, bada, plan honen bidez alderdi horiek jorratu eta Zerbitzuaren jardueraren eduki nagusia sendotzea lortu nahi da. Baliabide ekonomikoak ez dira ez behar bezain-bestekoak ez aski ongi bideratuak haur eta gazte gipuzkoarren egungo beharrei erantzuteko. Gizarte, politika eta kulturaren alorretan, besteak beste, egoera korapilatsua bizi dugu garai hauetan eta, gainera, sozializazio eta emantzipazio prozesuak ere korapilatu eta zaildu egin dira. Eta, beste aldetik, hezkuntzako eragile tradizionalek eta hezkuntza ikuspuntuko eskaintzek indarra galdu dutela sumatzen da. Zerbitzuak albo batera utzi ezin dituen erronkak dira laguntza urte osoan zehar eta bizitzako gorabehera guztietan jarraitasun batekin eman ahal izatea, sare lokalak finkatzea, ekipamenduen sare koherente bat lantzea eta Zerbitzua bera kudeatzea. Horri guztiari erantzuteko nabarmen gehitu behar da, halabeharrez, aurrekontu ahalmena, nahiz eta halabeharrez progresiboki izan behar duen, eta, gainera, gizarte-mezenasgoaren plan bat landu behar da. Plangintzak egiteko sistema bat landu behar da. Izaera estrategikoko informazio sistema on baten laguntza duela, batetik ebaluazioa eta bestetik programazioa elkarlotuko dituen plangintzako sistema orokor bat landu beharko luke Zerbitzuak. Aurrekoarekin batera, beharrak eta baliabide/zerbitzuak ebaluatu beharko lituzke, eskualdearen azterketa egin eta zuzenean eskaintzen diren zerbitzuak zehatz-mehatz aztertu. Azkenik, gazteen eskaeretara iristeko aukera eman lezaketen sistemak garatu behar dira (zerbitzuen erabiltzaileena baino esparru zabalagoak hartuko luketenak) eta behar hainbat sistema landu behar da gazteek, batez ere elkarte eta sare lokaletan oinarrituta, esku har dezaten proiektuen diseinu eta ebaluazioan, hartzaileak diren proiektuetakoetan gutxienez. Zerbitzua beharren arabera egituratu behar da eta izaera zeharreko ekintzak landu. Plan eta proiektutan oinarritutako zeharreko lanak eragin handia izango du bai barne koordinazioko sistemetan eta bai Zerbitzuari buruzko antolamendu proposamenean jasotzen den egitura nagusian ere. Hala, bada, Zerbitzuak aitzindari izan behar du eta, helburuen araberako zuzendaritza eginez eta, hartaz, Zerbitzuaren egitasmoa zuzentzen duten ildo estrategikoen inguruan ekipo politiko eta teknikoaren arteko sintonia ziurtatuz, programen garapenean profesionalen autonomia ahalbidetu. Ekipamenduek ez dute aukerarik ematen sare koherente baten barne gune lokalen izaera garatzeko. Hobetu egin behar dira nola aterpetxe sareko hala gazteen informaziorako bulegoetako instalazioak. Beste aldetik, Zerbitzuaren egitasmoari erantzuteko ekipamendu gehiago behar dira, sare lokalei batasun bat emateko modukoak. Horrez gain, oso agerikoa da aisialdi eta harremanetako ekipamendu sare baten premia adin tarte desberdinentzat (haur txokoak, gaztelekuak, gaztetxeak, ...). Horretarako ekimen ausartak eta presakoak erabaki behar dira. Zerbitzuko profesionalen jarduera eraberritu egin behar da eta haien eskumenak Zerbitzuaren garapen beharrei egokitu. Zerbitzuaren egungo langileen egiturak ez du aukerarik ematen aurrean ditugun erronketatik sortutako beharrei erantzuteko, nahiz eta langileen zerrenda nahiko zabala den. Beraz, Zerbitzuaren jarduera ildoak gauzatzeko areagotu egin behar dira gaur egungo giza baliabideak, bitarteko egitura gisa definitu ditugunak batik bat. Giza baliabideen kudeaketari dagokionez, zentzu hertsian ez dago benetako prestakuntza planik eta, gai-nera, prestakuntzako eskaintzak ez dira nahikoak; eta horrenbestez, beharrezkoa da gazteriako teknikari eta politiko arduradunak -udal zein aldundikoak- prestatzeko plan bat diseinatu eta martxan jartzea, prestakuntza beharren diagnostiko batetan oinarritu eta kudeaketako plan desberdinekin batera garatuko dena. Bestetik, lehen adierazi dugun bezala ez dago benetako sistemarik eskumenak ebaluatu eta helburuen araberako zuzendaritza egiteko. Eta, horrez gain, oro har ez dago argi eta garbi zehaztuta zein den giza baliabideak kudeatzeko sistema, profesionalak erakarri, hautatu, hartu eta prestatzeko eta haien segimendua egiteko sistema, alegia. Horren guztiaren arrazoia, giza baliabideen kudeaketako hainbat alderdi bere gain hartzeko Zerbitzuak duen autonomia falta da, batetik, eta giza baliabideen kudeaketan Zerbitzuko teknikari arduradunei falta zaizkien espezializazio eta formazioa, bestetik. Azkenik, ahaleginak egin behar dira bai aterpetxeen foru sareko langileen multzoa Zerbitzuaren dinamikan txertatzeko eta baita zerbitzuak lurralde historikoaren barne eskaintzen dituzten enpresetako langileek (bitarteko azpiegiturek) Zerbitzua ezagutu dezaten eta funtzionalki barne dinamikan sartzeko ere. Zerbitzuak indartu egin behar du bere kanpo komunikazioa eta harremanak ugaldu. Zerbitzuaren egitasmo eta emaitzak ez dira ezagutzera ematen eta, oro har, Zerbitzua bera ez da aski ezaguna. Ildo horretan, beharrezkoa izango litzateke komunikazio tresnak (nortasun korporatiboaren eskuliburua) eta komunikazio euskarriak garatzea, kontutan izanik, gainera, Aldundiak azalarazten duen irudia zerikusirik gutxi duela gazteen munduarekin. Era berean, informazioaren gizarteak eta informazioko teknologia berriek planteatzen dituzten erronkei aurre egin beharra planteatzen da, sareko zerbitzuak garatuz eta sarea harremanen tresna gisa erabiliz. Kudeaketa aurreratuko eginkizunak landu behar dira. Profesionalen prestakuntza, Zerbitzuaren egituraketa eta erakunde eta inguruaren arteko harremanak kudeatzeko moduari dagokionez, aipatu beharrekoa da kudeaketa aurreratuaren ezaugarri gisa definitzen ditugun eginkizun horiek bideragarriak direla, baldin eta kontuan hartzen baditugu Zerbitzuaren etorkizuneko egoera desiragarria eta gaur egungo heldutasun prozesua, baina ez gaur egun arte bizitakoan oinarrituta. Dena den, elkarte eta sareak bultzatu eta garatzen diren neurrian eta zeharreko lana indartu ahala, Zerbitzuak bere gain hartu beharko du aipatu kudeaketa modua. Prestakuntzaren kudeaketari dagokionez, zenbait puntu azpimarratu behar dira, esate baterako, jarraipenik gabeko prestakuntza egiten dela, gaur egungo prestakuntza egitasmoak ez direla sistematikoak, kontrastaketa eta gogoeta guneen aukera urria dela eta, batez ere, ez dagoela idatzizko tradiziorik, oso urriak baitira programei, ekipamenduen kudeaketari eta esku hartze eta kudeaketa prozesuei buruzko agiriak eta lanak. |
||
| MEHATXUAK
Eskaintzak ez ditu kontuan hartzen ez gizartearen aldaketek sortutako beharrak ez sozializazioko eta hezkuntza ez arautuko eragile tradizionalen gainbehera. Eskaintza, nola publikoa ala pribatua, ez zaie haur eta gazteen beharrei egokitu. Halatan, kontuan izanda sozializazioko eta hezkuntza ez arautuko eragile tradizionalek indarra galdu dutela, emakumezkoa lan merkatuan sartu dela eta familia edo elkarbizitzako ereduak ugaldu egin direla, garbi dago behar beharrezkoa dela haur eta gazteei zuzenduriko zerbitzuen eskaintza publiko bat, urte osoan zehar eta haur eta gazteen heziera prozesuan jarraipena izango duena eta heldutasunerako bidean lagunduko diena. Ikuspegi horretatik abiatuta, eta Gazteria Zerbitzuak egindako edo bultzatutako eskaintzari dagokionez, honako beharrak nabari dira: a) Informazioaren gizartean murgiltzeko laguntza eman behar zaie gazteei, egoera txarragoan dauden haur eta gazteei batez ere. Auzia ez da bakarrik informazio jasotzeko aukera izatea, informazio sareak norberak bere kabuz erabiltzen ikastea baizik. b) Eskaintza zabaldu, Zerbitzuak bultzatutako hezkuntza ez arautuko eskaintzak izaera puntuala duelako (batez ere uda sasoian burutzen baita) eta 7 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteei zuzentzen zaizkielako. c) Era berean, kanpoko eskaintza eta eredu gero eta indartsuagoak modu kritikoan hartzeko aukera emango luketen kultur sorkuntza, hedapen eta sustapeneko programak falta dira, falta diren bezalaxe gertuko arazoetan autonomiarekin parte hartzeko gazteei aukera emango lieketen programak. d) Eta azkenik, heldutasunaren atarian gazteei laguntzeko egitasmoak landu behar dira. Bide horretan, beharrezkoa da aldez aurretik herritartasun sortzailearen kontzeptua lantzea eta, esaterako, enplegu eta etxebizitza eskuratzeko oztopoen inguruan egiten den lana zabaltzea. Gazteen emantzipazio garaia atzeratu egin da. Langabezia tasak behera egin duen arren, gazteek oraindik ere egonkortasun gutxi dute lan munduan eta horregatik nabarmen atzeratu da emantzipazio garaia. Nagusitu den elkarbizitzako ereduak ere (bikote bizitza jabetzako etxebizitzan) badu bere eragina atzerapen horretan. Badirudi gazteriari buruzko politiken ikuspegitik egoera hau aldaezintzat jo beharko litzatekeela. Izan ere, gazteen emantzipazioaren atzerapena aintzat hartzen den gertaera dela esan genezake, esaten baita, adibidez, enplegu politikak beste kolektiboentzat eginak daudela, gazteen ikasketa urteak luzatu egin direla, bereziki gazteei zuzendutako etxebizitza programarik ez dagoela, gizarteratzeko gutxieneko sarrera ez dela orokortu, ... eta, neurri batean bederen, gaztetasuna goraipatzen duten politikak indartu egin direla. Astialdi, bizileku, ikasketa eta lan tokien ugal-keta eta sakabanaketa geografikoa. Bizilekuen sakabanaketa handia denez, bizileku eta ikasketetxe/lantokia beti ez direnez inguru berdinekoak eta kontsumo eta aisialdiko guneak bereziki merkataritzako zentroak izaten direnez, Zerbitzua ere behartuta dago bere eskaintza guneak ugaltzera. Guneen ugalketaren fenomenoari eransten badizkiogu beste bi, hau da, udalerri txikien kopuru handia Gipuzkoan, eta sakabanaketa geografiko bereziki nabarmena Tolosalde edo Goierri bezalako eskualdeetan, berez datorren ondorio estrategikoa da, batetik, zerbitzu eta ekipamenduak ere sakabanatu egin behar direla nola eskualde mailan hala eskualdeen barnean, eta bestetik, irudimen eta ausardiaz jokatu beharra dagoela eskaintzak eta jarduerak non garatu erabakitzeko orduan. Defizitak informazioaren hedapenean. Informazio programari dagokionez beharrezko da, besteak beste, erabiltzaile motak bereiztea (nagusiki unibertsitarioak, emakumeak, ...), informazioa orokortzeko proiektuak landu eta informazioa kalera ateratzea, eta edukiak haur eta gazte bakoitzaren ibilbidearen arabera zehaztea. Bestalde, Gazte Informazioko Bulegoek (GIB) hartutakoa baino informazio esparru zabalagoko ekintzak bultzatu beharko lirateke. Gazte informazioko euskal sarea gorpuzteari dagokionez, informazioa maila lokalera eraman behar da eta publiko berrien beharrei egokitzeko saiakerak egin behar dira (ibilbideei egokitzea,...). Sarean ezinbestekoa da informazioaren kudeaketa lokala. Horregatik, bada, gure iritziz garrantzitsu eta ezinbestekoa da informazio sarearen izaera lokala garatzea eta, hartaz, informazioa sozializatzeko proiektuak dauzkaten ikastetxe, elkarte eta abarrez baliatu beharko ginateke GIBerik ez dagoen udalerrietan. Kontutan izan behar da, bestalde, gaur egun GIBak direla gazteriaren gaineko udal politiken erreferentzia fisikoa. Hezkuntza ez arautuaren eskaintza ez dator bat haur, gazte eta familien eskaerarekin. Hezkuntza ez arautua ez dator bat haur, gazte eta familien eskaerarekin. Hezkuntza ikuspuntuko aisialdiaren eskaintza dela eta, egiteko gomendagarriak dira, batetik, kontrol/segurtasuneko alderdiak indartzea, eta bestetik, eskaintza neurri batean ekipamenduetara bideratzea, haur eta gazteen eskaerak kontuan hartuz jarduerak ugaltzea, helburu instrumentalak eranstea (euskararen sustapena, hizkuntzak ikastea, ...) eta, azkenik, ahalegin berezi bat egitea haur, gazte eta gurasoei zuzenduriko komunikazioaren alorrean, hau da, oreka pedagogiko bat bilatzea proiektu, jarduera, produktu eta inguruaren artean. Dena den, komeni da hezkuntza ez arautuko ikasketek heldutasunaren atarian eta lan munduan sartzeko duten balioa ere azpimarratzea, onartu eta azpimarratu behar den bezalaxe aisialdi eta denbora libreko jarduerei gurasoek eman ohi dioten balio pedagogikoa. Ez dirudi hezkuntza ikuspuntuko aisialdi eskaintzaren garapen arazoak zerikusirik duenik eskatzaileen kaudimen ezarekin, errekurtso gutxiko familien kasuan salbu, eskaintzaren eta eskaeraren artean dagoen desegokitasunak sortzen baititu arazoak. Ahuldu egin da hezkuntza ikuspuntuko aisialdiaren eskaintza, batez ere irabaz xederik gabekoa. Sektore honetan dauden irabaz xederik gabeko elkarte eta sareei dagokienez, oro har ondorengo ezaugarri hauek azpimarratu behar dira. · Profesionaltasuna ez da nahikoa. · Enpresa proiektu gutxi daude. · Liderrak, sare sustatzaileak eta koadroak pres-tatu behar dira. · Jardueretarako behar diren gune/ekipamenduak definitu behar dira. · Nerabe eta gazteen alorretan irabazitako esperientzia eta gaitasunak ez dira nahikoak. · Kulturaren munduan ez dago kudeaketa eredurik eta kudeaketa tresnak ez dira landu. · Belaunaldi arteko lana, udal mailako proiektu orokorrak, sare lokalak, ... landu beharreko alderdiak dira, eta proiektuak lurralde egituraren arabera antolatu behar dira (mankomunitatea, udalerria, barrutia, auzoa). Helburua baldin bada sektorearen profesionaltasuna lortzea bai informazio, hezkuntza, hezkuntza ez arautu, kultura, sustapen eta emantzipazioko zerbitzuetan eta bai sareko ekipamenduen kudeaketan, eskaintza eta demanda pizteko estrategiak landu behar dira. Beste aldetik, eskaintzaren hezkuntza ikuspuntua mantendu nahi baldin bada, gurasoen proposamenak aztertzeko irizpideak landu behar dira. Are eta gehiago, profesionaltasuna lortu nahi bada, gaur egun dauden elkarketa modu desberdinak (taldeen arlokako elkarketak, sareak, plataformak, federazioak) egituratu eta sendotu egin behar dira eta, gainera, enpresa proiektuetarako behar den kudeaketa gaitasuna eman behar zaie. Era berean, profesional eta borondatekoez osatutako erakunde misto gisa jokatzen duten talde eta elkarteek lehiakorrak izan behar dute sortzen doazen beste errealitateen aurrean (enpresak, ...), hau da, egunerokotasunaren gurpilari ihes egin behar diote eta etorkizunaren ikuspuntua landu. Beste alderdi adierazgarri bat da mota horretako erakundeak ez daudela trebatuak kudeaketa kontuetan; are eta gehiago, profesionaltasunari trabak jarri ohi dizkiote, beren nortasuna galtzeko arriskua dakarkiela uste dutelako edo. Beste aldetik, profesionaltasunaren arrastoari eutsiz gero, azterketa globalak egiteko gaitasuna ahulduta atera daiteke, kudeaketa indarrak hasiera batean batez ere alderdi ekonomikora bideratzeko arriskua dagoelako. Kasu batean zein bestean egoera aztertu egin beharko litzateke. Gure ikuspegitik, beraz, proposatzen dugun erakunde motak ezaugarri hauek izan behar ditu: egitekoen esparruak ugaritu egin behar ditu, era askotako jendea inguratu behar du (bazkideak, patroia, profesionalak, borondatezkoak, ...), ekimen soziala landu behar du, eskaintzaren izaera hezitzaileari eutsi behar dio, inguruan txertatuta egon behar du eta gurasoen kolektiboa dinamizatzeko gai izan behar du. Mantendu eta landu egin behar da aisialdi eta denbora librearen izaera hezitzailea. Aisialdi eta denbora librea urte osoan zehar, eta bizitza osoan zehar, eskaini behar dira, beste hainbat al-derdiren artean prozesu bat ere baden hezkuntzako eskaintza bat izan behar baitu azken finean. Oro har, denbora librearen ikuspegi instrumentalak ari dira nagusitzen, eta ez hezitzaileak. Hau da, nagusitzen ari den jardueren inguruko pedagogian ez zaie lekurik ematen ez hezkuntza prozesuari, ez monitore eta haurren arteko harremanei, ez haur eta gazteen artekoei. Hala, monitorea/hezitzailea ekipamenduen eta jardueren kudeatzaile bilakatzen da. Beste aldetik, jarduerei dagokienez ohikoa da gurasoek lehentasuna ematea bai zerbitzuaren alderdi atzemangarriei (kirolak, inbertsioak behar dituzten zerbitzuak, musika eta dantza bezalako produktuak eskaintzera mugatzen diren jarduerak) eta baita ikasketen erabilgarritasunari ere (etorkizun profesionalarekin lotutako ikasketak -hizkuntzak, bidaiak, atzerriko egonaldiak- edo curriculuma osatzen laguntzen dutenak). Borondatezkoen errealitatea aldatu egin da. Borondatezkoen kopurua hazi egin da, baina borondatezkoen motibazioak eta prestutasuna ere aldatu egin dira (borondatezkoak gehiago begiratzen dio bere buruari, hau da, harremanak izateari, taldekide izateari, norberaren garapenari, ...) eta, gainera, erakundeak zerbitzuak eskaintzera mugatzen dira eta elkarteetan indarra galdu du parte hartzeko ohiturak. Ez dago arrisku egoeran dauden haur eta gazteen ezaugarrietara egokitutako baliabide arauturik, ezta ere aukeren berdintasuna ahalbidetu eta euskal nortasun eta kultura partekatuak lantzeko estrategiarik. Ahalegin bat egin behar da arrisku egoeran dauden haur eta gazteei informazioa eskuratzeko, hezkuntza ez arautuko eta kulturako baliabideak haur eta gazte guztien ezaugarriei egokitzeko, gazte ekimenetan parte hartzera bultzatzeko eta heldutasunaren atarian gazteei laguntza berezia emateko. Bereziki azpimarratzekoa da nola etenik geratzen den hezkuntza ez arautuaren eskaintza arautua, hau da, populazio osoari zuzendutakoa, nerabetasuna uztera doazenen kasuan, eta gizarte zerbitzuen sistema arautua, berriz, adinez helduak izatera iristen direnen kasuan. Beste aldetik, beheko klaseetan ez da hain indartsua elkartzeko eta, oro har, gizarte ekintzetan parte hartzeko joera eta, gainera, klase horietan nabarmenagoak dira auzo-kidetasunaren eta sentimendu lokalaren kontrako aurreiritziak. Aztertzeko kontua da, baita ere, denbora libreaz baliatzeko emakumezko eta gizonezkoez duten modu desberdina, bai eta elkartzeko batzuek eta besteek dituzten joera desberdinak ere. Era berean, hezkuntza ez araututik abiatuta, berdintasunaren aldeko hezkuntzakidetasun eta hezkuntzako estrategiak indartu behar dira, informazioa nahiz dokumentazioa eta informazio zerbitzuak generoaren ikuspegitik landu eta enplegu-prestakuntzaren eskaintzan dauden desberdintasunak arindu, ... Azkenik, beharrezkoa da nortasun adierazleak eta kultur erreferentzia partekatuak indartuko dituzten proiektuak bultzatzea, batez ere kulturaren sustapenaren esparruan; beharrezkoa da, baita ere, euskarri dokumentalak garatu eta informazioa euskaraz ematea, batetik, eta hezkuntza ez arautuaren esparruan hizkuntzaren normalkuntza indartzea, bestetik. Sare lokalak garatzera da Zerbitzuaren lana. Estrategia baldin bada elkarte eta sareak sustatu eta garatzea, elkarte eta sareei jarraitasun batekin eskaini behar zaizkie nola zerbitzuak hala laguntzak. Gainera, kudeaketa zuzenaren eta eskaintza propioaren bidez erakundeen garapen osoa bultzatu behar da eta zerbitzuen sare oso eta koherente bat egituratu, zerbitzuen kudeaketa elkarte eta sareen eskuetan jarriz, hala egoki suertatzen denean. Oro har, lehentasunezko helburuak dira lan guneak sortzea (publikoa, pribatua, pribatu soziala), eskaintza fidagarri bat bultzatzea, profesionaltasunari ateak ireki eta eskaintza suspertzea eta, hartaz, sarearen garapen eta artikulazio beharrei erantzun eta, erabakitako ardatz estrategikoak kontuan hartuz, laguntzak sare lokalen beharretara jartzea. Ildo horretan, ekipamenduen oinarrizko sare bat lortzea alderdi garrantzitsua izan daiteke sare lokalak egituratzeari begira, baina ez da ezinbesteko baldintza, eta gutxiago bidearen amaiera. Ekipamenduak baino garrantzitsuagoak dira maila lokaleko eragile eta zerbitzuak, nahiz eta ekipamenduak ere sarearen egituraketan zeresanik baduen. Sare lokalak landu behar dira haur eta gazteei laguntzeko. Maila lokalean ezinbestekoa da sistemen arteko lankidetza bultzatu eta sistema eta eragile bakoitzaren eskumenak argitzea. Halatan, haur eta gazteei laguntzeko komeni da sistema koherente eta oso bat diseinatzea, batez ere gizarte eta hezkuntzako alderdiak landuko dituena. Ildo horretan, gizarte eta hezkuntzako eragileen prestakuntza modu sistematiko eta koordinatuan egitea garrantzi handiko eginkizuna da; garrantzitsua den bezala, gazteriako udal teknikariekin edo agintariekin lan-plan zehatz bat adostea sareko lana errazteko. Haur eta gazteei laguntzeko sare lokalen garapenari dagokionez, maila lokaleko laguntza sistemen arteko koordinazioa bilatu behar da eta nerabezarotik ondorengo egitasmoei jarraipen bat eman. Elkarte eta sareen xedera laguntzaren jarraita-suna bilatu behar da. Erakunde eta sareei zuzendutako zerbitzuak jarraitasun batekin landu behar dira, eragin berezia izan arren gutxien garatuta daudenak batez ere. Aurrera egiten den neurrian, azterketa zehatzak eta orokorrak Zerbitzuaren programazioarekin lotu behar dira laguntzen jarraitasunaren testuinguruan. Hau da, proiektuak egin behar dira informazioa eta dokumentazioa bildu eta banatzeko, elkarteak aholkatu eta prestatzeko, elkarteei proiektuak egiten lagundu eta baliabideak eta euskarriak eskaintzeko ... eta berriro ebaluatu. Zehazki, beharrezkoa da: · Programak eta proiektuak gauzatzeko, eskualde mailan azterketa aplikatuak egitea. · Elkarte eta sareei zuzendutako informazio eta dokumentazioko zerbitzuak garatzea. · Prestakuntza/aholkularitza zerbitzuak garatzea, eragileen prestakuntzari, batez ere herri mailakoei, zuzendutako eskaintza sistematizatuz. · Baliabide eta euskarriak transferitzeko zerbitzuak garatzea eta, hartaz, Zerbitzuaren ardatz estrategikoekin bat datozen proiektuetan oinarrituta, baliabide eta euskarri transferigarriak ugaltzea. · Plan Estrategikoaren eskutik martxan jarritako proiektu, zerbitzu eta ekipamenduak ebaluatu eta, sareekin nahiz ekintza elkarteekin elkarlanean, kontrolatu eta ikuskatzeko zerbitzu eta funtzioak abian jartzea. Jarduera eremua eta bitarteko azpiegiturak garatu behar dira gazte kulturaren alorrean. Lehenik, gazte kulturaren alorrean beharbeharrezkoa da jarduera eremu zein den definitu eta beste sektoreekiko mugak finkatzea, baita ere sektorearen berezitasuna eta jarduera ardatzak finkatu eta departamentuen arteko lankidetza bultzatzea, batez ere Kultura Zuzendaritzarekin. Merkatuari dagokionez, enpresa pribatuarentzat balio ekonomiko edo estrategikorik ez izan arren interes publiko orokorrekoak diren merkatu habiak identifikatu behar dira, administrazioak esku har dezan eta kultur taldeek merkatuan sartzeko aukera izan dezaten. Bestetik beharrezkoa izango litzateke talde nahiz elkarteen arteko koordinazioa indartzea, komunikazio eta harreman sisteman ezarriz eta eskalako ekonomiak, ... garatuz. Ildo horretan, babestu beharrekoak dira gazteen kul-tur sorkuntzako proiektuak, honako estrategia hauen bidez egin daitekeelarik: · Gazte taldeen izena eta lana ezagutzeko aukera emango duten sare eta guneak sortuz. · Kudeaketan, komunikazioan, ... laguntzak emanez. · Kulturaren sorkuntza eta hedapena bideratuko dituen ekipamendu sare bat antolatuz. Musikaren arloan bereziki, arautu gabeko elkarteen sorreran gaur egun arlo hori baita eragile garrantzitsuenetako bat (saioak egiteko ekipamendu bereziak, grabaketa-tokiak, emanaldietarako guneak, musika, argitaletxe, erakusketa, multimedia, .... proiektuak garatzeko laguntza). Ekipamenduen defizita. GIBak sare lokaletako gune gisa gara daitezke. Behar batzuk betetzen dituzten gune deszentralizatuak dira (informazioa, elkarteentzako zerbitzuak, ...) eta gazteen, borondatezkoen eta gazte elkarteen zerbitzurako baliabideen zentro bilakatu behar dira pixkanaka. Izan ere, GIBak gazteriako udal politiken erreferentzi fisikoak dira. Foru Aldundiaren titularitateko aterpetxeei dagokienez, zerbitzuen sare propioaren barne eskualdeko zentro buru izan daitezke, hirugarren programaren barne (gazte-turismoa) beren burua sendotu eta lurralde historikoan talde nahiz elkarteen jarduerei babes emateaz gain. Hori dela eta, aterpetxeak Zerbitzuaren dinamikaren barne gehixeago integratu behar dira eta diseinu koherente bat izan behar dute Zerbitzuaren eginkizunen ildotik. Aterpetxeak Zerbitzuaren eginkizun markoaren barne garatzeko bultzatu behar diren lan ildo batzuen arte-an, honakoak dira aipagarrienak: a) informazioaren neurria lantzea (informazio programa). b) hezkuntza ez arautuko eta kulturako programak garatzea (ingurugiro heziketa, euskalduntzea, kirol hezitzailea). c) eskualdeko eta nazioarteko gazte turismoaren beharrak asetzeko, entseguetarako, emanaldietarako, ... aterpetxeen sarea garatzea (sustapen programa). d) ostalaritzaren eta sustapenaren inguruko heziketa ekintzak garatzea (emantzipazioa). e) aterpetxeak bihurtzea elkarteentzako baliabide zentro, hezkuntza eskaintzen gune eta beren zerbitzuak eskualde mailan emango dituzten erakundeen habi (sare lokalak garatzeko plana). Nolanahi ere, ezaugarri horiek betetzen dituen planteamendua lurralde historiko osora zabaldu nahi bada, haur eta gazte taldeen egonaldi eta ostatu beharretarako aterpetxe eta instalazioen sare gipuzkoarra osatu eta sareko instalazio eta ekipamenduak hobetu behar dira, lehen adierazitako irizpideen ildotik eta Zerbitzuaren erantzukizunekoak diren neurrian. Kultura politikoa departamentuen arteko lankidetza eta EAEren artikulazio instituzionala lortzeko. Administrazio publikoetan oso urria da, eta maiz askotan trabaz betea, departamentuen nahiz erakundeen arteko koordinazioa eta horrek guztiak ez dio bidea errazten zeharreko programak, antolaketa eredua eta EAEko artikulazio instituzionala abian jartzeko aukerari eta, gainera, arazoak sortzen ditu tokian tokiko zerbitzuak garatzeko garaian. Gazteria politiketarako gastu ahalmena urria da eta kulturako gastua kultura azpiegitura handietara eta kultur kontsumora bideratzen da. Ekonomian, oro har, izan den hobekuntzak ez du gazteria politikak garatzeko gastu ahalmenaren handitze adierazgarririk ekarri orain arte, ez eta, horrenbestez, haur eta gazteei zuzendutako informazio, hezkuntza ez arautu, kultur, sustapen eta emantzipazio zerbitzuak garatzeko edo gazteen ekimenak, ... laguntzeko ere. |
||
| INDARGUNEAK Programa guztietan egin da bide bat haur eta gazteentzako laguntzak jarraitasun batekin ematen eta elkarte nahiz sareen aldeko zerbitzuak lantzen, eta erabiltzaileak asebeteta daude. Zerbitzuak badu esperientziarik informazio, kultura, hezkuntza ez arautu, sustapen (gaztemaniak, gazte ekime-nak) eta emantzipazioko (oztopoak arintzea) programetan. Zerbitzuak badaki, baita ere, elkarte eta sareentzako zerbitzuen arloan bitarteko egiturak nola landu, hezkuntza ez arautukoak batez ere, sare lokalak nola bultzatu eta azterketa eta argitalpenaren alorretan nolako baliabideak transferitu eta zein motako prestakuntza eskaini. Horrez gain, proiektuen gaineko aholkularitza lan batzuk ere egin dira. Beste alderdi azpimarragarri bat, elkarteen eta sareen sustapen ikuspegitik behinik behin, CRAJen bidez jasotako esperientzia dugu. Eta, azkenik, ezin dugu ahaztu udal komunitateekiko harremanetan eta elkarlanean Foru Aldundiko aterpetxeek izan duten tradizioa, nahiz garai batean etenda geratu zen. Autonomia eta aldez aurreko esperientzia plangintza lanetan. Urte batzuetatik hona Zerbitzuak beharrak eta baliabideak ebaluatzeko sistemak jarri ditu martxan, jarduerak programatzeko ohituretan zertxobait irabazi delarik. Ikuspegi horrekin jokatuta, Gipuzkoako gazteriari buruzko adierazleen bateria bat sortzea lortu du. Era berean, Zerbitzuak baditu bere tresnak, eta baita ohitura bat ere, berak zuzenean kudeatutako zerbitzuak ebaluatzeko. Bestetik, azpimarragarriak dira ekimenen nondik norakoa erabakitzen eta Zerbitzuko kudeaketa lanetan teknikarien taldeak irabazi dituen autonomia eta sinesgarritasuna eta erakutsi duen izpiritu kritikoa, hitz bitan esanda, bere ekimenak auzitan jartzeko erakutsi duen gaitasuna. Zerbitzuko profesionalen taldearen kalitatea. Pertsonalarentzat sinesgarriak dira dauzkan egitekoak eta lortu beharreko helburuak, eta teknikoki gai da bai Zerbitzua garatzeko eta bai gazteei buruz politika koherente bat egiteko ere. Eta, gainera, beste eragile eta sare lokalek neurri batean aitortzen diote gaitasun hori. Taldea ondo eratuta dago, lan giroa ona da eta Zerbitzuaren helburuaren inguruan sintonia eta kultura bateratu bat daude. Profesionalek motibazio handia daukate eta prest daude zeharreko lana egiteko, koordinatzeko, ... Lankidetza estu eta egokia beste administrazio publikoekin eta sektore honetako erakunde eta sareekin. Elkarte mugimenduekin eta gazte kolektibo desberdinekin harremanetan jartzeko joera nabari da. Harremanak maila teknikoan oso onak dira, batez ere gazteriako udal teknikariekin eta gazteriako gaietan ardura duten udaletako profesionalekin. |
||
| AUKERAK Aldaketak egitura demografikoan. Haur eta gazte populazioak urteetan zehar beherakada izan ondoren, jaiotze tasa gora egiten hasi dela ikus daiteke. Aldaketak familia eta lanari buruzko politiketan. Badirudi etorkizunean ere indartu egingo direla lan banaketako sistemak, lan egunaren murriztapenak edo bizitza familiarra eta laborala elkarlotzeko neurriak. Horrek guztiak, bestalde, gazteei dagokienean, eta are enplegua duten pertsona helduei dagokienean, ondorio garrantzitsuak izango lituzke enplegu eta portaeretan, lan eta astialdiari buruzko irudi sozialean eta aisialdi eta kultur jardueretan. Aldaketa horiek guztiek ekonomia eta politikaren esparruan ere oihartzuna izan dezaten, aldez aurretik edo batera aldatu egin behar dira familia eta lanari buruz herritarrek gaur egun dituzten baloreak eta irudikapen soziala. Haur eta gazte gaietako ekimen politikoaren eta erantzukizun publikoaren garapena. EAEn Gazte Plana martxan jarri zenez geroztik, agerian geratu da haur eta gazteria gaietan badagoela erantzukizun publikoko egitasmoak lantzeko konpromiso politikorik. Foru eta udal mailetan Gazte Plana lantzeko plan sektorialak martxan jarri nahi badira, gure ustez haur eta gazteentzako laguntzen jarraitasuna eta sare lokal propioak garatu behar dira lehendabizi. Beste aldetik, zeharreko politikak direla-eta, munta handiko egitasmoak erabaki behar dira hazkunde garaian eta heldutasunerako bidean haur eta gazteei laguntzeko eta, horrez gain, zeharreko lanaren baratzea ongarrituko duten proiektuak, udal maiakoak batez ere, prestatu behar dira beste departamentuekin eta foru eskumeneko zerbitzu sistemekin batera (lankidetzaren gaineko esperientzia eta kultura, finantza tresnak eta teknikak, ...). Gizarte mezenasgoaren garapena. Pizgarri fiskalen sistemak, gobernuz kanpoko erakundeek duten izen onak eta konpromiso sozialen alde herritar nahiz administrazioek enpresei egiten dieten eskariak eraginda, baliabide pribatuak eskuratzeko planak egin ahal izan dira eta lotura puntu bat bilatu ahal izan da ekonomiaaren eta gizarte alorreko munduaren artean (laguntzako publizitatea, babesak, laguntzak, ...). Autonomia lokalaren garapena. Globalizazio gisa definitu dugun markoaren barne, ondorengo ezaugarriak dituen lokaltasunaren aldeko fenomenoak sortzen ari dira: nazionalismoen gorakada, autonomia lokalaren garapena, harremanen eta gizatasunaren espazioak eta erreferentzia taldeak irabazteko behartasun pertsonala. Ildo horretan, globalizazioak mugimendu bikoitz bat dakar berarekin, gora eta beherakoa alegia. Mugimendu batek mundu mailako eskenatokia hartzen du eta besteak, berriz, autonomia lokala garatzea eta demokrazian sakontzea eskatzen du. Testuinguru horretan, Foru Aldundia bezalako bitarteko erakundeek beren zeregina birplanteatu behar dute, sareko nodo baten gisara antolatzen hasteko. Programak eta batez ere proiektuak maila lokalean garatu beharko lirateke eta, bide horretan, udal mailako erakundeekin hitzarmenak sinatzea da formula egokiena. Hori dela eta, Zerbitzuko profesionalek ahalegin guztiak egin behar dituzte udal proiektuak indartzeko. Elkarteek, erakundeek, ..., geroz eta gehiago jotzen dute udaletara, eta horrela izan behar du gainera. Beste gauza bat da Zerbitzuak izaera espezializatuko zerbitzu orokorrak ematea, CRAJen materialak elkarteen kudeaketan laguntzeko adibidez, edo Zerbitzuko profesionalek ekintzak udal erakundeekin elkarlanean garatzea, sarearen heldutasuna errazteko. Hartaz, helburu nagusia maila lokalean (udalerri, eskualde, ...) sare lokalak itxuratzea denez, sare lana bultzatzea izan beharko luke Zerbitzuko profesionalen benetako egitekoa. Beste aldetik, udal gorabeherei buruz gazteek duten iritzi ona da beste arrazoietako bat maila lokaleko esku hartzea indartzeko. Azkenik, lanaren zama handiena ez da gazteriako teknikariren bat duten udalerrietan xahutu behar; aitzitik, batez ere udalerri txikien beharrei begira jokatu behar da eta Kultura eta Gizartekintzako zuzendaritzekin batera lankidetzako gune eta sistemak zehaztu. Izan ere, udalerri horietan maiz askotan gizarte langilea izaten da gazteriaren alorra jorratzeko gaiturik dagoen teknikari bakarra eta, gainera, kulturan ere erantzukizunak izan ohi ditu. Aukera berriak daude hezkuntza ez arautu eta kulturako eskaintzak garatzeko. Izan ere, hezkuntza ez arautu eta kulturako eskaintzak garatzeko aukera berriak zabaldu dira, zenbait faktorek eraginda. Horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, familien baitako aldaketen ondorioz sortu diren beharrak, emakumea lan merkatuan sartu izana, esku hartzeko gune berriak sortu izana (ikastetxeak, ...), derrigorrezko eskolaratze adina hamasei urtera bitarte luzatu izana, Kirolaren Legean hezkuntza kirolaren ikuspuntua jaso izana eta, azkenik, hizkuntza normalkuntzan esparru ez arautuari aitortzen zaion ekarpena. Irabaz xederik gabeko erakundeen potentzialtasuna eta hirugarren sektorearen aldeko jarreraren lotura Zerbitzuaren tradizioarekin eta Europako enplegu estrategiarekin. Nola hezkuntza ez arautuaren esparruan hala aisialdian eta kultur zerbitzuetan hezkuntzako aukera handiak daude, sektorearen profesionaltasunari bultzada bat ematen zaion neurrian beti ere. Ikusita, batetik, aisialdi eta denbora libreko jardueren eskaera handitzen ari dela, eta bestetik, zein den hezkuntza ikuspuntuko denbora librea antolatzen duten taldeen egoera, garbi dago hezkuntzako denbora librea profesionaltasunaren arrastoan sartu behar dela, neurri batean gutxienez. Dauzkan ezaugarriak kontutan izanik, euskararen sustapena lantzen duten denbora libreko taldeen sarea izan daiteke hezkuntza ikuspuntuko denbora librearen eskaintza bideratzeko gune nagusia. Hori dela eta, Euskara Zuzendaritzarekin lankidetza harremanak estutzea komeni da, hezkuntza izaerako denbora librearen, hau da, hezkuntza ez arautuaren beharretarako. Departamentuen arteko lankidetzaren esperientzia eta aukerak Hezkuntza Osagarriko Kontsortzioaren barne, haur eta gazteentzako laguntza sareak garatzeko. Oso positiboa da Gipuzkoako Hezkuntza Osagarriko Kontsortzioren eta lanbide heziketaren alorretan lortu den koordinazioa bai departamentuen arean eta bai erakundeen artean ere. Hala, Kontsortzioak bere nortasuna finkatzea lortu du eta, halabeharrez egitura arina izanik, sare lokalen bultzatzaile eta zerbitzuen arteko koordinatzaile bilakatu da. Taldearen heldutasunaren eraginez, bestalde, instituzio partaide bakoitzak zehazki zer bultzatu behar du zehatzago definitzea lortu da. Gazteria Zerbitzuari dagokionez, honako alderdiak jorratu beharko lirateke: · 17 urteko baino gehiagoko gazteekin lan egitea eta, ikuspegi horrekin, lankidetza puntuak bilatzea gazteriako udal departamentuen eta gizarte eta hezkuntza alorrak lantzeko Kontsortzioak duen programaren artean. · Hezkuntza ez arautuko programa bat diseinatzea eskolaren markoan. · Arrisku egoeran bizi diren adin txikikoen eta gazteen alde diskriminazio positiboko neurriak hartzea kulturako, aisialdi eta denbora libreko eta kiroletako zerbitzuetan. · Arrisku egoeran dauden haur eta gazteen integrazioa helburutzat hartuta, elkartetan antolatzeko joera indartuko duten ekintzak bultzatzea (gazte elkarteak, gizarte borondatezkoak, gizarte eta hezkuntzako elkarteak, ...). · Kultur sistemari egokitutako eskaintzak sustatzea. · Arrisku egoeran dauden haur eta gazteen integrazioa helburutzat hartuta, haur eta gazteentzako ekipamendu eta baliabideak sortzea eta gaur egun daudenak egokitzea. · Haur eta gazteen informaziorako bitartekarien proiektuak garatzea eta informazioa kale hezitzaileekin partekatzea. · Arrisku egoeran dauden nerabe eta gazteei zuzendutako proiektuak ekonomikoki babestea, beti ere nerabe eta gazte horiek kudeaketan parte hartzen badute (elkarren arteko kudeaketa / auto-kudeaketa) eta gazte ekimenak badira. Azkenik, Gazteria Zerbitzuak kudeaketaren garapena ahalbidetu dezake Kontsorzioaren barne. Horretarako saiakera bereziak egin behar ditu proiektuen finantzazioaren alde diru iturriak ugaritzeko (Interreg 3, Yout, ...), hezitzaileen formazio plan bat ingurune irekian diseinatu, garatu eta ebaluatzeko, maila lokaleko baliabide eta sistemak koordinatzeko eta Kontsortzioaren zerbitzuak garatzeko (azterketak, informazioa eta dokumentazioa, aholkularitza, ...). Garapen lokaleko estrategietan sakondu beharra. Eredu gehiegi hiritartuen alde lerratzen diren landa inguruetako zonaldeak babestea premia bat da, eta horrek badu zerikusirik sare eta zerbitzuen egituraketa moldeekin . Halatan, udal garapenaren aldeko estrategia orokorrak landuko dira beste eragile batzuekin batera (ingurugiroko heziketa, nekazaritzako turismoa, aisialdiko zerbitzuak). Zentzu horretan beharrezkoa izaten jarraitzen du gainbehera doazen hiriguneak berreskuratzeko ahalegin berezi bat egitea; hala, bereziki zerbitzuetako sektoreak landu behar dira, eta neurri batean baita aisialdi eta kulturakoak ere, garapen lokaleko estrategien barne garrantzi handikoak baitira. Ekipamenduen sare lokala garatzeko aukerak. Geografikoki ondo banatutako gazte informazioko bulego sare bat dago gaur egun eta, gainera, aukerak daude ekipamenduen oinarrizko sarea maila lokalean bat garatzeko. Euskara Zuzendaritzaren laguntza lortu behar da hezkuntza komunitate osoari eta oro haur auzo/barrutiei zuzendutako hizkuntza normalkuntzaren proiektuetarako, eta agian baita Gizartekintzarena ere, sarea zentro publikoen inguruan egituratzen denean eta arriskuan eta/edo egoera txarragoan dauden haur eta gazteak bere baitan hartzen baditu. Kirol Zerbitzuak martxan jarritako sare lokalak antzeko eredukoak direnez, hau da, horien garapenaren euskarriak, batetik, udalak eta elkarteak, eta bestetik, ikastetxeak direnez, sarea garatzeko aukera gehiago daude. Aterpetxeek, lehen aipatu denez, bigarren mailako ekipamenduen funtzioa bete dezakete eskualde mailan. Badaude kultura eta ibilbide bat sektore honetako herri administrazioen eta gizarte erakundeen arteko lankidetzaren inguruan. Gizarte sarearekin lankidetzan zerbitzuen kudeaketa mistoa lantzea da Gazteriako Zerbitzuren asmoa. Izan ere, gizarte sareak heldutasunean irabaz dezan eta Zerbitzuak neurri batean landuta daukan lankidetzaren kultura beregana dezan nahi dugu. Bestelako agentzia publiko eta pribatu espezializatuekin lankidetza harremanak egiteko aukera eta Gazteria Zerbitzuaren lidergoa. Gaur egun lankidetzako harremanak ditugu beste agentzia espezializatuekin ere eta harreman horiek sendotzeko aukeran gaude. Agentzia pribatuen aurrean Gazteria Zerbitzuak dituen abantailak hauek dira: arauak egiteko ahalmena, eskaintzaren gardentasun aitortua, eta politika eta programak sustatzeko baliabideen nagusitasuna. Zenbait agentzia pribatuk, alabaina, abantaila izan dezakete beste administrazio publikoen solaskide izateko orduan. Haur eta gazteentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten eragile berriekin lankidetza harremanak egiteko aukerak. Informazio zerbitzuei dagokienez, sareko guneek kudeaketa edo eskaintza publiko zuzenekoak izan beharko lukete beti. Hezkuntza ez arautuaren eta kulturalaren esparruan badago aukerarik eragile berriekin lankidetzako harremanak sendotzeko, izaera publikokoei eta pribatu-sozialei lehentasuna emanez beti ere. Dena den, irabaz xedeko ekimen pribatuaren egitekoa arautu beharreko kontua da, nahiz eta lankidetza egitasmoak lantzeko aukerak ez diren baztertu behar, baldin eta haien xedea interes orokorreko xedeekin bat baldin badator, hezkuntzako planteamenduak lantzen badituzte eta ateak populazio osoari irekitzen badizkiote. Beste aldetik, Kirol Zerbitzuarekin ere koordinazio harremanak sendotu behar dira hezkuntza ikuspuntuko kirola garatzeko. Azkenik, sare eta erakunde propioak bultzatzeko asmoarekin, hezkuntza ez arautuaren eskaintza sare lokalei eskualdatzea plantea daiteke, baina nola eta noiz ondo baloratu ondoren. Sustapen proiektuei dagokienez, lankidetza aukerak oso murritzak dira oraindik. Bitarteko egiturak, hain zuzen ere, arrazoi horregatik sortu nahi dira. Emantzipazio zerbitzuei dagokienez, eskaintza apenas landu den. Mugaz gaindiko lankidetza aukerak gehitzea. Kontuan hartuta Akitania-Euskadi lankidetza fondoa, kultura eta gazteriako europar programetako diru gehikuntza eta, azkenik, mugaz gaindiko lankidetzako programak (Interreg 3), aukera berriak daude Iparralde, Akitania eta Europako beste eskualdeekin lankidetza proiektuak gauzatzeko. Era berean, Europako Eskualdeen Batzordeak (Eurodisea) bultzatutako markoaren barne bestelako ekintzak sustatzeko aukera ere bada. |
||