Kokapena eta ezaugarriakIturrarango Lorategi Botanikoa Aian dago, Pagoetako Parke Naturaleko Interpretazio Zentroaren ondoan, Zubigainetik Aiara igotzen den GI 2631 errepidearen alboan. 1986ko neguan hasi zituzten lorategiko landaketak, eta urtero taxon berriak gehitzen dizkiote bildumari. Gipuzkoako Foru Aldundia da jabea, eta Nekazaritza eta Ingurumeneko Departamentua arduratzen da mantentzeaz. Bai lorategiaren barnean eta baita inguruan ere, landaretza autoktonoko zuhaiztiak daude, hala nola, haritzak, gaztainondoak, lizarrak, haltzak eta abar, eta jatorri arrotzeko zuhaitzak ere bai, nagusiki haritz amerikarrak. Horretarako egokitutako gunean, Iturraran baserriaren ondoan, arriskuan dauden Euskal Herriko landareen bilduma jarri da, horrela, zaintzea errazagoa izan dadin. Iturrarango Lorategi Botanikoko klima onari esker, mundu guztiko zuhaitzak eta zuhaixkak landa daitezke bertan, leku hotzetakoak zein epeletakoak. Helburu nagusia ahalik eta bildumarik handiena osatzea da, horrela jendeari orokorrean eta baita ere lorazainei, ikasleei edo mintegietako adituei ezagutzera emateko landareen munduko barietate aparta. Bestalde, espezie asko girora ezin hobeto moldatzen direnez, badago aukerarik espezie horiek erreproduzitu eta bilduma bereko materialak lortzeko. Bisitatzeko interesa dutenentzat bide sare bat osatu da lorategiko ibilbidea errazago egin dezaten, eta izena eta jatorrizko lekua adierazten dituzten etiketak jarri zaizkie espezie guztiei. Bisita gidatuak ere egin daitezke. |