Wim Vandekeybus - Ultima vez
Wim Vandekeybus koreografo belgikarra, Jan Fabre-ren ohiko
lankidea, gaurko europar dantzaren esparruan figura nabarmenetan nabarmenetakoa
dugu denboran zehar eginiko lanengatik. Bere lan-egitura du, Azkeneko Aldia
izenekoa, eta dozena bat artista gazte biltzen ditu bertan.
Konpainia honen hasiera 1985 eta 1986an topatuko dugu,
Vandekeybus bere bilatze lanari ekin ziolarik Europa osoan zeharreko zenbait
tailerretan, bere lehenbiziko ikuskizuna, What the body does not remember
izenekoa, prestatzeko. Lan hau nazioarteko hainbat eszenatokitan programatu
zuten, eta 1988an Bessie Award saria eman zioten New Yorken, “arrisku eta
borroka paisaje batean ematen den dantzaren eta musikaren arteko aurrez
aurre jartze bortitzagatik”.
1989an, Centre National de Danse Contemporaine d’Angers-en
egonaldi bat egin ondoren, Les porteuses de mauvaises nouvelles sortu zuen
–honengatik eman zioten Bessie Award saria, bigarren aldiz- eta nazioarteko
biretan jarraitu zuen. Aldi berean Le poids de la main ikuskizuna prestatu
zuen Thierry De May-rekin, eta Parisko Théâtre de la Villen
aurkeztu 1990eko urtarrilean. Urte horretan bertan, Walter Verdin, Wim
Vandekeybus eta Octavio Iturbek Roseland egin zuten, 20 urte lehenago abandonaturiko
Brusselako antzoki zahar baten dekoratuan hainbat koreografia jasotzen
zituen bideoa bera. Lan honek Prague d’Or eta Dance Screen Award 91 (IMZ,
Frankfurt) sariak eskuratu zituen. 1991an Immer das Selbe gelogen estreinatu
zuen Salzburgen, eta koreografia honekin ehun emanaldi baino gehiago eskaini
zituen Europako hiri nagusietan zehar, Kanadan, Estatu Batuetan eta –lehenbiziko
aldiz- Japonian eta Mexikon izandako dozenatik gora ekitaldiez.
1992an, Walter Verdinekin batera La Mentira egin
zuen Desongel, Anvers eta Granadako basamortu inguruetan. 1993an Her Body
Doesn’t Fit Her Soul estreinatu zuen, aurreneko aldiz lan eginez komediante/dantzari
itsuekin. Gainera, Elba and Federico izenez egin zuen film laburraz, urte
horrexetan bertan errodatuaz, Epaileen Sari Berezia jaso zuen Brusselako
Zinemaldian.
Mountains Made of Barking obra, Marokori buruzko
film batean eta Paul Bowles eta Milorad Pavic-ek idatzitako bi eleberritan
oinarritua, 1994an estreinatu zuen. Hurrengo urtean Alle Grobe decken sich
zu sortu zuen, Carlo Verano adiskidearen omenaldi gisa, eta 1996ko otsailean
Bereft of a Blissful Union, hamabi dantzari eta hamabi musikari bilduz
eszenan, aldi berean zineko sekuentziak ere erabiliz ikuskizunean. Koreografo
gonbidatu gisa ere aritu zen Batsheva Dance Company konpainia israeldarrarekin.
1997ko uztailaren 23an Wim Vandekeybusek mundu mailan estreinatu zuen 7
for a Secret never to be told, Bartzelonako GREC Jaialdian. Koreografia
horixe aurkezten digu orain Donostian, eta 1999ko apirila arte iraungo
du konpainiak obra horrez egingo duen birak.
|
7 FOR A SECRET NEVER TO BE TOLD
Koreografia eta Zuzendaritza: Wim Vandekeybus
Musika: Arno, Charo Calvo, Pascal Comelade, Thierry
de Mey, Kimmo Hakola y Pierre Vervloesem
Eszenografia : Wim Vandekeybus
Zuzendaritza eta dramaturgia laguntzailea: Georg
Weinand
Jantziak eta oihala: Isabelle Lhoas
Argi-diseinua: Dires Vercruysse eta Wim Vandekeybus
Dantzariak: Nordine Benchorf, John Campbell, Carlos
de Haro Flores, Lorenza Di Calogero, Lieve Meeusen, Rasmus Olme, Orlando
Ortega González, Céline Perroud, Isabelle Schad
|
7 FOR A SECRET NEVER TO BE TOLD
Obra honek jendeak, sineskeriaz, mika bat ikusirik errezitatzen
duen poema irlardar baten zazpi bertsoak ditu oinarri: “bat, penagatik;
bi, pozagatik; hiru, neskarengatik; lau, mutilarengatik; bost, zilarrarengatik;
sei, urrearengatik; zazpi, sekula kontatu behar ez den sekretu batengatik...”.
Ikuskizun hau sineskeriari eta gizakiaren beldurrei buruzko ipuin moderno
eta ironiaz beteriko bat da.
Wim Vandekeybusek umore aparta erabiltzen du, neurrigabeko
irudimenaz osatua, pieza arin eta bizigarri hau sortzeko. Koreografoak
eta bere konpainiak azken hamar urte honetan aurkeztu diguten lanaren oso
bestelako ikuskizun bat da, lehengoetan ohikoa baitzuten ikus-entzunezko
elementuen erabilera. Oraingo honetan, aldiz, mugimendu sinple baina hunkigarrietara
itzultzeko erronka egin du bere egileak, elementu berri ugari eskaini baitio
metamorfosiaren eta sineskerien mundu anbiguoaren inguruko lan honetarako:
eta azalpenik ez duena azaltzen ahaleginduko zaigu.
Zazpi eszenetako bakoitza –poemako zazpi bertsoak garatzera
zuzenduak guztiak- konpositore baten musikatik abiatuta sortu da; lan honetarako
propio konposatuak dira bost, eta bakoitzean errealitate eta fantasia neurri
desberdinak aurkituko ditugu. Eta guzti-guztia Vandekeybusek berak prestaturiko
eszenografia ikusgarri batean bildurik, egundoko amaraun bat eta eszenatokian,
euria bailiren, erortzen diren txori luma handiak dituela osagarri.
Bederatzi dantzarik gorpuztuko dute mundu bitxi hau, kalitate
handiz eta aniztasun kezkagarria eskainiz, oso koreografia fisiko eta arriskutsu
batez, sortzaileak berak dioen bezala “ezinezkoaren bila ari den lengoaje
koreografiko bat” adierazten digunaz.