KATIE DUCK
Katie Ducken lana erreferentzi gune dugu gaur egun nazioarte
mailan, inprobisazio-dantzaren esparruan. Dantza egiteaz gain, Holandan
bizi den iparramerikar honek bere koreografiak sortzen ditu, irakaskuntzan
ere ari delarik aldi berean. Inprobisaziora eraman duena ustekabekoak eragiten
dion interesa izan da, eszenan agertzen den oro ahul gertatzen baita ustekabekoaren
aurrean. Inprobisazioaz baliatuz existentziaren logika aurkitzen irakatsi
nahi du, gizakiaren funtzionamendu modua. Bere teknikaz eszenatokian agertzea
eta desagertzea lantzen du, eta aktore eta musikarientzat ere erabilgarria
da inondik ere, arte diziplina desberdinen arteko trukea onartzen baitu.
Katie Duck bakarka zein beste batzuekin elkarlanean aritu
izan da; aipatzeko modukoak dira Tristan Honsinger, Ernst Reyseger, Sean
Bergin eta Toshinori Kondo-rekin eginiko lanak. 1979an Groupo konpainia
sortu zuen Florentzian, eta hainbat bira egin zituen nazioarte mailan,
antzerki-dantzako talde gisa. 1986an Britainia Handira joan zen, eta mugimendu
eta konposizio eskolak eman zituen Dartington College of Arts-en. 1992an
Amsterdamera itzuli eta bertan darrai orain ere, School for New Dance Development-en
irakasle lanetan. Aldi berean, urtero parte hartzen du Frascati Theatren
ospatzen den inprobisazioaren jaialdian.
Beste zenbait lan ere burutu ditu Estatu Batuetako, Britainia
Handiko eta Europako beste herrialde askotako antzoki, erakunde eta konpainia
desberdinen aginduz. Katie Ducken koreografiak dantza jaialdirik ospetsuenetan
topatu ditugu: Spring Dance (Holanda), Dance Umbrella (Britainia Handia),
Inteatro di Polverigi (Italia), Avignon (Frantzia), Ouropreto (Brasil),
New York Improvisation Festival (Estatu Batuak)...
MAIATZA DANTZANen edizio honetan KOLDO MITXELENA Kulturuneko
Erakusketa Aretoan izango den errepresentazioaz gain, iaz Urnietako Sarobe
arte eszenikoen zentroan arrakasta handiko ikastaroa eman zuen Katie Duckek
berak inprobisazio tailer bat zuzenduko du maiatzaren 14 eta 17aren bitartean,
ARTELEKUn, Donostian. Tailer ireki eta dohainekoa izango da.