español
    Maiatza Dantzan'98  
     
     
     Mugatxoan  

    MUGATXOAN honen sorrera Maiatza Dantzanek Ion Munduate eta Blanca Calvori eginiko proposamenean aurkitzen dugu; izan ere, programazio proiektu bat zertzea eskatu zitzaien, bertan isladatuz gaur egun halako dantza obra batzuek igarotzen duten muga. 

    Dantzako obrak erakusketa areto batean programatzeko proiektu bat da. Programatutako obrak erakusketa testuinguruan planteatzen dira, errepresentaziorako ohiko espaziotik urrun hain zuzen. Beraz, erakusketa areto baten berezko “espazio neutral” izaera desberdin hori aintzat hartu behar dute artistek, gauza guztiak beste era batera antolatuta baitaude: horma zuriak, ikusleen kokapena, argiak... Eta aurrez antzoki baterako pentsatu eta eginiko obrak baldintza berri hauetara moldatu behar dituzte. 

    Programazio honen asmoa zera da, jendeari aurkeztea eta hurbiltzea zenbait lan koreografiko eta lan plastiko definitzeko unean sortzen diren arazoak; izan ere, esparru bi horietan ari diren artisten zalantzak eta nahiak berdinak dira, eta esparru bien arteko mugak batetik bestera gainditzen dituzte maiz. 

    MUGATXOAN, gaur egun eta gaurkotasunaren esperientziatik artea bizi duten artisten, bere garaiarekin konpromisoa harturik duten horien lanaren erakusgarria da. 

    Lan hauek gorputza dute elementu behinen, eta kode eta baliabide komunak berritzen dituzte, hala nola norberaren gorputzaren mugimendu aukeren ikerketa, kodifikatu gabeko mugimenduaren erabilera, hitza eta keinua material koreografikotzat hartzea, errepikapenaren erabilera lengoaje berria errazago uler dadin, beste diziplina batzuetako artistekiko elkarlan estua, generoen arteko mugen desagertzea eta ikusleekiko zuzeneko elkarrizketa. 

    MUGATXOANen lehen edizioak lau artistaren lana erakusten digu. Hauek dantza berriaren nazioarteko mugimendu bat errepresentatzen dute, azken urteotan garatuz joan baita. 

    Donostiara datorkigu atzera La Ribot (Madril), bere lanik konprometituenaren, hau da, pieza bereizien bigarren sorta, Más Distinguidas 97 izenekoa, aurkeztuz. 

    Jérôme Bel (Paris) aurkezten dugu, frantziar sorkuntzaren intelektual bat berau, Nom Donné par L’Auteur lanaz. Honetan, objektuek komunikazio sentsuala eragiten dute, ikus-entzunezkoaz gainera. 

    Giller Jobin (Lausana) eta Franko B. (Londres) gonbidatu ditugu Blinded by Love lana aurkeztera, eta suitzar koreografoaren eta performer londrestarraren topaketaren fruitu izan den abentura erakutsiko digute. 

    Ion Munduatek (Irun) oraingo honetan bakarkako bere bigarren lana estreinatuko du, “Lucía con zeta”, bi halako ala ezer ezeko erronka bat bera. 
     

     

    KOLDO MITXELENA Kulturunea, Erakustaretoa - Donostia 

    Taldea                                             Obra                                      Eguna eta ordua 
     

    Gilles Jobin-Franco B                   Blinded by love                    maiatzak 20, 21etan 

    Ion Munduate                               Lucia con zeta                      maiatzak 20, 21etan 

    Jèrôme Bel                                      Nom donné par l'auteur      maiatzak 21, 21etan 

    La Ribot                                          Más distinguidas                 maiatzak 22, 21etan 
     

    BLINDED BY LOVE 

    GILLES JOBIN – FRANKO B. 

    Gilles Jobin dantza garaikidearen joera berriez lan eta lan ari den koreografo suitzar bat da. Madril eta Bartzelonan bizi izan da, eta hiri hauetan bere bakarkako Trilogía lana erakutsi du (1995/96). Bere lanak, biluzik diharduela gehienetan, giza gorputzaren eta honek baitan harrapaturik duen adimenaren ikuspegia lantzen du, modu erradikalean. 

    Franko B. Londresen bizi den italiar performer eta artista plastiko bat da. Bere lan muturreko eta erradikala muga fisikoetan kokatzen da, bere bizitza arriskuan jartzeraino heltzen baita. Franko B. Londresko ICAn eta nazioarteko hainbat jaialditan aritu izan da azken urteotan. Bere lanak antz handia du Ron Athey, Orlan eta Annie Sprinkle artista performerrek egiten dutenarekin. 

    Blinded By Love sortzaile bien arteko zuzeneko topaketaren lehen zatia da, eta Suitzako Luzernako Kunst Museum-en eta, urtearen amaiera aldean, Lausanako Theatre Arsenic-en jarraituko duen proiektu luze baten zatia. 
     

    LUCIA CON ZETA 

    1994an Blanca Calvo dantzari eta koreografoa ezagutu zuen, eta arte lankidetza estu eta mamitsuan hasi ziren. Mármara izan zen beren lehen pieza laburra, Lisboan estreinatua, eta 1996an Maiatza Dantzan-en aurkeztua. Beste arte adierazpen batzuekiko interesa barnean pizturik zutela, Sergio Prego eta José Luis Vicario artista plastikoak ezagutu zituzten, eta lankidetzan murgilduz hainbat proiektu garatu dituzte. 

    Ion Munduatek (Irun) oraingo honetan bakarkako bere bigarren lana estreinatuko du: “Lucía con zeta, nahigabea pertsona bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren arabera tratatzen den gunea da.” 
     

    NOM DONNE PAR L'AUTEUR 

    Jérôme Bel Angersko Dantza Garaikidearen Zentroko ikaslea izan da. Hainbat koreografo frantsesen lanak interpretatu ditu, esaterako Angelin Preljoleaj, Joelle Bouvier eta Régis Obadia, Daniel Larrieu eta Caterina Sagna-renak. Albertvilleko Neguko Joku Olinpikoetako Hasierako Zeremonian zuzendari laguntzaile izan zen. Nom donné par l’auteur (1994) eta Jérôme Bel (1995) ikuskizunak sortu ditu. 1997an Belémgo Kulturuneak eta Victoria Jaialdiak mandatua eman zioten, Lisboan eta Gent-en, hurrenez hurren, Shirtologie (trilogie) bakarkako lana egiteko. 

    Nom donné par l’auteur hainbat tokitan aurkeztu du, Salzburgeko SommerSZENE, Kopenhageko Dancin’City, Genevako Festival de la Batie, Rotterdamgo Rottermanse Schouwburg, Budapesteko Mu Theater, Berlingo Tanzwerstatt, Municheko Spiel Art eta Parisko Théâtre de la Bastillen, besteak beste. 
     

    MAS  DISTINGUIDAS 

    Donostiara datorkigu atzera La Ribot (Maiatza Dantzan – 1995), bere lanik konprometituenaren, hau da, pieza bereizien bigarren sorta aurkeztuz. 

    Piezas Distinguidas 1993an jaiotako proiektu bat da. Oraingoz, honen gauzatzea gai hau lantzen duten bi ikuskizunetan eman da: 13 Piezas Distinguidas (1993/94) eta Más Distinguidas 97 (1997). Iraupen laburreko bakarkako emanaldiak dira, 30 segundu eta 7 minutu bitartekoak, eta 100eko kopurura heltzeko asmotan sortuak. Ideien muinera iristeko ahalegin baten emaitza dira. Gorputza eta mugimendua dira inspirazioaren iturri. Laburtasuna eta zehaztasuna, ideiaren definizio garbia, eta jendearekiko zuzeneko harremana ditugu lanaren oinarriaren eratzaile. 

    LA RIBOTek produzitu du, Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren eta INAEMen koprodukzioaz, Londresko ICA Live Arts eta Lisboako Dança na Ciudade-ren laguntzaz; eta jabe bereiziez. 

       
 
 
Gaurkotze data: 1998-04-25
http://www.gipuzkoa.net/maiatza/euskara/mugatxoe.htm
Kultura eta Euskara Departamendua
Liburutegia, Hedapen eta Sustapen kulturalaren zerbitzua
Urdaneta 9
20006 Donostia-San Sebastián
Tf. +34 943 482891
Fax +34 943 482765
posta
maiatza_dantzan@kultura.gipuzkoa.net