Compañía Mar Gómez
Konpainia hau 1991ean hasi zen eratzen, 1991eko Madrilgo
5. Koreografi Lehiaketan sari bat eskuratu zuen “A la larga algo te hará”
koreografia oinarri zuela. Ordutik aurrera lan honen formatoa handituz
joan zen, eta Danza Valencia-ren baitan aurkeztu zuten lehenbiziko aldiz
( Teatro Principal, 1992).
Geroago “A caballo regalado más vale pájaro
en mano” obra sortu zuten, eta bigarren saria eskuratu zuen honek Ricard
Moragas koreografi lehiaketan (Teatre Adriá Gual, 1993).
Konpainiaren estreinaldi ofiziala Bartzelonan izan zen,
formato txikiko hiru piezako “A la larga algo te hará” koreografiaz.
Programa honez hainbat jaialditan aritu dira, bai estatu mailan –Danza
Valencia, Madrid en Danza, Bilboko Jaialdia, Valentziako zirkuitua, Tárregako
Jaialdia...- bai atzerrian –Nimesko Espainiar Kulturaren Jaialdia-.
Antzerkiko “Quartet” koreografia sortzen ere parte izan
zuen taldeak; Bartzelonako Teatre Lliureren produkzio hau 1993ko apirilean
estreinatu zuten. Urte horrexetako azaroan konpainiaren bigarren koreografia
estreinatu zuten, “La matanza de Tezas” izenekoa (Teatre Lliure, 1993).
Lan honek bere egin zuen produkzio onenarentzako Valentziako Kritikaren
Saria (Valentzia, 1994). 1995eko maiatzean “La Nostalgia del Pepino” obra
estreinatu zuten Mercat de les Flors-en, eta Valentziako Generalitatearen
sarietarako izendatu zuten. Aldi berean, konpainiak hainbat koreografia
labur ere sortu du, hala nola “3’1416” (Bartzelonako Kultur Garaikideko
Zentroan 1995ean estreinatua) eta “The last Willy comes back again” (Valentziako
Teatro Principal, 1997).
“Levadura madre (a la madre la va la dura)” dugu konpainiaren
azken ikuskizuna.
|
LEVADURA MADRE
Zuzendaria: Mar Gómez-Cia
Koreografia: kolektiboa
Dantzariak: Carme Solà, Sara García,
Mar Gómez
Aktorea: Iván Campillo
Musika: B.S.O. “The side walk”, herrikoia,
20ko hamarkada, Andrew Sisters, W. Kilar
Argiak: Vicens Herrero
Jantziak eta eszenografia: Jacobo Pons, Cia.
|
Pasio-krimenei buruzko ikuspegi berezia da, erritmo eta
umorez betea. Lau akto etengabez osaturiko koreografia, hamazazpi eszena,
gaiztakeria uneoro present duguna eta gaiztakeria-emakumea identifikazioa,
gogaitasuna-suntsipena, maitasuna-heriotza binomioan sintetizatzen dena:
aspaldiko haragikoitasunaren gune izandako ohantzean gorpu bat datza gaur,
burua gaueko mahai gainean jarririk. Antzerki estiloan eginik eta narrazio
ildo garbi batez, obra honek hiru emakumeren historia aurkezten du, bere
senarrak arrazoi desberdinengatik hil dituztelarik hirurek.
Lan honek koherentzia handiz eraldatzen ditu ekintzarik
hunkigarrienak, ironiaz beteriko ekintza bihurtuz, eta obra bera karikatura
hutsa baino gehiago izan dadin lortuz, zorroztasunez blaituriko pieza arina
izaki ikusleen txaloa biltzen du bere inguruan. Inolako zalantzarik gabe,
gustura barre egiteko eta izugarri dantzari bikainak ikusteko aukera paregabea.
Ez litzateke zuzenegia “Levadura madre (a la madre le
va la dura)” koreografiaren inspirazio iturria Charles Baudelaireren “Gaiztakeriaren
loreak” obra denik esatea, bai ordea autoreak giza izaeraz duen esperientzia,
zeren eta garbi adierazten baitu elkarren kontra jarritako instantziek
eragindako izakiak garela: aingeru zein pizti izatera daraman egoera batean
murgilduta baitago zeharo gizakia (maitasunak gorrotoa erakartzen du, eta
honez elikatzen da). Harrotasuna, iraina, borreroaren eta biktimaren eginkizuna,
denak nahasten eta trukatzen dira maitasunezko harreman konplexu baten
baitan.
Aipatutako liburuaren izenburuan bezala, loreak ederrak
dira, eta oso baliagarri gainera edertasuna ontasunaren monopolioa ez delako
tesi inplizitua iradokitzeko, gaitza, moralki kondenagarria den arren,
ontasunetik eta gaitzetik haruntz dagoen arte gustu bitxi baten estetikaren
izenean goraipatu baitaiteke. Koreografia hau gaiztakeriari, mendekuari
eta krimenari eskainitako omenaldi berezi baten zati da... Hau ez da, inondik
ere, “gizon on” tolesgabearentzako lan egoki bat, berau ez baita plazer
iragankorren amuaz gure borondatea gatibu hartzen duen gaitzaren botere
itzela antzemateko gai.
Berriro ere, Mar Gómez Konpainiak begibistan lagatzen
du bere komedien mamia jende gehienak pribatuan egiten duena jendaurrean
egitea izaten dela.