español
    Maiatza Dantzan'98  
     
     
      MAGPIE Music Dance Company 

      Magpie konpainiak inprobisaturiko emanaldiak eskaintzen ditu, artisten esperientziaz eta trebetasunaz eszenatokia bizitzaz hornituz, oparo. Inprobisaziorako hurbiltze zorrotzak koreografiak, testua, umorea eta musika sortzeko eta elkartzeko behar diren diziplina guztiak biltzen ditu. 

      Konpainia honek Amsterdam du egoitza, eta sortzaileek berek jarraitzen dute lanean: Katie Duck, Michael Vatcher –arte-zuzendariak ere badira bi hauek-, Vincent Cacialano, Eileen Standley eta Ellen Knops. 1997 eta 1998an zehar, Michael Schumacher dantzaria eta The Ex-eko Terrie, Luc eta Andy musikariak ere partaidetza erregularra izaten ari dira. 

       
      IMPROVISED WORK 
      Arte Zuzendaritza: KATIE DUCK ETA MICHAEL VATCHER 
       
      IMPROVISED WORK 
       
      Inprobisazioa oso praktika garrantzitsua da une honetan, zeren eta ikerkuntza eta jarduera deskribatzen eta bultzatzen dituen termino bat baita, konposizio estudioei elkartzen zaielarik batez ere, eta modernismoak definitu nahi dituen paradoxak inplizituki daramatza baitan. 

       Emanaldi inprobisatuak gonbidapena egiten dio artistari, honek bere arte praktikan ezinbestekotzat duena arriskuan jar dezan. Arte kritikoei teknikatik eta trebetasunetik haruntz begiratzea galdatzen die, eta arte espazioan gertatzen ari denaren mamia atzera azter dezatela. Eta ikusleei ere aukera ematen die, arte-praktika arte-kontsumotik at areagotzeko ahaleginetan murgiltzerik baduten artista gutxi horien lana ezagutzeko. Artea kontsumoko produktua dela sinestarazi baitiete orain arte ikusleei, eta film, telebista eta eguneroko bizimoduan ikusten dugun teknologiaren akasgabetasuna isladatu behar duela. Eta honek guztiak, oso jarrera koldarrean kokatu ditu artistak. 

      Ikusleek eskubidea dute lanaren oinarrizko forma ikusteko, gero bere iritziak eta balorazioak eskainiko badituzte. Antzerkia toki hotz eta bakartia baita egun, eta jendea txalo jotzeko biltzen da bertan, egiaz zeharo pasiboa den arren. Ikusleen jarrera berpiztu, berrindartu behar da, ikusleen erreakzioa, baloratzen ari diren zerbaiten aurrean. Eta inprobisazioak jendearen erreakzioak kanpora ateratzeko bidea zabaltzen du, zeren eta jendea artistaren lanaren parean jartzen baitu, bete-betean. Inprobisaturiko emanaldi batean bereizi behar den denbora-neurri bakarra oraina da, oraintxe bertan igarotzen ari den unea alegia. 

      Sarritan, inprobisazioa arteari eta artearen praktikari buruzko eztabaida intelektualen kontutzat hartu izan da, baina zeharo bestela da: kontu garrantzitsu bakarra lana egitea, eta egiten ari dena norbaitek ikustea baita.” 

      KATIE DUCK 

      Katie Ducken lana erreferentzi gune dugu gaur egun nazioarte mailan, inprobisazio-dantzaren esparruan. Dantza egiteaz gain, Holandan bizi den iparramerikar honek bere koreografiak sortzen ditu, irakaskuntzan ere ari delarik aldi berean. Inprobisaziora eraman duena ustekabekoak eragiten dion interesa izan da, eszenan agertzen den oro ahul gertatzen baita ustekabekoaren aurrean. Inprobisazioaz baliatuz existentziaren logika aurkitzen irakatsi nahi du, gizakiaren funtzionamendu modua. Bere teknikaz eszenatokian agertzea eta desagertzea lantzen du, eta aktore eta musikarientzat ere erabilgarria da inondik ere, arte diziplina desberdinen arteko trukea onartzen baitu. 

      Katie Duck bakarka zein beste batzuekin elkarlanean aritu izan da; aipatzeko modukoak dira Tristan Honsinger, Ernst Reyseger, Sean Bergin eta Toshinori Kondo-rekin eginiko lanak. 1979an Groupo konpainia sortu zuen Florentzian, eta hainbat bira egin zituen nazioarte mailan, antzerki-dantzako talde gisa. 1986an Britainia Handira joan zen, eta mugimendu eta konposizio eskolak eman zituen Dartington College of Arts-en. 1992an Amsterdamera itzuli eta bertan darrai orain ere, School for New Dance Development-en irakasle lanetan. Aldi berean, urtero parte hartzen du Frascati Theatren ospatzen den inprobisazioaren jaialdian. 

      Beste zenbait lan ere burutu ditu Estatu Batuetako, Britainia Handiko eta Europako beste herrialde askotako antzoki, erakunde eta konpainia desberdinen aginduz. Katie Ducken koreografiak dantza jaialdirik ospetsuenetan topatu ditugu: Spring Dance (Holanda), Dance Umbrella (Britainia Handia), Inteatro di Polverigi (Italia), Avignon (Frantzia), Ouropreto (Brasil), New York Improvisation Festival (Estatu Batuak)... 

      MAIATZA DANTZANen edizio honetan KOLDO MITXELENA Kulturuneko Erakusketa Aretoan izango den errepresentazioaz gain, iaz Urnietako Sarobe arte eszenikoen zentroan arrakasta handiko ikastaroa eman zuen Katie Duckek berak inprobisazio tailer bat zuzenduko du maiatzaren 14 eta 17aren bitartean, ARTELEKUn, Donostian. Tailer ireki eta dohainekoa izango da. 
       

 
 
Gaurkotze data: 1998-04-25
http://www.gipuzkoa.net/maiatza/euskara/magpiee.htm
Kultura eta Euskara Departamendua
Liburutegi, Hedapen eta Sustapen kulturalaren Zerbitzua
Urdaneta 9
20006 Donostia-San Sebastián
Tf. +34 943 482891
Fax +34 943 482765
posta
maiatza_dantzan@kultura.gipuzkoa.net