español
    Maiatza Dantzan'98  
     
    Käfig 
     
     
      ZER DA HIP HOP? 

      Hip hop arte adierazpen bat da, eta rapa, breakdancea, grafittiaren artea eta deejayinga –grabazio baten manipulazio erritmikoa, soinu desberdinak sortzeko egina- biltzen ditu. 

      Gaur egun ezagutzen ditugun formak New Yorkeko Bronx auzoaren hegoaldean sortu ziren 70eko urteen erdialdean. Hip hopa, hiri horretako komunitate beltzaren eta puertorricoarraren subkulturaren esparruan garatu zen, eta laster batean hedatu zen iparramerikako beste inguru batzuetara. Azken aldi honetan atera egin da Estatu Batuetatik, eta Europako hiri nagusiak harrapatu ditu, besteak beste, gutxiengoek gizarte-protestarako forma berritzat bereganatu baitute. 

      Ikuspegi soziologikotik, hip hopa izan da kaleko banden bortizkeriaren kontra borrokatzen gehien lagundu duten faktoreetako bat, zeren eta askok eta askok sistemaren kontrako hira eta oldarkortasuna bideratzeko modu egokia iritzi baitiote norberaren pentsamendua adierazteko modu bat besterik ez den korronte honi. 

      Breakdance edo hip hoparen gorputz adierazpenak, dantza akrobatiko eta kolorista horrek, capoeta izenez ezagutzen ditugun Afrikako arte martzialetan ditu sustraiak; borroka mota hori erabiltzen zuten esklabuek, Brasilera eraman ez zitzaten. Jakin inork ez daki nor izan zen New Yorkeko lehen break dantzaria, baina Zulu Nation izeneko erakunde bateko zenbait kidez osaturiko “B Boys” izeneko gazte talde bat izan zen kalean hedatu zuena. Denbora gutxi igarota, Kaliforniako beltzen komunitateak hasi ziren pop-lockinga garatzen, uhin-mugimenduez eta roboten antzera keinuak eginez. 

      Normalean, breaka kalean ikasten eta garatzen da. Konturik garrantzitsuena, dantzari baten estiloa nabarmentzeko modukoa izatea da: dantzan estilo ona izatea da breaker ororen nahia. Beste dantza mota batzuetan, beharbada arintasuna, erritmoa eta teknika izan daitezke elementurik esanguratsuenak, baina kasu honetan estiloaren ezaugarria dantzariak, mugitzean, erakusten duen oldarkortasuna da, guztiari ematen dion ukitu pertsonalaz inondik ere, horrexek bereiziko baititu beste dantzariengandik. 
       

      Käfig (hip hop) 
       

      Europa mailan eta bere generoan entzute handiena dutenetakoa dugun Käfig bezalako konpainia interesgarrien lanak erakusten duenez, hip hopeko dantzariak oso kalitate handiko koreografi lanak aurkezteko gai dira, dantza garaikidearen topaketarik garrantzitsuenetan egoteko mailara iritsiz inolaz ere. Prestatzen dituzten ikuskizunek, tentsioz beteak eta teknika apartaz gauzatuak, dantza mota berritzaile hau aurkitzeko aukera bikaina eskaintzen digute. 

      Alemanez zein arabieraz, Käfig hitzak kaiola esan nahi du. Izen honez ageri zaigun konpainiaren asmoa zera da, hip hopen askatasun eta energia guztia ateratzea, eguneroko bizimoduak ezartzen dizkigun mugei aurre eginez. 

      Hainbat eskolatako dantzari trebatu elkartu zenean sortu zen Käfig, Mourad Merzouki –Accrorap taldeko kide ohia- arte-zuzendariak bildu zituelarik. Elkartrukea, partaidetza, estilo eta ibilbide nahasketa... hip hoparen izpirituak eta indarrak baitan daraman oro taldearen lanean ageri da. Merzoukik dioen bezala, konpainiaren xedea “mugimendu honen gestualitate eta energiatik abiatuta gure historia kontatzea da”. 

      Bere helburu nagusiaz gain, koreografi sorkuntza originalaz gain alegia, Käfig konpainiak hip hop dantzan hasteko eta trebatzeko proiektu batez osatzen du bere ikuskizunak prestatzeko eta birak eskaintzeko eginkizuna. Hartzen dituen hiriaren animazioan parte hartu eta inplikatu nahi baitute. Hori dela eta, Käfig konpainiak tokian tokiko dantzariekiko topagune eta elkarguneak antolatzen ditu, bai dantzari profesionalekin edo amateurekin, bai dantza eskola bateko ikasleekin edo beste konpainia bateko kideekin izan. 

      Eskola eta institutuetan zehar artea aurkitzeko eta artean hasteko proiektuen prestakuntza, gainera, konpainia honek proposatzen duen hausnarketarako beste abiagune bat ere bada. Taldea gai da uneoro hip hop dantzaren estilo eta teknika desberdinei heltzeko, bai modu garaikidean bai klasikoan, kasuan kasuko ikusleen arabera inondik ere. Asmo pedagogikoaz baitihardute, zerbait transmititzea sortzea bezain garrantzitsua zaion talde baten islada gisa. 

       
       
      GENERATION HIP HOP 
      Koreografia eta interpretazioa: Rachid Hamchaoui, Najib Guerfi, Mourad Merzouki, Chaouki Saïd, Farid Azzout. 
      Sorkuntza eta musika-moldaketak: Nati’K, Dee Nasty 
      Argiak: Yoann Tivoli 
      Dekoratuak: Yassine Dahmani 
       
       
      KÄFIG
      Koreografia eta interpretazioa: Emmanuelle Trouillet, Rachid Hamchaoui, Najib Guerfi, Mourad Merzouki, Chaouki Saïd, Farid Azzout.
      Testuak, musika eta interpretazioa: Nati’K
      Musika-moldaketak: Dee Nasty
      Argiak: Yoann Tivoli
      Dekoratuak: Yassine Dahmani
       
       
       
       

      Generation hip-hop 

      Ikuskizunaren lehen zatiak aipatzen duen Jean-Pierre Thormen filmak badu meritu bat, hip hop mugimenduak duen alderdi positibo eta sortzailea erakustea alegia. Lehenbiziko aldiz kamara eta mikro bat jartzen zaie eskura “hip hop belaunaldiaren” ordezkaririk burutsuenei –mestizoak, beltzak edo zuriak-. Phillipe Bernard-ek 1996ko urtarrilaren 6an Le Monden argitaratutako artikulu batean azpimarratzen zuen bezala, “keinu erasotzaile, oldarkor horiek elkarrizketa eta askatasun behar bortitz bat ezkutatzen dute, eta Jean-Pierre Thormen filmak argitara atera du behingoz”. 

      Filmaren protagonisten asmotik abiatuta, Käfig konpainiak sortu duen koreografian elkarren osagarri dira keinua eta hitza, uneoro. Bilaketa esentzial baten ezinbesteko etapa guztiak igarotzen ditu: jatorria dagoen guettoak apropos bazterrean lagatzen dituen gizartearen aurkako errebolta, eta oraindik ere arte-sorkuntza berreraikuntzarako bide egokitzat hartzen duen ametsa. Pieza hau, Thorm errealizadoreari eskainiriko opari gisa, egia esaten duten guztiei emana da. 

      Käfig  

      Käfig askatasunaren bila doan izpirituagatik  
      Kaiola ezarritako mugak zehazteko  
      Baliabidea dena delarik, xede morala dena delarik  
      Inork ez baitu erabateko askatasuna lortzerik 

                                                                            Nati’K  

      Giltzapeturik dagoela sentitzen du, kaiola batean galdurik.  
      Agian nahiago du isilik egon, eta isiltasunean bizi,  
      bera definitu duen espazio honen baitan...  
      Askatasun beharra, bestearen bila joan beharra, beste era batera bizi izateko beharra izan arren.  
      Hip hoparen energia izango da beste helburu batzuetarako bidea zabalduko duen elkarrizketa.  

      Koreografia ikusgarri bat da Käfig, gatibutasunaren kontua plazaratzen duena. Hainbat sekuentziaz osaturiko lana, dekoratu minimalista batean kokatua: sare bertikal bat hondotzat, eta tapizaren gainean eta eszenatokiaren alde banatan diseinaturiko ihes lerroak.  

      Hip hop gestualitatearen energia maisutasunezko errepresentazio baten eskura jartzen da honetan, dantzaren birtuositatea eszeneratze zoli batekin bilduz, umorez blai betiere, oso jantzi dibertigarriez, musika aukeraketa bikainaz eta zeharo testu egokiez. 

 
 
Gaurkotze data: 1998-04-25
http://www.gipuzkoa.net/maiatza/euskara/kafige.htm
Kultura eta Euskara Departamendua
Liburutegia, Hedapen eta Sustapen kulturalaren zerbitzua
Urdaneta 9
20006 Donostia-San Sebastián
Tf. +34 943 482891
Fax +34 943 482765
posta
maiatza_dantzan@kultura.gipuzkoa.net