Joseph Nadj
Josef Nadjen mundua, Orleansko Koreografi Zentro Nazionalaren
zuzendaria den horrena, lo egitea eta amets egitea bereizten dituen lerroan
hasten da. Denboraren egitura eta grabitatearen legea aienatzen direnean.
Argirik ezak laberinto poetiko baterako atea zabaltzen digunean, pertsonak
eta objektuak kausa-efektuzko mekanismo batek harrapatu dituen tokian alegia.
Nadjek malabarismoa egiten du bizitzaren eta heriotzaren
arteko amildegiaren ertzean, eta hitzik gabeko antzerki mugimendudun baten
arkitektua da. Giza inkonszientea argitzeko duen gaitasuna aberastu egiten
da eszenatokiak sortzeko duen ahalmenaz, oso trebetasun bitxia erakusten
baitu artearen adierazpen guztiak, pintura, mimoa, musika, dantza, antzezpena
eta poesia, bere nahien arabera moldatzeko. Guztiak nahasten baititu elkarrekin,
erlijio, filosofia, mitologia eta kabalaren mistizismotik datorkion inspirazioaz
baliatuz.
Egile honen sentikortasun handiak gizaki bakoitzaren
eta taldearen oroimenera heltzeko aukera ematen dio, eta azkeneko zalantza
existentzialak plazaratzeko. Aireaz ari den eskultore baten gisa, mugatik
zeharo hurbil dihardu, laugarren dimentsioan behin eta berriro murgilduz.
Josef Nadj Kanjizan jaio zen, Jugoslabia ohiko Vojvodineko
hiri txiki batean, eremu hungariar batez inguraturik. Gaztetan Arte Ederretan
eta Budapesteko Unibertsitatean ibili zen, ikusizko arteei, antzerkiari,
musika garaikideari eta zineari buruzko ikastaroak eginez. 1980an Budapest
laga eta Parisa jo zuen. Antzerki munduan sartzeko asmotan joan arren,
dantza topatu zuen. Berehala sartu zen Mark Tompkins, Catherine Diverres
edo François Verreten koreografi unibertsoetan, aldi berean bere
lana aurrera zeramalarik.
1988az geroztik, Orleansgo hiriak “Irudiaren Xaman”
honen lana izan du gozagarri –Jean-Marc Adolphe kritikariak jarri zion
titulua-, koreografo elkartu gisa Carré Saint Vincent /Scène
Nationale d’Orleans-en hasieran, eta Orleansgo Koreografi Zentro Nazionaleko
zuzendari gisa 1995az geroztik.
Bere estetika pertsonalaz, Josef Nadjek ez du parekorik,
zerekin edo norekin alderaturik izan arren. Hitzik gabeko antzerkia itxura
deabruzkoa duen emozio tragikomiko bihurtzeko modu aparta aurkitu du, ezkortasuna
sarkasmo bilakatuz.
LE VENT DANS LE SAC
Koreografia: Josef Nadj
Musika: Steven Kovacs Tickmayer
Eszenografia: Goury
Argiak: Rémi Nicolas, Xabier Lazarini-ren
laguntzaz
Jantziak: Bjanka Ursulov, Lorri Chardonneten
laguntzaz
Zuzendaritza teknikoa: Raymond Blot
Eszenaburua: Laurent Grillon
Produkzio eta hedapena: Martine Dionisio
|
LE VENT DANS LE SAC
Le Vent dans le sac komedia metafisiko eta danteskoa
da, gizakiari eta bizitzari buruzkoa, antzerkia eta dantza maisutasunez
lotzen dituena. Koreografia honen bidez, Josef Nadjek hitzik gabeko ikuskizun
dramatiko bat eraikitzen du, Tadeusz Kantor-en gau beldurgarri baten malenkoniaz.
Ikuskizun hau Becketten gustukoa izango zatekeen, zalantzarik ez, amaiera
hau nolabaiteko hasiera ere badela aintzat harturik ere.
Manipulazio joku deseroso baten erdian kokatzen du Nadjek
gizakia, demiurgo maltzur eta kupidagabe batek hariak mugitzen dituela.
Obra honetarako sorturiko pertsonaia sorta berezian –izaki harroak, itxuratiak,
itxuragabetuak...- eta hauez baliatuz ehuntzen duen endreduzko draman datza
estiloaren indarra. Beckett aipatuz, “historio bat esan” nahi du Nadjek,
“historio” hitzaren eta “esan” hitzaren zentzuan hain zuzen. “Izaki bizien
historio bat, hilik gabeko lur bizigarri batean zehar joan-etorrian dabiltzala,
egunaren eta gauaren txandakatzeari buruzko historio labur bat”.
Horrela, indibidualaren galeraren profeta bihurtzen da
koreografoa, eta gizaki guztioi aditzera ematen digu geure izatearen bitxitasuna.
Obra honetan eszenografia harrigarriak funtsezko eginkizuna betetzen du,
eta dantzak eta antzerkiak bat egiten dute inor axolagabe lagatzen ez duen
elkarrizketa kritiko batez.