español
    Maiatza Dantzan'98  
     
     Folkwang Tanzstudio
       
       
       

      Folkwang Tanzstudio, Essen  
       
      Folkwang Tanzstudio Alemaniako Essen-Werdengo Folkwang-Hochschule dantza eskolari loturiko konpainia bat da, bere arteari dagokionean independientea bada ere. PINA BAUSCHek 1983az geroztik zuzentzen duen taldeak hamaika dantzari ditu gaur egun, zazpi herrialdetakoak. 

      Talde honek aukera ematen die dantzari eta koreografoei, bere burua probatzeko zein bakoitzak behar duen patroia bilatzeko, trebaturiko koreografoekiko lankidetzan. Dantzak, Folkwang Tanzstudiok adierazten duen bezala, sortzeko ahalmen izugarria du: dantzaren irakaskuntzan gaitasun koreografikoa sustatzea du arau, eta dantzaria mugimenduan murgil dadin bultzatzea. Dantzariaren eginkizuna bere nortasuna mugimenduan sartzea eta bere sentimenduak ulertzea da, horrela bere barruaren, bere gogoaren adierazpen gisakoa izango baita mugimendua. 

      Eskolak gaur egun dituen irakasleak PINA BAUSCHekin lanean aritutako dantzariak dira. Beste elementu komun bat ere badute, dantzari modernoaren beharrak kontuan hartzen dituen teknika klasikoa komunikatzeko ahalegina, bakoitzaren aurrebaldintzak ere gogoan izateko baitira. Ez da, beraz, norberak bereganatzen dituen materialak eta teknikak biltze hutsa, baizik eta bizitzarekin eta esperientziekin lotura estua duen heziketa prozesua. 

      Konpainiaren historiak oso zerikusi handia du Folkswang Hochschuleren Dantza Departamentuaren garapenarekin. Kurt Jooss –fundatzaileetako bat- eta Hans Züllig alemaniarrek Dantza Modernoa berpiztu zuten bere herrialdean, Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Ordutik hona, unibertsitate estatura heldu da eskola, eta gaur egun Dantza Modernoaren irakaskuntzarako Alemaniako eskola estatala izaten darrai. 

      Jean Cébron eta Lucas Hoving bezalako koreografoak izan dituen talde hau 1961ean sortu zuten. Pina Bauschek eta bere Tanztheater Wuppertal-en fenomenoak ere konpainia honetan dituzte sustraiak. Dantzaren beste hainbat figurak ere hemen eman zituen bere lehen urratsak, hala nola Susanne Linke eta Reinhild Hoffmann-ek, Antzerki-Dantza Alemaniarraren protagonistak biak, Urs Dietrich-ek –1994az geroztik Bremergo Baleteko zuzendaria- eta Joachim Schlömer-ek –1994az geroztik Weimarko Baleteko zuzendaria-. 

      Folkwang Tanzstudiok talento berriak ateratzen darrai gaur egun, eta aniztasun eta aberastasun handiko lanak eskaintzen dizkigu, patroi berrien bila ari diren koreografoen eskutik; izan ere, bilatze lan etengabe horrexek ematen dio kalitate ukitua zeharo trebaturiko konpainia honi. 

      Pina Bausch 

      Dantzari, koreografo eta balet zuzendari alemaniar hau da bere herrian antzerki- dantza sortu zuena. Egiten dituen koreografiek gizakia erretratatzen dute, honek dituen akats eta bertute guztiez, eta Pinak dioenez, ez zaio pertsonen mugimendua interesatzen, baizik eta pertsonak mugitzen dituena. 

      Bere ikasketak 1955ean hasi zituen Essengo Folkwangschulen, Kurt Joos eta Sigurd Leeder-en ikasle izanik bertan. 1959an graduazio azterketa egin eta gero, New Yorkeko Juilliard School of Music-en ikasketak jarraitzeko beka bat eskuratu zuen. Paul Sanasardo eta Donya Feuer-en konpainietan dantzatu zuen, eta Paul Taylorekin, honekin estreinatu baitzituen Tablet Baleta (1961), New American Ballet eta Metropolitan Opera Ballet. 

      1963an Alemaniara itzuli zen, eta bakarlari eta koreografo lanetan sartu zen Folkwang Tanztheateren, 1969tik aurrera bertako zuzendari izanik gainera. Besteak beste Hans Züllig, Lucas Hoving eta Antony Tudorekin batera lan egin zuen. 1973an Wuppertaler Tanztheater sortu zuen, eta oraindik bere zuzendaritzapean darama. 1983az geroztik, Folkwang Tanzstudioren arte-zuzendaria ere bada. Bere konpainiarentzako koreografia ugari sortu du, eta arrakasta handiak lortu ere bai, zenbait sari tarteko. Zinean ere egin ditu bere urratsak, Dukesa Itsuaren papera eginez Federico Felliniren E la Nave Va filman. 

       
       
      LE JARDIN DES SOUVENIRS
      Zuzendari  artistikoa: Pina Bausch
      Zuzendaritza eta Koreografia: Malou Airaudo 
      Musika konposizioa: Thomas Wacker
      Argiak: Roger Irman
      Jantziak: Anne Bentgens – Malou Airaudo
      Dantzariak: Malou Airaudo, Samir Akika, Ester Ambrosino, Meike Bolz, Isabelle Boutrois, Josep Caballero-Gracia, Ivaldo de Castro, Robert van der Dolder, Nina Dipla, Anderson Casagrande, Gilda Rebello, Ina Wichterich.
       
       
       

      Malou Airaudo 
       
      Malou Airaudo, obra hau sortu duen dantzari eta koreografoa –berau da, gainera, Folkwang Tanzstudioren azkeneko koreografia-, Tanztheater Wuppertal-Pina Bausch-en bakarlaria da, eta zuzendaritza taldeko kide eta koreografia irakaslea Folkwang Hochschulen 1984az geroztik. Parisko La Main taldean dantzatzeko gonbidapena ere jaso zuen, eta Carolyn Carlsonekin aritu zen Parisko Operako Groupe de la Recherche-n eta Veneziako La Fenice Dantza-Antzerkian. 

      Airaudok Pina Bausch du inspirazio iturri nagusi, alabaina, bere lanak oso ukitu pertsonala du, urteetan zeharreko prestakuntza aberatsaren lekuko. Le jardin des souvenirs lanaz poesiaz beteriko txango baterako deia egiten digu, berak dantza moduan guretzat lantzen dituen oroitzapen horietan zehar. Irudi ederren segidak malenkoniatik pozik neurrigabekoenera eramaten gaitu, dantzariak hainbat elementurekin –osto iharrak, bizikletak, txoriak...- jolasean dabiltzan bidaian zehar, eta musikak ere bere bide berezia egiten du, Vivaldi hartuz abiagune eta Louis Amstrong izanik amaiera, musika etnikoa ere tarteko. Lirismo eta sentikortasunez beteriko lana. 
       

 
 
Garukotze data: 1998-04-25
http://www.gipuzkoa.net/maiatza/euskara/folkwe.htm
Kultura eta Euskara Departamendua
Liburutegi, Hedapen eta Sustapen kulturalaren zerbitzua
Urdaneta 9
20006 Donostia-San Sebastián
Tf. +34 943 482891
Fax +34 943 482765
maiatza_dantzan@kultura.gipuzkoa.net