espańol
    Maiatza Dantzan'98  
    Dantza Konpainia Nazionala 
     
       

      Compañía Nacional de Danza 

      Dantza Konpainia Nazionala 1979an sortu zen, eta Víctor Ullate izan zuen lehen zuzendaria. 1983an María de Avilak hartu zuen Balet Nazionalen zuzendaritzaren ardura, eta Baletaren barne lana sistematizatzeaz gain, ahalegin berezia egin zuen George Balanchine eta Anthony Tudor-enak bezalako koreografiei bidea emateko. Ray Barra-ri zenbait koreografia agindu zion, eta zuzendari iraunkor kargua eskaini zion gero, 1990eko abendura arte horretan jardun zuelarik hark. 1987an Maya Plisetskaya errusiar dantzari aparta izendatu zuten arte-zuzendari. 

      1990eko ekainean Nacho Duatok hartu zuen Dantza Konpainia Nazionaleko arte-zuzendariaren eginkizuna, eta taldearen historian aldaketa berritzailea eragin zuen. Duatoren asmoa nortasun propioko konpainia sortzea baitzen, agindu klasikoak ahantzi gabe estilo garaikideago baterantz joz. Eta helburu hori lortzeko, koreografia berriak sartu ziren errepertorioan, konpainiarentzat propio sortuak, nazioarteko konpainia askok aitortu duen bezala oso kalitate maila oneko beste batzuekin batera. Nacho Duatok, halaber, koreografo lana eskaintzen dio konpainiari, eta munduko kritikaren laudorioak eta espezialisten sariak jasoak ditu dagoeneko. Koreografiaren, baletaren eta bizimoduaren arteko oreka aurkitzea du kezka, eta Duatorentzat espainiar kultura eta folklorea iturri agortezina dira bere eguneroko lanean. 

      Prestakuntza eskolastiko sakon eta mamitsutik zein koreografia unibertsalari eskaintzen dion ate zabaletik, Nacho Duatok Dantza Konpainia Nazionala bere nazioarte inguruko beste konpainia batzuen pare jartzea lortu du, sintesiaren bide egokia jorratuz teknika klasikoak lengoaje modernoekin –eta alderantziz- estu uztartuta. 

      Gainera beste zenbait elementu erantsi dio Konpainiari, hala nola hegoaldetartasuna, mediterraneartasuna eta naturaltasuna, hauez guztiez ukitu bereizlea emanez koreografiaren munduan bere tokia egiten ari den Konpainia honi. Azken batean, bere herriarenarekin zerikusi handia duen nortasuna eratzen ari baita, Nacho Duatoren Dantza Konpainia Nazionalak ederki eta dotore interpretatzen baititu herri horren forma, gora-behera eta erronka berriak. 
        

       NACHO DUATO 

      Valentzian jaio zen. 18 urte zituela Londresko Rambert School-en abiatu zen bere prestakuntza profesionala. Brusselako Mudra School-en jarraitu zuen, Maurice Bèjartekin, eta New Yorkeko The Alvin Ailey American Dance Centren osatu zuen bere prestakuntza. 

      1980an, 23 urte zituela, bere lehen kontratu profesionala izenpetu zuen Stockolmeko Cullberg Ballet-ekin, eta urtebete geroago Nederlands Dans Theater-en sartu zen. Dantzari gisa lorturiko arrakastaren ondorioz, 1987an VSCD Gouden Dansprijs (Dantzaren Urrezko Saria) jaso zuen, baina berez duen talentuak bultzaturik dantzari izatearen mugak gainditu eta koreografiaren munduan ere sartu zen. Lehen ahalegina Jardí Tancat (1983) izan zen, eta lehen saria eskuratu zuen Koloniako Internationaler Choreographischer Wettbewerb-en. 

      Duatok dozena bat baino obra gehiago sortu zuen Dans Theater-en bi konpainientzat, eta bertako koreografo iraunkor izendatu zuten 1988an, Hans van Manen eta Jirí Kyliánekin batera. Gaur egun, Duatoren baletak mundu osoko konpainiarik garrantzitsuenen errepertorioan ageri dira. 

      1990az geroztik Dantza Konpainia Nazionalaren arte-zuzendaria da Nacho Duato, eta estilo aldaketa handia eragin du bertan, baletaren eta dantza modernoaren lengoajeak nahastuz, eta konpainia osoa mundu mailako onenen artean jarriz. Hainbat lan sortu du konpainiarentzat, hala nola: Concierto Madrigal, Opus Piat, Empty, Coming Together, Mediterrania, Cautiva, Alone for a second, Tabulae, Ecos, Cero sobre Cero, Por vos muero, Self eta Romeo y Julieta. 

      Duato, nazioarte mailan, gaitasun handieneko europar koreografoen artekotzat hartzen dute, fantasiaz blai eginikoen artean hain zuzen. Bere obrek duten alderdirik liluragarriena musikaltasun izugarria da, estilo nahastezina garatzeko aukera ematen baitio, etengabeko mugimendu eta paregabeko bulkada sorta amaigabe batez. Konposizioak abstraktuak dira –hitzik gabeko kantuak, dantza hutsa-, baina espresibitate handiz landuak inondik ere. 
        

       
      SELF 
      Koreografia:  Nacho Duato 
      Musika:  Alberto Iglesias
      PETITE MORT
      Koreografia: Jirí Kylián
      Musika: W.A. Mozart
      Figurinak: Joke Visser
       Argi-diseinua: Joop Caboort
       Eszenaratzea: Roslyn Anderson
      POR VOS MUERO
      Koreografia: Nacho Duato
      Musika: Aintzinako musika espainiarra
      - XV eta  XVI mendeak -
      Eszenografia: Nacho Duato
       Figurinak: Nacho Duato (Ismael Aznar-en laguntzaz)
       Argi-diseinua: Nicolás Fischtel
       Testua: Garcilaso de la Vega
       Ahotsa: Miguel Bosé
       
       
       
      SELF 

      Dantza Konpainia Nazionalak estreinatua Santardergo Palacio de Festivales de Cantabrian, 1997ko apirilaren 17an. 

       Nacho Duatoren eta Alberto Iglesiasen arteko laugarren lana da Self; izan ere, Duatorekin lanean jarduna zen aurretik Iglesias, Cautiva (1993), Tabulae (1994) eta Cero sobre Cero (1995) lanetan. 

       Maila materialeko kezkak gure bizitzetan nagusi diren mundu honetan, pertsona erabat bazterturik dago, errealaren ulerkuntzan zeharo bazterrekoa den toki batean. Pertsona bakoitzak bere buruaz eta besteaz, pertsona gisa, duen ikuspegiaren artean, bada oztoporen bat. Beraz, une egokia dirudi pertsonaren esentziaz hausnartzeko, bere nukleotik bertatik kanpoko hainbat faktorek eraikitako murru trinko baten atzean zelatan ageri den arren bere balioa mantentzen baitu esentzia horrek. Norberak baitan daraman pertsonak gure izate osoan zehar laguntzen baitigu, eta hura bera da gutako bakoitzaren benetako errealitatea. 

       Self koreografiak, Nacho Duatok Dantza Konpainia Nazionalarentzat prestaturiko azkenetakoak, sekula baino kementsuagoko Duato bat dakarkigu, dantza gihartsu eta zoro, urduri eta bizkor baten bidez, ohiz kanpoko ausardia erakusten duen Duatoren prestakuntzaren maisutasunaren lekuko. 

       Dantzariek kemenez beteriko mugimenduak erakusten dizkigute, sekula agortuko ez dela dirudien energiaz, sinkronizazio bikainaz eta mugimenduaren zentzu paregabeaz. Ozartasunez blai eginik dagoen adierazpen modu bat, Duatori, berriro ere, zainetatik artea aterarazten diona. 

      PETITE MORT 

      Dantza Konpainia Nazionalak estreinatua Santardergo Palacio de Festivales de Cantabrian, 1995eko azaroaren 16an. 

      Jirí Kyliánek Salzburgeko Jaialdirako espreski sortu zuen balet hau, Mozarten heriotzaren bigarren mendeurrena zela eta. Lan honetarako, Mozartek pianorako eginiko bi kontzertu eder eta herrikoienetako zati motel batzuk aukeratu zituen. Eta propio eginiko aukeraketa hau ez genuke probokaziotzat, edo konturatzeke eginikotzat ulertu behar, baizik eta gauza sagaraturik ez dagoen, basakeria eta arbitrarietatea eguneroko kontua diren munduaren alderdi batean bizi izateko eta lanean aritzeko modu pertsonal gisa. Obra honen asmoa antzinako gorputz-enbor haien ideia igortzea da, buruak eta gorputzadarrak moztuta dituztela, propio eginiko mozte batek soinen edertasuna lapurtzeko gai ez den adierazle, hauek sortu zituenaren botere izpiritualaren islada gisa. 

       Koreografiak sei gizon, sei emakume eta sei florete aurkezten dizkigu. Floreteek benetako dantza bikoteen eginkizuna betetzen dute, eta zenbaitetan hezur-haragizko bikote bat bera ere baino errebelde eta egosgogorragoak dirudite. Agresioa, sexualitatea, energia, isiltasuna, burugabekeria eta sentikortasuna. Elementu hauek guztiek oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute. Petite Mort, hitzez hitz harturik ‘heriotz txikia’ esan nahi duen arren, orgasmoaren parafrasia ere bada frantsesez eta arabieraz. 

       Jirí Kylián dantzari, koreografo eta zuzendari txekiarrak obra asko sortu du Stuttgarteko Baletarentzat, eta 1975ean Nederlands Dans Theater-en arte-zuzendarikide izendatu zuten; bi urte geroago, horrexen koreografo iraunkor eta arte-zuzendari bihurtu zen, eta eginkizun horrexetan darrai gaur egun ere. 

      POR VOS MUERO 

      Dantza Konpainia Nazionalak Madrilgo Antzokian estreinatua, 1996ko apirilaren 11an. 

       Duato koreografoak urrezko mendeko espainiar musika hartu du iturri, Garcilaso de la Vegaren bertso ezin ederragoez, Por vos muero laneko dantzaren gaurkotasun logikoaren eta erakusten duen histori erreferentziaren hari eroalea osatzeko. 

       XV. eta XVI. mendeetan dantzak herriaren adierazpen moduetako bat ziren, maila guztietan izan ere, eta garaian garaiko kulturaren egiazko islada eskaintzen zuten. Por vos muero lana omenaldi gisako bat da, garai hartan dantzak gizartean betetzen zuen funtsezko eginkizun horren aitorle. 

       Koreografia hau oso sentikortasun handiz mugitzen da Urrezko Mendeko espainiar musika eta bertsoak dituela oinarri, eta jauregiko kulturara eta garai hartako dantza herrikoietara garamatza. Barne diskurtsoak maitasunezko harremanak eta maite-jokoak eteteaz hitz egiten digu, joandako maitalearen itzalaz, halako batean izango omen den itzultze baten itxaropen faltsuez eta, batez ere, itxaropenaren alderdi atseginaz. Azken batean, mistizismoak, maitasunak eta heriotzak blaituriko obra ederra baita. 
       

 
 
Gaurkotze data: 1998-04-25
http://www.gipuzkoa.net/maiatza/euskara/ciadane.htm
Kultura eta Euskara Departamendua
Liburutegi, Hedapen eta Sustapen kulturalaren zerbitzua
Urdaneta 9
20006 Donostia-San Sebastián
Tf. +34 943 482891
Fax +34 943 482765
posta
maiatza_dantzan@kultura.gipuzkoa.net