Loiolako Santutegia  
 

Loiolako basilika barroko aldikoa da, oinplano biribila dauka, eta kupula ederra. XVII. mendean eraiki zuten, euskal herritar unibertsalenaren omenez: San Ignazio Loiolakoa Jesusen Lagundiaren sortzailearen omenez.
Arkitektura-multzoak Loiolatarren dorretxea du barruan. Bertan jaio zen jesulagunen sortzailea, 1491n, familia noble eta dirudun baten altzoan.

1681: Jesusen Lagundiaren jeneralak, Pablo de Olivak, eliza eta Loiolako jesulagunen ikastegia egiteko proiektua eskatu zion Erromako arkitekto Carlo Fontanari; arkitektoa Berniniren dizipulua zen. Loiolako basilika 2 mendetan eraiki zen, ondoko kronologiaren arabera

1689: Lehen harria jarri zen ofizialki

1693: Martin Zaldua maisuak hasierako proiektua aldarazi, eta bi harmailadi zabal erantsi zizkion.

1704: Obrak eten egin ziren.

1717: Berriro eraikuntza-lanetan hasi ziren, Sebastian de Lecuna arkitektoaren zuzendaritzapean.

1733: Lecuna hil ondoren, Ignacio de Iberok bere gain hartu zuen proiektua. Ordura arte, sona handiko tailugile eta aparejadorea izan zen.

1738: Eliza uztailaren 31n zabaldu zen, baina barrualdea amaitzeke zegoen

1767: Ibero hil zenean, Javier Ignacio de Echeverrķa izan zen lan-maisua. Urte horretan, Espainiatik kanporatu egin zituzten jesulagunak.

1888: Santutegiak gaur egun duen itxura hartu zuen.

 

Santutegiaren sortze-eskrituran, honako baldintza hauek ezarri ziren: Loiolako oinetxea, sortzaile santuaren jaiotetxea, "iraunarazi eta ondo-ondoan eraiki behar den ikastetxeari atxiki dakiola".

"Eraikitzen diren eliza eta ikastetxea gauza izan daitezela, behar den moduan, erlijio-ordena horretako komunitatea bizi, egoitza hartu eta haren zerbitzuak edo ministerioak egiteko".

Eta "Santuaren jaiotetxearen ondoan, markesei dagokien etxea eraiki dadila, ostatu hartzeko haien gizarte-mailaren arabera, baita tribuna bat ere kapera eta elizara jarrita, azkena baita Loiolako maiorazkoarentzat subrogatu zirenen ondasunetako bat, etxe beneragarriaren ordez".
Baldintza horiek guztiek zedarritzen dituzte beharrizan eta erabilera jakin batzuk. Eta guztiak zentzuzko hurrenkera baten arabera antolatuz gero, honako eran laburbiltzen den espazioaren banaketa sortzen da:

Santutegiaren erdian, bertako elementu nagusi eta nabarmen gisa, oinplanta biribileko eliza dago. Elizaren aurrealde nagusian, tankera kurbatuko elizpea ageri da. Elizpeak hiru arku dauzka, eta erdiko tartearen buruan triangelu-erako tinpano hautsia dauka, erromatar barrokoaren lekuko; garaieran, esferaerdi-formako kupula handi-handia ageri da, eta horren gainean, linterna.

Behealdean, danbor zilindrikoak bermatzen du kupularen multzoa. Kanpoaldetik ikusita, atal garrantzitsu edo nabarmen geratzen den kupula berezi horren alboetan dorreak daude, eta pinakuluak dorreen buruan. Eliz atariraino doan harmailadi batek lehenengoaren basamentuarena egiten du, eta haren bolumena areagotzen.

Elizaren albo banatan, jarrera simetrikoan eta ia-ia hari datxezkiola, jaiotetxe santua dago eskuinaldean, eta ezkerrean, Loiolako maiorazko zaharraren leinukoen etxebizitza moduan (dukearen etxea) erabiltzen zen eraikina. Hiru eraikin berezi horien aldamenean, albo banatan eta atzealdean, ikastetxearen eraikina dago. Ikastetxea hiru patio handien inguruan taxututa dago, eta patio horiek argiz hornitzen dituzte barruko egoitzak, gelak, igarobideak eta korridoreak. Jatorrizko proiektuan beste bi patio diseinatu ziren, baina santutegiko lanek iraun zuten bitartean, bi zurubi eder-eder eraiki ziren haien gainean, Jesusen Lagundiaren ikastetxe-egoitzaren solairuak bertikalean lotzeko. Egoitza-aldea hiru solairutan banatuta dago.

Gainera, bi atiko erantsi zizkioten aurrealde nagusiko hegaletan, eta beste bi atzealdeko fatxadaren alboko ataletan. Kanpotik abiatuta,

San Ignazioren jaiotetxearen inguruan dagoen atezaindegitik sartzen da egoitzara. Ikastetxe-egoitzaren barruan, ganga-formako tokiak nabarmentzekoak dira, besteak beste, jangela eta aurre-jangela. Eraikin hori ez da zuzenean lurrean finkatzen. Eraikinaren ia azalera osoaren azpian sotoa dago, oso garaia eta ganga-formakoa.