BILATU
BILATU

KULTURA
KULTURA


GIPUZKOA
Gipuzkoako 
Foru
Aldundia




ENGLISH
ENGLISH

CASTELLANO
CASTELLANO
 

 

       
      IGARTUBEITI baserria

       
      Baserria
      Deskripzioa urratsez urrats  / Egitura  / Altzariak
      Igartubeiti baserria XVI. mendekoa da jatorriz. Mende hartakoak dira barruko zurezko egituraren parterik handiena (pilareak eta barruko fatxada) eta habe-dolarea. Aurreneko eraikin hau zurezkoa zen bere osotasunean, egungoa baino txikiagoa baina.
      XVII. mendearen lehen herenean dokumentatzen dira higiezinean bideraturiko lehen handitze-lanak, eta horien emaitza da egun ikus dezakegun baserriaren behin-betiko irudia. Baserria lau aldeetatik handitu zuten, horietarik hiru landu gabeko harrizko hormekin eta fatxada nagusia ataripea osatzen duen zurezko itxiturarekin. 
      Behe oina Ganbara
      Behe oina
      Ganbara
      Caserío del siglo XVIXVI. mendeko baserriaAmpliación del siglo XVII XVII. mendeko handitze-lana



      Deskripzioa urratsez urrats
      Behe oina
       
      Sukaldea
      Oin honetan sukaldea, upategi batez hornituriko ukuilua eta gelak daude.

      Sukaldeak XVI. mendean hartzen zuen leku bera hartzen du egun. Sukaldean elikagaiak prestatzeko su nagusia dago. Higigarrien artean aipagarri dira kutxak, gakoa laratzarekin eta zizeilua, hau da, hotzetik babesteko bizkar garaiko jarleku-mahaia.

      Ganbarara igotzeko eskailera. Eskubian, sukaldea eta ukuilua elkartzen dituzten bi lehiatilak
      Sukaldeko atearen ondoan dolareari kontrapisua egiten dion harria eta segida ganbaran duen ardatzaren abiagunea daude. Harriaren aurrean ganbarari sarrera egiten dion eskailera dago. Elementu horiek guztiak XVI. mendekoak dira, eta XVII. mendean eginiko berritze-lanek ez zuten eraginik izan horietan.
      Ukuilua bitan banatzen da, batetik aziendarentzako aldea dago eta bestetik biltegia.
      Lehena, abelgorrientzako askak barne, sukaldearen atzean dago. Ate irristatzailez ixten diren  leihatila bik elkartzen dituzte sukaldea eta ukuilua. Gibelean ardiak egongo ziren.
      Ukuilua
       
      Ukuiluaren beste aldeak upelak bete sagardoa kontserbatzeko eta tamaina handieneko laborantza tresnak (gurdia, goldea, etab) gordetzeko erabiltzen ziren. Behi-azienda egoten zen aldearen sabaian, dolarearen pats-askari eusten dioten zurezko pieza handien multzoa, sobigainak, ikus daitezke.
      XVII.eko handitze-lanaren ondoriozko logela berriak
      Sukaldeak XVI. mendean zegoen logela bakarrari egiten dio sarrera. Bertan ikus dezakegunez, zurezkoak ziren pareta guztiak. XVII. mendeko handitze-lanen ondorioz, hiru logela egokitu ziren baserrian, guztiak berex, eta bazterrera utzi zuten aurreko logela.
       

      Ganbara
       
      Dolarea
      Abiapuntua sukaldean duen eskailerak egiten dio sarrera ganbarari.
      Bertan elikagaiak bildu eta sagardoa egiten zen.

      Ganbararen erdian baserriko elementurik garrantzitsuena dago, dolarea. Pats-aska batez osatuta dago, eta honetan ipintzen da zanpatutako sagarra. Gainean 10 m luze den habea du, eta habearen muturretako batean ardatza ikusten dugu, zorua alderik alde igaro eta sukaldeko harriraino iristen den, hain zuzen.

      Sagardoa egiteko dolarea urtean behin baizik erabiltzen ez bazen ere, dolarea da baserriari halako ezaugarriak ematen dizkion elementu nagusia. Dolarearen neurriek zehazten dute eraikinaren luzera, eta bolumenak zurezko pieza handiak eskatzen ditu pisuari eusteko, paldo osoak, sekzio handiko piezak eta beste batzuk.

      Belarrak idortzeko espazioa
      Pats-askaren inguruko espazioak elikagaiak metatzeko, aziendarentzako belarrak idortzeko, babak gordetzeko, txerria hil ondoko produktuak ontzeko eta lanabes txiki eta ertainak gordetzeko erabiltzen ziren.
      XVII.eko espaziorako sarbidea
      Ardatzaren ondoko pareta XVI. mendeko fatxadari dagokio, baina ez dago osorik, XVII. mendeko handitze-lanen ondorioz ateak zabaldu baitziren bertan, ataripearen gainean irabazitako espazioa baliatzeko xedean. Alde hau erabat banatuta dago; bihitegietan, artoa lehortzeko tegia eta gari biltegia; bestalde, aroztegia, erlategia edo usategia.
      Gora

      Egitura 
      Habe-dolarearen egitura ikusgarria: habea, ardatza, azkoina...
      Baserriak eutsi egiten die jatorrizko egituraren xehetasun garrantzitsu batzuei, nahiz eta denboraren joanean beste asko betikoz galdu edo aldatu diren.

      Aipagarri dira pieza bakarreko paldoak, zorutik estalkiraino iristen direnak; erdiko paldo bikoitzak, berniak, dolareko habea egokitzeko; habe-dolarearen egitura ikusgarria: habea, torlojuzko ardatza, azkoina, harria, pats-aska eta sobigainak; paretetako zurezko itxiturak; estalkiko gapirioak; pieza bakarrekoak XVI. mendekoak eta laburragoak XVII.ekoak; eta zoruak.

      Gora



       

      Altzariak 
      Arropa gordetzeko kutxa
      Era honetako baserrietan altzariak ez ziren ugari, eta batez ere zentzu praktikoa ematen zitzaien.

      Baserrian barrena egindako bisitaldian altzariak eta tresnak ikusten ditugu, gehienak zurezkoak, beren egitekoen araberako lekuetan kokaturik.

      Sukaldean zeramikazko baxera xume bat eta elikagaiak ontzeko, suari eusteko, lihoa lantzeko eta beste zeregin batzuetarako tresnak daude.
      Logeletan oheak eta arropa gordetzeko kutxak daude.

      Ale kutxa
      Ukuiluan laborantzari lotutako tresnak eta lanabesak daude, baita sagardoa egitekoak eta kontserbatzekoak ere.

      Ganbaran, besteak beste, dolarea martxan jartzeko tresnak, aroztegiko tresnak eta zekaleak kontserbatzeko altzari handiak ikus ditzakegu.

      Inicio

      Hasiera  /  Ondare balioa  / Zaharberritze prozesua
       Informazio orokorra  /  Gehiago jakiteko

     2002-I-2an eguneratua

    http://www.gipuzkoa.net/kultura/igartubeiti.htm 
    I G A R T U B E I T I
    Igartubeiti baserria 20709 Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa)
    Tel.: +34 943 72 29 78
    Posta
    e-mail:ngoenaga@kultura.gipuzkoa.net