
Handik gutxira, martxoaren 26an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Karlos Santamariari urrezko domina ematea eta Gipuzkoako Seme Kutun izendatzea erabaki zuen. Eta Imanol Murua Ahaldun Nagusiak deitu gintuen, hori dela eta egin zitekeenaz mintzatzeko. Elkarrizketa haietan sortu zen ia lau urte beranduago burutu dugun lanaren egitasmoa, proiektu zabalago baten lehen fase gisa. Hots, Karlos Santamariaren lanak biltzea, bateko, eta haren lanaren eta pentsamentuaren azterketa egitea, besteko.
1991ko ekainaren 25ean Diputatuen Batzarreak lan hau Jakin-i emateko
akordioa hartu zuen:
Otorgar un contrato de colaboración con JAKINKIZUNAK,
S.A., que en una primera fase tendrá el objetivo de lograr
la recopilación, clasificación, reproducción, análisis,
investigación y trabajos previos para la publicación de la
obra escrita de D. Carlos Santamaría Ansa.
Kontratu hori, egitekoa eta honi dagokion diru-partida, uztailaren
1ean sinatu zuten Jose Luis Telleria Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Turismoko
Diputatuak Foru Aldundiaren izenean eta Joan Mari Torrealdai gerenteak
JAKINKIZUNAK elkartearenean.
Egitasmoaren diseinua Joseba Intxaustik eratu zuen, Joxe Azurmendik
izan du honen gidaritza intelektuala eta lanaren gidaritza Joan Mari Torrealdairen
gain joan da.
Lehen fase honetako enkarguaren bi zatiak behar-beharrezkotzat jo ziren.
Bilketa, azterketaren aurrelana izateaz gain, ezinbestekoa da berez ere,
Karlos Santamariaren lana guztiz sakabanatua baitago (Euskal Herrian, Espainian
eta Europan), eta liburutan baino aldizkaritan emanagoa izan baita beti.
Bilketaren ondoan bildutakoaren azterlana dator, ezinbestekoa hau ere,
Karlos Santamariaren lanen testuinguru historiko-filosofikoa argitzeko
eta honen pentsamentuaren eta obraren ildo nagusiak agertu eta ezagutzera
emateko.
Modu dibulgatiboan planteatu dugu ikerlana, kontextualizatzera joz
bai baina arin, birformulatzea bilatuz sintesia ateratzeko asmotan. Gure
lan honekin hasi besterik ez da egin Karlos Santamariari buruzko ikerketa.
Burututako lana, 10.000.000 karakteretatik gora, bi gorputz nagusitan
banaturik ematen dugu ondoko orrialdetan.
Lehenean Karlos Santamariak idatzitakoa dago, hiru ataletan, ordena
kronologikoaren arabera ordenaturik. Idazlan bakoitzaren edukinari barik
organuari begira egin dugu banaketa, hots, kazetetan idatziak, aldizkari
edota elkarlanean argitara emanak eta, hirugarrenez, liburutan agertuak.
Denetara, 7.500.000 karaktere paseak dira, erdiak kazetari-lanetan eta
beste erdiak aldizkarietako artikulu eta liburutan.
1. Lan periodistikoak. Egunkari eta astekarietan argitara emandako idazlanak bildu ditugu hemen. Ia 800 artikulu dira, 9 komunikabidetan emanak. Gehienak, alde handiz, El Diario Vasco-koak dira, baina badira, baita ere, Ya-koak, La Voz de España-koak, (Zeruko) Argia-koak, La Croix-koak, Punto y Hora-koak, Euskadi-koak, Egin-ekoak. Artikulu bat baino gehiago bi tokitan argitaratua aurkitu dugunean, bat bakarra aukeratu dugu. Zoritxarrez, zenbait kasutan, datu bat edo beste ezin osaturik utzi dugu, fitxaketa orduko akatsen erruz.
2. Saioak-eta. Bigarren atal honetan gehienbat lan luzeak, zabalak, edota gaiaren bestelako tratamendua dutenak bildu ditugu, nahiz saio, sarrera, komunikazioa, elkarlaneko liburuen atal, etab. 170 bat jaso dugu bertan, 43 organutan eta Europa osoan barreiatuak. Izan, gehiago dira izan, artikulu horietako batzuk hizkuntza desberdinetan emanak izan baitira, hala nola, In Search of a concept of Peace frantsesez ere agertu baitzen: "A la recherche d´une notion de Paix" (Justice dans le monde-n argitaratua), edo "Los católicos en la España actual" Destin-en agertu zena: "Les catholiques dans l´Espagne actuelle", edota "En torno al Estado ideal" Documentos-en publikatu zena "Autour de l´Etat idéal" titulupean. Bakoizetik bana hautatu dugu guk.
Zenbait elkarrizketa nagusi ere atal honetan kokatu dugu, nonbait behar eta. Egia esan, gutxi batzuk soilki transkribatu ditugu, eta egunkarietan agerturiko hainbat eta hainbat elkarrizketa txiki kanpoan utzi ditugu.
3. Liburuak. Karlos Santamariaren izenpean bakarrik agertu diren lau liburuak jaso ditugu hirugarren atal honetan. Elkarlanekoak, arestian aipatu bezala, aurreko atalean daude.
Hiru atal hauetan biltzen da, bada, Karlos Santamariaren lan idatzi osoa. Horren ondoko orriak Karlos Santamariari buruzkoak dira, bere obraren eta pentsamenduaren azterketa, 2.500.000 inguru karakteretan burutua.
Lehenengo eta behin, Karlos Santamaria bera, eta bere familia, eskertu
behar ditugu, artxiboko materialen erabilera horren eskuzabal uzteagatik
eta gure premiei hain adeitsuki erantzutearren.
Imanol Murua Arregiri biziki eskertzen diogu lan honetan jarri zuen
gogoa eta Jakin-taldeari egin zion konfidantza.
Gero, Donostiako Udal Liburutegiko Arantxa Artzamendiri eta Diputazioko
Liburutegiko Karmen Bilbaori gure esker ona azaltzen diegu, transkribapen-lanetarako
eman dizkiguten erraztasunengatik.
Eskerrak, baita ere, moldaketa-lanetan hainbat ordu luze sartu duen
Arantxa Begiristaini.