KARLOS SANTAMARIAREN BIOGRAFIA

Ni Easo kalean jaio nintzen, Minoría vasco-navarrako Izeta gogoratzen duzu?, haren etxean, Izeta etxea esaten zioten, 1909 urtean.

Nire aita oso berandu ezkondu zen, eta seme-alaba asko izan zuen, ni nintzen txikiena. Zortzi edo bederatzi izan ginen anai-arrebak, ez dakit ondo. Beno, zaharrenak ez nituen ezagutu, batzuk, orduan haurren hilkortasuna handia zen eta batzuk txikitan hil egin ziren. Aita nik uste dut 1854 urtean jaio zela. Eta begira, Burgosko Seminarioan zegoen eta bera karlista zen, eta Seminarioa utzita edo ez dakit nola, hona etorri zen, Euskal Herrira, a defender los derechos de Dios. Aizu!, orduan hola esaten zen. Jainkoa ez zen nahikoa bere defentsa berak egiteko eta besteek egin behar..., horrela etorri ziren Jainkoa defendatzera. Nire aita, beraz, Burgostik etorri zen. Ez lanera edo, gerra egitera etorri zen Euskadira. Orduan, gerra egin zuten, galdu ere egin zuten, eta Frantziara joan behar izan zuten. Frantzian bizi izan zen, ez dakit noiz arte, oso gaizki, ze realistek edo monarkikoek lagundu laguntzen zituzten, baina halere oso gaizki. Eta nire aitaren ideiak, bera oso irakurzalea zen, piska bat aldatuz joan ziren orduan, piska bat liberala bihurtu zen. Eta utzi, eta etorri egin zen, Bizkai aldera, Balmasedara, eta Balmasedan prokuratore bezala hasi zen lanean. Eskribaua edo, prokuratorea.

Bestaldetik nire ama. Historia oso konplikatua da nire familiakoa, interesantea baina konplikatua. Nire amaren familia euskalduna zen, euskaldun osoa. Nafarrak ziren, Aranokoak. Badakizu Arano, Hernani gainean, han Ansa asko dago. Eta ez dakit zer gertatuko zen, nire aitona Jose Ansa eta bere familia osoa, orduan Altsasua guztiz euskalduna zen, Altsasura joan ziren bizitzera. Bera liberala zen Jose Ansa. Hemen aldrebes da kontua, nafarra eta liberala da amaren aita. Jakina, gero gerra etorri zen, eskapatu behar izan zuten, eta, hanka!, bera Donostiara etorri zen. Badakizu nola zen, inguru hau, Orio, Donostia, liberalak ziren, eta denbora guzti hori nire ama hemen zegoen, gerra karlistan. Bonbardaketa eta kanpaia eta guzti hori, berak askotan kontatu zidan. Orduan, gero, nire amak maistra karrera egin zuen. Hiru ahizpa ziren eta hirurek maistra egin zuten. Iruñean egiten zuten, hemen ez zegoen maistra egiteko. Oposizioak Valladoliden egin, orduan Valladoliden egin behar ziren oposizioak, eta Balmasedan eman zioten plaza. Eta hortik etorri zen, kastellanoa, Burgostik etorria eta karlista, eta euskalduna, nafarra eta liberal baten alaba, nola elkar ezagutu eta ezkondu ziren, eta hortik etorri da gure familia.

Ezkondu eta geroago Bilbora joan ziren bizitzera. Nire anaia batzuk Balmasedakoak ziren, beste batzuk Bilbokoak. Eta azkenik Donostiara etorri ziren, ze, nire amak beti Donostiara etorri nahi zuen berriz ere, eta Easo kalean jarri ziren bizitzen, eta horregatik bi anaia gazteenak donostiarrak gara.

Halaxe dira gerrak eta gauzak, nola familiak konpontzen eta deskonpontzen diren.

Beno, ni txikiena nintzelako, dena etxean ikasi nuen txikitan, irakurtzen, idazten, eta dena. Aita, ama, anai-arrebak, denak nituen maisuak eta maistrak. Frantsesa txikitan ikasi nuen, etxean. Arreba Maritxuk oso ondo zekien frantsesa eta berak irakasten zidan. Nire lehenengo irteera etxetik eskolara Batxileratoko bigarren kurtsua egiteko izan zen, marianistetan, Colegio Católico de Santa María. Badakizu zergatik duen izen xelebre hori, Católico? Marianistak, hona etorri zirenean, con sombrero de copa alta ibiltzen ziren. Nire denboran ere oraindik marianistek bonbina eramaten zuten, oso elegantea, lebitarekin. Los levitas deitzen genien ni ikaslea nintzela. Ba, esandakoa, con sombrero de copa alta etorri ziren marianistak, eta jendeak pentsatu zuen, tipo arraro haiek protestanteak zirela, eta jendea esaten hasi zen, protestanteak etorri zirela eta hola. Orduan Colegio Católico ipini zioten izena. Eta nik hor egin nuen batxilerato dena. 1924 edo 25 bukatuko nuen. Nik berehalaxe matematika egin nahi nuela, erabaki nuen, asko gustatzen zitzaidan, eta matematika estudiatzen hasi nintzen, Madrilen, Facultad de Ciencias Exactas. Orain asko dira, baina orduan holako gauzak oso jende gutxik estudiatzen zituen. Hemen inork ez, nik bakarrik, hori da egia.

NIK BEREHALAXE MATEMATIKAK EGIN NAHI ...
Baina ez nintzen denbora guztia Madrilen egoten. Niri Madril sekula ez zait gustatu. Orduan, denbora bat hemen, beste denboratxo bat han, horrela egin nuen karrera guztia, bost urte, eta gero doktoretza kurtsua, eta tesia Rey Pastorekin prestatu nuen, eta ari nintzen eta gero orduan gerra etorri zen eta dena nahastu zen. Rey Pastor hori izen handiko matematikoa zen. Oso sinpatikoa, riojanoa, eta benetan argia. Rey Pastor ez zegoen Madrilen, Argentinan zegoen irakasle, Facultad de Ciencias e Ingeniería-n. Han bazegoen, hemen ez zegoen Ingeniaritzako Fakultaterik, baina Buenos Airesen bai, eta Rey Pastor hara joan zen profesore. Beraz Rey Pastor ez zegoen Madrilen, baina urtero etortzen zen eta ni berarekin hasi nintzen lanean.
 
HORRELA EGIN NUEN KARRERA... Baina ez da posible, esaten zidan berak, zu Donostian, ez duzue bibliotekarik, ez duzue ezer, ez da posible ezer egitea, esaten zidan. Beno, zer egingo dugu, ba? Nik proposatu nion orduan, hemen zerbait sortzea Eusko Ikaskuntzaren babespean. Eta hasi ginen, eta orduan eskutitz bat egin zion berak, Rey Pastorek, Eusko Ikaskuntzari, esanez nola hemen zientifiko batzuk bazeuden, eta ez zela posible horrela jarraitzea, eta proposatu zien Centro de Estudios Científicos bat sortzea. Horrela eratu genuen Eusko Ikaskuntzaren babespean Centro de Estudios Científicos hori eta hasi ginen ikastaroak ematen eta guzti hori, 32 edo 33 aldera izango zen, eta aldizkari bat ere egiten genuen, Revista del Centro de Estudios Científicos. Diputazioan badago. Erdaraz, jakina, ez orain Elhuyarek eta bezala. Orduan ezer ez zegoen euskaraz. Badakizu zeinek kolaboratzen zuen? Orduan oso gaxtea zen, Anbrosi Zatarain. Eta ez duzu pentsatuko zer ezizenekin: "Basati"! 

Euskara nik Toribio Altzagarekin ikasi nuen, Errepublikan, Maria Dolores Agirrek ematen zigun eskola. Pertsonalitate handi bat zen Toribio Altzaga, pertsona handi bat, eta Deklamazio Eskolan euskarako eskolak ipini zituen. Donostian ez zegoen beste euskal kulturako bizitzarik Eskola hori baino. Teatroa antolatzen zuen, etab. Baserritarren gauza bezala ikusita zegoen euskara. Mezak ere, goizeko seiretan egoten ziren euskaraz, para las muchachas, goiz-goiz, neskameak joateko. Beste euskal kulturarik ez zegoen Donostian. 

Jende asko elkartu ginen, eta Doktore Oñate Jauna Donostiako Institutuan katedratikoa zen, hori izan zen gure aurreneko zuzendaria Estudio Zientifikoen Zentruan. Lokala behialako Palacio del Vino-n eman ziguten. Hori non zegoen? Nola dago orain Orly hotela? Orduan ardoaren duana edo errenteria zegoen hor, alondiga, hor egoten ziren upelak pila bat eta sekulako ardo usaina egoten zen etxe guztian. Hortxe eman zizkigun Diputazioak lokalak. Eta Usabiaga, La Voz de Guipúzcoa-ren jabea, Industriako Ministroa zen, eta etorri zen inauguratzera, eta tarari-tarara dena oso dotore, baina gero berehalaxe Mogimendua etorri zen eta denak kanpora.

Bizitzeko eta dirua irabazteko, karrera bukatu eta segidan matematikako kurtsuak ematen hasi nintzen, marianistetan, Institutuan, beste leku batzuetan, eta batez ere ikasle talde bat edukitzen nuen neure etxean, ingeniaritza ikasi nahi zutenak matematikan prestatzeko. Prestatzen nituen, Bilbora lagun egiten nien azterketetara, eta holakoak izaten ziren nire lanak. Ni ez nintzen pertsona ezagun bat, nire sinpatiak banituen bando bateko edo bestekoentzat, baina zientifiko bat besterik ez nintzen, ezezaguna, eta gerra etorri, eta ni hemen geratu nintzen. Bando bat eman zen edo ez dakit, ordena zegoen, mundu guztiak zerbait egin behar zuela, lekuren batean aritu behar zuela. Zer egingo dut, zer egingo dut?, joan nintzen Institutura, eta esan nion Don Francisco Gonzalez Maisuari, orduan direktore zegoen, iruditzen bazitzaion, nik lagunduko nukeela profesore bezala, eta horrela hasi nintzen eskolak ematen, beno, como interino gratuito, ez irabazpide batekin. Ni joan nintzen Institutura momentu hartan, gauza bat egitera, beste bat ez egitearren, jakina, hori da egia, eta ni gustora. Baina interino gratuito izendatu eta berehala, espediente bat egin zidaten, eta pliego de cargos bidali zidaten etxera esanez, erdaraz esango dizut: Se le señala como simpatizante del nacionalismo y que cuando se le habla del Movimiento Nacional se expresa con bastante tibieza. Hemen eduki behar dut paper hori nonbait jasota, baina orain etxe dena paperez beteta dago, ez dakit non edukiko dudan. Klaro, denok kezkatuta, eta orduan, Gonzalez oso gizon ona zen eta, begira, badakizu zer izango den onena? -esan zidan-: zuk errenuntziatu karguari eta kito, eta hola egin nuen, eta bera bakean utzi zuten eta niretzat ez zuen jarraipenik izan istorioak. Orduan, zer egin? Norabait joan behar.

Beno, ni soldado joan gabekoa nintzen, inutil nintzen zerbitzu militarrerako. Hau da, nik ez nuen soldado joan nahi, ez dakit kontu hauek esatea ba al dagoen, ezta?, baina nolabait konpondu nintzen, Iruñeara joan eta piska bat inutil bistagatik izateko eta soldaduzkatik libratzeko. Nire anaia Iruñean bizi zen, jende askorekin zuen harremana eta harekin konpondu nuen inutil izateko. Baina gerra etorri zen eta inutil denak errebisatzen hasi ziren. Ikusi nuen plaza batzuk eskaintzen zirela zerbitzu metereologikoan lan egiteko, eta han sartu nintzen, eta metereologoak nola behar zituzten, hartu ninduten, eta han egon naiz gero lanean erretiratu arte.

Uztailaren 18an gogoratzen naiz solas bat nola eduki genuen Eusko Pizkunden Jose Maria Lasarterekin, EAJako Diputatua zen, eta egun horretan ni Javier Elosegirekin nengoen —Javierek El Casino Eusko esaten zion, kafe hartu eta jostatu eta ezer ez egin, omen zelako han egiten zen guztia— eta Lasartek, ez da ezer pasatzen, general bat da, ez dago zertan kezkatu, esaten zuen. Baina nik, kalean tiroak entzuten zirela eta, ikusi nuenean, hartu andrea eta umea, ordurako ezkonduta nengoen, eta Aizarnara joan ginen. Azkeneko momentuan Eusko Pizkundeko bazkideen zerrendak eta desegitea lortu genuen behintzat. Aizarnakoa ere, luze kontatzekoa genuke, baina hobe utzi. Donostiatik hara joan ziren Dunixi Azkue, Pako eta Pepe Villar nebak, Gipuzko Buru Batzarreko burua zen Villaren anaiak zirenak, eta jende asko, asko. Eta han egon ginen, ea zer ikusiko, halako batean reketeak heldu ziren arte. Mendian behera rekete kolumna bat herrian sartu zen, eta kapitainak Udaletxean bere diskurtsua euskaraz egin zuen, Gora Euskal Herria! hoska bukatuz, eta gu oso pozik mundu guztia, oso ondo. Egun batzuk geroago besteak etorri ziren eta dena izorratuta. Ni atzera Donostiara etorri nintzen eta benetan jendea terrorisatuta zegoen hemen. Baina gizona, zer zabiltza zu bandera ipini gabe!, ikusi orduko esan zidan Azkueren emazteak ikaratuta. Ibili zaitez kontuzago, ez dakizu-eta hau nola dagoen, edozer gauza pasa dakizuke!, eta halaxe zen izan ere, baina hobe izango dugu hori utzi.

Nire lan guztia beti kulturala eta irakaskuntzakoa izan da. Gerra ostean, 1940 edo 41 aldera, Javier Elosegirekin, Centro de Estudios Superiores sortu genuen, Círculo de San Ignacio-n. Javier Elosegi hau, oso abertzalea, Joseba Elosegiren anaia zen, Francoren aurrean bere burua su emanda bota zuena. Gertatu den tragedia da, Javierek gerra Francoren bandoan egin behar izan zuela, eta bere anaia Josu berriz frontean frankistek hil zutela. Gerrako gauzak. Bizikletako istripu batean hil zen gero Javier. Javierek eta biok, bada, kontratu bat sinatu genuen jesuitekin. Jesuitekin kontratu sinatuak eduki behar dira beti, esaten nuen nik, eta kontratua egin genuen, ez zait inoiz damutu. Irakaskuntza zientifikoaren ardura, kontratu horretan zegoenez, gurea izango zen, eta estudianteen arta morala eta erlijiosoa jesuitek izango zuten. Eskolak ez zeukan inolako ofizialtasunik hasieran. Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin adostasunean, guk estudianteak diziplina zientifikoetan prestatzen genituen eta azterketak Bilbon egiten zituzten. Gero legeria bat etorri zen, holako eskolei anexoak izatea agintzen ziena, eta Ingeniaritza Eskolak oso pozik asoziatuaren aitorpen bat eman zigun, ofizialtasun horixe besterik ez zeukan. Mutil asko eta asko pasa da hortik, Gipuzkoako ingeniari gazte gehienek aurreneko ikasturteak hor egin zituzten. Eta horrela, krisi handia sortu arte, Aita Errandonearekin eta, alegia, Iruñeakoa fundatu den arte, eta orduan jesuitak iratzartu dira, Aita Errandonea eta, zerbait egin beharra dago azkar, etab., etab. Orduan larri zen hemen jendea. ESTE orduan sortu da, Escuela Superior de Técnicos de Empresa, eta EUTG, izen hau neuk asmatu bainuen. Hasieran EUG zen, Estudios Universitarios de Guipúzcoa, T gero erantsi diote. EUGn ni Zientzia Saileko dekanoa izan nintzen zenbait urtetan, eta lehen Centro de Estudios Superiores-en egiten genuen lan bera egiten jarraitu genuen, plan garatuxeago batekin eta hobeto orain, hori bai. ESTE ez, ESTE eskola guztiz beregaina zen, ezagumentu ofizialik gabekoa batere, eta bere jokoa egiten zuen. Urteak eta urteak hor jarraitu dut nik lanean, Nafarroako Unibertsitatearen peko Ingeniaritza Eskola Donostian kokatu zen arte. Orduan, Ingeniaritza Eskola batekin Donostian bertan, gure Sailak eginkizunik ez zuela eta, denon adostasunez, etetea erabaki genuen.

Donostian nik erabili dudan ekitaldi kultural garrantzizkoena, Elizarekin, Donostiako Solas Katolikoak izan da. Solas Katolikoekin 46an hasi ginen. Beno, lehenago, hau da, gerra aurrean, hemen Ikastaro Internazional batzuk eginak ziren, nahikoa interesgarriak. Amintore Fanfani eta etorri ziren, eta Mathieu Akizeko apezpikua, esaterako, besteak beste. Eta ondoren Solas Katoliko batzuk proiektatu ziren 36rako, marianistetan. Baina gerra etorri zen eta ezin izan ziren gauzatu. Berriro gerra ostean ideia berrartu denean, nik ez dakit komeni den kontatzea, historia konplikatu bat izan da hori. Nik esan egingo dizut eta gero zuk ikusi. Momentu horretan muga itxi-itxita zegoen, enbaxadak erretiratuta zeuden eta dakizun guzti hori, kinka zaila zen, atmosfera itogarria. Gobernuari, jakina, hemen askatasuna bazegoela, irudia ematea kanpora, interesatzen zitzaion; eta guri, kanpoko munduarekin harremanean sartzea barrukoak, interesatzen zitzaigun. Ahobiko arma zen. Orduan Ikastaroen antolaketan ibilitako batzuk, eta zehazkiago nik neuk pertsonalki, nota bat aurkeztu genion Artajo Ministroari, zein baldintzatan hasiko ginatekeen berriro. Eta baldintzak ziren, erabateko askatasuna egotea guk nahi genituenak gomitatzeko solasetara, eta erabateko askatasuna bakoitzak nahi zuena esateko biltzar aretoan. Baldintza horiekin, Gobernuak onerizten bazion, guk bultzatuko genituela Solasak. Eta horrela hasi ginen. Hau da, Solasak ofizialki Diozesiaren obra ziren, Gotzainak berak fundatuak eta kudeatuak. Jatorriz Donostiako Solasak Mateo Mugikak sortuak dira eta Diozesiko Buletinean hor egon behar du nonbait sorkuntzaren albisteak. Gero, han ibilitakoen hondartxook -ze, jende asko eta ezberdina ibili ginen hasieran, Luis Lojendio, etab., gero traiektoria oso diferenteak izan zituen jendea. Esango nuke gehienbat Herreraren inguruko jendea ginela izpirituan, Yarza apaiza eta, gazte katoliko kezkati mordo bat. Asociación Católica Nacional de Propagandistas-ek ikastaroak, irakurketak, konferentziak antolatzen zituen, eta horren inguruan ibiltzen ginenak. Donostian jendeak El Pueblo Vasco eta La Voz de Guipúzcoa irakurtzen zituen gehiena, nik El Debate irakurtzen nuen, baina oso jende gutxik irakurtzen zuen hemen. El Debate-k problemak planteatzen zituen. Jauntxo katolikoek La Constancia, egunkari integrista. La Constancia, periódico sin sustancia esaten genuen. Nik horrela hartu nuen nire formazio erlijiosoa: konferentziak, irakurketak, beti izan naiz irakurzale handia, eta nire aitaren bibliotekako liburuak irakurtzen egoten nintzen txikitatik aspergabe. Eta gazte katoliko kezkatuak ginen, zerbait egin nahi genuen - eta hemen geratzen ginen batzuk, bada, horrela hasi ginen berriro lanean. 46an, beraz, Gobernuak argi berdea eman zuen eta ni atzerrira atera nintzen eta hainbeste urte eta halakoxeen buruan aurreneko aldiz berriro ikusi nuen Jose Mari Lasarte. Pasaporte diplomatikoarekin atera nintzen, eh! Zeren-eta, holako gauza bat antolatzeko ere, guztiz internazionala izan behar zuena, ez zegoen inora ateratzerik, ez zegoen hemen muga pasatzen zuen inor, normal esan nahi dut. Eta gertatu zen orduan, Secours Catholique-n Kongresu bat itzela antolatu zutela Parisen, eta polakoak, txekoak, Europa guztiko jendeak bildu ziren, Kongresu guztiz interesante bat izan zen benetan, eta, klaro, erabat-erabat irekia zen eta gomitatu egin behar izan zizuten Eliza espainola ere, ezta? Frantsesek nahi zuten Secours Catholique International-ak, hots, Cáritas internazionalak Parisen edukitzea bere egoitza, eta helburu horrekin apailatu zuten Kongresua. Gobernuan MRP zegoen, etab. Baina gero Erroma tarteratu zen eta eragotzi egin zuen Caritas internazionala era horretan organisatzea. Erromak Erroman egongo zela erabaki zuen. Eta ni ilargitik erori den bat bezala joan nintzen, ideiarik ez neukan, batzuk susmoz begiratzen zidaten, zertara ote dator hau, zeinek bidali ote du, baina ezagupidea egin ahal izan nuen hainbat jenderena, hori zen nire egitekoa, benetan jende oso interesantea.
GERO PAX CHRISTIKO IDAZKARI INTERNAZIONALA... Gero Pax Christiko Idazkari Internazionala ere izan naiz. Pax Christi bakearen aldeko erakunde bat zen, eta kide batzuk nik Solasetara gomitatu nituen urte batean parte hartzera. Donostiako Solasak izugarria ziren informazio eta harreman sarea. Bake erakunde katoliko horren asmoa nolabait kontrapisua edo egitea zen, nik uste, Bakearen Mugimenduari, inspirazio komunistakoa - ezer ez zuen kontrapisatzen, jakina-, baina katoliko frantses batzuk ahaleginean ari ziren, testu batzuk ere argitara zituzten bakeaz eta gerraz, interesanteak begitandu zitzaizkidan eta gomitatu egin nituen. Horrela, beraz, ezagutzen nituen. Eta erakunde hori ofizialtasun handikoa bihurtu zutenean, Lehendakaria Pariseko Artzapezpiku Feltin Kardinala izendatu zuten, 50ean izan zen hori, eta Idazkari Internazionala izatea eskaini zidaten niri. Pentsa, hilabetero joanetorri bat Parisera! Egundoko mauka zen hori niretzat! Libre ibil nindekeen, edonora joaten nintzen, hamaika jende ikusten nuen, Irujo, Landaburu, Jose Antonio Agirre Lehendakaria, jende asko ikusten nuen, gurea eta ez gurea. 
 
Ni ez naiz politikoa, eta karguetan sartu banaiz, nire ideiekin kontsekuente ibiltzeko, izan da. Nire ideietan benetan sinesten dudala, erakusteko. Baina nire mundua batez ere kulturakoa izan da beti. Horregatik, ikastolak sortzen eta zabaltzen pozik lagundu dut. Badakizu, ez zegoen irakasle euskaldunik eta 64ean Andereñoen Erresidentzia sortu genuen Donostian Jazinto Setien, Joxemiel Zumalabe eta hirurok, Manterola kalean, euskal irakasleak prestatzeko. Zortzi andereñorekin bakarrik hasi zen, aurrenekoetan euskara lantzen zuten, ordea laster ikasle kopurua biziki goititu zen eta historia, geografia eta pedagogiako ikastaroak ere eskaini zituen. "Andereñoen Eskola" zeritzon orduan eta hainbat aldiz lokalez aldatu behar izan zuen, eskuartearen urriz, Aurrezki Kutxek ere ez zioten lagundu nahi izan-eta.

Enpeinuak eta burugogorkeriak atera du aurrera Santo Tomas Lizeoa ere. Liceo Santo Tomás izena nire emazteak asmatu zuen, santu horren izenarekin ez dute pentsatuko eta begiratuko euskal gauzetan zabiltzatela, kontuz ibili beharra zegoen, inolako susmorik sortzea ez zegoen, eta Koldo Mitxelena, Joxemiel Zumalabe eta nik muntatu genuen dena, oroitarri bat ipini digute han orain. Lasartek ere bai, eta ez dago oroitarrian, ez da guztiz justiziazkoa hori. Egia da, bera Venezuelara joan zen eta geroxeago etorri zen berriro, baina berari eskerrak bideratu zen legezko parte dena, ezin burubidatzekoa zirudiena, berak lan handia egin zuen. Beno, guk formula hau hartu genuen, legeak Segunda Enseñanza-n ikuskapenik esigitzen ez zuelako. Akademia libre baten gisakoak ginen eta ikasleak Institutura joaten ziren azterketak egiteko. Era honetan ikuskapenik ez genuen, hori zen inportantea, hau da, nahi genuena egin genezakeen ordutegiarekin, metodoekin, etab.
Baina zer ikara gurea, egun batez ikuskaria agertu zenean! Beno, lehenago, ikaragarri kosta zitzaigun abiatzea. Talde oso txiki batekin hasi ginen. Gainera, oso aipu handiko jendeak, abertzale aipuko familia sonatuak alegia, umeekin esperimentuak egiten ibiltzerik ez dagoela eta, entzun ere ez zuten egin nahi holako konturik. Hutsune totala egin ziguten. Halere Joanito Goiari eskerrak noizpait hasi ginenean, hasi baginen, - beno, Joanitok izugarrizko entusiasmoarekin hartu zuen ideia eta, benga, autobusa organizatu eta han etorri zitzaigun bera Hernaniko ume talde batekin, eta Hernanikoei eskerrak hasi zen hau dena: bultzada honi eskerrak hasi, bada, eta handik egun gutxira, hara non azaltzen den atarian ikuskari bat ikuskapena egitera. Hormak dena kartelez eta, pentsa, mundu guztia zalapartaka. Nondik demonio dator ikuskari hau?... Gertatu zen, guk ingreso ematen genuela, eta ingreso guk ez genekien Enseñanza Primaria zela eta ikuskapena zeukala. Joxemiel Zumalabek egin zion harrera. Veo que tienen Uds. ahí unos textos en vascuence eta hola hasi zen, etxea ikusi eta bazihoanean. Sí, porque nosotros..., Zumalabek ez zekien nondik irten. Me ha gustado muuucho!, besteak, porque yo soy valenciano y en mi casa todo hablamos en valenciano. Alegia, gu dardara batean eta begira nondik, ikuskaria geure aldekoa suertatu. 

Baina zertarako balio dizu guzti honek? Huskeriak dira, ez du ezer balio. Zer atera behar duzu hemendik?

JOXEMIEL ZUMALABE EGIN ZION HARRERA...

Elkarrizketak

Karlos Santamaria, meteorologiaz mintzo (Elhuyar 10. .-. 1977)
Karlos Santamaria (Herria200Eliza .-. 1978-11)
Karlos Santamaria, intelektual bat politikan (Zeruko Argia .-. 1979-06-24)
Karlos Santamaria: «Arriskua amerikarren defentsa planean dago» (Zeruko Argia .-.1985-03-10)
Karlos Santamaria: «Gure herriak gaitasun politiko falta darakusa» (Zeruko Argia, 1989/04/16)
Karlos Santamaria: "Teknika ez da txarra; bai, ordea, teknikak agintzea" (Habe .-. 1991-06-01)
Karlos Santamaria, zientzia eta kontzientzia bat eginik (Elhuyar .-. 1992-06)
 

KARLOS SANTAMARIA ARGAZKI-BILDUMA