KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK

Karlos Santamaria eta (euskal) kultura

Joan Mari Torrealdai

Euskal komunikabideak 
Karlos Santamariaren kazetari-ekoizpenaren %10 bat izan da euskaraz. Bestalde, nahikoa berandu hasi zen euskaraz, 50 urtetik gora zeuzkalarik. Konpentsazio gisa esan behar da, ordea, sartzen denean burubelarri sartzen dela. Alegia, idazten eta kazetari-proiektuok bultzatzen, sustatzen. 

Karlos Santamaria 60. hamarkadan hasten da euskaraz idazten. Zeruko Argia-ren deiari erantzunez bai, baina batez ere barruak agintzen ziolako. Bere lehen artikuluan ongi adierazten ditu erabakiak zekarzkion gainditu beharreko traba ugariak: lasaitasunari eta alperkeriari uko, euskaraz idazteko zailtasunari beste hainbeste eta ustezko irakurle-faltari jaramonik ez. Egoera honen aurrean, idazteari ekiteko bi gauza behar dira: Maitasuna eta Fedea. 

Esan bezala, Zeruko Argia-ko zuzendariak deituta hasten da Karlos Santamaria lanean. "Ni, bada, egunkarietako lana utzita oso trankil nintzan eta ez nuen usterik joku berari berriz ekiteko. Bitartean, burutik oñetara euskera liraiñaz asteroko maitagarri au ustekabez ageri zitzaigun. Zuzenlaria, jakiña, batetik bestera laguntzaren eske ibilli bear eta zirikatzera etorri zitzaidan ea nik ere artikulotxo bat edo beste egingo nion. Au ateka! Lenengo lana gaitza izan bazan oraingoa gaitz t'erdi"114. 

Lur onean erortzen du Agustin zuzendariaren hazia, Karlos Santamariak berak aurretiaz baitzuen alor honetan sartzeko gogoa. Nekeak ditu euskaraz idazteak, ordea, eta "geroko gerotan" atzeratzea da beti ere tentazio. Heldu egin behar, baina, halako batean. "Egiaz, euskal literaturari jotzeko usteak aspalditik lilluratzen ninduen eta saiatu naiean nintzan. «Au da abiatzeko garaia, gizon»? danok gure barruan eramaten degun etsaiak esan zidan. Eta alperkeriaren soinuari jaramonik egin gabe, prailleari baietz erantzun eta egingo nituela esan nion. Ongi edo gaizki egin nuen eztakit. Euskeraz izkiratzea neke gorria da neretzako eta baliteke Aitorren izkuntza agurgarria nik gurutzefikatzea. Nolanai ere, euskerak «gurutzefikazaille» naiko baditu eta geiagoko bat eukitzeak ajolarik eztiola pentsatu det"115. 

Erabakia hartu eta arazoak ez dira bukatzen, ezta hurrik eman ere. Arazotan latzenak zutik dirau: zergatik eta zertarako euskaraz idatzi, baina? Hauxe da, izan ere, nagikeria, ezkorkeria, uko, atzerapen gehientxoenen atzean dagoen "aitzakia". "Fededun" baten erantzuna du hor Karlos Santamariak. "Euskeraz izkiriatzea zertarako balio digun galdetuko du batek baño gehiagok. 

Or bertan dezute gai ontako abantailla aundiena, bere ezereztasun agerian, alegia. Iñora eramaten ez duten bidea, ezer balio ez duten lanak, onenak eta ederrenak dira sarritan, batez ere maitasunez egiten badira. 

Eztakik zeñek esana eta Salbatore Mitxelenak bere Unamunori buruzko liburuan berresana, 350'txo euskal irakurle besterik ez izatea egia izan diteke, eta apika zenbaki ori aundiegi iruditzen zait. 

Bañan orrek zer ajola digu? Platon eta beste jakintsuak zenbat irakurlentzat idatzi zuten beren denboran? 

Bizi osoan letore bakar batentzat maitasunez idaztea, etzan denbora galdurik izango beintzat. 
Fedea, Fedea ta Mandatua bear dira eta irakurleak, ugarituko dira. Euskal iturburura edatera millaka etorriko dirala esaten dizutet"116. 

Horrela bada, hona non datorren "umil eta apal" ofizio berriarekin euskal letren plazara Karlos Santamaria, 54 urteko gizona, Donostiako Solasaldien "alma mater" izanberria, Pax Christi-ko Idazkari Internazionala zena, irakasle famatua Donostian. "Emen umil eta apal asiberritzat nauzute bada. Euskal-idazle guzien artean azken-azkenekoa izanakin ofizio berri ontan ez dakit nola konponduko naizen"117. 

Zeruko Argia 
Esan bezala, Zeruko Argia-n hasi zen euskaraz idazten Karlos Santamaria. Ehun artikulu eskas idatzi ditu, denetara. Honetatik gehienak, "Dizdirak" sailean eman zituen 1963tik 1967ra. Urte honetan "Eskutitzak" sailari heldu zion eta 1969an "Kezkak" izenekoari, baina hauetan ez zen horren luze ihardun. 

Kultura, ideiak, politika, erlijioa, gizarte-gaia, euskara... era guztietako arazoak izan ohi zituen idazgai. "Gauzak" esatera etorri zen euskarara Karlos Santamaria, eta ez "euskara lantzeko". Bi eratako euskal idazleak bereizten ditu berak Zeruko Argia-n idazten hasi eta handik gutxira: idazgaitzat euskara daukatenak eta zerbait esateko daukatenak. Bigarren idazle-mota honen aldekoa dela Karlos Santamaria zertan esanik ez da: "Or datza, bai euskeraz bai erderaz, literatura baten neurri nagusia: gauza mamitsuak ta garrantzidunak esateko nor izatean. (...) Naiz euskeraz naiz txinaeraz, auxe izan behar du idazlearen jokabideak: «gauzak» esatea"118. 

1963an, Zeruko Argia asteroko "berriaren" lehen lantaldean sartzen da Karlos Santamaria. 
Agustin Ezeizak jarri zuen martxan astekaria, traba ekonomiko, juridiko, erlijioso eta sozial guztien gainetik. Babesle, kontseilari eta lankide batzuk behar zituen inguruan. Zenbait euskaltzalerengana jo zuen. Hasierako lantalde horretan zeuden, adibidez, Karlos Santamaria, Jose Miguel Zumalabe, Gurutz Ansola, Jose Salegi, Jose Mari Lasarte, Pedro Arregi, Aingeru Irigaray eta beste. Karlos Santamaria eta beste zenbait astero bildu ohi ziren astekaria kritikatzeko, antolatzeko, etab. Hortik gorako lana zuzendariarentzat gelditu ohi zen. Aktiboenetakoa, Karlos Santamaria zen, bera eta Rikardo Arregi. Jakin-en bezala hemen elkarri eskua emanda zihoazten Karlos Santamaria eta Rikardo Arregi). 

Kaputxinoen menpeko aldizkari erlijiosoa zenez, Karlos Santamaria intelektual katoliko ezagunaren presentzia hutsak babes handia eskaintzen zion urte horietan. Barrura begira egin zuen lana baino gehiago azpimarratu nahi dugu kanpora begira egindakoa, arrazoi sinple bategatik: frankismo garaian aldizkari hauek hari mehe batetik zintzilik zeuden beti, zentsura zela eta ez zela. Zentsura arruntaz gain, euskal aldizkariok bazuten beste eta bestelako muga: gaiarena. Ezin zen euskaraz edozein gai erabili, erlijiozkoa eta lokalaz aparte. Euskaldungoak, aldiz, honez gain beste asko eta bestelakoak eskatu ohi zituen. Gaiaren muga estu horietatik ateratzea eguneroko ogia zen. "Transgresio" horiek konpontzeko orduan Karlos Santamariaren itzala, agintari erlijioso eta politikoen aurrean, itzal handia zen. 

1963ko Zeruko Argia apostu eta desafio moduko zerbait zen, Karlos Santamariaren hitzetan. Sinesgogor asko zegoen euskaldungoan, etsitako ez gutxiago. Astekari bat erronka zirudien, eta ez desafio (erronkaren konnotazio negatiboak azpimarratuz). Dena zen gaindiezineko arazo: dirua, euskara, zentsura, idazleak eta gaiak. "Nork sinistuko zuen, urte gutxi dala, euskal-astekari bat sortzeko posibilidadean?", idazten zuen 1966an, Zeruko Argia-k 200. zenbakia kaleratzean. 
"Berreuneko muga au, gauza arrigarritzat artuko dute batzuek noski. Emen ezta batere mirarik, alajaña, fedez eta maitasunez egindako lanaren ondorea baizik. 

Orain bai, orain guztiok ikusten degu, orduan amets bat zirudiena, guztiz eginkorra zala. Baiñan asieran ikusi baiño len sinistu, gutxi izan ziran sinistu zutenak. 

Baziran orduan, erri batzutan, euskaltzale jator zarrak begiratze ta irripar errukitsu batekin artzen ginduztenak, gure asmoz mintzatzera joan gintzaizkielarik. 

— "Gizarajoak, alperrik zabiltzate —esaten ziguten— Dana galdua dago, euskera salbatzeko ez da ezer egitegorik". Besteek berriz, itxaropen gutxi ematen ziguten, etorkizunaren aldetik. 

— "Asi bai, asiko zerate, baiña aitu ere, bereala egingo zerate, muturrekoa ezarriko dizuete-ta". 

Fede gutxiko gizon aiek amaika eragozpen ikusi arazten ziguten. Ia nola konponduko giñan diru, ta izkuntza ta politikaren aldetik; eta idazleak eta gaiak, astekari batean bear diran neurrian, nundik aterako genituen galdezka zebilzkigun bein ta berriz. 

Burutik-burura euskeraz egindako berri-paper bat astero astero ateratzeko "ez gera kapabliak" esaten zidan adixkide jakintsu ta jator dedan batek. 

"Obe izango litzake artikuloren bat erderaz egin, edo illean bein bakarrik ateratzea""119. 

Taldetxo baten fedeari zor zaio lorpen hori. Karlos Santamariak ulertzen duen fede hori, bihotzak eskatzen duena egitea da (San Agustinen erara) eta justu horixe da euskarak behar duena, berau baita euskal kultura hondatzen ari diren sasi-zuhurtziaren, indibidualismoaren eta integrismoaren antidotoa. "Eta badakizute zergatik ekin genuen aurrera? 

Badakizute zergatik taldetxo onek, eta batez ere bere sortzaille jatorra dan Aita Agustinek, aurrera jarraitu zuten, ain beltza horizontea jartzen zieten arren? 

Fedea, fede pixka bat, zeukatelako. 

Utzi aitzakiak, utzi sasi-prudenziaren kontsejutxarrak. Utzi, baitere, bakarkeria eta integrismoa, eta lanari ekin, bildurrik eta alperkerik gabe. 

Saiatu, beintzat, zure biotzak eskatzen dizutena egiten. Eta ikusiko dezute, biotzak, garbi danean beti arrazoia daukala"120. 

Urte horietako Karlos Santamariaren idazkietan era honetako aipamenak ugari agertzen dira, ausardia, fedea, maitasuna, adorea, apostua, bihotza. Gerra jasan duen euskaldun zaharraren etsipena gainditzeko Karlos Santamariak ez du profesionaltasuna aipatzen, boluntarismoa eta militantzia baizik. Euskal prentsak ere izpiritu horrixe zor dio iraupena zein arrakasta. 

Jakin 
Ia 60 urterekin sartu zen Karlos Santamaria Jakin-en. Eta nola sartu ere. Elementu giltzarria gertatu zen, Rikardo Arregirekin batera. 

Urte zailak ziren haiek euskal kulturarentzat. Eta Jakin-entzat bereziki. Noraezean zegoen aldizkaria. Zuzendaritza, gainditua. 1967ko irailaren 10ean lankideak bildu zituen Zuzendaritzak Jakin birpentsatzeko gai monografikoarekin Oñatiko Bidaurretan. Esan bezala, Zuzendaritza amore emanda dago "entregismotik" ez urruti. Bestalde, zenbait talde politikok erakutsia zuen Jakin-ekiko interesa. Oñatiko bileran bertan antzeman zitekeenez, bat baino gehiago zebilen Jakin-ez jabetu nahian. Karlos Santamariak Zuzendaritzak baino hobeto zekien hori. Beronek proposatuta, oker ez banago, irtenbide gisa azkenean hautatu zen bideak Zuzendaritza "kolektibo" baten antza hartzen du: Arantzazuko Zuzendaritzari Erredakzio-talde zabal eragile bat eransten zaio. Hona partaideak eta eginkizunak: Rikardo Arregi (politika orokorrerako). Karlos Santamaria (zientzia eta pentsamenturako), Andoni Lekuona (soziologiarako), Xabier Kintana (biologia eta eboluziorako), Ibon Sarasola (literatura, poesia, zinema eta teatrorako), Jose Antonio Arana (euskal legedi eta kondairarako). 

Formula honek ez du iraupenik. Bateko, Arantzazuko Zuzendaritza desegin egiten da: eta ondorioz, Jakin Arantzazuko menditik kalera jaisten da. Zarautzen bizi den Joan Mari Torrealdai da arduradun berria. Besteko, Erredakzio zabal hori ez da erabilgarri edo operatibo. 
1967ko udazkenean, Idazle-Kontseilu koherente, langile eta ireki baten bila hasten da Zuzendaria, Karlos Santamaria eta Rikardo Arregiren laguntzarekin. Honela eratzen da Jakin talde berria: Zuzendari: Joan Mari Torrealdai; Erredakzio-buru: Karlos Santamaria; eta Erredakzio-lagun: Rikardo Arregi, Ibon Sarasola, Andoni Lekuona, Andoni Iturria, Ramuntxo Kanblong eta Piarres Xarritton. Laster ikusten da kontseilu zabal honen barruan, beste kontseilu txikiago, arinago eta biziagoa behar dela eta horrelaxe osatu zen zuzendariaren, Karlos Santamariaren eta Rikardo Arregiren artean. 

Etapa berri honetan Karlos Santamariaren eragina sakon-sakona da. Berari esker, itxuraz eta egituraz "Esprit" txiki bat bilakatzen da Jakin. Argitara ematen diren gai monografikoen eskemak bereak dira. Jakin-en editorialetan bere eskua eta pentsamendua dago. 1968-1969 urteetan ia dozena bat idazlan publikatu du, horien artean "Aljebra berria" (29 zk.) eta "Dimentsio bateko gizona" (35. zk.). 

Etapa berri honek ez du luze irauten, zoritxarrez. 1969ko abuztuan Gobernu frankistak erretiratu egiten dio Jakin-i kaleratzeko baimena. Ez da harritzekoa, aldizkariaren bide berria ez baitzen agintarien gustokoa. 1968ko uztailaren 1eko zentsura-txosten batean agertzen denez, honela kalifikatzen da Jakin-en bide berria: "La revista JAKIN, tanto en este número como en el anterior, ha dejado de ser una publicación para los teólogos de la Orden Franciscana. Parece más bien, por los temas que toca y por los artículos, un intento de convertir esta publicación en una revista para intelectuales, con tendencia socialista dentro de un vasquismo a ultranza". 

Debeku honen ondoren, Karlos Santamariaren beste lan-mota bat hasten da: bere izenaz eta adiskideez baliatuz Jakin-en argitara-baimena berreskuratzea. 

1970eko apirilaren 16an Valle de los Caídos-eko "Monasterio de la Cruz" delakoaren Abate Mitratua zen Dom Luis Lojendio donostiarrari idatzitako gutuna bidaltzen dit. Eranskin baten bere laguntza-jarrera argi eta garbi azaltzen du: "Nik ez dakit zer erantzungo dun, baina prest nago beragana joateko, gai hau erabiltzeko". 

Aipaturiko gutun horretan arazo honen konponbiderako laguntza eskatzen dio Dom Luis Lojendiori: 

"Querido Luis: 
Mis cosas van mucho mejor. Cualquier día, superando mi conocida alergia al Valle, te hago una visita, pues hay mucho que hablar. 

Por el momento te escribo en relación con la publicación "Jakin" de Aranzazu, que no se si conoces. Como creo que eres amigo de Sánchez Bella y aparte de esto tienes buenas relaciones en su Ministerio, tal vez puedas hacer algo para ayudar a la solución de este asunto. 

El caso es que "Jakin" fué suspendida —o mejor dicho no se hizo definitivo el permiso provisional que disfrutaba como otras muchas publicaciones— por estimar el Ministerio que se había salido de los límites para los cuales fue concedida la autorización. En efecto, parece que estimaba el Ministerio que en una Facultad de Teología no hay por qué ocuparse del Algebra moderna, del socialismo, etc. aunque sin citar casos concretos. El P. Provincial presentó un escrito dirigido al Consejo de Ministros en el que se razonaba explicando lo que es obvio, que en una Facultad de teología interesa todo lo divino y todo lo humano, porque si no no se puede formar a los estudiantes. Este escrito que data de ya hace varios meses no se ha contestado. 

(...). 

Pero si a la vista de estos datos crees que puedes hacer algo para que el escrito del Provincial sea contestado favorablemente puedo enviarte copia de algunos documentos y del mismo escrito para que estés en autos...móviles. Después podrías aconsejarnos, tú que conoces bien el paño, o incluso intervenir cerca del Ministro. 

En caso de que no te parezca oportuna ninguna intervención tuya dime una palabra. Vamos a movernos también por otros caminos". 

Lojendio jaunak bere jestioen berri maiatzean ematen dio Karlos Santamariari. Eta honek niri, bere balorazio eta guzti: 
"Lojendio adiskidearen eskutitz bat jaso dut, literalki hau diona: «Tengo una primera impresión del asunto que te interesa. La razón de la suspensión o de la no renovación de la licencia sería el haber salido fuera de la actividad religiosa señalada a la concesion. Del último escrito del 'pralle' no tenía noticia mi informador. Un nuevo planteamiento supondría la exigencia de director profesional». Nere ustez inpresio hau ona da, zuzendaritzat periodista bat jartzea erreza izango litzakelako. Zer da komeni, pralearen idazkiari jarraitzea ala bide berri bat hartu, lehengo idazkiaren kasurik egin gabe? Nik uste dut planteamendu berri bat egitea onena izango zala". 

Iradokitako bide honek ere egin du aurrera egin, egiazko orduan. Aldizkariak debekuopean segitu zuen 1977 arte. 

Aldizkaria debekatzean, Jakin sortari ematen zaio hasiera. Formula honek aldizkariaren izpiritua gorde nahi du liburu gisa argitaraturik ere. 

Jakin sortaren sorreran ere Karlos Santamaria dago. Honela adierazten dio berak Aita Luis Villasanteri 1969ko azaroaren 25ean asmo honen berri: 
"Badakizu 'Jakin' aldizkarian gertatu zaiguna. Istilu hori konpontzea ez dugu espero, oraingoz behintzat. Beraz, ez aldizkaritzat, baizik liburu-kolekziotzat jarraitzeko asmoa dugu. Hori erreza izango dela esaten digute ikasiek. Liburu bakoitzean gai monografiko bat erabiliko da, nahiz erlijiosoa, nahiz zientziazkoa, soziologi gisakoa eta abar, eta inkesta bat agertuko da gainera, gai berari buruz. Gai gaurkoak eta interesgarriak, danak, Frantzian egiten dan bezala. Lan bakoitza idazle batzuen artean egingo da, jakina". 

Gaur arte Jakin-i lotua jarraitzen du Karlos Santamariak. 1977an agertu behar zuen Jakin berriaz galdezka ere berarengana jo zuen Jakin taldeak. Gaiaren tratamenduaz, artikuluen luzeraz, kultur mailaz, dibulgazio-mailaz galdetzean honela erantzun zuen: 
"Bigarren puntuari erantzunez, eskema bat egiten dizut. 

Aldizkariak bost zati, sail edo sektore izan dezake: 
I. Artikulu on bat, gai sakonekoa, eta ongi tratatua. Artikulu merezidun bat, gure denboraren nolanahiko problemari buruz. Artikulu hau, aldizkari guztiaren bostetik bat izango litzateke, gehienez. 

II. Hiru artikulu, bigarren mailakoak, lehenengoak baino arinagoak, nahiz gaiagatik, nahiz formagatik. Hiruen artean, lehenengoaren dimentsioa izan dezakete. 

III. Zerbait "Esprit" aldizkariaren "Journal à plusieurs voix" sailaren antzekoa. 
Nere ustez, garrantzi handi handia du sail hau ongi egiteak. Gutxienez, alearen luzeraren bostetik bat. 

IV. Kronikak: zientziazkoa, erlijiokoa, etab. etab. (Kronika hitzak ez du esan nahi hemen, informazioa, baizik artikulu mota berezi bat informazioa eta reflexioaren arteko dagoena). 

V. Informaziokoak. (Sail txiki bat, berri berezi batzukin, edo arreta berezi bat merezi dutenak, baina oso gutxi)". 

Adierazitakoaren arabera, atalka bada ere nabarmendurik gelditzen da Karlos Santamariaren lan modua. Lankidetza idatzien gainetik azpimarratu behar da bere lan isila, ideiak proposatuz, alternatibak sortuz, behar diren laguntzak bilatuz eta eskatuz, bide berrietara gazte-jendea bultzatuz, etab. 

Euskaldunon Egunkaria 
Iadanik 1979n, kontseilari zela gainera, euskarazko egunkaria errebindikatu zuen Karlos Santamariak: "Egiazko herri zibilizatu batean garen erakutsi nahi badugu, Euskal Gizartearen martxa bultzatu nahi badugu, euskal egunkariaren konbatea irabazi behar dugu euskaldunok: Bi konbate batera: euskal egunkaria eta euskal eskola. Bi konbate hoik irabazteko kapableak garela frogatu arte, burua jasotzeko ere ez dugu deretxorik izango"121. 

Hitz gogorrak, baina zein argiak eta mamitsuak. Euskaldungoan gutxi ziren, artean, egunkariaren aldarrikapena egiten zutenak. Beti bezala, aurreratu egin zen Karlos Santamaria. 

Goraxeago erakutsia zuen Karlos Santamariak egunkariaren garrantzia zein handia zen euskararentzat: "Egiazko euskal egunkari batzuk lortu arte, desdiglosiaren bidean ezer ez dugula egin esan daiteke. 

Egunkaria da, hain zuzen, gaurko euskara diglosiko eta flakatuarentzat demarik handiena eta beharrezkoena"122. 

1979n garrantzizko bezin berde ikusten zuen egunkaria. Zergatik berde? Kazetaririk ez zegoelako? Ez. Diru faltagatik? Ez nahitaez. Irakurlerik eza da egiazko problema. "Nere ustez euskal prentsaren egiazko problema gure herriaren kultura eskastasunean dago besteak beste. Lau euskaldunetik batek bakarrik dauka euskaraz irakurtzeko behar den erreztasuna. 

Beraz prentsa eta eskolaren problemak guztiz loturik daude elkarrekin. Euskal prentsa eta euskal eskola batera hazi behar dira"123. 

Hamaika urte beranduago euskal egunkaria mamitzen hasten da: Euskaldunon Egunkaria. 
Karlos Santamaria proiektu horren partaide da. "Egunkaria Sortzen" talde eragileko lehen izena zein izango eta Karlos Santamaria da, laurogei urteko gizon gaztea. Laguntza moral handia eman dio Karlos Santamariak Euskaldunon Egunkaria-ri. Egunkariaren proiektuaren aurkezpen ofiziala Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuari egiteko orduan han da Karlos Santamaria, Joxemi Zumalabe eta Joan Mari Torrealdairekin batera. 

Egunkaria martxan hasi eta handik hilabete batera artikulu esanguratsua idazten du Karlos Santamariak bere egunkarian. Egunkariarekin, egunkariak erakutsi duen jokamoldearekin-eta, Euskadi euskaldun bat posibletzat jotzen du Karlos Santamariak. 

"Onar dezagun gaurko egoeran Euskadi euskaldun bat eraiki nahi izatea gauza kasik ezinezkoa dela. Dena dela, hortarako bide egokiak jartzen baldin badira, ondore harrigarriak lor daitezke euskararentzat. 

Baiezpen ausart hau egiaztatzeko nahikoa izango litzateke iraganaren gainean begiraldi bat botatzea. Euskaltzale gazte nintzen urrutiko urte haietan, nork sinestuko zituzkeen ordutik euskal baratzean egin diren aparteko aurrerapenak? 

Honi buruzko exenplu bat egunkari honetan bertan daukagu. XIX mendearen erdian agertu ziren lehenengo periodikoak, hitz honen esanahi modernuaz behintzat. Mende bat t'erdi behar izan da euskaraz ere gure lehenengo egunkaria izan dezagun. Mirari bat dirudi, baina hemen daukagu, euskal periodikoa, bizi bizirik, guztion eskuetan. 

Beste pausu asko egin behar da oraindik, egin ere, euskara plazara ateratzeko, baina orain arte lortutako arrakastek itxaropen handia ematen digute etorkizunerako. 

Bai, adiskideok, konfidantza eta adimenakin jokatuz gero, Euskadi euskaldun bat ez da amets zoro bat, errealitate posible eta zentzudun bat baino"124. 
 

1. "Problema", El Diario Vasco, 1966.07.31. 
2. Ib. 
3. "Ez erori diru-tentazioan, Zeruko Argia, 1965.11.21. 
4. Ib. 
5. Ib. 
6. Ib. 
7. Ib. 
8. "Problema", El Diario Vasco, 1966.07.31. 
9. Ib. 
10. Ib. 
11. Zeruko Argia, 1967.05.07. 
12. "Gazte ezagutzeko bati", Zeruko Argia, 1967.05.07. 
13. "Unibertsitateko kulturaz", Jakin II, 1, 1977 
14. "La Universidad y la Cultura", EUTG. 
15. "Unibertsitateko kulturaz", Jakin II, 1,1977 
16. "La Universidad y la Cultura", EUTG. 
17. Ib. 
18. "Cultura", El Diario Vasco, 1960.06.05. 
19. "La Universidad y la Cultura", EUTG. 
20. "El viejo y el fraile", El Diario Vasco, 1965.03.28. 
21. "Cultura", El Diario Vasco, 1960.06.05. 
22. "Unibertsitateko kulturaz", Jakin II, 1, 1977 
23. "Euskal kulturari buruz", JakinI, 33, 1968. 
24. 1966an puri-purian zegoen folklorearen aldekoen eta aurkakoen arteko polemika. Lekuko onak ditugu Zeruko Argia-n urte honetan agerturiko zenbait artikulu, bata besteari erantzunez (Xabier Gereñok "Folklorearen inguruan", otsailak 6; Jon Oñatibiak "Folklorea ta kanta berriak", martxoak 13; Gure foklorea arrisgoan?, martxoak 20; Bidanitar Ladislaok "Ye-ye ta folklore", martxoak 20; Juan San Martin-ek "Izkuntza ta etnia. Olaetxea jaunaren itzaldiari oar batzuk, irailak 18; Julen Calzadak "Izkuntza ta Etnia. Bizitzen iraun nai", urriak 16; Ibarrak "Euskeraz bizi geran bitartean..., jorrailak 17. 
25. Zeruko Argia, 1966.03.13. 
26. Zeruko Argia, 1966.02.22 
27. Ib. 
28. Ib. 
29. Zeruko Argia, 1969.04.06. 
30. Zeruko Argia, 1969.04.13. 
31. Zeruko Argia, 1969.04.20. 
32. "La cuestión de la haches", El Diario Vasco, 1965.12.05. 
33. "Euskal idazle bati", Zeruko Argia, 1967.02.26. 
34. "La Universidad y la Cultura", EUTG 
35. "Sarrera", Jakin I,34, 1969. 
36. "Euskal kulturari buruz", Jakin I,33, 1968. 
37. "La Universidad y la Cultura", EUTG 
38. Carlos Santamaría: "No saber euskera es una demostración de incultura", El Diario Vasco, 1987.09.28. 
39. Euskaldunon Egunkaria, 1991.04.28. 
40. "El euskera: un problema de sentimientos", El Diario Vasco, 1991.04.21. 
41. "Bilingüismo inteligente", El Diario Vasco, 1966.04.17. 
42. "Idiomas de lenguaje", El Diario Vasco, 1966.10.23. 
43. "De la misa a la media", El Diario Vasco, 1967.10.22. 
44. Zeruko Argia, 1966.09.18. 
45. "La noción de lo vasco", El Diario Vasco, 1966.10.16. 
46. "El euskera como lengua escolar", Euskera XXIV, 1979. 
47. "Egunetik egunera", Zeruko Argia, 1960.01.30. 
48. Ib. 
49. "Hiztegi modernoa", Zeruko Argia, 1969.08.03. 
50. Ib. 
51. "Egunetik egunera", Zeruko Argia, 1966.01.16. 
52. "Antziñako euskal-hitzen arteko batasunerako Euskaltzaindiaren eginkizun batzuek", Euskera, XIII, 1968, 234-236. 
53. Helburuez eta lan-metodologiaz gehiago jakin nahi duenak ikus beza Karlos Santamariaren "Euskaltzaindiko batasun hiztegia", Zeruko Argia, 1969.02.02. 
54. Euskal hiztegi analogikoari buruz", Euskera, XVIII, 1973. 
55. "Egunetik egunera", Zeruko Argia, 1966.01.16. 
56. Honela dio 1978ko martxoaren 13ko Dekretuak: "En Sesión del Consejo General del País Vasco celebrada el día seis de marzo de mil novecientos setenta y ocho,a propuesta de los Consejeros de Educación y Cultura, se adoptó el siguiente acuerdo: 
1º El Consejo General asumiendo la tradición de las Diputaciones de las cuatro provincias y el reconocimiento por parte del Estado de la Real Academia de la Lengua Vasca, y de los fines y funciones de la misma, acuerda adoptar a esta culta Corporación como órgano oficial del País Vasco, para la conservación, cultivo, fijación y unificación de la Lengua Vasca y solicitar de la Academia toda la colaboración necesaria a efectos de la acción del Consejo. 
2º El Consejo adoptará en el futuro cuantas medidas prácticas estén a su alcance para proteger la labor de la Academia y dar a esta Institución la dignidad, amplitud y eficacia que sus altos y nobles fines requiere. 
3º A fin de poder dar cumplimiento del acuerdo de la publicación del Boletín Bilingüe del Consejo, éste solicitará de la Academia de la Lengua Vasca la presentación de uno o varios candidatos para ocupar el puesto de Traductor Oficial del Consejo, y en base a esta misma propuesta efectuará la correspondiente designación. Asimismo una vez nombrado dicho Traductor Oficial efectuará, a propuesta de éste, los nombramientos necesarios para la organización de un Gabinete de traducción que funcionará bajo la inmediata dirección y responsabilidad del Traductor. 
4º. Se faculta al Consejo de Economía y Hacienda para consgnar en presupuestos las partidas necesarias para el cumplimiento de cuanto antecede". 
57. "El euskera como lengua escolar", Euskera, XXIV, 1979. 
58. Ib. 
59. Ib. 
60. Ib. 
61. "Bilingüismo inteligente", El Diario Vasco, 1966.04.17. 
62. "El euskera como lengua escolar", Euskera, XXIV, 1979. 
63. Ib. 
64. "De discriminación lingüística", El Diario Vasco, 1981.11.22. 
65. Ib. 
66. "Cultura y oficialidad", El Diario Vasco, 1982.01.17. 
67. "Los socialistas y el vascuence", El Diario Vasco, 1982.11.07. 
68. "Euskararen zapalkuntza", Jakin, II,24, 1982 
69. Ib. 
70. Ib. 
71. Ib. 
72. El Diario Vasco, 1991.01.12. 
73. "Euskadi Euskaldun bat", Euskaldunon Egunkaria, 1991.01.12 
74. Elhuyar, 1992.06. 
75. El Diario Vasco, 1991.04.21. 
76. "La escuela y el vascuence", El Diario Vasco, 1967.09.17. 
77. "El euskera como lengua escolar", Euskera, XXIV, 1979. 
78. El Correo, 1991.04.08. 
79. Horren berri Euskaldunon Egunkarian-n (1991.05.17) eman zuen Félix Artetxe Eskolako Zuzendariak: "Han, 1940an, Hernaniko erretore Karmelo Labaka zela, honek, Karlos Santamariak eta laguntzaile talde txiki batek lanbide Eskola bat sortzeari ekingo diote. Gizon haiei bere ahaleginean, "gazteri langileari Hezkuntza oso eta lanerako gaikuntza" emateko zuten ardurak bultza eta eragin zien. Zailtasun askoren artean, 1948an eta 20 ikaslerekin bere ihardunaldiari ekin zion eskolak. Karlos Santamaria, Eskolako Patronato Batzordeko Buru izan zen urte askotan". 
80. "Bide bakarra", Zeruko Argia, 1964.10.25. 
81. Ib. 
82. "Bilingüismo inteligente", El Diario Vasco, 1966.04.17. 
83. "¿El vascuence a la escuela?, El Diario Vasco, 1967.01.08. 
84. Ib. 
85. "La escuela y el vascuence", El Diario Vasco, 1967.09.17. 
86. "El euskera como lengua escolar", Euskera, XXIV, 1979. 
87. "¿Desikastolizar las ikastolas?", El Diario Vasco, 1989.11.17. 
88. Ib. 
89. Ib. 
90. "El euskera debe ir a la escuela estatal con todos los honores de la oficial", Euskadi, 1978.08. 
91. "Berri zahar baten kronika" izenpean hona Lontxo Oihartzabalen testigantza: "1.- 1978.a aurreratuxe zenean, martxo aldera edo, osatu zen Eusko Kontseilu Nagusi hura. Kontseilariak lankide bila hasi ziren han eta hemen lanpostu berriak itxuraz betetzeko asmoz. Eta gogo onez ala txarrez, ezer frogatu gabe dago oraindik, beren alderdiko ez ziren pertsona batzu aukeratu zituzten, hainbatetan, betekizun horietarako. Oraindik oraintsu salaketa batetan adierazi zaigunez, EEtik, HBtik eta ESEItik zetozenak edo izan behar zuten. 
2.- Karlos Santamaria jauna izan zen horrelatsuko erru bat egin zuena, bere lankidetzat onartu baitzituen Karmele Alzueta zena, Xabier Agirre, Lontxo Oiharzabal, Mikel Lasa, Xabier Mendiguren eta beste batzu. Horren kargu eskatu ere eskatu zioten bere alderdikideek orduko Hezkuntza Kontseilariari Durangon egindako batzarre batetan. Aukeratu zituenak aukeratu bazituen, beste egokiagorik ezagutzen ez zuelako hautatu zituela aitortu zien Santamaria jaunak batzarkideei, eta aproposagorik aurkeztuko baliote onartzeko prest zegoela, zeuzkanetatik batzu kanporatuz. 
3.- Xabier Arzallus jaunak, garaiko EAJko lehendakariak alegia, hartu zuen Hezkuntzarako alderdikide egokiak bilatzeko ardura eta erantzukizuna. Guzti honen berri ez zien gorde Hezkuntzako Kontseilariak bere lankide batzuei, eta baita hauei esan ere, bere ardurapeko lankideak presta zitzatela, ordua etorriz gero Kontseilaritza utz zezaten. 
4.- Durangoko batzar hura izan eta handik hilabete pare batetara edo, beste bilera bat izan ondoren, oso bestelako berriekin etorri zitzaigun Don Karlos: bere ordurarteko lankideekin segi zezakeela, azkoitiarrak ez baitzion ordezko egokirik aurkitzen alderdikideen artean. Eta horrelaxe segitu zuten Hezkuntza Kontseilaritzan ordurarteko infiltratu haiek. 
5.- Hilabete asko ez ziren pasa eta 1980.eko apirilean Jaurlaritza osatu zenean Etxenike jaunak hartu zuen Hezkuntzako ardularitza. Eta Karlos Santamariak utzi zizkion lankideekin segitzea erabaki zuen harek, beste berri batzu gehituz. Ikusten denez, nonbait, alderdiak ez zuen betarik izan hain epe laburrean Hezkuntzarako teknikari egokiagoak prestatzeko. Beraz, infiltratu haiek kanpoan uzteko aukera handiegirik ez zioten eskaini arduradun berriari. 
6.- Uste izatekoa da, Jaurlaritzaren beste Sailetan ere antzeko zerbait gertatua izanen zela. Aurkako frogarik ez da kaleratu behintzat. 
Hau guztiau Xabier Arzallus jaunari gogora ekarri nahi izan diot, hurrengo batetan, beste batzokiren batetan hitzegiterakoan, gogoan har dezan. Egiaren erdia esaten duenak gezur baitu beste erdia, oroimen txar baten akatsa ustegabean tartekatzen ez den heinean bederen. Eta nik dakidalarik, artereosklerosi izeneko gaitzak ez du, oraindik, Arzallus jauna jo". . (Egin, 1985.03.13). 
92. "El euskera debe ir a la escuela estatal con todos los honores de la oficial", Euskadi, 1978.08. 
93. "Laudatio del Prof. Jesús Mari Larrazabal", in: Discursos pronunciados con ocasión del Acto de Investidura del Prof. D. Carlos Santamaria Ansa como Doctor Honoris Causa por la Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Theoria, 1992, 16-17-18 vol. 
94. "Discurso del nuevo Doctor Honoris Causa, Profesor D. Carlos Santamaría", in: Discursos pronunciados con ocasión del Acto de Investidura del Prof. D. Carlos Santamaria Ansa como Doctor Honoris Causa por la Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Theoria, 1992, 16-17-18 vol. 
95. Ib. Zentru honi buruz informazio gehiagotarako ikus "Enseñanzas Superiores", El Diario Vasco, 1960.02.07. 
96. "Comisión de planificación de la Universidad Vasca", barne-txostena, 1978. 
97. Jakin 1, 1977. 
98. Ib. 
99. Ib. 
100. "Sin una universidad vasca, no saldremos de la diglosia", Deia, 1978.05.12 
101. Egin, 1978.05.11. 
102. "Discurso del nuevo Doctor Honoris Causa, Profesor D. Carlos Santamaría", in: Discurso pronunciado con ocasión del Acto de Investidura del Prof. D. Carlos Santamaría Ansa como Doctor Honoris Causa por la Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Theoria, 1992, 16-17-18 vol. 
103. "¿Universidad vasca?", Deia, 1977.11.09. 
104. Ib. 
105. "La Universidad y la Cultura, EUTG 
106. Ib. 
107. Ib. 
108. Ib. 
109. Ib. 
110. "Triple autonomía para la Universidad Vasca", Deia, 1977.06.10. 
111. Ib. 
112. "La Universidad y la Cultura", EUTG. 
113. "Enseñanza Superior. Conferencia General. II Kongresoa", Eusko Ikaskuntza, 1920. 
114. "Solas aurrearen gisa", Zeruko Argia, 1963 
115. Ib. 
116. Ib. 
117. Ib. 
118. "Gauzak" esatea, Zeruko Argia, 1964.01.05. 
119. "Fedea", Zeruko Argia, 1966.12.25. 
120. Ib. 
121. "Euskara eta prentsa", Egin, 1979.09.29. 
122. Ib. 
123. Ib. 
124. "Euskadi Euskaldun bat", Euskaldunon Egunkaria, 1991.01.12.

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA