Karlos Santamaria eta (euskal) kultura
Joan Mari Torrealdai
PRENTSA
Prentsari buruz Karlos Santamariak ez du asko idatzi. Idatzi duena,
oker ez banago, ia osoki euskal prentsa dela eta egin du.
Prentsan Karlos Santamariak asko idatzi du, mila bat idazlan plazaratu
ditu han-hemengo halako eta holako komunikabideetan. Idazle profesional
ez den batentzat asko da. Erdaraz idatzi du gehiena, baina mordoska bat
du euskaraz.
Euskal komunikabideetan idatzi bai, baina ez hori bakarrik: bere jakituria,
bere "izen ona" erabili du horiek sortzeko eta indartzeko, batez ere Zeruko
Argia-n eta Jakin-en; eta azken orduan, Euskaldunon Egunkaria-n. Eszeptiko,
"fedegabe" eta ezkor guztiei parean fedea jarri die Karlos Santamariak.
Fedea eta obrak" "Fede gutxiko gizon aiek amaika eragozpen ikusi arazten
ziguten", dio berak 1966an Zeruko Argia-ren 200. zenbakia ateratzean. Euskarazko
komunikabideetan Karlos Santamaria ez da idazle soila, partaide ere bada.
Erdal prentsa eta aldizkariak
Karlos Santamariak prentsan idatzi duenaren (ia) %90 erdaraz idatzi
du, gaztelaniaz eta frantsesez. Liburu eta saioetan are handiagoa da erdal
produkzioaren gehiengoa.
Prentsan sistematikoki kolaboratzen La Voz de Espaņa Donostiako kazetan
hasi zen, 1945 aldera. 7 urtetan 30 bat artikulu idatzi ondoren, Ya egunkarian
hasten da 1953 aldetik 1958 aldera bitartean 30 artikulutik gora idatziz.
Eta asteroko idazle bezala El Diario Vasco egunkarian finkatzen da "Aspectos"
sailarekin: 550 lankidetza eta gehiago ditu hemen, 1956-1968 bitartean
%70 eta 1980tik (Eusko Kontseilu Nagusia utzi ondoren) 1983ra bitartean
%30. Geroztik, 1985etik aurrera, "Puntos de vista" sailean ere makina bat
artikulu idatzi ditu. Ez da dudarik: "Aspectos" sailak markatzen du Karlos
Santamariaren estiloa: maisukiro menderatzen du artikulu-mota hori, labur,
bizi, iradokizunez betea, kritikak esan baina adierazi, tentuz, neurriz,
erabilera fina, kritika estalia, aisago eginez.
Aipaturiko organuetan ez da agortzen, hala ere, Karlos Santamariaren
artikulugintza. Frantziako eta Espainiako komunikabide gehiagotan ere bere
lanak argitara eman ditu, hala nola, El Ciervo-n, La Croix-en, Semaine
des Intellectuels Catholiques, Criterio, Documentos, Pax Christi
eta beste 50 bat aldizkaritan, denetara. Lan-barreiaketak badu esplikazio
bat, erraza: Donostiako Solasaldiak tarteko eta Pax Christi-ko idazkari
internazionala izanik, organu desberdinek bere lankidetza eskatu ohi zuten.
Internazionalki ez zen nornahi Karlos Santamaria, bistan da. |