Bakea eta gerra. Etikaren eta teknikaren artean
Paulo Agirrebaltzategi
Maixuak
"Creo que no hace falta que explique al lector que Luther King era uno
de mis grandes maestros espirituales" (S. Juan Gurutzekoarekin, Gandhirekin
eta Rabindranaz Tagore-rekin batera omen zeuzkan haren obrak). ("Luther
King",El Diario Vasco, 1968.04.14)
Norberaren pentsaeran gehien eragiten duten maixuak eta norbere jokaerari
gehien eragiten dioten ereduak sarritan berberak izaten dira; baina beste
batzutan maixu intelektualak eta bizierako ereduak bereizi egiten dira.
Horregatik, bi ataletan emango ditugu Karlos Santamaria bakearen pentsatzaileak
eta bakearen eragileak bere idazkietan aipatzen dituen iturriak eta pertsonaiak.
Horietako batzuk atal bietan agertuko dira.
Biblia
Karlos Santamariak ez du inoiz ezkutatu bere kristau-fedea. Bakeari
eta gerrari, biolentziari eta pazifismoari buruzko bere doktrinan, Bibliatik
eta bereziki Ebanjelioetatik edaten du etengabe. Sarritan aipatzen du Ebanjelioa
bere artikuluetan.
Aita Santuak
Beraren lehen faseko idazlanetan, bereziki Pax Christi-ko idazkaria
zelarik, maiz aipatzen ditu aita santuen hitzaldiak eta irakatsiak, bere
iritziak oinarritzeko. Bakeari buruz batez ere Pio XII.ren doktrina iruzkintzen
du sarritan.
San Agustin
Bakearren kontzeptuari dagokionez, gehienbat autore klasiko honengandik
edaten du Santamariak, hori azaltzean agertu denez. Bere "In search of
a Concept of peace" artikuluan azaltzen duen bakearen kontzeptu jatorra
San Agustinen definizio 'osotuaren' —gogoratu 'concordia' kontzeptua— glosa
eta oharrak dira. azken batez; lau hitz hauetara bildua: Konkordia, askatasuna,
ordena (=justizia), lasaitasuna (tranquilitas).
Francisco de Vitoria
Behin baino gehiagotan aipatzen du autore hau, batez ere 'nazioarteko
zuzenbideaz' diharduenean. Berorrengan oinarritzen du, besteren artean,
nazioarteko zuzenbide 'objektibista', 'kontraktualistaren' kontra.
("Revisión de los conceptos fundamentales del derecho internacional", Ya)
Francisco Suárez
Honen itzala ere nazioarteko zuzenbide objektibistaren alde ateratzen
du. Karlos Santamariak hain bihotzekoa duen ideia —estatuen subiranotasunaren
mugatu beharra, gizadi osoaren interes amankomunaren izenean— bi autore
horietan oinarritzen du, aita santuengan ezezik.
Edward Thompson
Aztertzen ari garen epeko azken urteetan idazle eta ekintzaile pazifista
honen alde bero-bero agertzen da Karlos Santamaria. Beraren 'exterminismoaren
teoria' aztertu zuen 1983ko El Diario Vasco-ko artikulu batetan (urriaren
30ekoan): "El exterminio"18. Beraren azken liburuko bibliografian ere autore
honen bi liburu jasotzen ditu. Gure artikuluen 'corpus'eko azkenekoan ere
(1986), Thompson-engan ikusten du etorkizuneko pazifismoaren ideia garbiena:
benetako eragin politikoa bilatzera joko duen pazifismoa19.
Jacques Maritain
Ezaguna da Karlos Santamaria Frantziako filosofo kristauaren mireslea
eta jarraitzailea izan dela. Autore hau ez du guri dagozkigun artikuluetan
askotan aipatzen. Baina bere artikulu nagusietako batean, "In search of
a Concept of Peace" izenekoan, Barth teologo kalbinistaren kontraposizioan
ipintzen du, bake 'tenporalaren' aldeko ekintza politikoaren defentsan,
Barth ez baita horren eraginkortasunaz fidatzen.
Jaime Luciano Balmes
Jasankortasunari edo tolerantziari buruz ari denean bereziki, behin
baino gehiago jotzen du autore horrengana. "Los que de veras quieran hacer
algo positivo en ese campo (tolerantzia erlijiozkoan) deberán escuchar
el consejo de Balmes, no confiando tanto 'en las medidas preventivas y
represivas' como en el uso de 'medios intelectuales y morales'". ("Conferencia
importante", ElDiario Vasco, 1959.05.10) Baina autore honen irakatsiak
bereziki erabili zituen bere "El problema de la intolerancia en el catolicismo
español" artikulu luzean, 1953an Cuadernos Hispanoamericanos aldizkarian
argitaratuan.
Menéndez Pelayo
Tolerantzia zibilari buruzko doktrina aztertzean aipatzen du batez
ere autore hau, sarritan Balmes-ekin batera. Baita Unamunorekin batera
ere20.
Max Sheler
Beronen La idea de paz y el pacifismo liburutik jaso zituen 1960ko
artikulu trinko batetan belizistaren argumentuak eta horien kontrako pazifistaren
erantzunak21. |