Bakea eta gerra. Etikaren eta teknikaren artean
Paulo Agirrebaltzategi
"Los romanos decían desde muy antiguo: "Si quieres la paz, prepara la gerra".
Es un principio muy latino y que tiene su parte de verdad. Los estados
poderosos vienen aplicándolo desde hace siglos y nunca han cesado de preparar
la guerra. Mas no por eso el mundo ha conocido la paz.
Ha lllegado la hora de preguntarse si no habría que reemplazar el principio
latino por este otro más cristiano y seguramente más razonable: "Si quieres
la paz, prepara la paz" (Karlos Santamaria: "Día de la paz", El Diario
Vasco, 1958-05-18).
Bi esaldi txiki horietxek laburbiltzen dute egokien Karlos Santamariaren
pentsaera osoa, bakeari eta gerrari buruzkoa. Horixe azaltzen saiatuko
gara, hain zuzen ere hemen. Horretarako berak idatzitako dokumentuak erabiliko
ditugu: artikuluak, hitzaldiak, liburua. Gerra eta bakea kontzeptu korrelatiboak
dira: antitetikoak... Gerra-bakeak edo bake-gerrak! Horrexegatik doaz,
hain zuzen, elkarrekin guztiz lotuta pentsamenduaren historian. Baina badago
'bake armaturik' eta 'gerra hotzik' ere. Horrek esan nahi du, kontzeptu
mailan antitetikoak izan arren, errealitatean gerra eta bakearen arteko
bereizkuntza ez dela gehienetan garbia; gerraren eta bakearen kontzeptu
juridikoak aparte, etengabe ezagutzen ditugu gerra-egoerak gerra-deklaraziorik
gabe ere; armamentu-lasterketan eta disuasio-estrategian oinarrituriko
"bakea" gerra-tartea baino gehiago gerrarako bidea da; mila bake dago bake-izenik
merezi ez duenik...
Luzea da gerra-bakeei buruzko pentsamenduaren historia, luzea baita
gerraren historia ere; bakearena bezain luzea seguruenik. Mendebaldar zibilizazioaren
hasieran Homerok bere Iliada-n behin eta berriro errepikatzen du "gerra
negargarria" zelako hura. Gerora historigileek, filosofoek, teologoek,
poetek eta bestelako idazleek kontatu (kantatu ala deitoratu) dute gerra
eta bakea aldarrikatu. Bakoitzak bizi izan du gerra handiren bat, "inoiz
aurretik izandako edozein baino ikaragarriagoa eta ankerragoa". Tuzidide-rentzat
Peloponeso-ko gerraren aurretik "ez zen ezer gertaturik halako mailakorik
ez gerratan eta ez bestelako alorretan". Platon, Sokrate, Aristotele, Virgilio,
Marko Aurelio, San Agustin, San Toma Akinokoa, Machiavelli, Hobbes, Locke,
Kant, Hegel, Tolstoi, Freud: denek jaulki digute beren iritzia gerrari
eta bakeari buruz.
Gerra historiatik eta gizartetik baztertu ezinezkotzat jo dutenen ondoan,
betirako bake unibertsala kantatu edo aldarrikatu dutenak dauzkagu: Virgilio-rengandik
hasi, Danterekin jarraitu eta Kant eta ondokoenganaino. Gerrak egin, eragin
eta irabazi —nahiz galdu— dituzten hainbat general eta politikari sonatuen
ondoan, bakea predikatu eta landu duten profetak, intelektualak, santuak...eta
gidari politiko eta sozialak ez dira falta izan.
Azken hauen ildokotzat jo genezake Karlos Santamaria: pentsalari eta
idazle, profeta eta eragile sozial, biolentziaren eta gerraren salatzaile,
eta bakearen defendatzaile eta zabaltzaile. Berak ere biziak zituen gaztetan
Espainiako gerra zibila, munduzabaleko bigarren gerra: aurrekoek bezala,
inoiz izandako edozein gerra baino ikaragarriagotzat jo zuen berak ere
azken hori. Gai honi buruzko bere lehenengo artikulua honelaxe hasi zuen,
hain zuzen ere: "Como si fuese poco el haber vivido una larga guerra —'más
violenta, más extensa y más cruel que ninguna otra'—..."
Zalantzarik gabe, berak zabaldu du gerra eta bakeari buruzko mendebaldeko
pentsamenduaren haria Euskal Herrian, beste inork baino gehiago, gatazka
modernoen bere azterketa zorrotzez, bere jendaurreko gogoeta kritikoz eta
bere idazkien pedagogia hurbilekoz. Gure gizona beti erne agertzen zaigu
gorabehera, krisialdi eta gatazka politiko eta militarren, hurbilekoen
eta nazioartekoen aurrean.
Euskal Herriko aspalditiko biolentzia ere ez da tabu izan berarentzat,
eta horren analisia egitean eta bere iritzia ematean ez du atzera jo.
Karlos Santamariaren bakeari eta gerraren inguruko pentsamenduari buruz
bestek ere idatzi du lehenago. Hemen Joxe Azurmendik Jakin aldizkarian
argitaraturiko artikulua aipatuko dugu bereziki1.
40 urteko ibilaldia bake-lurralderako bidean
Bi gerra handiren —Espainiako gerra zibilaren eta II. Munduzabaleko
Gerraren— esperientzia latzetik aterata, bakearen lurralderako bideari
ekin zion kemenez Karlos Santamariak. Beraren idatzien garaiari begiratzen
badiogu, 40 urte irauten du ibilaldiak: 1945-1945. Badu, eduki ere, basamortuko
Exodoaren antzik Karlos Santamariaren bideak. Ez da bakartiaren bidegintza
izpirituala izan; hori garrantzikotzat joz ere, bakerako bide kolektiboa
eta soziala egin beharra aldarrikatu du etengabe berak. Gidariaren erantzukizuna
hartu izan du gainera: Horretara datoz bere neke gabeko mezua eta ekintza,
idatzitan, hitzalditan, batzarretan, mugimendu sozialetan. Beraren azken
idazkiei begira, esan daiteke 40 urteko ibilaldiaren ondoren, bakearen
lurraldea ez dela artean ageri; baina 1985etik aurrera bere eginkizuna
betetzat eman du nonbait, gidari berriak izango diren uste onez seguruenik.
Hemen Karlos Santamariaren bakeari eta gerrari buruzko pentsaera aztertu
behar dugu, beraren idatzietan eta hitzaldietan oinarriturik. Horren idazletza
1945etik 1985era luzatu da, goraxeago adierazi dugunez. 1934-1935 urtetan
matematikaz argitaraturiko bi artikulu kenduta, 1945ean ekin zion bere
idazletza jarraikoari: urte horretakoa du hain zuzen, gerra eta bakeari
buruzko bere lehen idatzia, Hiroshima-ko bonba lehertu ondoko egunetakoa:
"Se está iniciando la fase final de la Historia del mundo? A propósito
de la bomba atómica" zuen titulua lehen idazki hark. 1985rarte luzatu da
beraren lumazko lana, hitzezko, ekintzazko eta eraginekoari lotua. Geroztik
artikuluren bat edo beste du bakarrik argitaratua. Horien artean bat da,
hain zuzen, guretzat guztiz adierazgarria, bakeari buruzko beraren 'kanpainaren'
eta gogoetaren bidea nolabait burutzen duelako, irakurlea aurrera begira
jarriz: "El futuro del pacifismo"2.
Karlos Santamaria ez da bakea eta gerraren ideologo hutsa izan: gerraren
beztaile eta bakearen mezulari. Ekintzaile eta eragile sozial izan da urte
askotan. Pax Christi mugimendu katolikoaren nazioarteko lehen idazkaria
izan zen, A. Lalande frantsearekin batera, eta Pariseko Feltin kardinalearen
lehendakaritzapean3. 1966an utzi zuen. Mugimendu beraren Espainiako Sekzioa
berak eratu zuen, eta bertako lehen idazkaria izan zen, 1960 arte; baina
zuzendaritzan jarraitu zuen, Aholku-Batzordearen lehendakari eta Sekzioaren
lehendakariorde.
Abuztuko 11ko data darama beraren lehen artikuluak, La Voz de
España egunkarian argitaratuak. Bost egun lehenago Hiroshimako bonba atomikoa
lehertua zuten; hiru egun lehenago Nagasakin zuten beste bat jaurtia. Bi
hiri horietako sarraskiaren oroimena ia etengabea izango da Karlos Santamariaren
idatzietan: 1976ko artikulu batean berriro gogoratzen dizkigu 1945eko abuztuaren
6 hartan suertaturiko 75.000 biktimak.
Berrogehi urtetako tarte luze horretan 100 idazlanetik gora argitaratu
ditu Karlos Santamariak dagokigun gaiari buruz, gehienak Donostiako El
Diario Vasco-ko orrietan, eta besteak hainbat egunkari eta aldizkaritan
banatuta:
El Diario Vasco ......................................... 65
Pax Christi .................................................. 8
Argia .......................................................... 5
Voz de España ............................................ 4
Jakin ........................................................... 3
Incunable .................................................... 2
Documentos ................................................ 2
Cuadernos Hispanoamericanos ..................... 1
Criterio ........................................................ 1
El Ciervo ..................................................... 1
Jaunaren Deia ............................................. 1
Mission et Charité ........................................ 1
Punto y Hora de Euskal Herria ..................... 1
World Justice ............................................... 1
Justice dans le monde ................................... 1
Besterik ...................................................... 3
Artikulu motz-luze guztien ondoan bakeari eta gerrari buruz berak idatzitako
liburua aipatu behar dugu hemen: La amenaza de guerra nuclear. Estrategia,
política, ética, Idatz argitaldaria, Donostia, 1985. Donostiao Elizbarrutiko
Teologia eta Pastoraltzako Institutuaren ardurapean emandako ikastaldiaren
fruitua da liburu hau. Honako kapitulu hauek ditu: I. Cuarenta años de
no-utilización del arma atómica, II. La negociación nuclear, III. El proceso
del arma nuclear, IV. La situación actual, V. Pacifismo y razones éticas
contra el arma nuclear.
Agian batenbatek uste izan dezake beraren urte luzetako pentsaeraren
eta ekintzaldiaren amaian datorren obra hau beraren azterketaren sintesia
izan daitekeela. Nolabait bada, batez ere azken kapitulua bereziki aintzakotzat
hartzen baldin badugu. Baina beraren osoan ez dut uste benetako sintesitzat
hartzerik dagoenik. Funtsean monografikoa da liburua, arma nuklearrei buruzkoa;
eta V. kapitulua horren eranskintzat har daiteke. Karlos Santamaria urte
luzetan jaulkiz joan den gogoeta eta pentsaera askozaz aberatsagoa eta
ugariagoa da, liburu horretan bilduta dagoena baino. Hala ere, esan beharra
dago, bertan garatzen duela bere gogoeta eta irakatsi handienaren atzean
dagoen arazo eta buruhauste nagusia: bonba atomikoarena eta horren ondoriozko
gerra nuklearraren arriskuarena.
Karlos Santamariak ez du benetako obra sistematikorik idatzi gerra
eta bakeari buruz. Gehienetan munduko eta inguruko gertakari, gorabehera
eta gatazka sozial, politiko eta militarrei begira idatzi izan du, horietako
bakoitzaren aurrean bere gogoeta eta iritzia ipiniz4. Aipaturiko liburu
horren azkenean eskaintzen digu, hain zuzen, obran aztertzen diren arazoen
inguruko kronologia, 1945etik 1985era doana. Beste idazki guztiei begira
kronologia hori osotzeak balio berezia edukiko luke; baina beraren pentsamenduaren
azalpena egitean, eta idazki jakinak aipatzean, horiek gertakari historikoen
testuinguruan kokatzen saiatuko gara.
Baditu gure autoreak idazki luze batzuk ere, sarritan aurretik hitzalditan
emanak, eta bere pentsamenduaren puntu nagusiak sakonetik eta aski sistematikoki
azaltzen dituztenak. Hemen bereziki aipatu nahi ditugu, titulu eta data
— El Pacifismo cristiano (1951)
— El problema de la intolerancia en el catolicismo español (1953)
— Conférence du Congrès Pax-Christi. Paris, 19-20 mars 1955*
— Responsabilités et limites du Membre de Pax Christi à l'égard
de la paix temporelle (1956; idazlan oso dokumentatua, oin-oharrak kenduta
gaztelaniaz ere urte berean Criterio aldizkarian argitaratu zuena)
— La acción personal del cristiano (Criterio aldizkarian argitaratua,
1956)
— In search of a Concept of Peace (frantsesez ere argitaratua) (1960)
— Action pour la Paix et réalisme politique (1962)
— Marxistas y cristianos ante la violencia (1968)
— La violencia armada en el País Vasco (1980)
— Gerra nuklearraren mehatsua eta Europako egoera (1984)
— Karlos Santamaria gerraz eta pazifismoaz. "Arriskua amerikarren defentsa
planean dago" (Argia aldizkariak egindako elkarrizketa, 1985)
— El futuro del pacifismo (1986)
* Idazlan hau ez da zuzen zuzenean gerrari eta bakeari buruzkoa; baina
hemen sartzen dugu, arazoari buruzko bere jarreraren funtsean dagoen pentsaera
filosofiko-gizatiarra, beste hainbat artikulutan ere adierazten dena, sistematikoago
agertzen delakoa: hau da, tolerantzia, beronen alderantzia den erlatibismoarekin.
Izan ere, Karlos Santmaaria bere jarrera guztietan zerbait ez baldin bada,
dogmatikoa behintzat ez da.
Dagokigun gai honetan Karlos Santamariaren pentsaerak baditu bere hari
nagusia eta bere kapitulu funtsezkoak, ia etengabe agertzen direnak berrogei
urtetan zehar. Beraren iritzietan baino gehiago aurki daiteke eboluziorik
berak garai bakoitzean darabiltzan kezka handietan; garai bakoitzean beraren
idazkietan nagusi diren diren arazo eta kezken arabera, badirudi sei alditan
bana genitzakeela beraren idazkiak:
— 1945-1946: Bonba atomikoaren aurreko garrasia
— 1949-1951: Bakearen oinarri etikoak eta kristauak
— 1955-1958: Pax Christi, bakearen aldeko kristau mugimendua
— 1959-1968: Pazifismoa eta bortxa-eza
— 1969-1979: 'Ixilaldia' (ez du ia ezer idatzi garai honetan)
— 1980-1985: Biolentzia iraultzailea Euskal Herrian. Desarme nuklearra
munduan
Garai bataren eta bestearen artean halako ixiluneak dituela esan daiteke.
Sakontzen ari da? Karlos Santamaria ezagutuz, baiezkoa esango litzateke.
Ez da arinki idazten duen gizona. 1955-1968 bitartekoa hamalau urteko produkzioa
oparo eta etenik gabea da, baina bitan banatu dugu, beraren kezka eta pentsaeraren
erdigunea aldatu egiten delako, iruditu zaigunez.
Harrigarria gertatzen da 1969-1979 bitarteko Karlos Sanatamariaren ixilaldia,
gure gaiari dagokionez, hamaika urtetan ez baitu ia ezer idatzi. Seguruenik
beraren biografia orokorrak esplikatu ahal izango du hori. —Ez gara hemen
horretan sartuko—.
Aipaturiko oinarrizko artikuluak eta bestelako batzuk aparte, unean
uneko gertakarien ildotik idatzi du gehienbat, bada, gure autoreak; horietaz
baliatu izan da, hain zuzen ere, bere pedagogia errealista egiteko, egunkarietako
zutabearen eta aldizkarietako lankidetzen bidez. Idazteko modu horretantxe
aurki daiteke artikulu batetik bestera irakurleak noizbehinka topa ditzakeen
esaldi itxuraz inkoherente eta kontradiktorioren batzuren zergatia. Gertakarien
arabera pentsamenduaren ikuspegiak eta insistentziak ere aldatu egiten
dira. Bere pentsaeraren puntu eta ildo nagusietan, berriz, Karlos Santamaria
finkoa eta aski lineala da berrogei urteotan.
Baina gure autoreak ezer nabarmentzen badu, gerra-bakeen arazoak gaur
duen konplexutasuna izan da, eta horren barruan sarritan iritzi eta jarrera
guztiz mugatuak eman beharra eta behinbetirakoak ezin emana. Horretatik
dator noski, hainbat punturi buruz gauzak zalantzapean eta iritzi zorrotzik
gabe uzten dituen inpresioa. Adierazgarria da Che Guevara-ren
heriotzekoan idatzitako artikuluko azken galdera —"Eta moralista ta teologoeri
egiten diet galdera: kristauen bidea, nundik?"—, haren bidea kondenatzeaz
argitzen ez delako kristauen bakearen eta justiziaren aldeko jokabidea,
benetan eraginkorra izango dena, nolakoa izango den.
1986an bukatu zuen guretzat gerra eta bakeari buruzko bere gogoeta eta
azterketa jendaurrekoa. Geroztik egoera geopolitikoa oso aldatu da.
Hiru aldetatik nabarmenduko nuke bereziki aldaketa hori:
a) Bi bloke ideologiko, politiko eta militarren desagertzea. Horren
sinbolo nagusia zen Berlingo harresia bota zuten 1989ko azaroan, eta handik
urtebetera Alemaniaren batasuna etorri zen.
b) Armamentu nuklearren murriztapenerako hitzarmena, SESBen eta USAren
artekoa. 1983-85 bitartean START izeneko blokatuta egon ondoren, berriro
hasi eta burutu ahal izan zituzten 1991ko uztailean, Gorbatxov-en eta Bush-en
artean, buru nuklear eta bonba atomikoen bi aldetatiko murriztapen esanguratsua
hitzartuz. Dena dela, ez USAren aldetik eta ez Errusiaren aldetik ez diote
arma nuklearren bildegiei uko egin. Bestalde, eta Europako eta bi blokeen
arteko distentsioaren ondorioz, Amerikak Eruopan zituen tropak erdira ekartzeko
erabakia hartua du.
c) ONUk azken urteotan izan duen interbentzio-politika: Irak, Sudan,
etab. Badirudi, blokeen erortzeak ahalbideratu duela hori ere. Karlos Santamariak
sarritan eskatu izan duen aginte supra-estatalena eginez interbentzio-eskubidearen
egikaritzea ote da? Beraren iritzia jakin beharko litzateke interbentzio
militar horiei buruz.
Baina ez dagokigu guri gure autorearen ondoko urteen analisia egitea,
ezta ere Karlos Santamariak orain zer idatziko lukeen asmatzea. Jakingarria
litzateke noski berak une honetan nola ikusten dituen gauzak; seguru baduela
bere iritzia, azken zortzi urteotako nazioarteko aldaketa politiko eta
militar handien haritik landua, beraren ezaugarrietako bat izan baitzen
beti munduko egoera politiko, sozial, ekonomiko eta diplomatikoari barrutik
begiratzea, eta hori aztertzea, baita pazifismoaren formak horren arabaera
egokitzeko ere.
Baina aspalditxoko urteotan ixilik daukagu Karlos Santamaria. |