KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK
Paulo Agirrebaltzategi, Xabier Apaolaza, Joxe Azurmendi, Xabier Eizagirre, Joseba Intxausti & Joan Mari Torrealdai
 
Aitzin-oharra 
Joxe Azurmendi 
Bakea eta gerra. Etikaren eta teknikaren artean 
Paulo Agirrebaltzategi 
Karlos Santamariaren pentsamendu politiko-soziala 
Xabier Apaolaza 
Karlos Santamariaren ideiak eta ekintzak  
Joxe Azurmendi 
Zientzia, Teknika eta Gizartea, Santamaria matematikariaren pentsamoldean 
Xabier Eizagirre eta Andoni Ibarra  
Nazioartetik Donostiara. Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián (1935.1947-[1958]-1959)  
Joseba Intxausti  
Karlos Santamaria eta (euskal) kultura 
Joan Mari Torrealdai
 

AITZIN-OHARRA 

Joxe Azurmendi

Kapitulu batzuek trataera berezitua eskatzen zuten Santamariaren pentsamenduan eta obran: ez dagoelako behar bezala erakusterik horiek -sakontzerik, xehatzerik- azalpen orokor batean. Santamariaren gogoetako eta ekintzako gai zentralenak dira, hain zuzen. Bere obran ere, urteak joan urteak etorri, behin eta berriro datozenenak, eta konplexuenak horregatixe. Seriotasun piska batekin azaltzekotan, arta monografikoa zor zitzaien. 

Ondoren Santamariaren pentsamenduko halako bost gai edo ikerketa monografiko hautatu eskaintzen dizugu: 

1) Zientzia eta teknologiarena: teknologiak eta zientziak ezaguarazten dute, izan ere, oraingo Aroa; hau da, "gizaki modernoa, Ernazimentuan jaio zen hori, hobiratu aginean dago" Heideggerek aspalditxo esan eta beste berririk antzokian oraino agertzen ez zaigunekoa, bizi garen Iragaitz Aroa alegia. Geruza geologiko sakonen oldarrarekin konparatzen du Santamariak: haiek azpitik bultzaka lurgaina iraultzen duten eran, teknologiak ere (zientziak) gizartea, mentalitatea, kultura ohikoa irauli egin ditu, orain arteko bere teilape morala gizakiari apurtuz. Gizakia etxe gabe dago, moral eta izpiritualki, lurjota iragana eta airean etorkizuna, baina eskuak tresna material ahaltsuz beteta, bizileku gizatiarrago bat eraikitzeko, Aro Berria. 

2) Estatua, Nazioa: baliapide teknologiko berriek jo eta pasata utzi dute gizarte politikoaren forma modernoa, Estatua, bai bere barru sakratuan eta bai bere kanpora, Estatu artekotasunean, kontzeptu politiko sendoenak (Estatu subirania, etc.) arras hutsalduz. Ordua. beraz, deliberatzeko gizarteen eta herrien bakezko elkarbizitzak zer-nolako formula berriak hedatu beharko dituen etorkizunari buruz, Erdi Arotik orain arteko eredu, hein handi batean oraindik indarrekoen lekuan. Ordua, euskaldunok ere izpiritu berriarekin, hots, gizadiaren premia kultural eta ahalmen teknologiko berrien arabera berpentsatzeko euskal arazoa, aspaldian Estatuarekin eta historiarekin moldegaizki daramagun arazo zaharra. 

3) Euskara, euskal kultura: ez da izan gure pitxi bitxi partikularren zaletasuna soil, Santamaria euskararen alde permatzera ekarri duena, pertsonaren eta munduaren bere ikuskera baizik, mundu ederrago eta humanoago baten ametsa, bere balioespenarekin Estatuarena baino lehen "aberri haragizko" historikoena (komunitate nazionalena) eta Estatua baino harago gizadi herrien aberasgarri anaitasunezko batena. Guztiz praktikoak, h. d., organisatiboak, pedagogikoak, are lexikalak edo gramatikalak tarteka, eta halaber teorikoak, noiz edo behin politikoak, izan dira Santamariaren zereginak nahiz gogoetak alor honetan: euskaldunok, munduaren alde eta aldi honetan, nola izan taldea, ez artaldea. Nola izan herri bat, baina herrian bakoitza norbere buru, ez artaburu. H. d., arazoa norabide ezberdinetatik kontsideratuz, dimentsio bakarreko problema bezala gabe. Euskararen apostua konplexua da (euskal kulturarena, ondo ulertzeko): aurrean duen errealitatearen ukoa eginez eta eraginez, bere burua baieztatu, baina baiezpenez gainditu, eraldatu, komunitate moderno baten kultura (mintzaira) bilakatu, bilakatu ahal izateko prestatu, gaitu... Labur: nornahik eduki ahal izan dezala bakoitzak bere komunitatea, komunitate osoa; komunitatean ez dadila bakoitza  nahinor izan, baina norbera, pertsona osoa. 

4) Bakea: Mundu humano ederrago baterako, funtsezkoa genuke bakea; baina, orain, teknologia militar moderno suntsigarriarekin, munduaren iraupen soilerako ere funtsezkoak bihurtu zaizkigu bakea eta bakerako berme internazionalak, gerraren abolizioa, "ez gerra"ren premiatsutasun larria alegia, nahiz adiera minimo batean bakarrik dei lekiokeen horri bakea. Santamaria horretan saiatu da, urte askoan bakezaletasunaren ia profesional bat izan bait da (eskierki gure herriak sortu duen nabariena). Santamariaren ardura sozial minena izan da bakea, kontzeptua sakontasunean ulertuzko adieran, eta beste gairik ozta izango da haren idazkintza guztian hain sarri gogoatua. Tokatu ere halakoxeak tokatu zaizkio urteak: Mundu Gerra, gerra hotza, gerra zibila, Euskal Herriko biolentzia, potentzia handien interbentzio inperialistak, eta mila ab. Halere Santamaria ez da "biolentzia ororen kondena" metafisikoan erraz aterbetu, historiatik ihesi. Gizakiaren aldia, izan ere, indargintza eta indargintzaren obra da, batean indarkeria izanen da, indarrezkotasuna izan daiteke bestean, bietatik nahasi gehienetan. Ez da, bakea behar dugu mundu berria egiteko, aurretik bakea eta harekin gero mundu berria, ezpada bakea lortzekotan eta ziurtatzekotan aurretik behar dugu mundu berria egin, justizia gehiagokoa, anaitasun eta libertate gehiagokoa, berdintasun gehiagokoa, gose, izurri, zapalketa, intolerantzia gutxiagokoa. Bakeak, justiziaren emaitza izan behar du. 

5) Donostiako Solas Internazional Katolikoak: Santamariak antolatuta, gerra eta bakea, solidaritasun internazionala, giza eskubideak eta nazioarteko ordenua, tolerantzia eta kontzientzi askatasuna bezalako aztergaiekin, II Mundu Gerrako hondakinen gainean zutitzen hasia zen Europa berria ideiatzeko, kontzientzia berria lantzeko intelektual katolikoen artean batik-bat, egin ziren Solasok, eztabaida foru irekia Eliza nahikoa itxi batean eta Estatu are itxiagoan. Solason garrantziaz Estatu espainoleko intelektualentzat J. L. Aranguren honela espresatu da: "Asistí por primera vez en el año 1949 a las Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián, empresa llevada a cabo por Carlos Santamaría y cuya importancia para el catolicismo español ha sido enorme. Piénsese que hasta entonces España había vivido víctima de una nueva tibetización"1. Internazionalki, Ph. Chenauxek2 "batasun europarraren oinarri kristauez" 1950eko Solasetan hasitako meditazioa gomutatu du, iruzkin honekin jarraituz: "Les Conversations de SS continueront leurs sessions dans les années suivantes, et deviendront, sous la conduite de leur secrétaire général Carlos Santamaria, l'un des laboratoires privilégiés d'élaboration de cette nouvelle conscience internationale des élites catholiques européennes". 

Sistema bat izan gabe, Santamariaren pentsamendua sistematikoa da. (Ez al gara berriro fragmentoaren aroan bizi?). Metafisika aipatu da oraintxe: metafisikak ematen dio koherentzia Santamariaren pentsamenduari. 

Gureak, ordea, ez omen dira garai onak metafisikarentzat. Metafisika, zer da hori? Zer ikusi behar du politikarekin, gerra nuklearrarekin, euskara batuaren premiarekin? Beharbada Maritainen esaldi batekin hobeto ulertuko da, zer esanahi den: "Hemos menester, no de verdades que nos sirvan, sino de una verdad a la cual sirvamos" (Grandeza y miseria de la metafísica). 

Zatitan aurkezten dizkizugun gaiok, oso lotuak daude elkarri mila lokarriz. Gai handi edo egia handi baten atalak dira. Egia handi hori, ahalegin guztiz guztiok zerbitzekoa, pertsonaren egia da. Giltzarria pertsona da Santamariaren pentsamenduan. 
 
 

1. ARANGUREN, J. L., Memorias y esperanzas españolas, Taurus, Madril 1969, 75. 
2. CHENAUX, Ph., Une Europe Vaticane?, CIACO, Brussela 1990, 76-77. 

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA