![]() |

Nazioartetik DonostiaraConversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián(1935. 1947-[1958]-1959)Joseba IntxaustiEuskal Herrian gaur egun ditugun arazo eta gogoetetatik aski urrun ageri zaigu beharbada aurreko orrialdeetan arakatu dugun Solasaldien historia: orduko kezka eta galdera zabalduenak, edo ez dira gaurkoak, edo gutxiengoren baten eskuetara bildu dira. Batez ere, topaketa haietan eragile eta erabakiorra zen eliz ikuspuntua gure euskal gizarteak neurri handi batean bederen galdu ere egin duelako. Solasaldiak ekintza "katoliko" bezala definitu zituzten: katolikoen arteko elkarrizketak ziren, garaiko haien ardurak ispilatu zituzten, eta eliz Hierarkiaren ardurapean egin zuten aurrera. Baina, beti ere, —berezitasun ezaugarri bat— katoliko sekularrek eraman zuten batipat Solasaldien antolatzaile-erantzukizuna, Hierarkiaren presentzia laxo edo hertsiagoarekin. Solasaldien balio sozio-kulturalak oso agerian azaltzen zaizkigu. Solasaldien bizitzako hamarkada hartan (1947-1959) intelektual katoliko berritzaileenei —espainol eta erbestekoei— aukera ona eskaini zitzaien beren ideiak azaldu eta zabaltzeko. Horrela, pentsamendu katoliko tradizionalistagoaren azalpen-monopolio praktikoa hautsi egin zen Donostian, bestelako pentsamendu modernoago bati ere bide emanez. Boterearen, gizartearen eta pentsamendu librearen arteko lotura nahiz zerikusiak argiro ageri dira Solasaldien historian. Alde batetik, aginte politiko bortitz batekin kontatuz antolatu eta egin behar ziren Solasaldiak; bestetik, topaketen arrakastak eta oihartzunak eliz agintariak ere erne jarri zituzten, zer gerta eta zer esan begira. Agintearen eta bilaketa librearen arteko lan-dialektikan, izan zuten aski abildade antolatzaileek, sistemaren kontraesanetan sobera korapilatu gabe aurrera egiteko. Garaiak eta ezinak bestelakorik ezarri zuten arte, noski. Aurrez aurreko elkarrizketa haiei ez zitzaien falta izan gatazkarik, azkenean giroa itogarri edo gertatzeraino; baina garaiko intelektual askok pozik ikusi zuen Donostian ematen zitzaion elkarrizketa-egokiera, bai pentsamendu-korronte ezberdinak eta kontrajarriak solasean ikusteko, bai nazioarteko eskola eta pentsamendu-mota ugariak elkarrengana hurbilarazteko. Pentsalari eta kulturtzaleen arteko zerbitzu baliagarria gertatu ziren, hortaz, Solasaldiak, baina minoria eskolatu horietatik kanpo ere, gizarteak, bere zabalean, izan zuen Solasaldietako lanen berri, eta komunikabideetatik jaso ahal izan zuen katoliko pentsalarien mezua. Intelektualak eta herritarrak ere, denak, suertatu ziren Solasaldietako gogoetaren entzule. Pentsamendu katolikoa aberastu egin zen Donostian: ez, noski, hemen hain zuzen orijinaltasun ezezagunak lortu zituelako, baina bai beste herrietako hainbat ikasleku eta taldetan bizirik baina sakabanatuta zeuden ideiak gure artera ekarri zituelako lehenik, eta baita korronte ezberdinak elkarrekin kontatuz lan egitera, neurriren batean bederen, behartu zituelako. Bestalde, hautatu ziren gaiak modernoak eta egunekoak izan ziren beti, balio teorikoak ezezik, gizartean —eta geure inguruan— berehala aplikagarri izan zitezkeenak. Balio sozio-politiko hau ukaezina da topaketetan. Kristau fede katolikoaren eta eztabaidakizun modernoen arteko solasari laguntza ematea izan zen elkarrizketetan lortu nahi zen fruiturik estimatuena. Orduan, eta gaur ere eta beti, asmo ona, baina era egoki batean gutxitan lortutako solasa. Dena den, pentsamendu katoliko modernoago bati topa- eta heda-puntu baliagarria eratu zitzaion Donostian. Erakunde-arrazoiez gain, fedearen edukina, teologia eta eklesiologia erabilitako hainbat gairen funtsa zirenez, Solasaldietako lanek zerikusi zuzena izan zuten eliz Hierarkiarekin. Elkarrizketen askatasunak eta nahi zen seriostasunak Hierarkiari arazo praktiko kezkagarria jarri zion mahain gainean: Nola eraman ziteken aitzina fededun libreen eta mundu modernoaren arteko elkarrizketa? Zein izan zitekeen horretarako lan-bide jator, egoki eta emankorrena? Elizak galdera hauei emandako erantzun arautua Ofizio Santutik etorri zen, elizgizon jakin batzuren eskuetatik; baina jakingarria da Vatikanoko beste agintariek ere zer pentsatzen eta nola jokatu zuten ezagutzea. Kasu honetan eliz agintarien artean ageri zaigun aniztasun "politikoa" begiratzekoa da, gaur egun ere hain zaila gertatzen ari den pentsamendu-aniztasun katolikoaren azpi-arazoak ulertzeko. Espainiako testuinguru politiko jakin baten barnean burutu zen Solasaldien bizitza, eta berorri gogoan izanik lan egin behar izan zen, sistemaren kontraesanak, ahuleziak eta lankidetzak ere lagungarri zirela. Solasaldietan balio sozio-politikorik ere bada, hortaz. Barnean, ezarrita zegoen aginte-sistema hertsi bati aurre eginez, pentsamendu katoliko libreago bati ere ahotsa jasotzeko eskubidea eman nahi izan zitzaion Donostian. Hain zuzen, batzutan baita Gerra Zibila "Gurutzada" bezala definitu zutenei erantzunez eta Elizan pentsamendu sozio-politiko katoliko zabalagoa nahi zutenentzat mintza-leku erosoa irekiz. Horretarako, eskolarteko eta nazioarteko muga zurrunak hausten ahalegindu ziren Solasaldiak. Penintsulan ezezik, Hexagonoan ere bizirik zeuden elkarrizketa-ezinak gainditzeko solaskideengan malgutasun berria sortu zuten topaketek, puntu bateraino bederen. Beti aipatu izan da solaskideen arteko giro ona, eta lagunarte atsegina. Oro har, pentsamendu-munduko lanerako taldekako heuristika praktiko baliozko bat asmatu zen Solasaldietan, hein on batean behintzat emankorra gertatu zena. Idazkariaren buru ordenatu eta kartesiarrak egiteko ederra bete zuen partaide guztien artean, azterkizunen funtsa, berorien egunekotasun-balioa eta barne-balio epistemologiko eta soziologikoak ezagutu eta elkarrizketa-lanerako bideratuz. Urtean zehar lehenengo, eta topa-egunetan gero, gidaritza serios bat eraman zen, ikusi ditugun arrisku eta mugak ahantzi gabe ere. Elkarrizketaren ezagutza-baliagarritasuna berriz ere ikusi ahal izan zen, beti ere partaide zirenen artean lan berri eta helduagoetarako ezten bizia gertatzeraino. Donostiako elkarrizketan ez zen falta izan egiaren bilaketak behar duen grina bizirik, ez eta ausardia sozialik ere. Egia, askatasunean eta elkarlanean bilatu beharreko zerbait bezala sentitu zuten solaskideek; gizartearen balio amankomun eta erantzukidea bezala hartu zen urteoroko aztergaiaren arakatzea: eliz doktrinaren argitan egin zen lan, baina baita norberaren ahalegin askea jarriz ere. Eta landu ziren mezuak kalitatezko gogoeta batean mamitu ziren. Donostiara etorri aurretik egindako lanetan zuten funtsa, eta bertora bildutakoen gaitasun intelektual aitortuan ere bai. Izan ere balio handiko buruak izan baitziren solaskideetan asko eta asko. Pentsamendu-lan jasoa izan zen bilera haietan eskainitakoa. Elkarrizketa intelektualerako abian jarri zen lan-prozeduragatik alde eredugarriak izan zituzten Solasaldiek. Eta gehiago: disziplinarteko elkarrizketa humanistiko bat irekita mandendu zen Donostian hamarkada oso batean. Honetan ere, hainbat mundu berezitu itxiri eta gero eta argiago ikusten dugun disziplinartekotasun-behar heuristikoari, bere gisara, aurrea hartu zieten elkarrizketa haiek. Azkenik, bilera-aretoan berezilarien eta kulturtzale orokorren arteko elkarrizketa ere egingarria gertatu zen Solasaldietan. Baina ez hori bakarrik: kaleko hainbat jende kezkatuk aukera izan zuen bileretan zeudenen pentsamendua ezagutzeko, komunikabideen lankidetzari esker. Solasaldien modernotasunaren beste alde eta seinalea da berau. Aniztasun ideologikoaren gain eraikitako gizarte batek beharko lituzkeen tolerantzi eta elkarlan zabalak ezin ditugu Solasaldietan bilatu (elkarrizketa katolikoak baitziren haiek, eta ez besterik), baina zegozkien mugen barruan tolerantziaren eredu bilakatu ziren (Idazkariaren eskuak aski libre izan ziren bitartean bederen) eta intelektual askorentzat elkarrizketa pertsonal baterako eskola eredugarria. Santamariaren bakezaletasun ezagunak Solasaldietan izan zuen iharduera sozialerako tamaina-tamainako lan-eremua. Agian, gaur egun ere euskal gizarterako berreskuratu beharko litzatekeen estilo eroso eta emankorra. Solasaldi haiek 1959an bukatu ziren, baina egiaren eta balioen bilaketa giza elkartearen zeregin amakomuna denez, horretarako lan-prozedura praktikoa sozialki nola gorputz zitekeen erakutsi ziguten, eta digute. Egun ere probetxuz ezagut litekeen esperientzia. |
![]() |
![]() |