KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK

Nazioartetik Donostiara

Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián

(1935. 1947-[1958]-1959) 

Joseba Intxausti

Garaiko gai-sorta eredugarri bat 
"Arazo mugatiarrak" (cuestiones fronterizas bezala aipatu izan direnak, alegia) astintzeko joera nabaria izan zuten Solasaldiek.  Hemengo kasuan, mugatiarrak beren esanahi ideologikoan bezala geografikoan ere. Batez ere, urte haietako Espainian isilduta zeuden eta arriskatuegiak ziren gaiak erabiltzeko hautua egin zen. Iradokizunak Bidasoaren bestaldetik zetozkion Santamariari: Frantziako Intelektual Katolikoen Elkartearen lanetatik, eta beronek eratu ohi zituen Astealdi eta eztabaida-argitalpenetatik (Débats). Haien topaketak bertatik bertara ezagutu zituenean, balio berria hartu zuen, gainera, Santamaria-rentzat ideia-trukaketa honek (1950. Ik. Doc. 5: 117). 

Santamaria-k egin zuen gai-proposamena nongo ispilutan begiratu zuen ikusteko aski da Astealdi haietako azterkizunak eta argitalpen-bilduma Solasaldietako gai-zerrendarekin alderatzea. Hurbiltasun honetaz ohartu zen, adibidez, González Ruiz biblista (1958). 

Intelektual Katoliko Frantsesen Astealdiak (1948-1961) 
 

Urtea Aztertutako gaiak
1948 Karitate kristaua eta intelektualak
1951 Giza itxaropena eta esperantza kristaua
1952 Eliza eta askatasuna
1953 Mundu modernoa eta Jainko-sena
1955 Eliza eta Zibilizazioak
1956 Talde-bekatua
1957 Zer da Bizitza?
1958 Kontzientzia kristaua eta nazionalismoak
1959 Misterioa
1960 Gizakiaren desordenuak
1961 Katolikotasuna: bat eta hainbat
 
Hautapena horrela zaintzeak —inoren lanak begiratuta, alegia— abantaila nabariak zituen: itzal handiko pentsalariak zeuden tartean, aitortuak, eta Hierarkia frantsesaren babespean sortutako ereduaren gain ari zen beti ere Solasaldien arduraduna. 
Astealdi haietako eta Solasaldietako aztergaiak, hurrenez hurren, binaka elkartuta ikus ditzakegu: 1948/1947 (kristau maitasuna), 1952/1954 (Eliza eta askatasuna), 1956/1958 (1959: talde-bekatua),, 1958/1950,1951 (batasun europarra, abertzaletasuna, nazionalismoa, internazionalismoa), 1961/1954 (katolikoen esanekotasuna eta aniztasuna). 

Anekdota gisa gogora liteke, Solasaldien artxiboan —1954eko paperen artean— intelektual frantsesen 1952ko Astealdiko hitzaldiak ere topa litezkeela, lanerako gaztelaniara itzulita: askatasunaren inguruan, hor daude gordeta Pierre Pascal-ek Ekialdeko kristautasunari, O. Lacombe-k Hinduismoari, Louis Gardet-ek Islam-ari eskainitako lan mardulak. Katoliko intelektualen arteko garaiko kezkak ezagutzeko —Astealdietako gaiekin batera— frantses Elkarteak argitara emandako débats-bilduma da erreferentziarik onenetakoa. 

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA