KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK

Nazioartetik Donostiara

Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián

(1935. 1947-[1958]-1959) 

Joseba Intxausti

Solasaldietako eztabaida-gaiak 

Orain arte ikusi dugunak beste kapitulu nagusi batera garamatza: Solasaldietan esan eta entzun zena ezagutzera. Donostiara deitu eta bildu aurretik jardunaldi bakoitzeko gaia hautatuta egon ohi zen. Deituek alde aurretik ezagutzen zuten gaia, eta azterturik ekarri ohi zuten berau. 

Hautapenen azken arrazoiak aztertzeak urrunegi eramango gintuzke (XX. mendeko teologiaren historia eta katolikoen pentsamendu sozialaren korronte ezberdinak ezagutzera, alegia), baina aurkezpen honetan ez dugu hainbestetarako aukerarik. Hala ere, lehen aurkezpen bat bederen eginda utzi nahiko genuke orrialde hauetan. 

Gaien hautapena 
Solasaldiak —beren filosofia eta lan-prozedurengatik ere— ez ziren izan errealitate isolatua: alde batetik, inguruan bizirik ziharduten eztabaida filosofiko, teologiko eta kulturalak bildu nahi izan zituzten Donostian, eta bestetik, pentsamendu-talde itxienetan ere ideia-berrikuntzaren premiaren kontzientzia sustatu nahi izan zen, beti ere katolikotasuna (eta nahiago bada, kristau-fedea) aniztasun ideologikoaren elkarrizketa-leku bezala ere begiratuz. 

Aukeratutako gaiak mundu katoliko modernoaren gizartearekiko egokitzapen-arazoetatik hautatuak izaten ziren, ez teologiaren urruneko eztabaidagaietatik. Frantzian, Espainiako gerrate zibila hasi eta II. Mundu-Gerratearen ondoko urteetan bizi izan zen egokiera bereziari zegozkion galderak ziren gehienbat Donostian mahai gainera atera zirenak. 

Testuinguru ideologiko hurbilean 
Jakina denez, Santamariaren zaletasun filosofikoak pertsonalismo kristauean lekututa zeuden: 1931n, Maritain eta Mounier-en harremanetatik sortutako Esprit-en inguruko pentsamendua, aipatu nahiz aipatu gabe, Solasaldietan izan zen beti. Giro horretan eta Europako teologi berrikuntzaren barnean ulertu behar dira egindako gai-hobespenak. 

Izan ere, «berrikuntza» gogo hori hagitz bizia zen Mendebaldeko teologoen artean (Congar 1970: 19). Metodoen aldetik, adibidez, errotikoa gertatzen ari zen ohizko teologiari egiten zitzaion kritika: 
Durante largo tiempo, sin embargo [Elizaren zerbitzuan ihardun arren, alegia], la mayoría [de los teólogos] hacían teología como si el mundo estuviera ajeno a las afirmaciones de la fe sobre las que ellos trabajan multiplicando razonamientos y distinciones. Esta es todavía hoy [1967] la situación que reina en algunas escuelas y en algunos problemas, como el de la mariología (Congar 1970: 22). 

Badago Congar-en beste testu jakingarri bat, hemen guretzat interesik handiena duena, izan ere geroago aipatuko dugun Frantziako Intelektual Katoliko Frantsesentzat idatzi baitzuen berori, hain zuzen elkartearen hogeigarren urte-muga ospatzean eta iragan denbora horretako garapenak gogoratuz (1940-66): 
Durante diecinueve siglos el cristianismo se ha interesado de manera casi exclusiva por Dios. (...). La reflexión cristiana, que es el principio de todo trabajo teológico, debe desde ahora [1966] tener en cuenta lo que los hombres han descubierto acerca del mundo y del mismo hombre. La reflexión teológica se ha caracterizado durante los últimos veinte años por una aceptación del hombre y de sus problemas. (…). El último cuarto de siglo se ha visto señalado por una abertura a las corrientes de la creatividad humana y de la vida, y casí podíamos decir que por una aceptación del hombre (Congar 1970: 36-37). 

Teologia katolikoa berritzeko hiru puntu giltzarri azpimarratzen ziren 1939tik aurrerako urte haietan: jatorrizko iturrietara itzuli beharra, teologia munduaren eta gizartearen errealitatea ezagutuz egin premia, eta zeregin teologikoa gizatasun modernoaren fenomenologiaz eta esperientziaz baliatuz burutu nahia (ik. Congar 1970: 20-24; fedearen eta kosmo-ikuseraren arteko zerikusiaz: Van Melsen 1969: 193-195, 208; eta antropologiari eklesiologia berrian dagokion lekuaz: Groot 1969: 233-251). Horrela, Erdi Arotik zetozen teologiaren lan-moldeak funtsetik berritu nahi ziren (Congar 1970: 24). 

Kristau fedearen gain egin zitekeen gogoeta-lanerako ondorio metodologiko eta praxi sozial berriak zekartzan teologiaren berbideratze horrek. Donostiako Solasaldiekin ere zerikusirik duen ondorio bat atera zitekeen asmo haietatik: Teologi fakultate eta eskolek harremanetan egon behar dute bestelako giza jakitateak lantzen diren ikastetxeekin (Congar 1970: 28). 
Garaiko pentsamendu kristauari gai-sorta ederra loratu zitzaion eskuartean: a) kristauen sekulartasunaren antropologiaz baliatuz, etikaren berrikuntza proposatu zen; b) gizaki kristaua munduko gizakia da, eta kristau sekularrari ekarpen propioa dagokio, fedearen gogoeta bizi eta eguneratuan; c) azkenik, bizitza eta gogoeta modernoen balioak hain zuzen kristau sekularrak bil eta bizi ditzake sarritan inork baino hobeki (filosofian, giza zientzia eta, oro har, zientzia guztietan) (Congar 1970: 37-42). 

Kristauen ekintzaren mundukotasuna gero eta baieztapen funtsezkoagoa bezala ageri da 1945etik aurrera Europako pentsamendu teologiko eta katolikoan (elizaren munduarekiko ohizko urruntasunari kristautasunaren historikotasun mundutarra kontrajarriz): 
La acción cristiana en el mundo queda determinada en su mayor parte, si no en su totalidad, por las exigencias intramundanas que atañen a los hombres en general. El cristiano está por ello obligado a informarse sobre las exigencias que nos impone la materia (Willems 1969: 318). 

Munduarekiko irekitasun horrek, pentsamendu eta sentiera katolikoen arazo larrienetako bat, itxitasunarena, salatzen zuen (Congar 1970: 47). 

Los católicos y sus teólogos han vivido durante largo tiempo en un mundo cerrado: estaban tendidos los puentes levadizos para ir hacia los otros o para permitirles entrar; pero los problemas y las ideas de los otros no podían penetrar en el recinto. El aislamiento resulta hoy imposible. (…). La misma palabra «diálogo» ha adquirido un valor general que supera a su sentido estricto de «intercambio de palabras» y sirve para designar la actitud general de aquel para quien los otros existen de tal manera que puede aportarles algo y recibir algo de ellos (Congar 1970: 47-48). 

Hau ez zen burubero baten oharra, pentsalari fin eta trebatu batena baizik. Salakuntzak are zuzenago balio zuen Espainiako teologiarentzat, 1940-50.etako hamarkadetan. 

Beste buru leinargi askoren artean Congar ere iritsi zen Donostiara, Santamariak deitu, eta etorri ez zenean ere, hemen egon zen bere ekarpen ezagunekin (La Croix-k 1953ko kronikan gogoratu zuen bezala). Santamariak harremanak arretaz zaindu zituen Le Saulchoir-eko domingotarrekin (Congar, Chenu eta abarrekin). Penintsulako kristau pentsamenduari inguru-hesiak hausteko mugaz haraindi borborrean zebiltzan ideiei leku eman beharra sentitu zuen Solasaldien Idazkariak, teologia berrituaren argitalpenak baitziren honentzat ere bere izpiritu-bazka. 

Solasaldietako pentsamolde gidaria, lan-metodoak, solas-lagunen hautapenak eta, azkenik, gaien aukera argiturik geratzen zaizkigu testuinguru horretan. Ikusiko dugun bezala, gogoetaren segurtasun teorikoarekin batera, Solasaldien antolatzaileei ez zitzaizkien falta izan, gainera, kideko eredu praktikoak ere.

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA