KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK

Nazioartetik Donostiara

Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián

(1935. 1947-[1958]-1959) 

Joseba Intxausti

Prentsa eta aldizkarietako oihartzunak 
Solasaldietako "barnetegia" aipatu dugu: ez dago horrelakorik. Egia da, talde mugatu batean lan egiten zela, baina antolatzailek betidanik arduratu ziren taldean esandakoei komunikabideetara bide egiteko. Bi modutan lortu zen hori: prentsa eta aldizkariak gogoan izanik, urteoroko solas-lagunak aukeratzean lehenengo, eta gero, bilerak egitean prentsarentzat oharrak eta albistari argitaragarriak eskaintzean. 

Horrela, Solasaldiak gertakari mediatiko bilakatu ziren: Mendebaldeko Prentsa katolikoak ateak zabalik zituen jardunaldiak hasi aurretik ere, eta Prentsa ez-eliztarrarentzat, berriz, erraztasun denak eman ohi ziren prentsa-zerbitzu bat mantenduz. Azkeneko hau eguneroko Prentsa da batez ere, eta berorrekin hasiko gara. 

Eguneroko prentsa 
Bi motatako lana ikusten da artxiboan gorde diren prentsa-mozkinetan: agentzia bidez zabaldutako eguneroko ohar laburrak, eta egunkari bakoitzak bere kazetarien eskutik egindako erreportaiak. Kasu batzuetan egunerokoak izan ziren: Donostiako La Voz de España edo Diario Vasco-n eta Bilboko El Correo Español nahiz La Gaceta del Norte-n, Madrileko Ya-n, etab. Donostian bildutako solas-lagun lankideren batek bidalitako elkarrizketa eta gogoetak behin baino gehiagotan urrunago eramaten zituen albisteak: Barcelonako El Correo Catalán-en inoiz dozenerdi bat artikulu idatzi zen, adibidez, edo Herbeheretako De Nieuwe Gids-ek orrialde ederra eskaini zien Solasaldiei. 

Prentsa-historia guzti horren berri ematen ibili gabe jardunaldi bateko adibide bat hartuko dugu hemen. Artxiboan 1959ko ohar-orri batek dioenez, Espainiako egunkari askotan eta Europako beste zenbaitetan, izan zen Solasaldien berriren bat (artikulu, prentsa-ohar edo agentzi testuak): 
 

ABC Madril 59-09-08/9/10/12
Diario de Barcelona Barcelona 59-09-17
El Adelantado de Segovia Segovia 59-09-08
El Alcázar Madril 59-09-15
El Correo Catalán  Barcelona 59-09-05
El Correo Español Bilbo 59-09-5/9/10/11/12/13
El Diario Montañés Santander 59-09-08
El Norte de Castilla Valladolid 59-09-08
El Noticiero Zaragoza 59-09-11
Hoy Badajoz 59-09-12
Ideal Granada 59-09-08
Imperio Zamora 59-09-12
Informaciones Madril 59-09-09
La Gaceta del Norte Bilbo 59-09-11/12
La Vanguardia Barcelona 59-09-09/10
La Verdad Murcia 59-09-08
Las Provincias Valencia 59-09-12
Madrid Madril 59-09-08
Noticiero Universal Barcelona  59-08-07/8
Nueva Rioja Logroño 59-09-05
Pueblo Madril 59-09-08/10/11/15
Solidaridad Nacional Barcelona 59-09-08
Ya Madril 59-9-5/10/11/12/12/13
Le Monde Parise 59-09-16
De Nieuwe Gids Antwerpen(?) 59-09-23
La Libre Belgique Bruxelles 59-09-25
Le Figaro Parise 59-09-09/12/13
Laukiok Idazkaritzak eskura izan zituen berriemateen aipuak bakarrik jasotzen dituzte, eta guztiak ere, esan bezala, urte bakar batekoak dira; hala ere, berri-hedapenerako egin ohi zenaren zantzu bat bederen badago hor. 

Gehienbat kazetari profesionalen eskutik zetozen eguneroko albistari hegalarien ondoan egon zen bestelako ihardunik ere: kazetari izanik, solas-lagun bezala deituena, alegia. 

Kazetari solas-lagunak 
Idazkaritzak solas-lagun gisa deitutako kazetari asko izan zen Donostian; normalean, Prentsa katolikoko lankideak izan ohi ziren, sarritan etxe horietako zuzendariak. Solasaldiei eman zekiekeen zabalkundearen mesedetan egiten ziren dei horiek. 

Hona, lehenengo begiratu batean, artxiboko paperetan aurkitu ditugun argitalpenen bati lotutako kazetari eta idazleak. Aldizkari eta argitalpen guztiok banan-banan ikusterik izan ez dugunez, aurkezten dugun sailkapena ez da erabat segurua, baina, sailkapena sailkapen, aipuek beren osoan balio dute. Lau multzotan banatu ditugu: egunerokoak, informazio orokorreko astekari eta hilabetekariak, kultur aldizkari orokorrak eta kultur aldizkari berezituak.

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA