![]() |

Nazioartetik DonostiaraConversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián(1935. 1947-[1958]-1959)Joseba IntxaustiSolaskide-kopurua aldartetsua izan zen: 1935ko 33 lagunak, 1949an 59 izatera iritsi ziren, baina bigarren epealdian nahiago izan ziren talde mugatuagoak: berrogeitamarretik behera solas-lagun; hori, bai, beti ere partaideen artean nazioartekotasun zabala mantenduz. Urtez urteko solaskide-kopuruak ondoko hauek izan ziren (1935eko bekadun
edo matrikulatuak ez ditugu aintzakotzat hartuko, irakasle gisara jardunak
baizik):
* Prospektu inprimatua (51) ez, baizik lanetan azken orduko datuak jaso zituen makinaz idatzitako orrikoak jasotzen ditugu hona. — ** Urte horietan, artxiboko zerrendetako apalena hobetsi dugu laukian (bestela, luzeenek zera ematen dute: 17/37/54 (1950) eta 21/31/52 (1952).— Hauek dira Artxiboan bildu ahal izan ditugun zifrak. Urtez urteko estatistikek ez digute ezagutzera ematen solas-lagun bakoitzak
zein maiztasun izan zuen jardunaldi hauetan, hainbat behin eta berriro
etorri baitzen Donostiara. Maiztasunari begira, bat bakarra dago izen-zerrendetan
urteoro ageri zaiguna: Joan Zaragueta filosofo oriotarra (inoiz aitortu
izan zitzaion, gainera, leku eta zeregin berezirik, sarrera-hitzaldi, ponentzia
eta abarretan).
Eta azken xehetasuna: solas-lagunen artean, urte guztiak kontaturik ere, dozenerdi bat emakume edo egon zela uste dut. Eta Espainiatik bat bakarra, hainbat alditan: garai bateko tenista eta geroko saiolaria, Lily Alvarez. Solasaldietara etorritako lagunak ez ziren, inondik ere, 612 izan: kopuru hori, aitzitik, bakoitzaren etorraldi errepikatu guztien batuketa da. Solasaldiek lagun zaletu ugari izan zuten, eta behin baino gehiagotan Donostiara zaletasun horregatixe etorriak ere bai. Solasaldien garrantzia ez dator "barnetegi" haietan bildutakoen kalitatetik, edo erabili ziren gai jakingarrietatik bakarrik: eguneroko prentsan eta bestelako aldizkarietan esandakoek lortu zuten hedapen sozialetik baizik. Urteoro, berrogeitamar gizon-emakume haiek beren ideiak, hirian ezezik, Espainian eta Frantzian eta inguruko beste Estatuetan ereiteko aukera izaten zuten. Hori nondik nora gertatu zen jakiteko datu batzuk biltzen ditugu ondoren. |
![]() |
![]() |