Nazioartetik Donostiara
Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián
(1935. 1947-[1958]-1959)
Joseba Intxausti
Solasaldien lan-prozedura, eta haiekiko iritziak
1956ko kronika batean ("Aldakorra eta aldaezina Elizan" izan zen gaia)
datuok eman zituen Idazkariak, egindako lana zifratara ekarriz: 48 solas-lagun
bildu ziren, 30 ordutako eztabaidan, zortzi saiotan, 148 hizketalditarako
(42 espainol, 34 frantses, 21 beljikar, 18na ingeles eta italiar, 11 suitzar,
10 aleman). Gaiaren zailtasun aipatuaz gain, lan-taldearen zabala eta pentsamoldeen
ezberditasun kontrajarriak zeuden tarteko.
Arau orokorrak
Bileren emankortasuna eta ordena zaintzeko, premiazkoa gertatzen zen
gutxieneko lan-prozedura gordetzea. 1956an (bigarren epealdian, hortaz)
Santamaria-k zera idatzi zuen honetaz:
Para evitar el desorden y la esterilidad, siempre posibles en una conversacion
lanzada a la ventura, la oficina de las Conversaciones prepara previamente
un directorio de ideas que es sometido al examen de los señores obispos
que forman la Junta Patrocinadora de las conversaciones (Artxiboan, 1956ko
karp.: "Las Conversaciones de San Sebastián celebran su undécima reunión").
"Directorio"-aren hau lanbide arautu bezala gero eta zainduagoa izan
bazen ere, berorren arau nagusia (Aita Santuen irakaspenetan murgildu eta
oinarrituta lan egitea, alegia) aspaldidanik zetorren (ik., adibidez, Doc.
2. z., 1949, eta sorrera-agiri ofizialak). 1956ko hartan erabilitako Pio
XI.aren testua Ecclesia aldizkaritik jasota dago (Radiomensaje de Su Santidad
el Papa Pío XII en la víspera de Navidad de 1951) ohar honekin: "Texto
en el que se inspiraron las Conversaciones del 56" (KSk eskuz idatzita).
A este fin [=para que se tomen determinadas garantías para no hacer
la labor efímera y superficial] se asegura en primer lugar, el conocimiento
de los documentos pontificios referentes a cada tema y para ello la Secretaría
de las Conversaciones reúne previamente dichos textos y prepara con ellos
un directorio que se da a conocer a los conversadores. (...). El director
de sesiones se halla [1955], además, en todo momento asesorado por teólogos
y juristas de suerte que en ningún momento puedan producirse sorpresas
o desviaciones perjudiciales para la seriedad del debate (Artxiboan, "Informes
generales" karp.: "Conversaciones Cat. Intern. de SS", 1955).
Azken lerroetan ageri den kontrol-zentzu hau aipatu txostenaren hartzaileari
zegokiona gehiago zen Idazkariarena baino (solaskideek sarritan aitortu
baitzioten Santamariari eztabaida pizkarri eta arriskatuak sortzeko zuen
grina).
Solasaldiek aurrera egin ahala, lan-prozedurak landuagoak ageri dira.
Ez gara hemen prozeduren garapena urtez urte ikusten hasiko, baina komeniko
da beraien lerro nagusienak bederen begiratzea.
Urteko gaiaren hautapenaren ondoren (eta Santamariarentzat lehenagotik
ere) gai hautagarriaren inguruko bibliografia eta harremanak lantzeari
ekiten zitzaion (ik. 1954ean "Pequeña bibliografía del momento sobre el
tema" eta 1959ko Solasaldiak prestatzeko aintzakotzat hartutako liburu
eta artikulu berrien zerrenda: "Indice de relaciones que sirvieron de base
a la XIII reunión de las Conversaciones Católicas Internacionales de San
Sebastián", Artxiboan, 1959.ko karp.).
Lehenengo urteetan gaiaren hautapenerako bidea samurra zen: lehenik,
Batzorde Betearazleak Gotzainari aurkezten zion proposamena, eta beroni
zegokion azter-gidoi larriena. Gero, onarpena lortu bezain laster hasten
ziren ondoko lankide-harremanak. Azken epealdian, ordea, Gotzainen Batzorde
Babestaileari ere aurkezten zitzaion lehen proposamen hori, eta baita Nuntzioari
ere. Guztien oniritzia jasotzean hasten zen ageriko lana. Gaiaren azterketan
aurre-lana egingo zutenen zerrenda ere azken hondarreko urteetan oso eskutik
eraman nahi izan zuen Hierarkiak.
Gaia aukeratu eta hurrengo Solasaldietarako harremanetan jarri orduko,
handia izaten zen Idazkaritzan langaien sorkuntza-ahalegina. Izan ere,
eskutizketa bizi baten bidez, hizlari behinenak izan zitezketenei ponentziak
eta komunikazioak eskatzen zitzaizkien, batzuetan denei orokorrean oharrak
eskatuz eta zenbaitetan deitutako solaskide jakin batzuei halako edo bestelako
puntutan zerbait presta zezatela erregutuz.
Lankideengandik jasotako langaiak itzuli, kopiatu eta banatu egiten
ziren, parte on batean, edo Idazkaritzak komenigarri ikusten zuen neurrian.
Solas-lagunak Donostiara inguratzean, ba, ez zetozen esku hutsik, bestek
egindakoak ezagutu eta norberak gaia landuta baizik. Badirudi, gainera,
prestakuntza ohitura hau indartuz joan zela urteak pasa eta erreparo ofizialak
areagotu ahala.
Batzuetan,1949an esate baterako, prestakuntzan bildutako lanak (denak?)
txukun inprimatuta banatu ziren: "Conversaciones Católicas Internacionales
de San Sebastián - IV Reunión. «El dirigente de opinión y la armonía entre
los pueblos». (Extractos de las comunicaciones presentadas). San Sebastián,
6-12 Septiembre 1949". Ia 100 orrialdetako langaiak ziren hauek. Baina
ondoko urteetan langai-banakuntza era apalagoan egin zen.
Langaien banaketa hau ez zen Idazkaritzarentzat egiteko antzua izaten:
eguzkialde guztietatik iritsitako oharrak artxiboan daude bilduta, eta
Solasaldi aurretik elkarrizketari hizpidea aurrikusteko balio izaten zuten
erantzunek.
Topaketa aurretik ere abian zegoena nolako elkarrizketa bizia zen jakiteko
1952ko paperen artean daukaguna ikustea aski da (gaia "Kristautasunaren
eraginkortasun denborala"): Congar, Iturriotz edo Schramm-ek ohar labur
urduriak egiten dizkiote gaiari; Beales edo Murray ingelesak berriz, patxada
lasaiagoan ari dira.
Prestakuntza-hilabeteetan jasotako iradokizunen eta urteak pasatu ahala
ikasitakoaren arabera, Solasaldietarako elkarrizketa-gidoiak eta lan-plangintzak
burutzen ziren bileren aurretik, berauek solas-lagunen eskuetan utziz.
Alde batetik, gai orokorra hainbat puntu aztergarritan banatzen zen, eta
bakoitza berezikiago aztertzeko lan-batzordeak sortu; bestetik, denen arteko
solasetarako hizpide berezia ematen zitzaienen ordena alde aurretik erabakita
egon ohi zen.
Egitarau edo bilera-gidoi hauek erakusten dizkigute Idazkaritzak lanean
zituen xehetasunak, eta batzuetan zuen politika ere (inori hitza kentzera
baino partehartzeak positiboki sustatu eta gidatzera zuzenduak) (ik. urte
bakoitzeko karpetetan plangintzak eta gidoiak).
1949ko Solasaldiek konplexutasun handiagoa izan zuten gaiaren aldetik,
aurreko urtean bukatzeke utzitako "Giza Eskubideen Gutuna" burutu beharra
baitzegoen, eta aldi berean, urte horretako gai bereziari heldu beharra
("Iritzi-gidariak eta herrien arteko harmonia").
Beste urteetan, Batzorde bereziei eman ohi zitzaien gai orokorra, hainbat
puntutan banaturik, osoko bileratara pasatu aurretik bakoitzak bere esparrua
azter zezan; 1949an, berehala ikusiko dugun beste era batetan egin zen
lan. Dena den, osoko bileretako lan-prozedura nola eraman ohi zen jakiteko
egokia da urte hartan idatzitako arautegia ezagutzea (Reglamento de la
IV Reunión de las Conversaciones Católicas de San Sebastian [1949]. Osoko
bilerei dagozkien artikuluak): |