Nazioartetik Donostiara
Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián
(1935. 1947-[1958]-1959)
Joseba Intxausti
Talde intelektual lehiakideak
Intelektualei erbestea edo "pentsamendu-autarkia kontrolatua" inposatzen
zitzaien aldi berean, ikasle gazteei ere ez zitzaien atzerrira joateko
aukerarik uzten: "estudiar en el extranjero, durante todo el decenio 1940-50
fue algo casi totalmente impracticable" (Tamames 1975: 580).
Gerraondo bereko lehen urteetako (1940-45) "katolizismoaren kolonizazio
politikoa" gainditu ondoren (ik. Rz. de Coro 1979: passim), errejimen aurpegi-garbituaren
kulturgintza onartuaren gidaritza sozio-kulturala eliz indarrei utzi zitzaien
gero eta gehiago (politiko-ideologikoki jatorrietatik urrunduz zihoan garai
bateko falangismo liberalari tolerantzia aldartetsuren bat ere utziz: Lain,
Tovar, Ridruejo, etab.). 1945etik aurrera Propagandistek eta Opusdeitarrek
izango dute Unibertsitateaz jabetzeko aukera (Equipo Reseña 1977: 148-149
Jauntasun eliztarra, ordea, barneko hainbat pentsalarirentzat —katoliko
batzuentzat ere— itogarria eta pobrea zen, eta katolikotasun mundutar osoaren
barnean halako "autarkia ideologikoa" herstura pobregarri bezala sentitzen
zuenik bazen. Are gehiago Frantzia hurbilean —"laikotasun errepublikarrak"
erdibitutako gizartean— katoliko eta ez-katolikoen arteko elkarlana gerratearekin
hain emankorra gerta zitekeela ikusi ondoren (Doc. 4: 27-62).
Bestalde, Penintsulako isolamenduaren tristeziak ere egin zuen izpiritu
aitzinazaleagoetan bere lana; errejimenak berak ere, neurriren batean bederen,
sentitu zuen leihoak ireki premia, irauteko babesen bila, normalean. Hemengo
eliz barnetik begiratuta, berriz, pentsamendu katolikoaren zenbait buru
kezkatuagok premiazkoa ikusten zuen, aitzinamendu berriak egin ahal izateko
harremanak bizkortu beharra. Hala ere, izpirituz eta pentsamoldez Europaraino
osoki iristeko, urteak beharko ziren, artean.
Mugen gainetik indarrak biltzeko Solasaldien betiko asmoak, zalantzarik
gabe, pentsamendu katolikoaren eta teologiaren modernotze-arazoa zuen gogotan,
eta zeregin honetan bide-erakusle izan ziren Penintsulan Donostiako topaketak.
Teologiaren berrikuntza noizko?
Penintsulako teologia eta kultura kristauaren Europarekiko harremanak
lau epetan banatu ditu O. Gz. de Cardedal-ek frankismoaren hamarkada haietarako
(Vorgrimler 1973: XIV-XV): 1) Gerraosteko lehen hamarkadan, teologoen lana
Espainiako XV-XVII. mendeetara begiratuz egin zen (identitatea indartzeko
ereduak bilatuz). 2) 1950.etik aurrera Europako argibideak bilatu ziren
(ikerlan bibliko, liturgiko eta pastoralak ezagutzeko). 3) Kontzilio-bezperatan
(1958-62) Europan ikusitakoen egokitzapen-lana egin zen. 4) Kontzilioaren
ondoren (1965), azkenik, eskurapen analitiko-kritikoari ekin zitzaion.
Donostiako Solasaldiek, nabariki, aurrea hartu zioten deskribaturiko
gertabide horri. Alde batetik, kronologikoki, baina baita erakarri zituzten
solas-lagun eta ideiatan ere. Solasaldien azken urteetaraino halaxe izan
zela uste dut, gainera. Eta, praktikan, beharbada aurreratuegiak ere izan
ziren, zeren Eliza unibertsalean Kontzilioaren lehen orduetan argitara
etorri zen gatazka ernalgarriak, hemen —Donostian— 1958-59etako krisialdian
ez zuen aurkitu ahal izan aurrera-irtenbiderik. Bere "irekitasun"-mugak
jo zituen, nonbait.
Oro har, Penintsulako katolikoen 50.etako harreman europarren esanahi
historikoa apenas beste inon baino zinezkoagoa da Donostiako topaketa haietan.
Urte haietaz orokorrean esandakoak berezikiago balio du honako: "Por primera
vez desde los días de Carlos I y Felipe II vuelve a ser posible la plena
comunicación intelectual del pensamiento y de la teología española con
Europa".(ik. Vorgrimler 1973: XIX-XV). Euskal Hegoaldeko teologoak testuinguru
horretan zeudenez, etxeko gure pentsalarientzat ere balio du ohar horrek
(gogoratuko ditugu gure teologoen izenenak).
Pentsamenduaren mailako isolamendu hau, antolamenduzko harremanetan
ere gorpuztuta zegoen. Karlos Santamaria, ACNPko Nazioarteko Harremanetarako
Batzordearen lehendakaria zenez (1953?), kezkatuta zegoen egoeraz, eta
1953ko txosten batean (itxura guztiz, ACNPko arduradunei zuzendua) gogoratzen
du nazioarteko ahulezia hori, Solasaldiek ireki ditzaketen ateak azpimarratzen
dituen aldi berean:
Hay que tener en cuenta que mientras alemanes, belgas, italianos y
franceses ejercen una gran influencia en el Movimiento católico internacional,
orientando y, por decirlo así "controlando" la mayor parte, si no todas,
las organizaciones, los católicos españoles, lejos de ocupar el rango preponderante
que normalmente les correpondería sólo desempeñan en ese dominio puestos
secundarios limitándose a prestar una colaboración de buena voluntad. —
Así, repasando la lista de presidentes de las 21 grandes ornanizaciones
internacionales católicas que constituyen la llamada Conferencia de Presidentes,
se experimenta el dolor de no encontrar en ella ni un solo nombre español.
A nadie debe culparse de esto antes que a nosotros mismos que habíamos
abandonado desde hace mucho tiempo tan importante dominio de la actividad
católica. (...). — Puede asegurarse que las Conversaciones Católicas Internacionales
han sido la única organización importante que los católicos españoles han
lanzado al dominio internacional en estos últimos años. (K. Santamaria:
Artxiboa, "Informes Generales" karp.).
Solasaldien historia egiteke dugulako ere, ez dira historiografian apenas
aipatzen topaketa donostiar haiek, baina, uste dugunez, badaude elkarrizketa
haiek nazioarteko informazio-zeregina nola bete zuten (eta zein balioz),
erakutsiko luketen hiru iturri on: 1) Hurbildu ziren intelektualen eskutizketa
(Solasaldien artxiboan), 2) Documentos-en argitara emandako aztergai sozio-teologikoen
zerrenda, eta 3) Bizirik ditugun solaskide-ohien oroitzapenak.
Lehenengo biak bederen eskuetan ditugu, eta hemengo orrialde mugatuen
barruan bada ere, saiatuko gara lehen argibideak bildu eta Solasaldien
ekarpen historikoa deskribatu eta neurtzen. |