Nazioartetik Donostiara
Conversaciones Católicas Internacionales de San Sebastián
(1935. 1947-[1958]-1959)
Joseba Intxausti
Solasaldien lehen testuinguru orokorra (1947-1953)
Solasaldien paperetan nahikoa argi ikus daitekeenez, haien bizialdia
bi epetan banatzen da: 1947tik 1953rainokoa, eta 1954etik 1959ra doana.
Lehen epea —eta Solasaldien birsorrera— ulertzeko ongi etorriko dira ohar
orokor batzuk.
Solasaldiek, 1947an, gerra zibilak "ukitu gabeko" asmo bezala birjaio
nahi izan zutela dirudi: Solasaldiak 1935ean sortuak zirela gogoratu zen
bigarren deialdi hartan, gerraurretik zetozela beraz; baina ondoren, historia
politiko hain ezberdinetako solaskideen zerrenda aurkeztean, asmoaren "aniztasun
birjina" azpimarratu nahi zela ematen du: Martin Artajo-rekin batera Giménez
Fernández errepublikarra, Cardó apaiz katalanistaren ondoan Azpiazu josulaguna,
Pildain eta Mathieu apezpikuak elkarrekin, El Debate madrildar "cedista"ko
Herrera-rekin batera Fanfani kristau-demokrata italiarra...
Oreka zaileko deia zen 1947ko hura: alde batetik, aniztasun politiko-ideologikoak
garbi agertu behar zituen, nazioarteko eta barneko oposizioko solaskidegaiak
erakarri ahal izateko; baina, bestetik, ezinbesteko aniztasun hori
bera zen errejimen- eta eliz sektore gogorrenentzat arrisku eramangaitzena.
1940ko hamarkadako Espainian eta Euskal Herrian lekutu behar da dena, alde
guztietako barne-kontraesanak gogoratuz eta Solasaldiek aurrera zein zirrikitutatik
pasatuz egin zuten erakutsiz.
Lehenengo gerraostea (1937-1946)
Esan bezala, Solasaldiak 1935ean sortu ziren, eta 1936koetarako deialdia
egina zegoenean, gerra lehertu. Gerra hark, ordea, Estatu-barnean ondoko
errepresioarekin izan zuen bere luzapen politiko-soziala, eta kulturala,
eta, segidan, Europa beste gerrate handiagoan sartuta suertatu zen, gainera:
ez zegoen, ba, elkarrizketa intelektual pausatuetarako girorik.
Ipar Frontea erortzean (1937), euskal herritar eta espainiar anitzek
erbestealdia hasi zuen, eta hara, atzerrira, joan ziren hemengo politikari
demokratak, baita gurean pisurik handiena zuten kristau demokratak ere:
ez zegoen, beraz, ideia-irekitasunetarako egokierarik eta lankiderik (Ugalde
1985: 449-450; Tuñón de Lara 1989b:423-424).
Zakarrak ziren Estatu-barneko haizeak 1940ko hamarkadan; bestalde, Mundu-Gerratearerekin
eta aliatuen garaipenarekin urak hagitz nahasita etorri ziren laster frankismoarentzat.
Herritarren bizimodu pertsonal nekezaren ondoan (Tamames 1975: 356-358,
459-460), errejimenaren aurkako erresistentzia politikoak gorriak eta beltzak
ikusi behar izan zituen (Tamames 1975:353; Heine 1983: 44, 434-435, eta
passim).
Herritarren joan-etorriak kontrolatuta zeuden. Bidaiarik arruntenak
ere poliziaren begiratupean zaindurik zeuden: 1945ean probintziarteko bidaietarako
"salvoconducto ordinario" bat behar zen, eta mugaldeetan ibiltzeko "salbokondukto
especial de fronteras" deitua. 1948-1949.etan, artean, zenbait eskualde
"zonas de guerra" bezala aitortu ziren ofizialki (Heine 1983: 433, 437).
Ez zen gatazka sozialik ere falta. Solasaldien berritze-urtean, adibidez,
gerraosteko lehenengo greba handia, Gipuzkoan eta Bizkaian hain zuzen:
1947ko maiatzeko greba-aldia da urte haietako "la única huelga masiva y
relativamente eficaz que España experimentó durante el período" (Tamames
1975: 474; Solasaldien artxiboan bada honetaz izengabeko txosten bat).
Greba haren kronika bilduta dago jada xehetasun guztiz (Aberasturi/San
Sebastián 1991).
Urte berean, errejimenaren erakundeztapenerako urrats nagusia eman zen,
Ondorengotza-Legea berresteko erreferendumera deituz (1947-uztailak-6).
Orduan oraindik gaztetxoak ginenok ongi gogoratzen dugu gure guraso eta
herritar katoliko abertzaleen larria, hautabiderik gabeko eta mehatxuz
betetako egun hartan.
Baina ezbeharrak bata bestearen gain zetozen: barneko gorabehera hauek
honela, Espainiaren nazioarteko bakardade ideologikoa eta isolamendu politiko-ekonomikoa
gehitu zitzaizkien haiei 1945etik aurrera.
Nazioartean, bakarrik (1945-1953)
1939-1945.etako Mundu-Gerratea amaitu-berria zen, amaitu-berriegia:
1946ko martxoaren 4ean Britainia Haundiak, Frantziak eta Estatu Batuek
errejimen frankistaren aurka adierazpen salatari bat zabaldu zuten, eta
urte bereko udazkenean Nazio Batuen Erakundeak (UNO) enbaxadariak Madriletik
erretiratzeko eskatu.
Zetorkiona aurrikusita, Franco-k bere ministrari-kabinetearen aldakuntza
historikoenetako bat egin zuen 1945eko uztailaren 18an, juxtu egunez egun
sei urte osoko bizialdia izango zuen kabinetea eratuz.
Joan Borbonekoa Franco-ren kontra agertu zen berriz ere (1947-IV-9),
eta etxe barnean "makiak" orduantxe ziharduen biziena, Europa-ren laguntzarako
Marshall Plangintza bideratu eta "Gerrate Hotzari" hasiera ematen zitzaion
bitartean (Cominform). Errejimen espainiarraren antikomunismoa gorabehera,
NATO sortzean ez zitzaion hari erakunde berri honetan lekurik egin.
Isolamendu politiko-diplomatiko honek lau urte iraungo zuen, Koreako
Gerra hasi eta NBEak bere kideei Madrilera enbaxadariak itzultzeko baimena
eman zien arte (1950-XI-4). Pausoz pauso, nazioarteko egoera hura guztiz
antzaldatu zen 1952-1954.etan: 1952an, Espainia UNESCOn sartzen da, eta
1953an, EEBBekin eta Vatikanoarekin hitzarmen-konkordatuak sinatzean, errejimen
frankistak ateak irekita izan zituen, azkenik, nazioarteko harremanetarako.
Mundu-Gerraosteko isolamendu hartatik nazioarteko harreman hauetara
Espainiaren atzerri-politika gidatu zuen gizona, Alberto Martín Artajo
izan zen, kasik hamabi urtetako lana burutuz (Equipo Mundo 1970: 189-194).
Martín Artajo 1935eko lehenengo solas-lagunen artean ageri zitzaigun;
El Debate eta Herrera kardinal izango zenaren ingurutik zetorren (ACNP,
Asociación Católica Nacional de Propagandistas: "Propagandistas"), eta
gero ere "errejimen-barneko kristau-demokrata" deituen taldekotzat ikusi
izan da (Tamames 1975: 504, 506). Dakigunez, Pla i Deniel kardinalari galdetuta
hartu zuen ministraritza, eta, uztean, berarengandik eskerronezko aitorpen-gutun
bat jaso zuen (ik. Ecclesia 1957-02/03).
Gureari begira, Artajo izan zen errejimenaren mundu ofizialean Solasaldietatik
hurbilenetakoa eta zenbait oztopo alboratu izan zituena (ik. Ministeritzara
egindako baimen-kontsultak eta Solasaldietako Artajoren harrera-kronikak
prentsan, ).
Ingurugiro hartan bete ziren Solasaldien lehenengo urteak (1947-1953):
hau da, lehen epealdi ongi ezaugarriztatua (eta emankorrena ere bai, nire
ustez), eta hurrengotik ongi bereiziko zena. Baina Solasaldien beren historia
horretan aitzina egin aurretik, eta politikak politika, ikus dezagun garaiko
bizitza kulturala (hain zuzen, Donostiatik ideia-berritu eta itxuraldatzen
lagundu nahi zena) nolakoa zen une hartan.
Intelektualen isolamendua
(1939-1950)
Gerra zibilaren amaierarekin, Espainiak eta Euskal Herriak beren intelektualeria
garatuena galdu zuten (Tuñon de Lara 1989b: 424-425; Equipo Reseña 1977:
146), eta errejimenak jaiotzatik zekartzan lotsakizunen gain (ik. Tuñón
de Lara 1989a eta 1989b), politika "garbitzaile" bat egin zen, harik eta
1951tik aurrera Ruiz Jiménez-ek 1951-56.etako "sexenio liberal" deitua
ireki zuen arte, batipat (Equipo Reseña 1977: 151); kulturaren mundua,
barnean itxia eta kanpora isolatua izan zen (Tamames 1975: 578-583). Hezkuntza
eta komunikabideen zentsura, eginkizun biak, ministrari-bizitzarik luzeenetakoa
izan zuen José Ibáñez Martín-en eskuetan egon ziren (1939-1951) (Equipo
Mundo 1970: 91-94).
Neotomismoa nagusi
Honegatik ere, Julián Marías (1949) eta José Luis Aranguren (1950)
Frantziako intelektual katolikoen jardunaldietaraino iristean, bakardade
ezarriaren eta disidentzia arduratu baten lekuko isolatuak baizik ez ziren
gertatu bi filosofo espainol horiek. Bien hango hitzaldiak Solasaldietako
paperen artean aurkitzen dira, bata artxiboan, bestea argitara emanda (Marías,
J.: El cristiano ¿es de la tierra? Itxiera-mintzaldia, Suhard Pariseko
kardinalaren aurrean, 1949-maiatzak-15. Aranguren, J.L.: Heroismo y santidad.
Comunicación, 1950, in: Doc. 7, 117-120). (Equipo Reseña 1977: 146-150).
Neotomismo hertsi bat nagusitu zen, Eliza espainiarrean ezezik irakaskuntz
sistema osoan ere, gehienez ere Balmes edo Menéndez Pelayo-ri ere lekuren
bat eskainiz (Equipo Reseña 1977: 148-149; Fraile 1972: 272-277).
Espainiara erbestetik itzuli (1945) eta Ortegak bere "Instituto de Humanidades"
sortu ondoren (1948), hurrengo hamarkadan ortegismoak eztabaida luze bati
aurre egin behar izan zion, neotomismo haren kritika bortitzetatik askatasuna
irabazteko. Jesuiten Razón y Fe-ko edo Ramírez domingotar arabarraren lanak,
filosofi eztabaida berezituek izan zezaketen baino oihartzun sozial susmagarri
zabalagoa izan zuten (Fraile 1972: 229, 274).
Giroa ezagutzeko, Solasaldietan ibilitako Jesus Iturrioz-ek badu 1951n
artikulu-titulu adierazgarri bat: "¿Intriga intelectual contra Ortega?"
(ik. Razón y Fe, 143, 1951, 568-591). Eta Ramírez-ek urte batzuk geroago,
eztabaida uztien atzetik zegoen beste galdera bat: ¿Un orteguismo católico?
(Salamanca, 1959).
Testuinguru horretan, euskal aldizkarietan, '50etako azken urteetan
agertutako Blondel-i edo Bergson, Russell nahiz Ortega berari buruzko interesa
ere disidentzia edo bide berrien irrika bezala uler liteke (Jakin 8, 1958,
12-20; 10, 1959, 28-35; 11, 1960, 36-40; 13, 1960, 14-20. Eta geureko beldur
batzuk ezagutzeko: ik. IZTUETA, P. (1991): Orixe eta bere garaia. Donostia:
Etor. 1014-1020). |