KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK

Zientzia, Teknika eta Gizartea, Santamaria matematikariaren pentsamoldean

Xabier Eizagirre eta Andoni Ibarra

Zientzia, teknika eta gizartearen arteko elkarrekintzari buruzko Santamariaren gogoeta aztertzeak badu berebiziko esanahia. Batetik, gogoeta horrek isladatzen duen pentsamendu-gorputz bortitzagatik, urte asko eman baitzuen Santamariak gaia jorratzen, garaiak ezagutzen zuen zientziaren eta teknikaren garapen azkarrari begirada ezin ukatuz. Bestetik, Santamariak parada ezin hobea ematen digulako gerra aurreko-osteko Hego Euskal Herrian eta Espainian zientzi elkartearen eta zientziaren beraren ezagupenerako azterketa soziologikoa egin ahal izateko, zientzia ez baita, sarritan pentsa ohi denaren aurka, kultura-, gizarte-, politika- eta ekonomia-baldintzetatik at bilbatzen den giza-jarduera. Eta ez soilik, beste askori legez, Santamariari ere gerrak erabat aldarazi ziolako bizibidea, matematikariarena alegia, Santamariak bere sinuan inork gutxik legez agertzen dituelako baino dagozkion gizartearen baldintzapenak eta, oroz gainetik, bere errotiko era askotako menpekotasuna. 

Atal honetan bi aldeok aztertuko ditugu: Santamariaren matematika, eta haren hausnarketa zientziaren, teknikaren eta gizartearen arteko elkarrekintzaz. Lehenari gagozkiola, Santamariaren uzta intelektualean bere matematika lana gutxiagotuko duenik ez da faltako. Izan ere, arlo horretan jorratutakoak haren bizitzaren urte bakan batzuk besterik ez baititu hartu, errepublikaren urteak hain zuzen, tesia gerra ostean irakurri bazuen ere. Eta kointzidentzia honek badu esangura sakonik arestian adierazitako zerbaiten ildotik. Jakina denez, frankismoaren lehen garaiak agortu egin baitzuen Espainia osoan ingurune intelektual eta unibertsitarioa pizteko eta garatzeko ezinbesteko ezein baldintzapen material eta kulturalik. Are gehiago Hego Euskal Herrian, non agorpen hori bertako hizkuntza eta kultura itoarazteraino iritsi baitzen. Hein batean, 1936ko Altxamenduak eman zion amaiera Santamaria gaztearen ikerkuntza matematiko aktiboari. Frankismoak ezarritako sisteman ez baitzegoen tokirik ikerkuntzarako, diskurtso erretorikoan eta autolaudatorioan ez bazen. Ez gara esaten ari sistema totalitarioak eta zientzigintza berez elkartezinak direnik. Hamaika adibide aipa genitzake. Esaten duguna da, Merton-ekin batera, zientzi elkarteak artikulatzen dituzten baloreek -ez guztiak epistemikoak, praktikoak ere bai-, eta gizarte erakundeen baloreekin potentzialki kontrajarriak direnak, gordinago erakusten dutela kontrajartze hori, erakundeok sistema totalitarioari dagozkionean. Frankismoaren sistemaren baloreak nekez zetozkeen bat aspaldi Mertonek bere 'Zientziaren egitura arauemalea' artikuluan zientziaren balore nagusitzat identifikatzen dituen -era idealean ez bazen ere eta beste garai batean- unibertsalismoarekin (vs. nazio bereizkeria), komunismoarekin (vs. jakintza zientifikoaren jabetza pribatua), interesik ezarekin (vs. aplikagarritasunari eta etekinari lehentasuna damaien ideia) eta eszeptizismo sistematikoarekin (vs. ortodoxia). Sistema totalitarioek biziki areagotzen dituzte baloreon kontrako jokamoldeak, zientzia nazionalak sortuz (Fisika germaniarra, Biologia proletarioa,...), epe motzeko erabilgarritasunari erabateko lehentasuna emanez, ikerkuntza teoriko 'hutsarena' zokoratuz Alemania nazian legez, etab. 

Egoera horrekin egingo du talka Santamaria matematikariak. Hor amaitzen dira haren matematika sorkuntza-lanak eta epe luzez apaldu jarduera teorikoarekin Santamariaren egitasmoaren baitan bat zihoazen Euskal Herrian zientzi ikasketak unibertsitate mailan erakundetzeko ahaleginak. Ezen Santamariaren lan matematikoa ahalegin horiek sorturiko esparruan emana baita; eta alderantziz, erakundetze ahalegin hori piztu eta indartzeko egina. 

Ildo honetatik, lan honen lehenengo atalean, XX. mendearen lehen herenean matematikagintzak Hego Euskal Herrian eta Espainian bizi duen egoera aztertuko dugu, Santamariaren ikerketa-jardueraren testuingurua kokatzearren. Espainiar Estatuko erregimen totalitarioak Euskal Herrian Unibertsitatea eraikitzeko jartzen dituen oztopoen aurrean, Santamariak Centro de Estudios Científicos elkartea sortuko du, herri honetako matematikagintzari eta, oro har, zientzigintzari bultzada berri bat eman asmoz. Bigarren atalean, Santamariak (Klein, Enriques eta Rey Pastor irakaslearen ildotik) matematika formalista hilbertarrari eta bourbakismoari egiten dion kritika aztertuko dugu. Honen ondoren, matematikaren ikusmolde berri bat gauzatzen da, adar matematiko anitzak bateratzen saiatzen dena, arazo matematikoei eta beste zientzi alorrekiko aplikapenei lehentasuna ematen diena. Ikusmolde berri honek, jakina, Santamariarentzat berebiziko garrantzia duen matematikaren didaktikaren eredu berri bat ekarriko du. Hirugarren atalean, Santamariak 30eko hamarkadan burututako ekarpen matematikoak aztertuko ditugu. Batik bat bere bi ikerlan landuko ditugu: lehena plano proiektiboen propietate topologikoei buruzkoa eta bigarrena espazio abstraktuaren axiomatikari buruzkoa. Santamaria matematikariaren jarduna, ordea, moztu egiten da urte horietan, eta beste maila anitzetako alorretara bideratzen da. Ikusiko dugunez, ezin da Santamaria matematikaria Santamaria zientzia, teknika eta gizartearen arteko elkarrekintzen pentsalaritik bereizi. Laugarren atalean, beraz, zientziak, jarduera eta gorputz legez, giza fenomenoarekin duen harreman estuaz Santamariak duen ikusmoldeaz arituko gara. Gizakiaren espezifikotasuna eta giza izpirituaren murrizgaiztasuna aldarrikatu ondoren, Santamariak filosofia pertsonalistan oinarritutako jakituria baten beharra aitortzen dio zientziari. Hots, balore moral gorenak irizpide gisa biltzen dituen ikusmoldeak gidatu beharko luke zientzia. Izan ere, bosgarren eta azken atalean ikusiko dugunez, Santamariaren aburuz mende honetako zientziak eta teknikak inplikazio etiko eta sozial ekidinezinak ditu. XX. mendeko bigarren erdiko zientzia krisian dago (energia nuklearraren kasuak, esate baterako, argi uzten duenez); honi aurre egiteko, Santamariak proposatzen duenez, giza izpirituak balore moraletan oinarritutako gorengo jakintza bat sortu behar du, zientzia eta teknika helburu gizatiarretara gidatuko dituen humanismo teknologikoa, alegia. Bere ustez, teknikaren eta izpiritualtasunaren batasuna ekarriko lukeen egitasmo honen erantzukizuna pentsamendu kristau-pertsonalistari dagokio, hain zuzen ere.

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA