KARLOS SANTAMARIA AZTERKETAK
KARLOS SANTAMARIAREN LANAK

Karlos Santamariaren ideiak eta ekintzak

Joxe Azurmendi

EKINTZA

Ekintza ez da Plotinok esaten zuen "kontenplazioaren itzal soila": pertsonaren alde funtsezkoenetako bat da. Santamariak ez teorian -grekoen antzera- eta ez berak eraman duen bizitzako ihardueran, onartzen du kontenplazioaren eta ekintzaren oposiziorik. Bere ideien alde aktiboki ahalegindu da beti. 

Ekintza deritzon liburuko bigarren atal honek, ez du halere Santamariaren aktibitate ugarien berri eman nahi, ekintza horri buruz eta horretan garatu duen haren gogoetarena baino berriz ere, arlo nagusitxoenetan bederen. Antonomasiaz arazo praktikoak dira, interesatuko zaizkigunak, Aristotelek praxia eta poiesi edo produzioa berezi ditueneko esanahi zehatz hartan, gai etikoak edo politikoak beraz, hauen balio humanoenean eta sozialenean - mundua hain zuzen "eraldatzeko pentsatuz": kontzientziako askatasuna eta norberaren erantzukizun pertsonala egiteko sozial handiei buruz (Estatua, gerra, esaterako), gizarte bizitzan beharrezko tolerantzia, gizabidea, eskubideen begirunea, demokrazia, bakea, etab. 

Bakea, partikularki, Santamariaren kezka guztien -erlijioso, politiko, hezkuntzazkoen- azken jomuga bezala ageri da. Ilustrazioaren, edo Modernitate proiektuaren, porrota, inon baino tragikoago hementxe somatzen delako, batetik; baina egun, armen teknologia moderno izugarriarekin, guztiz premiatsua bilakatu delako ere bai, bestetik, zentzu pragmatiko hutsean, bakea ziurtatzea internazionalki, katastrofe nuklear batean gizadiak bere burua suntsituko ez badu. Bakea ziurtatzeko, alabaina, baitezpadakoa da guztiz oinarri -pertsonalista- berrien gainean eraikitzea harreman internazionalak zein egitura nazionalak, hots, egungo krisialdi mehatxagarria gaindituko duen "ordenu berria". 

Zer egin gizabanakotxo nanoak mundu zabal handian bakea funtsatzeko?; nola erauzi gizadian injustizia, gosea; zilegi ote da iraultza?; zela burutu askatasunaren eta justiziaren borroka indarkeria gabe, baina efikazki; zer egin, demokraziaren tresnak izan behar luketen Alderdiak, demokraziaren bahitzaileak bilaka ez daitezen; demokrazia ekonomikoa, Estatuaren zama, gure umeen eskola: arima sentiberen eguneroko kezkak, Euskal Herriko eta edonongo jendearen kezkak izan dira Santamariaren gogoetakoak. Gai batzuek, frankismoaren testuinguruko planteamoldean eztabaidatzen direla, eman lezakete apika (kontzientziako askatasuna, adibidez; edo Estatua eta Eliza), baina hausnarketaren errokotasunak Santamariaren pentsamendua zirkunstantzia murritzon gainetik altxatzen du nonahi argi eta probetxugarri. 

Zuzenean Euskal Herriarekiko Santamariaren gogoeta batez ere -nazioaren kontzeptua, Estatua, autonomismoa eta federalismoa; edo, euskara eta euskaltasuna, etorkinak, etc. etc.- ideiak oraindik franko nahasiak daudela, esan beharra dagoen hainbat arazotan, txit lagungarriak izan litezke, eta izan daitezela espero dugu, denon artean argitasun piska bat egiten joateko herri honen historian, geroari begira. 

Santamaria ez da teorizatzeko basamortura joandako intelektual anakoreta, egia errebelatu bere bakarrarekin; ez haren rola jendaurreari goitik behera -egunkarietako filosofoaren pulpitutik orain- predikatu eta irakatsi nahi dion filosofo-errege platonikoarena ere, filosofia zuzen bakarraren eta egiaren jabe iluminatu suposatzen dena. Bere herriaren peregrinazioan herriarekin doala, Santamaria gogoetalari bidelaguna izan da. Pedagogoa eta adiskidea. Ibilian pentsatu du, ekintzaren erdian, mundu-munduan, itaunka eta erantzunka. Hain zuzen ikerketa honetan galdu samartuta geratzen dena, tamalez, eztabaidetako aspektu historikoen, momentukoen, kolore eta bizitasun hori da. Ideiak eta ekintza, edo pentsamendua eta ekintza, ez bi, baina kapitulu bat da Santamariaren baitan, hemen, erraztasunagatik bakarrik, banatu egin ditugun arren parte bitan. Irakurleak uneoro batasuna bilatu beharko dizu ostera.

 
KARLOS SANTAMARIA KULTURA ATZERA AURRERA