ESPAÑOL

 
 Maiatza Dantzan 2000  / Lekuz lekuko ikuskizunak  / Egunez egungo ikuskizunak  / Prezioak / Zer egin hirian ikuzkizunen artean?
.
RHINEKO OPERA NAZIONALEKO BALETA
.
RHINEKO OPERA NAZIONALEKO BALETA.






1972an sortu zen Rhineko Operarekin batera, Alsaziako hiru hiri nagusien arteko (Strasburg, Mulhouse eta Colmar) akordioaren ondorioz, eta 1985az geroztik operako baleta eta zentro koreografiko nazionala da aldi berean. Ezaugarri bikoiz  horrek gainerako frantziar konpainietatik bereizten du: batetik, opera baleta den neurrian errepertoriodun konpainia da, dantza klasiko eta neoklasikoko lan adierazgarrienak batuz eta koreografo ospetsuak gonbidatzeko politika jarraituz, eta bestetik, zentro koreografiko nazionala den neurrian, sorkuntza garaikidea sustatu eta zabaltzeko xedea du, koreografo gazteei lanak aginduz, ikusleak sentsibilizatzeko programak, topaketak, animazioak, tailerrak, etab. garatuz.

Zuzendari artistikoa Bertrand D´At da 1997az geroztik, eta baletarekin lan egin duten koreografoen zerrenda oso luzea eta anitza da. Horren adierazle  Donostian aurkeztuko duen programa da, dantza estilo ezberdinak biltzen dituzten hiru koreografia lan, lehena Uwe Scholz koreografoaren obra klasikoa, W.A. Mozarten musikarekin; bigarrena William Forsythek sortua J.S.Vachen musikarekin eta heziketa klasiko ezinhobea duten eta etengabe koreografiaren garapen lineala “apurtzen” ahalegintzen diren dantzariekin; eta hirugarrena, konpainiak berak eskatuta Michel Kelemenisek egindako pieza ausarta, Didier Puntok propio ere egindako musikarekin.

Konpainiako 35 dantzarik maila handiko prestakuntza akademikoa dutela erakusten dute, eta aldi berean, konpainiak gonbidaturiko koreografoek eskatzen dizkieten estilo ezberdinak bereganatzeko gai dira. Kultura koreografiko zabalaren adierazle den ezaugarri hau, jakinmina eta gogo handiarekin batera, konpainiaren indar nagusi dira.

Rhineko Opera Nazionaleko  Baleta ez da dantza konpainia huts bat, ez du dantzari buruzko informazioa soilik eman nahi, aldiz baletak eskaintzen dituen energia eta bizi une handi horiek besteekin partekatu nahi ditu.   Adina eta historia ez dira garrantzizkoak. Plazerra eta zirrara dira balio duten bakarrak.

Bertrand   d´At  Maurice Bejartek zuzenduriko XX. Mendeko Baleteko dantzaria izan zen 1978tik 1984ra bitartean. Azken urte horretatik hasi eta 1991 arte aipatu konpainiako dantza maisua eta koreografoa izan zen eta ondoren  Bejart Lausanne Baletekoa. 1993an Suediako Cullberg Baleteko zuzendarikidea izendatu zuten. 1997az geroztik Rhineko Opera Nazionaleko Baleteko zuzendari eta koreografoa da.
 
 
 

JEUNEHOMME

Koreografoa: Uwe Scholz
Musika: W. A. Mozart (9 zk piano kontzertua mi bemol maiorrean, K271-Jeunehomme)
Jantziak: Uwe Scholz

Montecarloko Baletentzat 1986an egindako koreografia.

1777ko urtarrilean, Mozart Salzburgetik ateratzeko prestatzen ari zenean, neskatxa frantziar bat, Mademoiselle Jeunehomme, heldu zen hirira, haren inguruko berri handirik ez zen, soilik pianojolea zela eta musikagile gazteak  Parisen ikusiko zuela ostera hurrengo urtean. Neskatxa hura izan zitekeen Mozarten inspirazioa, eta nolanahi ere, mi bemoleko kontzertu honi izena eman ziona. Jeunehomme kontzertu honen  luzapen koreografikoa da. Uwe  Scholzek dio: “Mozarten alaitasuna, edertasuna, objektibotasuna eta ez narzisizmoz baizik eta indar tragikoz sortutako malenkonia behar ditut. Kontzertu hau aurreko guztiaren laburpena da.”

Uwe Scholz oso kasu berezia da Europako koreografi munduan. Hessenen jaio zen 1958an, oso gazterik lortu zuen koreografo eta dantzari-interpretari gisa egindako lanaren aintzatespena eta 26 urtekin Zuricheko Operako Baleteko zuzendaria zen. Gaur egun koreografia irakasle eta Leipzigeko Operako balet eskolako zuzendaria da. Bere koreografiak eite neoklasikokoak dira eta nazioarteko balet konpainien errepertorio gehienetan agertzen dira, lan hauen ezaugarririk nagusienak musikalitate handia eta bizitzaren sentimendu positiboa dira,  beti ere euskarritzat hartzen duten musikan inspiratuz eta oinarrituz.

_____________

STEPTEXT

Koreografoa: William Forsythe
Musika: J.S. Bach (2 zk partidako txakona. BWV 1004, 2 re minorrean- 5. mugimendua, Nathan Milsteinek interpretatua)
Eszenografia, jantziak eta argiak: William Forsythe

Aterballettorentzat 1984an egindako koreografia.

Steptext antzespen bitartekoen ihesa da. William  Forsythek usadioz antzespena egituratzen duten oinarriak eteten ditu. Musika, eszenografia eta koreografiako etendura eta zatiketek ohikoa ez den narrazio formula berria sortzen dute, non itxurazko desordena hori, haustura horiek, harrigarria bada ere, obraren ardatz nagusi  bihurtzen baitira.

“Hiztegia ez da zahartzen. Idazketa da iraungi daitekeena.”
“Antzerkia polifonia bat da eta osagai bakoitzak bere zeregina du, dekoratuak, musikak, argiak, bakoitzak bere partitura izan behar du”.

Willliam Forsythen hitz hauek bere koreografi proposamenak ulertzen lagun diezagukete, bere asmoa da dantzak burujabetza lortzea eta etapa berri batera zabaltzea. Forsythek arriskarazten die bere dantzariei,  ia pauso klasikoak desitxuratzeraino; dinamika atletikoa izatea eta etengabe erne egotea eskatzen die, berehalako arrisku baten aurrean bezala. Dantzarien mugimendua gure garaiaren adierazpen bihurtzen da.
William Forsythe New Yorken jaio zen 1949an. Dantzari eta koreografo lanetan hasi zen Stuttgarteko Baletean 1973an eta gero, 1984an Frankfurteko Baleteko zuzendaritza artistikoa bere gain hartu zuen, eta gaur egun bertan jarraitzen du, teknika akademikoari uko egin gabe ere auzitan jartzen duen estetika propioa garatuz. Artifact, In the middle somewhat, Impressing the Czar eta Steptex dira bere koreografia ezagunenetako batzuk, eta gaur egungo balet konpainia handienen errepertorioetan agertzen dira.

____________

L´OMBRE DES JUMEAUX

Koreografoa: Michel Kelemenis
Koreografo laguntzailea: Veronique Larcher
Musika: Didier Puntos
Eszenografia: Michel Kelemenis, Manuel Bernard
Jantziak: Philippe Combeau
Argiak: Manuel Bernard

Rhineko Opera Nazionaleko Baletarentzat 1999an egindako koreografia.

Bikien itzala izenburu honetan aurkakoak diren bi dimentsio daude eta  horietako bakoitzak, funtsean, dantzaz hitz egiten du. Bat matematikoa eta formala da:  bikoitz baten bikoitzak norbanakoa ugaritzen du eta bere gorputzetik abiatuz sortutako irudi orkestazio batekin erlazioan jartzen du. Bestea poetikoa; kidetasun eta ezberdintasunei, isladei, argiari eta luzapenei buruzkoa da. Testuinguru horretan, adimenekoa batetik eta sentimenekoa bestetik, sortzen dira gure bikiak; ez dira dantzarien artean bilatu behar,  altzifreak dira, Europako hegoaldeko herrietan zeruaren urdin amaigabea zutika apurtzen duten zuhaitzak. Dantza eta musika ere bikiak izango lirateke, elkarri itaunka eta elkarrekin jolasean etengabe, bakoitza bere erara, bestearen oihartzunarekin.

Michel Kelemenis Marsellan hasi zen dantzan 1977an Wes Howarden eskutik. 1983-1987 bitartean Dominique Bagoueten konpainian dantzari gisa aritu zen bere lehenengo koreografiak eginez. 1988an New Yorkera joan zen eta Merce Cunninghamekin lana egin ondoren Marsellara itzuli eta bere konpainia sortu zuen. Harrezkero hainbat koreografia egin ditu eta alor eta leku ezberdinetan lantzen du dantza. Besteak beste, koreografia lanak egin ditu Geneveko Balet Nagusiarentzat eta  Pariseko Opera Nazionalarentzat.

Zuzendari artistikoa: Bertrand d´At
Administratzailea: Philippe Durand
Dantza maisuak: Claude Agrafell, Didier Merle
Pianojolea: Hubert Villette
Erregidore nagusia: Bernard Gihr
Komunikazioa: Claude Kientz
Idazkaria: Annick Moser
Zuzendari teknikoa: Philippe Duvauchelle
Jantzien arduraduna: Brigitte Engel
Makinista: Alfred Matter
Argiak: Daniel Wickersheimer
Dantzariak:  Claude Agrafell, Caroline Allaire, Muriel Amm, Anne Bacher, Myrina Branthomme, Claire Chatonnier, Lise Galindo, Pascale Lafferrière, Jacquine Le Huche, Shanon Lilly, Stéphanie Madec, Muriel Masclaux, Christelle Molard, Sandrine Moreau, Sybile Obre, Cécile Robin Prévaliée, Laurence Rollet, Valérie Tartereaux.
Michel Béjar, Sylvain Boruel, Simon Courchel, Alain Imbert, Boyd Lau, Thierry Le Gall, Bruno Mattei, Willem Meul, Pasquale Nocera, Mark Pace, Peter Parker, Joris Perez,  Léonard Rainis, Charles Rainville, Alexandre van Hoorde, Gregoire Daujean, Alain Trividic.
 

.
Maiatza Dantzan 2000  / Lekuz lekuko ikuskizunak  / Egunez egungo ikuskizunak  /  Prezioak  /  Zer egin hirian ikuzkizunen artean?
.


 Eguneratuta: 2000-04-03
http://www.gipuzkoa.net/kultura/cultura/euskara/maiat20/rhine.htm
Gipuzkoako Foru Aldundia
Kultura,  Euskara, Gazteria eta Kirol  Departamentua
Liburutegiko eta Kultur Sustapeneko eta Hedapeneko Zerbitzua
Tf. +34 943 482891
Fax +34 943 482765
CORREO
 maiatza_dantzan@kultura.gipuzkoa.net