|
|
MAR GÓMEZ DANTZA KONPAINIA

Mar Gómez bere konpainia sortuz hasi zen profesionalki lanean. Bere estreinako ikuskarian bi lan bildu zituen, biak sarituak Madrilgo Koreografia Lehiaketan, 1991n, eta Bartzelonako Ricard Moragas lehiaketan, 1992an. Harrezkero, dantzari eta koreografo honek batera eramaten ditu bere konpainiaren lana eta enkarguzko zenbait kolaborazio eta sorkuntza lan.
A la larga algo te hará (Adrià Gual antzokia, 1993) lehenengo lanaren ondoren, beste hauek etorri dira: La matanja de Tezas (Lliure antzokia 1994, Valentziako Kritikaren Saria jaso zuen ekoizpenik onenagatik), La nostalgia del pepino (Mercat de les flors 1995), Levadura madre (L’espai 1998) eta Ecce homo ... erectus (L’espai 1999). Maiatza Dantzan jardunaldien edizio batean baino gehiagotan parte hartu izan du; aurtengo bisitan bere azken lana aurkeztuko digu: Valentziako Komunitateko Koreografia Zentroarekin koproduzitua, eta Valentziako 2000ko Dantza Jaialdian estreinatua.
Aldi berean formatu txikiko lanak ekoizten joan da, hainbat esparru eta jaialditan egokitu direnak: P (Dies de dansa, Grec 96), La ciudad de los gatos perdidos, (Dies de dansa, Grec 98), Helado al vino (Madrilgo Udazkeneko Jaialdia, 1998, Laura Kuminen A pedir de boca ikuskariaren barruan), Duo de no (Dantzaren Nazioarteko Eguneko Jaia, 1999, Albéniz antzokia, Madril)...
Zortzi urte luze horietako jardunean Espainiako lurraldeko antzoki eta
zirkuitu gehienetan dantzatu du konpainiak, eta lan ildo garbi bat markatu
du, Espainiako egungo dantzaren egoeran sendotasuna eman diona, nahitaez
aipatu beharrekoen arteko bilakaturik.
|
Gai nagusitzat Espainiako Urrezko Mendeko kultura birsortzen du koreografiak, bai estetikoki (agertokiko esparrua, jantziak, eszenografia...) bai ideologikoki, garai hartako pentsakera islatzen duten pertsonaia batzuen ikuspuntutik begiratuta (komedia antzokiko antzezle talde bat). Pikareskaren gaia hartu dugu, zeren horrek hainbat gai gatazkatsu eztabaidagai hartzeko aukera ematen baitigu, hala nola, hobetzera jotzeko grina, gizartean mailaz igotzeko irrika, baztertutako mundu bateko gizarteratzea eta bazterketa, odolaren herentzia gizartean igotzeko desirari lotuta, ondra, eta bere inguru itxurakeriazkoa, pikaroaren herentziari eta igotzeko asmoari estu-estu lotua, kasta, dirua, txirotasuna, zuzengabekeria, hezkuntza, eta abar, betiere ondraren eta gizarte mugikortasunaren edo mugiezintasunaren arazo nagusiarekin zerikusian. Pikareskaren gaia aukeratzeak zera esan nahi zuen, besteak beste: Urrezko Mendeko Espainian gizartean igotzeko ahaltasunaren edo ezintasunaren gaiaz aritzea, alajaina! Eta hori zergatik? Pikaroak beti nahi duelako, gehiago edo gutxiago, hobetzera jotzea. Interesgarria iruditu zaigu gai hau hartzea, gaurko
gizartean oraindik ere indarrean dagoelako. Izan ere, gure ustez, Urrezko
Mendeko pikareska ez dago oso urruti gaurko Espainiako pikareskatik.
Helburutzat hartuta, ahaleginak egingo ditugu pertsonaia pikaresko batzuek ematen diguten bitasunarekin jolasteko, izan ere, aldi berean komediako antzezleak baitira, garai hartako estilorik garbienean. Horregatik, argumentuak ere pertsonaien bitasun honekin ere jokatuko du: batetik, antzezten ari direnean eta antzezlanaren barruan beren papera dutenean, eta bestetik, antzezlanetik kanpo, orduko gizarte giroak mundu latza eta etsaia eskaintzen dielarik, adimena zorroztu behar baitute bizirik iraun nahi badute. Argumentuaren plano berean elkartzen dira batetik pertsonaia bakoitzaren ekintza biografikoa, eta bestetik, bera antzezten ari dena. Guretzat komediaren barruko komedia izango da. Zuzendaritza: Mar Gómez
Valentziako Komunitateko Koreografia Zentroak
koproduzitutako ikuskaria.
|
“Gazte honek berebiziko amorru koreografikoa du, ume prodijioaren bere xalotasunaren eta enfants terribleen probokazio kalkulatuaren erdibidean. Estilo definitu eta pertsonal batekin antzerki eta dantzako zenbait komedia dibertigarri landu ditu, gatza eta piperra jarrita, tarteka-marteka trufa irudimentsu eta komunikatzaile pitin bat isuriz, baina aldi berean eduki politiko ukaezinarekin.”
“Mar Gómez koreograforik interesgarrienetako bat da Kataluniako
egungo dantzaren azken belaunaldian. Beraren ikuspuntua umorearena da,
bere dantzaren zorroztasun teknikoari gainjarria.”
“Hay un pícaro... lanean heldutasun bikain batera iristen ari den Mar Gómez batekin egiten dugu topo, orain arte landatutako guztiari fruitua ateratzen ari zaiona.”
|
|