Kirol munduaren arloko jarduera tekniko ezberdinen bilakaera etengabearen eta hobekuntza dinamikaren barruan, arbitratze lana, edozein kiroletaz ari garela ere, ezin da bigarren mailan gelditu. Zalantzarik ez dago edozein kirolen gorputza kirol horretan parte hartzen duten kolektibo ezberdinez osatuta dagoela. Kolektibo horiek, laburbilduta, honako hauek dira: entrenatzaileak, jokalariak, zuzendaritzako kideak, eta arbitroak.

Aipatutako bilakaerak, era berean, bere baitan sartu behar ditu lehiaketak antolatzen diharduten azpiegitura handiak, hau da, kirol federazioak eta klubak, lehiaketen esparru horretan sartzen baitira kolektibo ezberdinek aurrera eramaten dituzten kirol jarduerak. Ez dugu ahaztu behar, era berean, herri erakunde batzuk ere badaudela beren maila ezberdinetan dihardutenak eta kirol jarduera guztien jarduera orokorrak arautu behar dituztenak.

Gaur egun, Kirolgi ekimenaren bitartez Gipuzkoako kirolaren antolamenduan murgildurik gaudela-eta, une egokia da kezkak bideratzen ahalegintzeko, ea ahalegin horren emaitza egoera berri eta ilusio-pizgarri honi laguntza apal bat ematea den. Kezka horien barrukoa dugu ondorengo lan hau, Gipuzkoako Saskibaloiko Arbitroen Batzordeko Departamentu Teknikoak prestatua, eskola mailako arbitratze lanean erreferentziazko gida bat izateko helburua duena.

Zuzentzen gaituen xedea, beraz, argibide-gida bat egitea da, ardatz hauek hartuta: zilegi diren -edo zigortu behar ez diren- oinarrizko ekintza teknikoak, jokalarien heziketa unearen araberakoak.
 
 
Espero dezagun lan hau eskolako saskibaloi osoari baliagarri gerta dakion. Aldi beran, gure nahia da beste kirol batzuetarako ere eredugarritzat hartu ahal izatea, izan ere, lehen zatian sartutako printzipioak, ezberdintasun teknikoak gora-behera, oso antzekoak izango baitira, dudarik gabe.
 
     
  GIPUZKOAKO SASKIBALOI FEDERAZIOA   ·   DEPARTAMENTU TEKNIKOA