| ... | ..... |
(1)
"Gazteen aisia: erronka berriak jarduera publiko,
pribatu eta asoziatiboarentzat" ikastaroko ponentziarako testu
hau, hainbat ukituz eta eranskinez, egileak J.M. Puig-ekin eginiko Pedagogía
del ocio liburutik dator (Bartzelona, Ed. Laertes, 1996). Zenbait autorek agertutako iritziaren arabera, denbora librearen fenomenoa gure garaiko elementu propio edo espezifiko bat da. Egia bada egungo aisiaren errealitatearen alderdirik berezkoena industri iraultzatik abiatuta sortu dela. XIX. mendeaz geroztik denbora librearen hedapen koantitatiboa ahalbidetu duen lanaren banaketa, egitura eta antolaketa, oraindik ere neurri handi batean ulertzen eta bizi dugun moduan, industrialismoarena berarena da. Alabaina, industri iraultza denbora librearen eta aisiaren sorrerako mugarri nabarmenetako bat den arren, kontzeptu horiek ez dira, ez horixe, bakar-bakarrik haren ondotik sortutako errealitateei aplikatzeko modukoak. Gizarte esangura desberdinez eta egungo denbora libreak duenaz bestelako edukiaz, aisiako jarduera eta kontzeptua bera oso garai eta gizarte desberdinetan izan dira. Osterantzean, denbora libreari buruzko
ikuspegi historikoak aukera emango digu gure geure errealitatea ulertzeko.
Berehala ikusiko dugun bezala, egungo aisiaren balorazio eta edukietako
askok lehenagoko garaietan dute jatorria. Historian zehar metatuz joan
diren aisiaren moduak eta honexi buruzko balorazioak dira, eta batzuetan
hondar gisa iraun dute, distortsionatuta ere bai zenbaitetan, baina,
edonola ere, ezinbestekoa zaigu horiek ezagutzea, egungo aisia bide
egokitik interpretatuko badugu. Gizarte primitiboetan edo herri zaharretan izan ziren aisia moduak edo aisiatik hurbileko jarduerak aipa genitzake (esaterako jokoak, erritoak, kirolak, etab.), baina beste gauza askotan gertatzen den bezala, greziarrak izan ziren benetan garaturiko aisiaren kontzeptzio kontzientea formulatu zutenak. Eta greziarren artean, Epikurori eta, batez ere, Aristoteleri buruzko aipamenak egin behar dira gai honi buruz ari garela. Estagirarra izan zen aisiari (hobeto esanda, skholé-ri) buruzko gogoetarik sakonena egin zuena eta, nolabait, Grezia klasikoaren kulturan lantzen eta bizi izaten joan ziren kontzeptu ohorezko eta sakon hau laburtu zuena. Skholé-k, etimologikoki, gelditu edo eten esan nahi zuen. Geroago, eginkizunik gabe egotea adierazten zuen, norberarentzat astia izatea alegia. Honaino, beraz, gure denbora libretik hurreko kontzeptua da. Skholék, lanetik aske egotea esan nahi du, are zehatzago, S. de Graziak dioen bezala, Aristotelerentzat "lana izan beharretik libre egotea" adierazten du. Eta horrelaxe sor daiteke, berez bere egite hutsa xedetzat duen jarduera edo ekintza bat. Hauxe da aisiaren kontzeptu aristotelikoaren funtsa. "Hartaz (aisiaz) pentsatzen dugu –idatzi zuen Aristotelek- plazer berezkoa, zoriontasun berezkoa, poz berezkoa bailuen. Eta zoriontasun ordena hori ez da eginkizunaren arlokoa: aisia dutenena da." (Politika, VIII.a, 1337 b.). Eta zein dira, Aristotelerentzat, aisiaren berezko jarduerak? Aurrez adierazitako kontzeptuarekin bat etorriz, egitea bera xedetzat izan dezaketen jarduerak izango dira, geroko balizko erabilgarritasun baten arabera egiten ez direnak, berez desiragarriak izate hutsez egiten direnak baizik. Halaz, Aristotelek aurkitzen dituen paradigmatikoenak musika eta begiespena, kontenplazioa dira. Musikarena justifikatzeko, aintzat hartu behar da greziar tradizioak, eta bereziki Platon Aristoteleren maisuak, heziketan eta adimenaren lanketan atxikitzen zioten balioa. Greziarrentzat, gorputzarentzat soinketaren pareko zen musika arimarentzat, eta Platonek zioenez, inor ezin zen ongi hezitakotzat hartu "koruan zegokion tokia hartzeko" gai ez zen bitartean. Aisiaren beste jarduera nagusia begiespena da. Hau ere Aristotelek Platonengandik jasotako ideia bat da, eta nabarmen-nabarmen lagatzen du adimenaren lanketaren eta eginkizun baliagarrietatik libre egotearen artean aisiaren kontzeptuak ezartzen duen harremana. Begiestea, kontsideratzea, grekoz theorein zen; eta, halatan, teoria, bizitza teoretikoa, egiaz bizitza begieslea zen: egia aurkitzeko, munduaren eta gizakien ezagutzara ezer inposatzeko inolako asmorik gabe hurbiltzeko modurik onena, jakinduriara heltzeko xede bakarraz alegia. Azken batean, aisia aristotelikoak, begiespenaren bidez, ezagutza eta zoriontasuneko bide bat eskaintzen digu, giza bizitzaren ideal bat. Horretan datza, hain zuzen ere, aisiaren kontzeptu grekoaren eduki positibo, are gehiago, etikoa, eginkizunik gabeko edo lanik gabeko denboraren nozio hutsetik haruntzago inondik ere. Aranguren maisuak idatzi duen bezala, "kultura grekoa eta berau sortu zen tokia, hiria, beraz, egonean zeuden edo aisia zuten kultura eta hiria izan ziren funtsean. ‘Aisia’ hitzak sekula ez du atzera berreskuratu orduan izan zuen esangura positibo garbi eta zalantzarik gabea. (...) Kultur akasgabetasun grekoaren mamia zera izan zen, bizitzaren zentzua aisia nobleari atxikirik, eginkizuna eta zoriontasuna, ikastea eta zaletasuna, betebeharra eta askatasuna errealitate batean berean bildu zirela." Hala eta guztiz ere, erran gabe doa aisialdiaren
kontzeptu ezin nobleago honen oinarria gizarte errealitate zeharo berdintasun
gabea zela. Aisia izan zezaketenak lanik egin behar ez zutenak ziren,
esan dugun bezala, "eginkizunik gabe" egon zitezkeenak; hau
da, gizarte grekoaren hiritar askeak. Gizon askeen aisi errealitate
honek gehienentzako aisiarik eza du euskarri nagusi, jakina; esklabutza,
beraz, aisia mota honen funts soziologikoa zen. Erroman, aisiaren kontzeptua sakonean aldatu zen. Pentsalari bakar batzuek besterik ez zuten jaso aisiaren nozio grekoa, eta Seneka izan zen horietako nabarmenena. Baina erromatar aisiaren kontzeptuko alderdirik azpimarragarrienak askoz estuago lotzen du lanarekin. Izan ere, aisia atsedeneko denbora zen, dibertitzekoa eta baita izpirituaren olgetarakoa ere. Edonola ere, indarrak berreskuratzea izango zen, lanera itzultzeko inondik ere. Etimologia latindarrak (otium), dirudienez, aisiari lehentasuna ematen dio kontrako elementuaren aurrean (negotium), honen eraketan ikusten baita termino nagusiari ukapenaren aurrizkia besterik ez diola erantsi, baina egia oso bestelakoa da, zeren eta Erromako errealitatean lana baitzen kontzeptu garrantzitsua, eta aisia, berriz, haren mendeko elementu funtzional bat. Grezian aisia bera zen xede, helburu, baina gizarte erromatarrean aisia lanaren arabera bihurtzen zen beharrezko baliabide. Eta erromatar prestatu orok behar bezala erabili behar zuen baliabide hori, atsedena hartzeko eta dibertitzeko, zalantzarik ez, baina baita, era berean, hausnarketarako eta izpirituaren lanketarako ere: otium cum dignitate delakoa zen. Baina aisiaren praktikari Erromak beste osagai garrantzitsu bat erantsi zion, oraindik ere bizirik dugun osagai bat hain justu. Nolabait esatearren, kontrol sozial eta politikorako aisia dela esan dezakegu. Erromatarren aisia landuak elementu izpiritual eta begiespenerako hura mantentzen zuen bitartean, herriaren eta masen aisian dibertsioa eta atsedena azpimarratzen ziren. Eta, maila handi batean, onespena sortarazi ahal izateko botereak erabilitako dibertsioa izaten zen. Zirkuko aisia da, joko handietakoa, gladiadore eta piztien borroketakoa, gurdi lasterketena, etab. Masa aisia, boteretsuek eta aberatsek ordaindua, herria lasai eta mendean mantentzeko modutzat. Izan ere, gaur egungo denbora librearen halako jarduera batzuek eginkizun horixe bera betetzen segitzen dute, modu zoliagoez batzuetan, baldarragoez bestetan. Historian zeharreko ibilbide bizkor honetan
jarraituz, esan beharrekoa da kristautasuna heldu izanak ez zuela inolako
ekarpen aipagarririk eskaini aisiaren kontzeptuaren bilakaeraz ari garela.
Begiespenaren ideal grekoa berreskuratu zen, baina Jainkoarengana bideratzearren
funtsean. De Graziaren hitzez baliatuz, "....elizaren arkitekturak,
altuerak eta zabalerak, kupula zerurantz irekita egoteak..., guzti-guztiak
laguntzen zion eliztar xumeari kontenplazioan murgiltzeko. Elizako Gurasoentzat
helburua salbazioa zen, beste bizitza. Lehena arima salbatzea zen, Jainkoari
hurbiltzea. Eta nolabait, tarte libreetan egiten zen zerbait zen lana.
Salbaziora bideratuta ez zegoen jarduera oro, gauzak zehatz azalduz,
ez zen funtsezkoa. Orok ahalegindu behar zuen kontenplazioan aritzen,
nahiz eta horretarako gaituta ez egon. Kontenplazioak segitzen du jarduera
gorena izaten." Grezian eta Erroman bezalaxe, eta oro har gizarte klasista guztietan bezala, Erdi Aroan eta Errenazimentuan modu desberdinak izan ziren laneko eta aisiako denborak banatzeko, betetzeko eta baloratzeko, gizarte estamentu batekoa ala bestekoa izan. Garai hartan, nekazarientzat eta eskulangileentzat lana eta aisia eguzki-ordutegiaren eta Elizak arautzen zituen jai egunen arabera banatzen ziren. Lanaldiak oso luzeak izaten zirelarik (zortzi eta hamasei ordu bitartekoak, urtesasoiaren arabera), jaiegunak (igandeak eta beste erlijio festa batzuk, edo patronalak, etab.) ere ugari ziren. Gizartearen zati honentzat lana eta aisia estu-estuan lotutako errealitateak ziren. Ez baitago gero, industri iraultzaz geroztik, agertu zen bereizketa hura bezain markatutakorik. Denbora libreko jai eta betekizunetako asko gremio mailan bizi ziren, lankideez alegia, eta zuzen-zuzenean lotzen ziren lan jarduerarekin. Nobleziak, bere aldetik, eta batez ere
Berant Erdi Aroaz geroztik, aisia modu berezkoak garatu zituen. Gorteko
aisia zen, gero eta gehiago agertu zena lanarekiko eta zuzenean produkzioari
loturiko jarduerarekiko oposizio gisa. Baina honen elementurik berezien
eta berezkoena zera izan zen, bereganatu zuen nabarmenkeriazko eginkizuna.,
Gerran, ehizan, kiroletan, torneoetan eta, besteak beste, erlijioarekin
lotutako jardueretan aritzeko aukera libreki eta norberak aukeratua
botere eta aberastasun zeinu bihurtu zen, estatusa azken batean. Thorsten
Veblen-en ustez, "nabarmenkeriazko aisiaren" kontzeptu honen
sortzaile eta azterlearen ustez alegia, bere Teoría de la
clase ociosa liburuan joan zen mendearen amaierako iparramerikar
burgesiari aplikatu baitzion kontzeptua, eginkizun horiek maila sinbolikoa
bereganatu zuten, produkzio lanak eragindako duintasun galeratik aske
geratzeko adina aberastasun badela jendearen aurrean erakusteko hain
justu. Baina zaldunen aisiaren kontzeptzio nabarmenkeriazko, exhibizionista horrek, status, botere eta aberastasunaren sinbolo gisakoak, horretarako aukera zuen gizarte sektorean –aristokrazian batez ere- indarrean jarraitu zuelarik, XVII. mendeaz geroztik kontzeptzio berri eta dibergentea agertu zen. Burgesia gora zihoala eta ingeles puritanismoaren ideologian bere adierazpenik goren eta garbiena zuela, lana balio goren bihurtu zen, eta aisia, lanaren antitesia izaki, guztien gainetiko bizio. Aisiak, Erdi Aroan bezala, zeinu gisa funtzionatzen jarraitzen du, baina orain ez du baliozko gauza desiragarriren bat adierazten, baizik eta kontrabalio bat. Ahalegina eta produktibitatea mamitu ziren balorazio irizpidetzat, eta lanean topatzen zuten bere izatearen zergatia; bitartean aisiak edo eginkizunik ezak –honexek hobeto adierazten du jasan zuen balio galera- ez zen bizio huts bat, baizik eta beste bizio askoren iturria. Parentesi gisa edo, esan dezakegu gaur egun eginkizunik eza esatean oraindik burura datozkigula tradizio puritanoan gertatutako aisiaren balio galeraren oroitzapen gisakoak. Azkenean, Frantziako Iraultzaz aldaketa
berriak gertatu ziren, aisia modernoa itxuratzeko prozesuan. Elizak
laga egin zion jai egunak erabat kontrolatzeari, eta horrelakoak murriztu
egin ziren, eta liberalismoaz desagertuz joan zen ordurarte nagusi izandako
lanaren antolaketa. Gizabanako bakoitza, liberalismoaren izenean, teorian
aske geratuko zen bere lanaren baldintzak negoziatu ahal izateko, eta
honek erraztu egin zuen lanaldi luze eta gogorrak ezartzea. Guztia prest
zegoen kapitalismoa bere garapen bizian murgil zedin, eta itxuratuz
joan zedin, bide beretik, denbora librearen eta lanaren gaur egungo
zentzua. Ezer ez dagienak, kalte dagi. Aurreko kapituluan ikusi dugun bezala, aisia eta denbora librea bilakaeran murgilduta egon dira historian zehar. Baina hainbat epek edo gertakizunek garrantzi berezia izan du denbora librearen gizarte fenomeno honen inguruan. Industri iraultza, zalantzarik gabe, esangura bereziko unea izan zen denbora librearen geroko errealitatea itxuratzeko moduan. XIX. mendean eta industri iraultzaz finkatu ziren, orduaz geroztik denbora librearen ezaugarria ditugun bi fenomenoren oinarriak: laneko denboraren eta denbora librearen bereizketa nabarmen-nabarmenerako joera batetik, eta denbora librea koantitatiboki eta pixkanaka-pixkanaka areagotzeko aukera bestetik. Lanaren eta denbora librearen arteko bereizketa. Industrializazioak eragindako fenomenoetako bat laneko denboraren eta denbora librearen bereizketa nabarmenagotzea izan zen. Industriaurreko gizarteetan –eta baita gaur egun ere, neurri batean, landa munduan-, bizitzeko baldintzak gogorragoak izan arren, bizimodua bera jarraituagoa eta batuagoa zen. Oso harreman estua zegoen jai egunen eta nekazaritzako lanaren (urtesasoiko ospakizunak...), edota eskulangintzakoaren (gremioen festak, zaindarienak, etab.) artean. Denbora egituraren batasun edo kadentzia hau –eta, batez ere, denbora horrez ematen zen bizipena- industri iraultzaz eten zen, halabeharrez. Laneko ordutegiak eta egutegiak erritmoak eta alternantziak markatzen dituzte langilearen bi bizitzen artean; lana egin bitartean inorena bailitzan bizi baitu bata, eta denbora librean bestea. Aipatutako lehena, lana, bigarrenerako ezinbesteko baldintzatzat sentitzen du, baina bien artean bada bereizketa bat: denbora bereiziak, zatikatuak, heterogeneoak dira,... bai denborak berak betetzen dituzten jardueren eduki zehatzaz, bai denbora horien aurrean izaten diren jarrerez. Baina denbora librea, lanaren aurkako edo antitesi gisakoa izateaz gain, haren antidoto gisa funtzionatzen hasia da dagoeneko. Orduan, denbora librea gehienetan batere pertsonala izaten ez den lan esker gutxiko, zatikatu, partzelario eta, G. Friedmann-en hitzez baliatuz, "apurkako" horren ordaina da. Eta, gauzak muturrera eramanda, denbora zatikatu baten ondorioz gizabanako zatikatu baten irudia ager dakiguke. Gizabanakoak lan hori onartzen baitu, sarritan batere humanizatzailea ez delarik desatsegina ere izan daitekeen arren, gero eta denbora libre gehiago izango duen itxaropenaz; izan ere, denbora libre horretan proiektatzeko asmoa du bere asetasun eta errealizazio pertsonaleko espektatibarik onenak. Denbora librearen eta laneko denboraren arteko bereizketari buruz esandakoa ñabartu behar da, jakina. Bereizketa hori langilearen ikuspegitik gertatzen da, ez ordea produkzioaren ikuspegi orokorretik. Denbora libreak, oraindik ere, oso harreman funtzional garrantzitsuak baititu produkzioarekin. Eta kontsumo funtzioa ez da, ez horixe, makalena. Aisiarekin zuzenean edo zeharka lotutako industria (turismoa, ikuskizunak, moda,...), koantitatiboki, gero eta garrantzitsuagoa da. Halatan, denbora libreari egitura zentzua ematen dion elementua, egiaz, lana-produkzioa-denbora librea-kontsumoa katea besterik ez dela pentsa dezakegu. Denbora librearen gorakada koantitatiboa. Industrializazioaren ondorioz sortutako beste fenomenoa denbora librea pixkanaka-pixkanaka areagotuz joateko aukera izan da. Hala eta guztiz ere, gauza jakina da denbora librearen areagotze hori ez dela industri iraultzaren unean bertan gertatu. Izan ere industrializazioak lehen unean bertan eragin zuena kontrakoa izan zen. Lantegietako, meategietako eta abarretako lanaldiek hartzen dituzte egunaren ordu gehienak (14, 16 edo ordu gehiago), eta beste orduak, jakina, atseden pixka bat hartzeko ezinbesteko denbora besterik ez da. Horrelako baldintzetan nahikoa lan, artean denbora libreaz hitz egiteko, are gutxiago aisiaz aritzeko. Gehienez ere, denbora librearen eginkizunik prosaiko eta heteronomoena hartzen duen denbora da, lanean segitzeko indarrak berreskuratzea beste xederik ez baitu. Literaturak eta soziologiak behar adina deskribatu dituzte industrializazioa abiatu zelarik ziren lan baldintza latzak. Horrelako baldintzetan aurkitzen baitziren haurrak berak ere (langileen haurrak, jakina). Marxek zioen bezala, "horixe izan zen haurren odola kapital bihurtu zen garaia". Hala eta guztiz ere, industrializazioak berak jarriko ditu geroago lanaldia pixkanaka-pixkanaka murrizten joateko oinarriak. Produkzio prozesuaren teknifikazioak eta arrazionalizazioak ahalbidetuko dute, produkzioa eta etekina areagotu arren lanaldia murriztu ahal izatea. Erran gabe doa murrizte hori langileen borrokaren emaitza ere izan dela, lanerako baldintza duinagoak galdatu baitituzte. Eta, langileek galdatutako gauzen artean lanordu gutxiago izatea aurkitzen dugu guztien gainetik. Horrela itxuratuz joan da "Lanaren-ondoko-gizona"ren ideia. Hau da, bere denboraren zati bat, printzipioz autonomoki aukeratu ahal izango duen jarduera baterako duen gizona. Lanik gabeko denbora ez baita, dagoeneko, lanean segitu ahal izateko indar berreskurapenerako astia, baizik eta subjektiboki propiotzat, norberaren denboratzat bizi izaten hasitakoa, inorena, alienatua –esangurarik literalenean- bailitzan sentitu ohi den laneko denboraz oso bestela: izan ere, laneko denbora denbora saldua da, eta horrelaxe interpretatzen da, egiaz soldata ordaintzen duenaren jabetzakoa. Aisiaren zibilizazioaren mitoa eta langabeziaren gizartearen errealitatea. Lanaldiak eta laneko denboraren kopuru orokorra gero eta gehiago murriztu ahal izateko aukerak areagotuz joan ziren, eta mende honetako bigarren erdialdean "aisiaren zibilizazio" deituaren etorrera ikusten hasi ginen. Gizarte horretan, lan derrigortu eta neketsua bere mailarik txikienetan mantenduko zen, eta gizabanakoak aukera izango zuen bere denborarik gehiena plazerra sortzen dioten eginkizunetan, indibidualki zein gizarte mailan sorkuntzakoak direnetan, kulturan, elkarbizitzan... erabiltzeko. Utopia bat da, baina zenbaitentzat dagoeneko hura begiztatzen hasiak ginen bitartean, beste batzuentzat, ikusiko dugun bezala, desiragarria ote den ere zalantzan jartzeko moduko mito bat besterik ez da. Edonola ere, bizitzan zeharreko lanordu kopuru osoa murrizten joan dela ukaezina da. Informatizazioak, errobotizazioak eta, oro har, teknologia berriek eragina izan dute, eta izaten jarraituko dute, joera hori areago dadin. Alabaina hainbat faktorek pikutara bidali dituzte aisiaren gizarte ametsezko haren ikuspegirik baikorrenak; faktore horien artean azpimarra ditzakegu hirurogeita hamarreko hamarkadan hasitako petrolioaren krisialdia edo mugagabeko hazkundearen onuren inguruko konfidantza galera, batere desiragarriak ez diren azpiproduktuak baititu ondorio (arazo ekologikoak, energetikoak, etab.). Denbora libreari dagokionean, krisialdiak sortu duen arazorik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, biztanlerian dagoen langabetu multzoaren hazkunde nabarmena izan da. Begi bistakoa baita lanorduen kopuru orokorraren egiazko murrizketa ez dela modu homogeneoan banatu: gainokupazioa duen sektore baten ondoan bada azpiokupazioa edo erabateko langabezia jasan behar duen beste bat. Eta gauzak horrela, bigarrenen denbora librea ez da, ikusten den modua dena delarik, desiratutako eta hazkunde pertsonaleko tarte bat, zeharo kontrakoa baizik. Bai ekintzen mailan bai balioen mailan bizimodu duina eskuratu ahal izateko lana galdatzen duen gizartean, lanik ez duenak nahikoa zail du aisiaren eta denbora librearen gaitasun positiboaz gozatzeko. Egiaz, funtsean egia da lanik gabe egoteagatik bere denbora guztia eskura duen haren paradoxa, zeren eta benetan ez baitu ez aisiarik ez denbora librerik. Aristotelek aisiaz emandako definizioari helduz gero ("lana izan beharretik libre egotea"), langabetuak ez du egiazko aisiarik, ezen zereginik gabe dagoela ez dago lana izan beharretik libre. Hori dela eta, zenbaitek nahiago du zereginik gabeko edo desiratzekeko lanaz hitz egin, langabetuez eta lanik eza ez aukera ez pribilegioa ez den pertsonez ari garela, ezarritako zoritxarra besterik ez baita. Gure gizartean, biztanle gehienentzat, lana egin beharra aisiaz gozatzeko aukeraren aurretik dago. Esanak esan, eta lehen aurreratu bezala, denbora libreko gizartea, benetan posible izanez gero, desiragarria ote den ere galdetu izan dio zenbaitek bere buruari; oporrak urteko salbuespena izan beharrean arau liratekeen gizartea, bere denboran kontsumoa, telebista, zaletasunak edota begiespen hutsa nagusitzen diren gizartea. Kontua zera baita, horrelako okupazio batek esanguraz bete al dezake bizitza? Dena dela, egungo egoerak gero eta nabariago galdatzen dituen egiturazko aldaketak alde batera lagata ere –esate baterako, lan zamaren banaketa orekatuago eta zuzenago bat-, kultur eta jarrera aldaketak ere ezinbestekoak ditugu. Errealitate berriak eta etorkizunera halako aurreikuspen batzuez abiatzeak zera erakusten baitigute, lehen-lehenik murrizten joan behar dugula puritanismo burgesaren pentsamolde nagusia, zeren eta horrentzat lana baita errealizazio pertsonalerako bide bakarra. Beste jarduera batzuk bilatu behar ditugu –ez soilik "aisiaren" mailakoak, hitzak izan dezakeen zentzurik txarrenean ere- gure bizitza esanguraz hornitzeko gai, eta eginkizun horretan orain artean lanak eskaini duena ordezkatzen edo, gutxienez, osatzen joateko kapaz. Kultur eta zientzia mailako eginkizunak, gizarte erabilgarritasuneko lanak, jarduera pertsonal eta kolektiboak adierazpen eta sorkuntza mailan... Baina bai balio aldaketak bai jarduera mota horiek garatzeko behar diren portaera, pentsamolde eta praktika mailako jarrerak geureganatzeko, ekintza propedeutikoak behar dira: hezkuntza mailako ekintzak. Izan ere, aisia eta denbora librerako prestakuntza hezkuntzaren helburu bat baita. "Gizabanako orok du atsedenerako, denbora libreaz gozatzeko, lanaren iraupena arrazoiz mugatzeko eta aldian-aldiko oporraldi ordainduak izateko eskubidea." (Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsaleko XXVI. artikulua, 1948an NBEk onartua). "Umeak erabat gozatu behar du jolasaz eta laketaz, eta hauek hezkuntzak lortu nahi dituen helburuetara bideratuko dira; gizartea eta herri agintariak ahaleginduko dira eskubide honen gozamena sustatzeko." (NBEk 1959an onartutako Umearen Eskubideen Deklarazioko 7. Printzipiotik aterea). "Halaber, herri agintariek (...) bermatuko dute beharrezko atsedena, lanaldia mugatuz, aldian-aldiko opor ordainduez eta egoitza egokiak sustatuz." "Herri agintariek sustatuko dituzte osasun hezkuntza, hezkuntza fisikoa eta kirola. Halaber, aisiaren erabilera egokia bultzatuko dute." (1978ko Espainiar Konstituzioko 40.2 eta 43.3 artikuluetatik aterea). |