(1) |
||
| ... | ..... |
(1)
Datuek aipatzen duten ikerlana Madrilgo Autonomia Erkidegoak
(PR00026/94) eta Europar Kontseiluak (XXII. Dir. Orok. 95003 erref.)
emandako dirulaguntzen babespean egin da. Gazteria, historian zehar, potentzialki arriskutsua den gizarteko gutxiengotzat hartu izan da. Mendebaldeko gizarte garaikideak, beste inongo gizartek seguruenik sekula egin ez duen bezala, gazteen pertzeptzio balio biko bat, anbibalente bat garatu du, bertan bilduz mirespena eta beldurra, modu esplizitu samarrean agertuz biak. Ohiturei aurka egiteak eta janzkera eta jarduteko modu alternatiboek hainbat errezelo eragiten dute beste biztanleen artean, gizarte estatus sendoagoa dutenez modu batuagoan, uniformeagoan baitaratu baitituzte gizarte arauak. Gero eta sarriago, hedabideek igortzen dituzten berrien berehalakotasun eta ikusgarritasunarekin bat, gizarte madrildarra eta, hedapen hutsez, espainiarra, asaldatu egiten dira gazteak protagonista dituzten arriskuzko portaeren ugaltzeaz, aisialdian zehar gauzatzen baitira. Informazio hauen jatorria, funtsean, gertakizunen kronika beltza edo unibertsitateko ikerlan zenbaiten hedapen ez beti egokia izaten dira, eta aldian-aldian larritasun giroa eragiten dute instituzioetan, eta gizarte alarma, hedabideetan beraietan hainbat eztabaida azaleko samarrez, Gobernuari eginiko galderez eta "berehalako ekintza" politiko eta sozialak zertuko diren promesez. Orduan, arazoen exegesi erritoak abiatzen dira. Portaera horien eragile potentzialetako batzuk, gizarte anomia eta balio galera, indarrean dauden kultur arauak, famili edo inguruan garatutako heziketa praktikak edota portaerok erakusten dituzten gazteen beren ezaugarri idiosinkratikoak dira. Ekarpen bakoitzak ikuspegi batetik behatzen eta interpretatzen ditu gazteen arriskuzko portaerak, eta ez da inolako ahaleginik izaten beharrezko integrazioa eman dadin edo oinarritzat hartzen dituzten datu enpirikoak edo espekulazio intelektualak osatzeko. Hala eta guztiz ere, legez kanpoko drogen kontsumoa, hiri tribuen bortizkeria edo gidatze ausartegia bezalako "arauz kontrako" jarrerak agertzea errazten duten prozesu psikologikoak eta sozialak sakon eta errealtasunez, aurreiritzirik gabe ikertzeko beharra bere tokia bilatzen joan da, azken urteotan, madrildar gizartean, pitinka baina etenik gabe. Badirudi instituzio eta gizarte mailako adostasun nabarmena finkatu dela, interbentzio eraginkorraren lehen pausua ezagutza den iritziaren inguruan. Zientzi ikerkuntzaren bidez lortutako ezagutzez gain, gure esperientzia pertsonalek, edo gazteak protagonista izan diren gizarte aurkako ekintzei buruz hedabideek eskaintzen duten informazioak, bultzatu egiten dute, sarritan, gazteei edo, behintzat, gazte mota desberdinei buruzko estereotipoak garatzea. Estereotipo sortze honek zera dakar, pertsona multzo baten –gazteak, esaterako- eta multzo horrexen baitan halako jarrera batzuek –droga kontsumoa, bortizkeria...- duten maiztasunaren arteko egiazko lotura gehiegi orokortzea, eta aurretik gizarte epaia -negatiboa kasu honetan- jasotako jarrerak izan ohi dira horrelakoak. Informazioa sinplifikatzeko prozesu honen ohiko ondorioetako bat gazteei eta beren gizarte portaerei buruzko usteak orokortzea izaten da, eta uste hauek erabat egiazko eta zehatzak direla jotzen da jendartean, hainbat girotan. Gure interbentzioan zehar erakutsiko dugun
bezala, madrildar gazte gehienak, hiru laurden baino gehiago alegia,
"arrisku baxuko patroian" sartzen dira. Ikerlaneko datu hauek
eta beste batzuek neurri batean desegiten, indargabetzen dituzte gazte
estereotipoa osatzen duten usteetako batzuk. Orain arte azaldutako guztiak ikerkuntza ildo bat zabaltzea eragin du Europar Batasunaren baitan, eta gazteek bere aisialdian zehar erakusten dituzten arriskuzko jarrerak ezagutzeko kezka du gidari ikerkuntzak. Ikerkuntza ildo horrek, bere helburuen artean, hurrengo hauek ditu: Helburuak: 0. 15 eta 29 urte bitarteko gazteen arriskuzko patroiak aurkitzea. 1. Arrisku patroi horietan hainbat aldagai psikosozialek duten eragina enpirikoki egiaztatzea edota gezurtatzea.2. Konklusio operatiboak ateratzea, sustapen edo prebentzio programak diseinatzeko eta inplementatzeko balioaz. Metodologia: a. Diseinu koantitatibo korrelazionala, aldagaien arteko harremanak argitzeko aukera ematen baitu. b. Diseinu koalitatiboa, Eztabaida
Taldeen teknikaren bidez. Ondoren, madrildar gazterian ematen den hainbat arriskuzko portaeraren analisiari ekingo diogu. Jarrera bortitzen, arriskuzko sexu praktiken eta legez kanpoko drogen kontsumoaren inguruan sakontzen ahaleginduko gara. Gure azterketa, beste analisi maila batzuk lantzeko aukeraren kaltetan izan gabe, ikuspegi psikosozialetik egin behar da ezinbestez. Ikuspegi honetatik, gizabanakoak bere sozializazio inguruarekin duen elkarrekintzaren azterketan bilduko gara funtsean, elkarrekintza horren bidez eratutako sinesmen, jarrera eta balioetan. Beraz, aipatutako portaera bakoitzaren prebalentziari buruzko deskripzio datuak eskaintzeaz gain, portaera hauen eta gazteari buruzko zenbait aldagairen arteko zenbaterainoko harremana dagoen ikertuko dugu, betiere gaztea hainbat esparrurekiko (familia, eskola, berdinen taldea...) elkarrekintzan dagoen banakotzat harturik. Horretarako, datu koantitatiboak –gazte biztanleriaren lagin adierazgarri batean galdera-sorta batez bilduak- eta koalitatiboak erabiliko ditugu, adin eta jatorri desberdineko gazteez eraturiko eztabaida taldeetan bildutakoak azkeneko hauek. Ondoren aurkezten den azalpenak ongi bereiziriko bi alderdi ditu. Lehen-lehenik, arriskuzko portaerak modu isolatuan aurkeztuko ditugu, banan bana, funtsean eragina eta ezaugarriak ikusiz. Bigarrenik, arriskuzko portaera horien analisi orokorra, multzotzat hartuz eginikoa alegia, aurkeztuko dugu, zeren eta arriskuzko portaera horiek, geroago ikusiko dugun bezala, ez baitira modu bakar edo isolatuan agertzen, baizik eta elkarte enpirikoetan, "arrisku taldeak" deitu ditugun horiek osatuz. Aisialdiari lotutako arriskuzko portaerak Madrilgo Komunitatean. Gure ikerle taldeak aztertu dituen arriskuzko portaerak hurrengo hauek izan dira: bortizkeria, arriskuzko sexu portaerak eta legez kanpoko drogen kontsumoa. Horietako bakoitzak maila bateko eragina du gazte biztanleriaren artean, eta orobat profil psikosozial desberdinak erakusten ditu, elkarren artean garbi bereizteko aukeraz inondik ere. Modu isolatuan azterturik, honako datu hauek ikusten ditugu: Taldekako gazte bortizkeriari dagokionean, helburu nagusitzat aurkako taldekidetzat hartzen diren pertsonak dituen portaera dela esan dezakegu; "Taldeaz kanporantzako gazte bortizkeria" deitu dugu. Izan ere gizabanakoek beste herri edo auzo bateko taldeak aipatzen dituzte lehentasunezko helburuen artean, edo beste kirol talde bat edo beste ideologia politiko bat; halaber, talde marjinalen edo aurkako tribuen kontrako erasoak oso gutxi direla adierazten dute. Aztertutako portaera bortitzen eragina %11,9koa da, eta bortitzen profil ohikoa honako hau da, gizonezkoa, 15 eta 18 urte bitartekoa, ikaslea, kohesio txikiko familia batekoa, bere arazoei heltzeko unean arazorik gertatu ez balitz edo garrantzirik gabekoak bailiren diharduena, eta denbora libre asko eta buruestima gutxi duena. Arriskuzko sexu portaerei dagokienean, desiratzekeko haurdunaldiez ari garela, koitora heltzen diren sexu harremanak dituztenen erdia pasatxo besterik ez da (%58,3) beti antisorgailuren bat erabiltzen duena koitora heltzen diren sexu harremanetan. Biztanleriaren beste zatian, sekula erabiltzen ez dutenak ditugu batetik (%4,8), eta noizean behin (%11,2) edo gehienetan (%25,7) erabiltzen dituztenak bestetik. Hala eta guztiz ere, sexu harremanak bakar-bakarrik bikotearekin izaten dituztenen ehunekoa 78,1era heltzen da, eta datu honek zeharo murriztarazten du sexu gaitzak kutsatzeko arriskuzko portaera. Datuak gero erabili ahal izateko, hiru talde bereizi dira: Sexu harremanik ez (SHE), Arriskuzko sexu harremanak (ASH), eta Arriskurik gabeko sexu harremanak (AGSH). Gazteen artean ematen den legez kanpoko drogen kontsumoari helduta, gaur egun gehien kontsumitzen den gaia kalamua dela ikusten dugu (%18,2). Beste substantzia guztien kontsumoak askoz maila apalagoak lortzen ditu gazteen artean; halaz, sintesiko droga kontsumoak %5,2ko mailak hartzen ditu, kokaina eta aluzinogenoak %4,2ra heltzen dira, bakoitza bere aldetik, eta anfetaminak eta heroina kontsumitzen dituzten gazteen ehunekoa oso baxua da (%0,8 eta 0,3 hurrenez hurren). Kontsumoko bost patroi identifikatu ditugu, eta hauen guztien ezaugarriak, laburpen gisa bada ere, hurrengo lerrootan datozkigu. Talde hauetako lehena "Edale ez-Kontsumitzaile ez" deitu duguna da. Talderik handiena da (%52,5) eta ez du alkoholik ez inolako drogarik kontsumitzen. "Asteburuko edalea eta droga kontsumorik ez" delako taldeko gazteak kontsultatutako laginean %31ra heltzen dira, eta asteburuetan edan ohi dute, astegunetan maila baxuagoetan mantenduz kontsumo hori, eta lehen taldekoek bezala bazterrean lagatzen dute legez kanpoko drogen kontsumoa. "Asteburuko edalea eta noizean behingo droga kontsumitzailea" taldeko gazteak laginean %12ra heltzen dira, eta aurreko taldekoek bezala asteburuetan edan ohi izateaz gain, noizean behin edo asteburuetan zehar kalamua ere kontsumitzen dute. "Edaleak-Kontsumitzaleak" taldeko gazteak biztanleriaren %3ra heltzen dira, baina oso alkohol eta kalamu kontsumo handiak izateaz gain, noizean behin sintesiko drogak, kokaina edo aluzinogenoak ere kontsumitzen dituzte. Azkenean, galdetegian sartutako gazteetatik %1,7 "Ez edalea-kontsumitzailea" taldean sartzen dira, eta droga kontsumo altua eta naroa duten bitartean alkohol kontsumoa baztertzea dute ezaugarritzat. Arrisku Taldeen identifikazioa. Orain artean modu bereizian aztertu ditugu madrildar gazteen arriskuzko portaerak. Alabaina, eguneroko gazte errealitatean jarrera hauek ez dira modu isolatuan sortzen. Izan ere, zientzi ikerkuntzaren bidez eskuratutako ezagutzez aparte, batzuetan gure esperientzia pertsonalek, edota gazteak protagonista izan diren ekintza antisozialei buruz hedabideetatik etortzen zaigun informazioak, erraztu egiten dute gazteei buruzko hainbat estereotipo sortzea. Estereotipo sortze honek zera dakar, pertsona multzo baten –gazteria, esaterako- eta multzo horrexen baitan halako jarrera batzuek –kasu honetan arriskuzko portaerek, esaterako- duten maiztasunaren arteko egiazko lotura gehiegi orokortzea, eta aurretik gizarte epaia -negatiboa kasu honetan- jasotako jarrerak izaten dira horrelakoak. Informazioa sinplifikatzeko prozesu honen ohiko ondorioetako bat gazteei eta beren gizarte portaerei buruzko usteak orokortzea izaten da, eta uste hauek erabat egiazko eta zehatzak direla jotzen da normalean. Esate baterako, jarrera bortitza droga kontsumoarekin lotzen da, arriskuzko sexu portaerak alkohol kontsumoarekin, etab. Ondoren erakutsiko dugun bezala, arriskuzko portaerek, enpirikoki bildurik, "Arrisku Taldeak" deitzen ditugunak eratzen dituzte. Eta "Arrisku Taldea" esatean zera adierazi nahi dugu, bortizkeria, sexu, eta alkohol eta legez kanpoko drogen kontsumoaren arloan hainbat jarrera komun dituzten gazteen taldea. Eta taldeak identifikatzeko, Korrespondentzia Askotarikoen Faktore Azterketa (KAFA) egin zen. Maila edo kategoriak modu erregularrean eta bereizirik biltzen dira, eta horrela hainbat aztarna eskaintzen digute portaeren artean ematen diren harremanei buruz. Biltze horiexei deitzen diegu "Arrisku Talde". Arrisku portaeren arteko harremanak modu argiagoan finkatzeko, konglomeratu analisi bat egin zen –arrisku talde homogeneoak aurkitzeko eta berauen neurria zehazteko xedeaz-, doitutako hondar analisi bat, argitu beharra baitzegoen aztertutako aldagaien (sexu portaera, kontsumo eta bortizkeria patroiak) zein kategoria dauden modu adierazgarrian arrisku talde bakoitzarekin elkarturik. Azken batean, arrisku talde bakoitzarentzako profila bilatzen ari ginen, maiztasun handienaz erakusten dituzten arrisku portaeretan oinarriturik. Identifikatutako talde bakoitzak erakusten duen profil psikosozialak aukera ematen du beste taldeetatik bereizteko. Talde horien analisiak ahalbidetuko digu bortizkeria, sexu eta alkohol eta legez kanpoko drogen kontsumoaren inguruko hainbat portaerak komunean dituzten elementuak aurkitzea. Izan ere, taldeak ezagutuz gero errazagoa izango da atxikitzen zaizkien faktore psikosozialak ikertzea. Identifikatutako lehen taldea "Ez bortitzak, arrisku handikoa" izena eman dioguna da. Laginean %7,7 hartzen du, eta sexu praktika arriskutsuak, alkohol eta droga kontsumo handia eta, hala eta guztiz ere, jarrera bortitzik ez duten gazteek osatzen dute nagusiki. Bigarren taldeari "Arrisku txikikoa" izena eman diogu. Talderik handiena da (%75,7) eta abstemioak diren edo asteburuetan pixka bat edaten duten gazteez osatzen da, legez kanpoko drogarik kontsumitu ez eta portaera bortitzik ez duten horiez. Erakusten duten sexu portaerari dagokionean, gehienetan ez dute oraindik sexu harremanik izan, edota izan dutenean prebentzio neurri egokiak erabili izan dituzte. Azkenean, "Bortitzak, arriskuzko kontsumoa" izeneko taldeak gazteetatik %16,6 biltzen ditu. Azken urtean zehar liskar bortitzak izandako banakoek osatzen dute, nagusiki. Gazte hauek ez dute sexu portaera arriskutsurik, eta droga kontsumoari dagokionean, bi patroi dituzte: batzuek alkohola edaten dute asteburuetan, eta noizean behin kalamua kontsumitzen dute, eta beste batzuek ez dute alkoholik edaten, bai ordea maiz legez kanpoko drogarik (haxixa eta droga sintetikoak, batez ere). Lortutako emaitzen argitan, gazte arriskuzko continuum bat badela esan dezakegu, eta honetan kokatuko genituzke aipatutako hiru arrisku taldeak. Muturretan daude taldeetako bi, arriskurik txikiena eta handiena adieraziz hain justu; horien artean, baina lehenbizikotik hurbilago inondik ere, gazte "bortitzak, arriskuzko kontsumoa dutenak" jarriko genituzke. Hiru arrisku taldeen arteko alderaketa eginez gero, bakoitzean ezaugarri positiboek eta negatiboek duten eragin desberdina ikus dezakegu. Ezkerreko muturrean, "Arrisku txikia" delako taldea kokatzen da, oro har moldatze egokia erakusten baitu bere gizarte inguruarekiko, eta beste taldeetan baino ezaugarri positibo gehiago hartzen ditu inolaz ere. Bestaldeko muturrean, berriz, "ez bortitzak, arrisku handia" izeneko taldea, sozializazio prozesu funtsezko zenbaitetan (hezkuntza mailakoak, pertsonartekoak, familia edo lan mundukoak) gabezia nabarmenak erakusten baititu, eta kolektibo baztertu edo marjinalen antzeko profil psikosoziala baitu. Azkenean, "bortitzak, arriskuzko kontsumoko gazteak", erdian kokatzen dira, baina arrisku txikienetik hurbilago, ezaugarri komun batzuk badituzte eta, nahiz eta batez ere famili arazoen eraginak eta garrantziak bereizten dituzten. Badirudi gizabanako hauek, arrisku handikoez oso bestela, gizarte prozesu normalizatzaileen eraginpean geratzeko aukera dagoela, gaztaroaren azken epean halako indar bat erakusten baitute prozesu horiek; izan ere aipatu denbora honetan "arrisku txikiko taldea" osatzen dutenen profil psikosozial berbera erakusten dute. "Bortitzak, arriskuzko kontsumoa"
taldearen eta "ez bortitzak, arrisku handia" taldearen arteko
alderaketa nabarmentzeko modukoa da. Oso alde aipagarriak dira, eta
hiru ditugu garrantzitsuenak. Lehenak, "ez bortitzak, arrisku handia"
taldeari dagokionean, sozializazio agente ezgai edo eraginik gabeko
gehiago adierazten ditu (hezkuntza, familia, bikotea, lana), asegabetasun
hedatuagoa, eta "berdinen taldearen" garrantzi eta laguntza
txikiagoa. Bestalde, "Bortitzen" arazoak eta asegabetasuna
famili harremanetan biltzen dira, "berdinen taldearen" laguntza
handiagoa antzematen baita. Alderaketa hauetatik abiatuta, gazte bortitz
eta alkohol eta legez kanpoko drogen kontsumitzaileez osatutako talde
hauen satanizazioa ezgai jo behar dugu zeharo ezagutzan sakondu nahi
badugu, are gehiago, geroko interbentzioetarako arriskutsua da horrela
jardutea. Egokiagoa da gazte hauek beste agente sozializatzaile batzuen
defizita neurri batez berdintzen ari ote diren hipotesia gezurtatzea
edo egiaztatzea aurrez (batez ere familiaz ari gara). Berdinen taldeen
desagerpenak erraztu egin baitezake gazte hauen profila "ez bortitzak,
arrisku handia" taldean sartzen direnen profilaz estaltzea, ezkutatzea,
eta arriskutsua izan daiteke; izan ere, azkeneko hauek gizarteratzeko
pronostiko txarragoa dukete. Eta honetatik zera ondoriozta dezakegu,
"arriskuzko kontsumoa" duten gazte "bortitzekin"
zertzen diren interbentzioek kontuan hartu beharko lituzketela berdinen
taldearen eginkizun guztiak, eta kolektibo hauek interbentziorako lehentasunezko
helburutzat jasotzen dituzten estrategiak diseinatu. Hiru gazte taldeak antola daitezkeen arrisku continuum bat baden hipotesiak hainbat ondorio teoriko eta praktiko du, eta behar bezala adieraztea komeni da. Arriskuzko portaerei buruzko ikerkuntza garaikidearen zati bat, sozialki arriskutsuak edo arauen kontrakoak diren portaeren agerpena zailtzen edo oztopatzen duten faktore babesleak, edota portaera horiek errazten edo bultzatzen dituztenak zein diren argitzeko eginkizunaz arduratu da. Kasu askotan, hezkuntza maila, famili kohesioa eta gizarte laguntza aipatu dira drogamenpekotasunaren edo alkoholaren kontrako faktore babesletzat; eta famili batasunik eza, gizarte isolamendua edo eskolako porrota, berriz, horretara bultzatzen dutenen artean. Hala eta guztiz ere, ikerkuntza ildo honek bidea zabaldu du beste interpretazio teoriko batzuk lantzeko, faktore psikosozialen arteko elkarrekintza konplexuagoaz, eta aldagaiek, bakarka harturik, arriskuzko portaeretan duten inpaktu eta eragina erlatibizatuz. Ikerlan honetan bertan erakutsi dugu nola aldagai soziodemografikoak (adina izan ezik) eta hezkuntza arlokoak ez zaizkion zuzenean lotzen taldetik kanporantzako gazte bortizkeria eta alkohol eta legez kanpoko drogen kontsumoa biltzen dituen arrisku patroiaren garapenari. Datu hauek zera adierazten baitute, gizabanakoak duen arriskua edo babesa ez dela norabide bakarrekoa, ezta espezifikoa ere; esate baterako, famili harreman egokiek babesa eman diezaiokete gazteari talde bortitzen edo sekten eraginaren aurrean, baina eragin kaltegarriak ere izan ditzakete erantsirik, esate baterako ikasketetako emaitzez gurasoak pozik izateko desira obsesiboa, halaz estres arriskuan edo, kasurik okerrekoenetan, anfetamina kontsumoan murgiltzeko arriskua sortuz eskolan emaitzarik onenak lortu nahiaz. Osterantzean, ikerlan honen emaitzetatik ateratzen denaren arabera, gazte "bortitzek, arriskuzko kontsumoa" dutenek gizarte talde baten kide izanik oreka dezakete, neurri batez, famili sozializazioaren defizita; gizarte talde horrek gizarte kontrako portaera erabiltzen du gizarte kohesio eta nortasun sendoa lortzeko, familietan falta duena eskuratzeko hain justu. Emaitzen interpretazio honetatik ateratzen den ondorio teoriko bat faktore babesleak eta bultzatzaileak zein diren garbi zehazteko zailtasuna da. Ezen faktore psikosozial bat bera, esate baterako portaera gizarte kontrakoak dituen berdinen talde baten eragina, gai izan daiteke ondorio positiboak izateko (talde arau eta balioak ikastea) eta bide batez ondorio negatiboak eragiteko (gazte taldeen bortizkeria, legez kanpoko drogen kontsumoa). Eta are garrantzitsuagoa den beste kontu bat zera dugu, faktore psikosozial bultzatzaileen edo babesleen eraginak ezin ditugula behar bezala aztertu, baldin eta gazteen sozializazio osoan zehar, hots, denbora edo sasoi desberdinetan zehar, dituzten ondorio guztiak kontuan hartzen ez baditugu. Gazte batek arriskuaren continuumean duen kokapena sozializazio agenteek harengan izan duten eraginaren araberakoa izango da. Ikuspegi honetatik, "arrisku txikiko" gazteek portaera patroi hori izatearen arrazoia hainbat sozializazio bitartekarik bere helburuak behar bezala bete izana da. Eta modu osagarrian, zenbat eta sozializazio agente gehiagok porrota izan gizarte balio eta arauen transmisioan, hainbat eta aukera gehiago izango ditu "ez bortitzak-arrisku handia" taldeko gazteen arrisku patroiak garatzeko. Ikusi dugun bezala, bitartekari horietako baten porrota (familiarena hain justu) oso modu nabarmenean lotzen da "gazte bortitzak-arriskuzko kontsumitzaileak" delako taldearekin. Aurreko argudioen laburpen gisako batek zera diosku, sozializazio ahalegin orokorraren porrotaren maila berekoa izango dela horren ondorio kaltegarriak itzultzeko, eta gazteen portaera normaltzeko zailtasuna. Ikuspegi metodologikotik, lortutako emaitzak neurri batez berretsi edo ezetsi daitezke, ikerlan hau berau beste komunitate batzuetan errepikatuz gero. Ikerlan hauek aukera emango lukete hiru arrisku taldeen izatea balidatzeko, taldeen arteko mugak eta dituzten ezaugarriak zehatzago finkatzeko, eta duten orokortze balioa haztatzeko. Bestalde, azterlan desberdinek beste arrisku portaera batzuk jaso beharko lituzkete (batez ere "gidatze ausartegia"), edo gure analisian hedapen txikiaz landutako jarrera batzuen, bandalismoaren, operatibizazioa hobetu; izan ere, horrela jokatuz gero lagundu egingo lukete gazteriaren arrisku patroiak identifikatzen eta ulertzen. Azkenean, ikerlan honen emaitzen analisiaren bidez lortutako ezagutzak oso toki ona eskaintzen digu hainbat konklusio finkatzeko, arriskuzko portaera horien prebentziora, edo garatzen hasi direlarik aurre egitera zuzendutako interbentzio programak diseinatzen eta aplikatzen laguntzearren. Irakurleak ikusiko duen bezala, apropos egin diogu ihes gida-irizpideen zerrendatze hutsari, arriskuzko portaerei buruzko azterlan honen eta beste azterlan europar zenbaiten inplikazio praktikoez gogoeta eragitearren, faktore bultzatzaile eta babesleen inguruko egungo ezagutzak berrikusteko ahalegin berezia eginez. Ondoko taulak interbentziorako aukera batzuk aurkezten ditu. Edukia areagotzeko, ikusi Martin eta lagun. 1998. Bibliografia Basabe, N. eta Páez, D. (1992): "Los jóvenes y el consumo de alcohol. Representaciones sociales". Bilbo. Fundamentos. Bilboko Udala. Comas Arnau, D. (1994): "Los jóvenes y el uso de drogas en la España de los años 90". Madril. Gazteriaren Institutua. Costa, P.; Pérez, J.M.; Tropea, F. (1996): "Tribus urbanas". Bartzelona. Paidós. Ibérica. Dirección General de Prevención y Promoción de la Salud (1993): "Estudio de actitudes, opiniones y comportamientos sexuales de los jóvenes de la Comunidad de Madrid". Madrilgo Komunitatea. Osasun Saila. Documentos Técnicos de Salud Pública, 10. zk. Martín González, A. eta lagun. (1998): "Comportamientos de riesgo: violencia, prácticas sexuales de riesgo y consumo de drogas ilegales en la juventud". Madril. Entinema. Gazteriaren Zuzendaritza Nagusia. |