| ... | ..... |
Deustuko Unibertsitatea. Bilbo Hamarkada eta mende bukaerako espainiar gazteria izanik langai zehatz, belaunaldi-biziraupeneko baldintzen artean eta gizarte helduak gazteriari berari ezartzen, eskaintzen edo onartzen dizkion aukera eta arriskuen esparruaren baitan hiru ezaugarri nabarmendu ditzakegu espainiar gazteria osotasuntzat hartuz gero. Ezaugarri nagusi horiez osatutako multzoak zehazten du haren, gazteriaren BIZITZA GENEROA, bestelako bizitza estiloekiko kontrakotzat eta desberdintzat, eta bizimodu hori hainbat elementuk markatzen dute, hala nola: · liberto izaerak. Izan bada egungo gazteria espainiarraren
berezko BIZITZA GENERO bat, hiru funtsezko parametrok baldintzatzen
eta determinatzen dutena, estilizazioak, emantzipazioak eta mosaikotzeak
hain zuzen. Beste era batez esanda, espainiar gazteak bat datoz sozialki
libertoa den bizimodua izaten, etikoki zatikaturik eta kulturalki estilizaturik
dagoena bera, eta guzti-guztiei eragiten ez dien arren modu mekanikoan
bizimodu horrek, gazteen adierazpen kolektiboak eta gizarte definizioa
baldintzatzen ditu. Espainiar gazteriaz hitz egitean ur handitan sartzen gara, gure helduetatik bereizten duten keinuak eta egitura erakusten duen gizabanako multzo gutxiasko nabar bati buruzko datu edo diagnostiko berriak aurkeztea baino askoz gehiago baita. Zuzen eta egokiagoa da "aukera koiuntura" baten antzera erakustea, honen bilakaera zoriontsu edo traumatikoak bai gazteengan berengan bai helduengan garrantzia baitu, gazte zein helduen etorkizunean bezalaxe. Gazteria ez baita denbora bat, ez belaunaldi bat, ezta norberak kanpotik, objektibotasunez eta emozio zein aurreiritzirik gabe azter dezakeen kategoria homogeneoa ere. Gazteria arrisku eta aukera kometa bat da, mehatxu eta promes saldoa, helduen sistema kosmikoko intromisio bat. Eta kometak bezala, multzo tinkoa izan ordez zurrunbilo nabar eta nahasia da, haur eta nerabe gisa iritsi berriei gure gizarteak eskaintzen dien aukera koiuntura desberdinen isla, herritar heldu gisa bizi izateko patua murrizturik ikusten dutenengan sortzen diren nahiak eta frustrazioak azken batean. Gazteen mundua, beraiena adina da helduena, zeren eta helduak berak baitira aukera koiuntura horiek eskaintzen edo ukatzen, aberasten edo pobretzen dizkietenak. Espainiar gazteen bizitza estiloak, azken finean, helduen berezko bizimoduen irudi ahurra dira. Ildo honetatik, gazteen bizitza estiloen lehertzeak eraginik, espainiar bizitza sistema helduak bere dinamika eta bere zentripeismo eta zentrifugismo kolektiboei berrikitan atxikitzen zaizkien pertsonei ezartzen dien gizarte konstelazio bakoitzaz bere aldetik hitz egin behar dugu. Espainiar gazteei buruzko dokumentuak eta informazioa nahi adina ditugu. Beraz, gazteen kirol bizitzaz, eskolako porrotaz, famili gatazkaz, bortizkeriaz, alkohol kontsumoaz edo narkotiko, telebista, musika edo irakurketa ohiturez ditugun datuak errepikatu beharrik ez dago. Izan ere horrelakoetan ez genuke inolako interesgunerik sortuko, dagoeneko guztiontzat zeharo ezaguna zaigun maila horretan. Gainera, datu horiek neurri handi batean bat datoz inguruko geografi eta gizarteetako gazteriari buruz lortutakoekin eta, halako kasu edo dimentsioren batean, espainiar gazteak desberdinak direla dirudien arren, gure heldu problematikan bilatu behar dugu aldearen arrazoia, haien gazte ekimenean baino gehiago. Espainiar gazteriaren bizitza estiloen erradiografia egiten ahalegintzen garenean, sasi mamu homogeneoren baten bilaketan aritzea saihestu behar dugu lehen-lehenik, bakar-bakarrik ustezko izpi soziologiko batzuen zolitasunaren bidez ikus baitateke horrelakorik; izan ere, beste gizarte batzuetako gazteriarengan era berean ezkutaturik dauden beste alderdi batzuetatik bereizirik daude izpi horiek. Are gehiago, espektroez ari garela, ezinbestekoa da kosta ahala kosta ez erortzea itxuragabekeria ikusgarria errealitate errutinarioaren tokian erabiltzeko tentazio mediatikoan. Masa hedabideen artean oso ohikoa den ohitura batez ari gara, zientifikoki faltsua eta politikoki arriskutsua baita, ezen 11 urteko ume heroinazale bat aukeratzen dute nerabe marjinalen prototipotzat erakusteko, edota neska-eskolako neska talde baten jelosiazko sua neska nerabeen artean ematen ari den afektu-degradazioaren adibidetzat, Kronen edo bakailaoa azalduz espainiar gazteen errutinazko ingurutzat, eta "X belaunaldia"renak bezalako literatur testuak edo "Kids" filmea gure gazteen diagnostikorako agiritzat. Inori ez litzaioke burutik pasatu ere egingo helduen gizartea zoroetxe batean sartuta daudenen biografiez baliatuz deskribatzea. Bai ordea espainiar gazteen bizimoduak azaltzeko ahaleginetan ari garelarik, horren kirtenkeria itzela behin baino gehiagotan errepikatzen baita, paradoxikoki. Kasurik ilunena aukeratzen da, portzentaiarik deigarriena nabarmenarazten, eta horrelako elementuez baliaturik ahalik eta ehunik beltzena ehotzen da. Bitartean, gizarte bizitza eta bertan parte hartzea gizarte-kolektiboak eginiko aukera eskaintza baldintzatuaren eta maizter berriek eginiko eskari multzo mugatuaren arteko truke etengabea direla ahanzten dute. Eta bion arteko elkartzeak eta aldi bereko talkak sortzen dituzte gazteriaren bizitza estiloak gehien eta ongien zehazten dituzten aukera-koiunturak. Eta estilo horiek bakar-bakarrik helduen beren bizitza modu orokorraren baitan dute hozitzeko eta zentzua bereganatzeko aukerarik. Gaur egun asko eta asko aritzen gara gure
milurtekoa nola amaituko ote den, ezen erabateko gerraren eta Aro Atomikoaren
zeinuaren pean hasi zelarik aisia eta laketaren kultuaz erabat hartuta
dago egun. Zientziaren, medikuntzaren eta ordenadore informatikoaren
promes handiak bizitza intimoaren, etika tradizionalaren eta finkatutako
ordena sozioekonomikoaren asaldatzaile nagusi bihurtu dira. Klase borroka
eta gatazka etnikoa bigarren mailan gera daitezke, langabetuen eta langileen
eta gazteen eta zaharren arteko borrokak sortarazten dituen gorroto
eta liskar suen atzetik. Espainiar gazteriak parean topatzen duen aukera koiuntura honen lehen ezaugarri batek lotura badu gazteen nagusigo galerarekin, demografiaz ari garela. Jaiotza tasen murrizketa latzak, bizi-itxaropena izugarri luzatzeaz batera, gizarte elkarbizitzako egitura seneszente bilakarazi du gure gizartea. Esaterako, 15 urtetik beherakoak duela hogeita hamabost urte (1960) eta duela hogeita bost urte (1970) biztanleria osoaren %27,4 eta 27,8 baziren ere, gaur egun %11,93 besterik ez dira, eta hirurogeita bost urtetik gorakoak, aldiz, garai hartan %8,2 besterik ez zirela gaur egun %13,7 dira. Gure gizartean hirugarren adineko zaharrak haur eta nerabeak adina dira ia-ia. Egoera berri honek hiru fenomeno paralelo dakartza berekin. Lehen-lehenik, pertsona helduen mantenu ekonomikoaren larritze etengabea (areagoturik gainera laneratzeko unean eman den bost urteko atzerapenaz, eta pentsioak kobratuz beste bost gehiago izateaz), zeren eta zaharren arazo sozioekonomikoak gazteenak baino pisu politiko handiagoa eskuratzen ari diren testuinguru soziopolitikoa ezartzen ari baita larritze hori. Bigarrenik, gazteen merkatuaren bolumen ekonomikoaren ahultzea, helduen kontsumoaren aurrean pisu erlatiboa galtzen ari baita. Hirugarrenik, ongizatearen estatuarekin lotutako zerbitzu eskaintzaren xede aldaketa, askoz bideratuago baitago zaharrengana gazteengana baino. Eta horrek guztiak eraginda, errutinazko gizarte bizitzaren gizarte inguru guztiak, garraio publikoa, gizarte arteko zerbitzuak, dietetika eta medikuntza prebentiboko kanpainak, osasun eta elikadura kontrola, hiri eta gizarte plangintza, kontsumoko produktu eta zerbitzuen eskaintza, besteak beste, gehiago daude zaharren bizimoduei moldaturik gazteenei baino. Kalea, zaharren alde galtzen ari da garai batean ezagutu zuen gazteen nagusigoa. Hau da, gazteak galtzen ari dira bere kaleko nagusigoaren zati bat, eta ondorioz gero eta toleraezinagoak eta legitimitate gutxiagokoak gertatzen dira haien bizimoduak. Eta gazteen joritasun, indar eta bizitasun erakustaldiak, gero eta gehiago hartzen ditugu ozarkeriazko keinu eta oldarkortasun arriskutsuzko jarreratzat. Egungo heldu askori kale-presentziaren
bortizkeria honek Zizeroneren alegatu ospetsu haren oihartzun inkontziente
bat errepikatzeko gonbidapena egiten die: "Quousque tandem abutere,
Catilina, patientia nostra". Eta gazte multzo ez txiki bat
hasi da seneszentziaren nagusitasun hau bere berezkotasuna, autonomia
eta garapena hertsatzen duen kontrol hazkorraren prozesutzat somatzen.
Ozarkeria negatiboa da, gaitzondoan sustrai sakonagoak dituena nagusikerian
baino, eta bere gustuko diana ordenaren eta kontrolaren gizarte sinboloetan
aurkitzen du, hauen artean nabarmenduz, inolako zalantzarik gabe, polizia
eta gudarostea. Are gehiago, figura bi hauek gero eta kontraesan handiagoan
ageri dira eskolan gazteei sartzen omen zaizkien kultura eta elkarbizitza
demokratikoaren definizio eta interpretazioarekin. Nagusitasun demografikoaren galerari eskolako itxialdiak sorturiko egoera erantsi behar dio espainiar gazteriak. Izan ere espainiar nerabeen %100ek, hiru eta hamasei urte bitartekoetan, eskola batean ematen du egunero ordu multzo bat, guztira zortzi-hamar bat orduko aplikazio eta lanez. Honek dituen abantail ukaezinak alde batera utziz, kalean noraezean dabilen gazte bat edota astegun batean etxean dena gaizkilea da gure ustetan. Eta aipatutako itxialdi hori, nerabe belaunaldi osora hedatzeaz gain, gero eta gehiago zabaltzen ari da nerabezarotik haruntz, ezen 18 urte beterik %62 dira eskolan jarraitzen dutenak, eta hogei urtera helduta ere gazteen heren bat baino gehiagok segitzen du eskolan. Hogeita lau urtera ailegatuta, artean gazteetatik %15ek segitzen du ikasten. Eskolako itxialdiak lan mundutik eta autonomia parentaletik kanporatzea baino zerbait gehiago dakar. Ezkontza atzeratzea eragiten du, eta menpekotasun parentaletik burujabetasunerako iragaitza fasea luzatzen du. "Gure herrialdean –diosku Julio Iglesias de Ussel-ek- hainbat zertzelada bildu dira batean, eta azken urteotan zeharo zailagotu dute senar-emazte eta familia berriak eratzea. Lanaren prekarizazioa eta eskasia, bizimodua garestitzea, ikasketak luzatzea, etxebizitzaren prezioaren gorakada, eta gurasoen etxean nahikoa adin aurreratura arte jarraitzeko gazteen artean zabaldu den joera, guztiak ditugu beste inguru batzuetan ezohikoa den panorama itxuratu izanaren arduradun. Gazteek heldu bizitzarako iragaitza saihesteko erabiltzen dituzten estrategietan, iragaitza hau gero eta luzeagoa eta zailagoa delarik (bizikidetasuna, bakarrik edo lagunekin bizi izatea, gurasoen etxean bizi izatea), gure herrialde honetan azkeneko hauxe da gehien erabilia, eta ezkontza eta seme-alaben jaiotza atzeratzea izaten du emaitza. Ezkongai berri hauek, bakoitzak bere gurasoen etxean bizi izaten segitzen duen arren, harreman intimoak izaten dituzte maiz. Asteburuko eta oporraldietako bizikide deituak dira (1)". Era berean, 24 urtera heldurik %80k artean ez du lan munduaren esperientzia pertsonalik izan. Espainiar gazteria, 4tik 24 urtera bitartean, eskolako itxialdian den gizarte bat da, eskola eta institutua, eskola teknikoa eta unibertsitatea izanik erdigune nagusi eta nabarmena. Eskola da operazio eremua, jaurtiketa plataforma, gatazka pertsonalen hondarra, frustrazioen ortua eta ume, nerabe eta gazte espainiarren aspirazio guztien edo ia-ia guztien korridorea. Espainiar gazteria eta bere arazoak ezin dira ulertu gure eskoletan gertatzen dena ezagutzeke, lehen hezkuntzatik unibertsitateraino helduz, batxilergotik eta lanbide hezkuntzatik igarota inondik ere. Beharbada eskola ez da izango helduok uste duguna edota izatea nahi duguna, beharbada ez ditu betetzen guk atxikitzen dizkiogun promozio, hedapen eta garapen eginkizunak eta beharbada kanporatze iturri, etsipen eta gizarte bazterketarako makina, eta kultur utzikeriarena besterik ez da, eta horixe dugu, hain zuzen ere, gure gazteriaren enigmarik handienetako bat. Eta oso panorama itxaropen gabea zirriborratzen duten adierazleak ere badira izan. Hasteko: Eskola-umeen ehunetik hogeik ez du eskolako ziurtagiria eskuratzen, eta bizitza osorako markaturik geratzen dira gure kultur gizarteko pariatzat; batxilergoko ikasleen artean bostetik batek ikasturtea errepikatu egin behar izaten du, eta jendaurreko apalmenaren estigma jasan behar izaten du, lagunen kohorteko berdinekiko lotura hautsi beharrez, eta UBIko ikasleetatik erdiari galarazi egiten diote selektibitate azterketarako aukera. Ikasle hauen artetik beste multzo aipagarri bat aterako da, eskolako porrota izan dutenena, eta azkenean beste pila bat gehitu beharko zaie, unibertsitatean tokirik ez baitute aurkituko, eta aurkituz gero, bere unibertsitate esperientziaren lehen urtean bertan izango dute azkena, porrot itzelaren amildegian jausirik. Espainiar gazteria ulertzeko, orain arte sekula lortzekeko mailetan eskolaratuta dagoelarik, eskolako ziurtagiria lortzen ez dutenen eskolako porrotaren tasa altuek eragindako gizarte gaitzondoan sakondu beharko genuke, eta ikasturtea errepikatu beharrean direnenean (bai OHOn bai Batxilergoan bai Unibertsitatean garela), ikasketa askatasuneko urte deitu horietan behin betiko azkena topatzen dutenena ahantzi gabe inolaz ere. Guzti-guztiek porrotera eta etsipenera ezinbestean bideratutako erreserbako ejertzitoa osatzen baitute. Eta indibidualtzat har dezakegun porrot honi egiturazkoa edo estrukturala gehitu behar zaio, zeren eta arindu beharrean larriagotzen ari dela baitirudi, zentroen kalitatearen hierarkizaziotik datorrela; izan ere klase aberatsen seme-alabek eskola-posturik onenak hartzen dituzte, eta besteak eskola-kanporaketako auzoetan bazterturik lagatzen dituzte, hilkortasun, porrot eta atzerapen koalitatiboaren indizeak modu penagarrian metatzen diren horietan hain justu. Eskolako itxialdiak zenbat eta eragin handiagoa izan hainbat eta erabakigarriagoa gertatzen da gizarte bazterketa zentroen kalitatean. Aukera berdintasun unibertsalaren ideal demokratikoak fartsa kolektibo baten itxura hartzen du, eta bigarren edo hirugarren mailako zentroetan matrikulatuta daudenek garbi asko dakite bere hezkuntza, promozioa baino gehiago, etorkizuneko bazterketara bideratutako patua dela. Eskola, gizarte promoziorako ate omen den hori, berdintasun demokratikotik baztertzen dituen hesi itxia da horientzat. Baina beharbada gazteen eskolako itxialdia gehien baldintzatzen duen kontua zera izango da, batetik eskolako lehiakortasuneko inguru neurriz kanpoko bat izatea, ikaskuntza ertainetan lortutako emaitzen arabera baldintzatzen baitu goi mailako ikasketetarako sarbidea, eta bestetik unibertsitateko titulu gehienek lan merkatuan sartzeko izan zuten berme izaera hori galdu dutela uneoro egiaztatzea. Ikasle askorengan nagusitzen baita ia-ia hiltzerainokoa den lehiakortasunak eragindako larritasuna, langabeziaren edo kalifikazio baxuko lan baten antzutasuna izan baitezake ondorena. Eta lehiakortasun antzu honek, derrigorrezko bezain hutsal, etsipen, motibazio galera eta zinismoaren birus gisa dihardu, ustez saiatu eta motibatuak diren eskola-umeen artean. Are izurri hedatu eta bortitzagoa irakaskuntza mailetan gora egin ahala, lehen hezkuntzatik unibertsitaterainoko bidean alegia. Haur nerabeak berehalako heldu bilakatzen diren neurri berean areagotzen zaie itxaropena galdutako etsipena, gero eta ahalegin handiagoak galdatzen dizkiena gero eta emaitza kaxkarragoa lortzeko gainera. Espainiar gazte asko eta askorentzat bazterketa-auzo bat da eskola, derrigorrezko itxialdiko kanporatzea, gizarte promoziorako aukera eta askatasun berme bat baino gehiago. Gurasoek ilusio handiz bultzatzen dituzte batxilergoan edo unibertsitatean abia daitezen, giza promoziorako bermerik onena eskaintzen dietelakoan, baina gazteek berek eszeptizismoa erakusten dute nagusiki, ezen fartsa baten errealitatea ikusten dute parean, beren gurasoak protagonista inuzenteak besterik ez dira eta. Gazte askorentzat gizarte bazterketara zigortzen dituen helduen tresna da eskola, eta haiek, helduek, hezteko eta kontrolerako erabiltzen duten mekanismoa. Beste askorentzat, berriz, eskola ahalegin iren bat da, agindutako fruituak sekula emango ez dituen proiektu batean inbertitzeagatik bizitzaren urterik bizienak. Horrez guztiaz, batzuengan desilusiozko etsipena hedatzen da, eskolako epea gero eta luzeagoa eta ahalegin handiagokoa izatea ezinbestekotzat onartzen duena, ahalik eta kostu pertsonalik txikienaz jasaten saiatuz betiere. Institutu eta unibertsitateetan etsipen honen agertzeak eskola pasibitate orokorraren kutsua du, eta azkenean zeharo agortzen eta kontsumitzen du irakasle eta maisu-maistren hezkuntzarako grina. Eta gazte asko samarrentzat, soldadutza bezain zerbitzu zibil derrigorrezkoa da eskola, huraxe bezain bideratua gainera etorkizun pertsonalaren ezerezera. Ikasle horietako batek dioenez, trenik zein nasarik gabeko geltoki baten antzekoa da eskola. Eta nahikoa da sektek nasa bat asmatzea gazteak haien atzetik joan daitezen. Justifikaziorik zein proiekturik gabeko derrigorrezko itxialditik irteteko bat-bateko eskapismora jotzea berehalako tentazioa da, eta horren eraginez asteburua antidotorik seguruena da. Asteburua baita eguneroko eskola itxialdiaren errendentzioa. Halako neurri batean, kontrolik gabeko asteburua norberaren nortasun eta oreka berreskuratzeko dosi terapeutiko suerte bat da nerabe eta gazte hauentzat. Beste batzuengan, berriz, desilusiozko etsipena eskolarekiko mesprezuzko erdeinu bihurtzen da, irakasle askok sarritan aipatzen duten horixe hain zuzen, eta ikasle asko bultzatzen ditu ez soilik ihes egitera, baizik eta helduek, eskolaren bidez, agintzen duten ilusio, promes, promozio berme eta aberaste pertsonaleko iturri mundu horri kontra egitera nabarmen (2). Eskolako erdeinua gazte sindrome berri bat da, eskola sistemaren beraren oinarriei legitimazioa galarazten diena, funtzionamendua kritikatuz, hark ezarritakoari eta haren arauei aurre eginez eta, are larriagoa, sistema berritzeko edo ordezkatzeko inolako ahaleginik zein laguntzarik ez eskainiz. Erdeinuak interesa ordezkatzen du, urruntzeak partaidetza, eta uko egiteak konpromezua. Gazte askok aukeratzen du irtenbide indibiduala edo, asko jota, kirol, musika, esoterismo edo misionerismo zibilaren bide tribala. Beste garai batean, institutuaren edo unibertsitatearen berrikuntza integralerako ikasle masen aglutinatzaile edo biltzailetzat ziharduen ikasle-sindikalismoa erabat desagertu da (3). Etsipena eta erdeinua, eskolako itxialdian diren gure gazteak blaitzen dituen eszeptizismo olatutzat interpretatu ohi dira helduen ikuspegitik. Alabaina, zehatzagoa izango litzateke onartzea gazteek galdu egin dutela eskolari ohi zioten begirunea, zeren eta hau ez baita dagoeneko gizarte integraziorako mekanismoa, erredentzio demokratikorako bidea eta meritokrazia indibidualaren plataforma. Gazteak beharturik joaten dira eskolara, funtsean hutsal irizten badiote ere, baina paradoxikoki ez diote hari inolako ardurarik egozten. Eskola, azken batean, berak bezala, gero eta ulertezinagoa den helduen munduaren biktima dela onartzen dutela baitirudi. Eta ez du merezi beharturiko biktima denaren kontra borroka egiterik. Egungo gazteak ez dira interesik ezaren, faboritismoaren, absentismoaren edo irakasleen bidegabekeriaren aurka borrokatzen. Horren ordez, aldiz, galdu egin dute andere zaharrarenganako begirunea, bigarren amarenganakoa, erdi arokoek maitekiro Alma Mater deitzen zuten harenganakoa alegia. Azken batean gazteek, gazteetako askok behintzat, dagoeneko ez dute helduen mundurako sozializazioaren oinarrizko tresnatzat hartzen eskola, eta bertan egotea gehiago somatzen dute desozializazio prozesutzat promozio eta gizarte integraziokotzat baino. Historian zehar lehenbiziko aldiz, gizarte
batek ia-ia bere gazteria osoa giltzapetu du. Espainiar gazteak, batez
ere, eskola kontsumitzaile porrokatuak dira. Guztiak bizi dira, gutxiengo
bat izan ezik, zentro horietan hamabost urtez, ikasle izateak dakarren
askatasun galerara beharturik, ohikotasunera bultzaturik, astean berrogeita
hamar ordu inguruko eskola ordutegiaz, sarri askotan instalazio kaxkarrez,
eskolako garraioaren zama erantsirik eta eskolako bizitzako apalmen,
irain eta bidegabekeriaren pean. Gazte askok korromioz, erdeinuz eta
gogo gaiztoz hartzen eta jasotzen dute eskola. Espainiar gazteria, itxita edo giltzapeturik egoteaz gain, neurririk gabe luzatutako gazteria da. Erabat desagertuta dago 14 urte beterik %80k bere eskolaldia amaitzen zuen eta, nola hala, lan indar bihurtzen zen, soldaduzka hogei urte izanik betetzen zuen eta, ia inolako etenik gabe, bere familia osatzen hasten zen gizarte hura. Egungo gazteriak, lehen-lehenik, neurri guztiak zeharo gaindituz luzatu du bere nerabezaroa, eta helduen arduretan sartzea geroratuz, eskolako itxialdia ere bide horretatik eraman du: 18 urte beterik %80k eta hogei urte beterik ia-ia %50ek segitzen du eskolan. Bigarrenik, lan munduan sartzeke igarotako denbora luzatu du. Hamasei eta hogeita lau urte bitartekoetan, bakar-bakarrik gazteen %20 hasita dago lanean. Hirugarrenik, menpekotasun parentala luzatu du, 28 urtera arte atzeratuz (gizonezkoen kasuan) ezkontzeko batez besteko adina. 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %73k ezkongabe segitzen zuen 1993an (4). Eta beranduagotze honek, arindu ordez, larriagotzera jo du izugarri azken urteotan. 30 urtekoetan, hiru gaztetik bik ezkontzeke jarraitzen zuen artean. Gure gizartea, oso bide zuzenetik, eskolatik askatu zain egotera beharturiko gazte gizartetzat defini dezakegu, laneratzeko unea atzeratzera eta familia sorrera geroratzera beharturikotzat alegia. Belaunaldi autonomian maila altua gozatzetik oso urrun, aurrez aurre jotzen du jasan beste erremediorik ez duen esperientzia heteronomikoaren kontra. Alde batetik, "zibilaren esparruan estatuaren eta beronen administrazio instantzien inbasioa" ematen delarik, eta bestetik "famili cocooninga" dugularik, gizarte etikaren poliziazioak horrexetara bultzatzen baitu, gazteriaren amarenganako erregresioa indartzen ari da, segurtasun eta babeseko gizarte nitxoetarako itzulera hain zuzen. Cocooning delakoa, "barnerantzako ihes suerte bat kanpotiko mehatxuaren aurrean", famili ingurura beldurrez itzultze bat besterik ez da, gero eta basatiagoa, arriskutsuagoa eta arrotzagoa den kaletik ihesi. Homogeneotasun esparru ideologiko etikorik ezak ezinezko bihurtzen du kontsentsu bidezko gizarte elkarbizitza, eta honen tokian ezarketagatiko elkarbizitza ezartzen dute, honen sazerdote izanik ordena indarrak, eta jarraitzaileak, berriz, gizarteko baztertuak. Hiritar gazte arrunt eta modala bere famili maskorrean babesten da, oraindik estigmarik gabeko elkartasuna, faxismorik gabeko homogeneotasuna eta anbiguotasunik gabeko komunikazioa parteka daitekeen nitxo bakarra horixe baita. Izan ere ez da bakarrik gazteek gero eta denbora gehiago behar izatea etxetik kalera irteteko, baizik eta gero eta gehiago direla itzulera goiztiarrari ekiten diotenak, damuturik. Kale, banda, tribu, talde, alderdi politiko, sindikatu edo sektaren elkartasun gerlari eta lehiakorrari amaren sabeleko elkartasunak jaten dio tokia, anai-arrebarekin, koinatuarekin, senidearekin, lehengusuarekin partekaturik. Eta nahi gabe, gazteak umearekiko duen kontzientzia gaitasun handiagoak, helduarekiko ahulezia handiagoarekin bat eginik, gizarte amatasunaren foko bihurtzen du gaztea, oharkabean, tradizionalismoen eta ideologi kontserbadurismoen foko azken batean. Ez baita soilik gazte kontserbadoreak izatea, baizik eta beraiek izatea kontserbadurismoaren fokoak. Bestalde, gizarte zibilean eman den estatuaren inbasioak, ekimenerako eta aldaketarako tarteko gorputz sustatzaileak kendu dituelarik, aliatu potentzialik gabe lagatzen du gazteria, bere sorkuntza eta gizarte ekimenerako ahalegin balizkoetan. Egitura babesik ezak, poliziazio etikoaren babesik ezarekin batera, heteronomoki baldintzatzen du egungo gazte ororen definizioa. Gaztaroa, aukera koiunturatzat, ardurak bereganatu aurretiko itxarongelatzat, edo promozio pertsonaleko tresnatzat, ez da eskolaldiaren hamalau edo hamasei urtez amaitzen, ez 21ez soldaduzkatik lizentziatu ondoren, ezta 25ez ere unibertsitateko tituluaz. Gure gizarteak 90eko hamarkadako gazte espainiarrei, hogeita hamar urtera heltzear direnei ezarritako itxarote hirukoitz horri begirada orokorra eginez gero, hurren datorren egoera eskainiko digu: bakar-bakarrik lau gaztetik batek amaitu du bere eskolaldia, lana aurkituz eta bere famili zelula finkatuz, horrela gaindituz hain zuzen bere berehalako hiritar fase hori, eta hiritar heldu izaerara erabat iritsiz. Bestalde, gazteetarik erdia behin-behinekotzat har dezakegun egoeran bizi da, bai oraindik bere ezkontza-bikotea osatu ez duelako, bai oraindik ere bere eskolako itxialdia luzatuz segitzen duelako, bere ekonomia pertsonala bere lanaz lorturiko baliabide propioez bermatzeko inolako aukerarik gabe noski. Batzuek zein besteek behin-behineko egoera hori mantentzen dute, familiaren etxebizitzaren edo dirulaguntzaren mendean inolaz ere. Izan ere horientzat familiaren etxea, etxea baino gehiago, hotela da, bertan bere independentzia eta autonomia pertsonala mantentzen baitituzte, era baldintzatuz eta behin-behinekoaz izan arren. Eta autonomiaren behin-behinekotasun honek, kasu askotan, "moratoria" suerte bat ezartzen die, eta derrigorrez atzeratu behar izaten dute egiazko ezkontza; beste kasu batzuetan, "kreditu ezkontza" bat izaten da, sexu koexistentzia eman arren ez baitago elkarbizitza baldintzatuko legezko konpromezurik; azkenean, zenbaitentzat "zehaztasunik gabeko egoera iraunkorra" izaten da, noiz iritsi ahal izango diren ez dakiten etorkizunaren aurrean. Edonola ere guzti-guztiengan ematen da nolabaiteko gazte egoeraren trinkotze bat, eta erabateko gazte autonomiarik gozatzea galarazten die, etorkizuneko finkatze bermea ukatzen die eta, edonola ere, gazte izaeraren luzapen artifiziala ezartzen die, beraiek ez intelektual, ez sozial ez biologikoki gehiago luzatu nahi ez duten arren. Eta heldutasuneko moratoria horrek ez du gazte behin-behinekotasun hori orekatzen, are trinkoago bihurtarazi baizik. Azkenik, mutilatu eta amaitzekeko gazte izate horretan aurkitzen dugu lau gaztetik bat, gehiago bizi baitira "liberto" gisa hiritar aske gisa baino. Adinez aspaldi igaro dute eskolaldia, eta ikasketak laga dituzte dagoeneko, adinez nagusiak dira maila politikoan ezkondu ahal izateko, kontratuak sinatzeko eta hauteskundeetan botoa emateko, eta aspalditik beharko genituzke lanaren mundu arduradun eta ekonomikoki autonomizatzailean sarturik, baina langabezia jasaten segitzen dute. Ezkongabeak (erdia) eta ezkonduak (beste erdia), ez dute ez ikasten ez lanik egiten, kultur sustapenetik isolatuta daude eta ez dute autonomia ekonomikorik; helduaurreko hiritar saldo bat dira, politikoki askeak eta hiritarren eskubideei dagokienean guztiak dituztenak, baina sozialki esklabuak dira, langabeziako dirulaguntzaren eta famili euskarriaren pean inondik ere, ez baitute hauez libratzerik. Eskubide demokratiko guztiak dituzte, gaztarotik irtetekoa eta gizabanako heldu gisa finkatzekoa izan ezik. Gazte libertoak dira, langabeziako dirulaguntzaren gerizpeak, familiak eskainitako koltxoiak edo legetik bazter samarrean dabilen ezkutuko ekonomiak premiazko heldulekua eskaini artean dirautenak. Zer gertatuko ote da liberto saldo hori ez bada heldu etapan sartzen, eta bere gaztaroa gero eta urte gehiagoz luzatu behar badu, famili koltxoia gero eta meheagoa izanik eta gero eta gizabanako gehiago pilatuz dagoeneko oso handia den ehuneko horretan? Gure gazteriaren eskolaldiaren luzapena eta lanbide eta ezkontzarako gerorapena ez da, inondik ere, garapen mantenduaren ekonomiak edo aisialdiaren gizarte berriak eramango gintuzkeen autonomiaren edo erosotasunaren zabaltze suerte bat. Oso bestela, eragotzi eta geroratutako heldutasuna da, gizarte heldua hertsatzea, herritarrei bere heldu izaeraz erabat baliatuz bizi izateko aukera ematen zaien bizi-zerrenda edo epea mehartzea, oraindik erretiroaren gatibu ez den eta gaztarotik askatuta dagoen gizabanako elite gero eta murritzago bat, autonomia demokratikora ailegatzea baduen hori, are murritzagotzea. Honek lehergarria izan daitekeen gazteriaren hartzitze baten aurrean gaudela esan nahi ote du? Ezta urrik ere. Gazteriari buruzko azterlanetan ari direnei atentzioa ematen dien kontu nagusia zera baita, autokonplazentziazko gizarte batean gauden inpresio kolektiboa, gazteen zoriontasun mailak ez baitaude helduen mailetatik nabarmen beherago, eta asetasun mailak ere, helduen bizitzari dagokionean, gazteek erakusten dituztenen parekoak baitira. Izan ere %88k esaten du bizimodu zoriontsua duela (5), eta %65ek onartzen du azken aste betean beregan nagusi izandako gogo egoera "ase edo pozik" izan dela, kezkaturik, deprimiturik edo nekaturik sentitu direnen gainetik alegia (6). Paradoxikoki, belaunaldi arteko gerra hotz moduko bat sortzen eta elikatzen ari da, erretiratu eta helduak direla batetik, eta heldu eta gazteak direla bestetik, eta gerra hau ez da asetasun terminoetan planteatzen, baizik eta kokaeren babes gisa. Biziraupen sozioekonomikorako gerra da ideologi gerra baino gehiago, eta gazteak sartu ahal izateko eta onar ditzaten ari dira borrokan, gauzak aldatzeko edo berritzeko baino gehiago. Espainiar gazteak legez kanpoko etorkintzat ari dira, nolabait, bere burua ikusten, belaunaldien arteko gorabeherak eta ez adostasunak baino gehiago helduen beldurrak eta berekoikeriak baztertu dituela sentitzen duten gizarte batean. Hala eta guztiz ere, egungo gazteriaren esperientzia modernoa oso urrun dago horrelako postulatu batekin bat etortzetik. "Gizarte estratifikazioaren infantilizazioak" eta "erabakiak hartzearen infantilizazioak", ahaide hurbilekoak biak, kendu egin diote gaztaroko aldiari heldutasunaren aurreko aldia izatearen protagonismoa, gaztaroa bera balio estrategiko pertsonalik gabe geratu baita erabat; izan ere, etorkizuneko helduaren nitxo profesionala eta estatus sozioekonomikoa mamituko duten erabakiak eskolaurreko edo lehen hezkuntzako adinetan hartu behar izaten dira. "Produkzio mundutik baztertuta egotea", lehenago gaztaroaren ondare eta ia-ia pribilegioa zen hori, fase biologikotik haruntzago luzatzen da, eta adin egitura osoa harrapatzen du, zenbaitetan bat eginez "hirugarren adinaren" gizarte definizioa mehatxu gisa aurreratzen duten erretiroekin. Industri produktibitatearen azelerazio geometrikoak, etengabe berritutako teknologien agerpenak horixe eragiten baitu, munduaren funtzionamendua kontrolatzeko teknika eta mekanismoetan gazteek eginiko inbertsioari berme oro kentzen dio. "Bizitza ekonomikoaren eskolaratzeak", "Sisifo" moduko ikasketara behartzen baikaitu (honen eraginez bizitza osoa eskola eta birziklaje inguru sozial bihurtzen da, gizarte estratifikazioari eusten dion engranaje sozioekonomikoarekiko harremana galduko ez badugu), motibazio handinahiko ororen antzutzea eragiten du. Gazte aldiari erauzi egin diote aldi estrategikotzat zuen balio guztia, bai haurtzarorako aurreikuspen lerratze batez bai itxaron beharraren ziurgabetasunaren hedapenaz, gero eta epe luzeagoak hartuz inondik ere biografia pertsonalean. Gaztaroak ez du dagoeneko estrategi kokapenerako
bermerik eskaintzen gizarte egituran, ez taldeko elkartasunaren mailan
ez biografiako etapa gisa. Maila biologikoko abantail batzuk izan ezik,
gaztaroak galdu egin du bere pribilegiozko balioa. Are gehiago, gaitasun
biologiko horietan ere galtzen ari da gazteriaren monopolio gisako hori,
gero eta luzeagoak baitira gorputzaren eta adimenaren kemenaldiak, hirugarren
adinean sartu arte helduz gero eta gehiago. Bikaintasun kontzientziaz
gabeturik, eta elkartasun oinarriak eta inbertsio potentziala ere desagertuta,
gazteria ez da gai sentitzen mundu helduaren aurrean bere baitaranzko
"kontzientzia kolektiboa" eskaintzen dioten eta kanporantzako
"gizarte nortasunaz" hornitzen duten partekatutako mundu sinbolikoak
eraikitzeko. Ideologi zatiketagatik eta infantilizazio soziokulturalagatik
"gu" homogeneo, elkartasunezko eta partekatua sortzeko ezgai,
gazteriak ez du tribu gisa antolatzeko ahalmenik, ezta alternatiba soziokulturalik
eskaintzeko eta, are gutxiago, definizio "para edo kontrakulturalik"
sortzeko; izan ere, bere burua azpikulturatzat antolatzeko ezgai da
zeharo. Ideologia berririk ezak, kontsigna iraultzailerik ez izateak, helduen egitura gogobete gabekoekiko erdeinuak eraginda, heldu askok eta askok eszeptiko, apatiko edo zinikotzat hartzen ditu gazteak. Absentismoaren, nartzisismoaren edo hedoniaren mendean direla jotzen dugu, edo, are okerrago, errentadun berekoi eta arduragabetzat hartzen ditugu, helduen ahaleginaren kontura bizi izanda gozatzen baitute, herri edo familiaren ondarearen bizkarroi lasaien antzera. Eta irudi hori ez dator inondik ere bat gizarte errealitatearekin. Balio hierarkia berriak agertu izana da heldu asko eta askori balio krisialdiaz behar baino bizkorrago hitz eragin diena, eta gainera gazteen gizarte bizitzak etika eta moralitatea suntsitu edo kanporatu bailituen jokatzen dute. Inolako zalantzarik gabe bada krisialdi bat, gure gizarte helduaren gizarte dekalogo kulturala arbuiatzeko joera bat bada-eta, baina honek ez du etika edo moralitatea erabat bazterrean lagatzen direnik esan nahi. "Nik –diosku gazte batek- ez dakit moralitatea justuan zer den, eta apenas kezkatzen naiz horretaz, baino horrek ez dit nahi dudana egiteko biderik ematen". Konpromezu etiko bikoitz honek mahai gainean jartzen duen kontua zera baita, gazteen etika zahar edo berririk ba ote den aztertzea, horrexi heltzearren hain zuzen hiritarren eguneroko elkarbizitzaren eraikuntzarako. Ba al da espainiar gazteriaren etikarik? Espainiar gazteria berriaren ezaugarria zatiketa ideologikoa da, eta honexez baliatuz norberak, bakarka edo talde txikitan, munduko eta gizarteko beste guztiekiko loturak hausten ditu, etikoki horretarako legitimitaterik baduela pentsatuz gainera. Kontua ez da lehen izaten zen bezala "belaunaldi gazteak", oro har, multzo gisa eta oso-osorik, historiako olatu gisa, edo "belaunaldi helduaren" nekatzekeko ejertzito ordezkatzailetzat, aurrekoarekin bat ez etortzea. Eta ez gara tolerantziaz ere ari, tolerantzia hark zilegitzat hartzen baitzuen mundua, inkontzienteki eta tolesgabeki, modu desberdinez ikustea ikuspegi historiko (klase, genero, kultura edo erlijiozko) desberdinen eraginez. Ez da, ez horixe, horrelakorik. Eginkizun indibiduala da funtsean, gizabanakoari legitimitatea ematen diona mundua berak nahiago duen moduan ikusteko, ulertzeko, azaltzeko, kudeatzeko eta gozatzeko eta, autoaukeraketa honen bidez, bidaia ideologikoan kide dituenekin lagunarte gozoan abiatzeko, guztiok baitute markaturik bide kosmologiko berbera. Gazte hauei aurkeztuko bagenie beren portaera indibidual zein sozialaren funtsezko kanonak zehazten dituen dekalogo etiko ideologiko suerte bat, zera ikusiko genuke nabarmen, kanon horien onarpenak harremana baduela gazteen izaera indibidualistaren mailarekin eta, are esangura handiagoz, ez genuke inolako azpitalderik aurkituko, litekeen txikiena izanik ere, kanon guztiak biltzen dituenik. Erran nahi baita ez dela inolako dekalogo komunik, aipatzeko moduko gutxiengo batek betetzen duenik. Izan ere katalogoko taulak txiki-txiki
eginda baleude bezala gertatzen ari da guztia, eta talde bakoitzak zati
batzuk bereganatu dituela ematen du. Arrazionalitate unibertsal eta abstraktua nortzeko ahalegin bat besterik ez da estilizazioa, edo nahiago izanez gero komunitatearen auzotasun desagertuak bazterrean laga duen gizabanakoaren bakardadea unibertsalizatzea. Bai F. Tönniesentzat bai Simmelentzat, arrazionalitateak determinatzen eta itxuratzen du gizartean elkarbizitzeko modu bat, elkarbizitza modernoaren modua. Tönniesen iritziz, arrazionaltasun honek gizarte egitura unibertsalizatzailea determinatu zuen XIX. mendearen erdialdean, eta Simmelen iritziz, berriz, gizarte antolaketako behar indibidualizatzailea sortu zuen; edonola ere, egoera desberdin bati heltzera bultzatzen du gure gizartea, gaur egun gizabanakoak aurre egin behar dion gizarte fenomenoa ez baita bizitza pertsonalaren arrazionaltasunaren globalizazio, unibertsalizazio edo abstrakzioa (gero eta urrunago eta bereiziago baitago arrazionaltasun hori bere egunerokotasunetik, eta gizabanakoak osatu beharra izaten du, bere nortasun pertsonal indibidual zehatzaren esparruan), ezta arrazionalitatearen nagusitasun hegemonikoa ere (gizarte elkarbizitzaren egituraketaren oinarritzat), baizik eta oso bestela, arrazionalitate unibertsalik eza, are gehiago, unibertsalak omen diren arrazionalitateen arteko gatazka, egiaz arrazionalitate abstraktu kosmopolitaren tokian jite nazionalistako arrazionalitatea jarri nahi baitute. Gizabanakoak indibidualtasunetik soziabilitaterako bidean, ni pertsonaletik ni sozialerakoan, isolamendu pertsonaletik besteekiko elkarbizitzarakoan aurkitzen duena ez da arrazionalitate unibertsal, legitimitatu eta legitimatzaile baten presentzia nagusia, ezta horren gabezia ere, baizik eta arrazionalitate asko eta asko batera, guztiak legitimatuak eta legitimatzaileak. Eta honek "aukeratu eta hierarkizatu" beharra eragiten dio gizabanakoari, sozializazio bidaia honetan autonomia pertsonaletik gizarte elkarbizitzarako iragaitzan sozializazio agenteek (familia, erlijioa, ideologia, gizarte klase edo maila, etnia,...) gidari lana egiteko eta laguntzeko eskainitako irizpide zein laguntzarik gabe. Gizabanakoak aurrean topatzen du kultur esparruen aldiberekotasuna, eta elkarrekin bateraezinak diren sozializazio agenteena, guztietan ezein esparruk ez baitu kokagune hegemoniko edo nagusirik bere legitimazio gaitasunagatik. Kultur demokraziazko egoera bat ere badu parean, eta honetan, gizabanako guztiak elkarren berdinak izateaz gain, erlijio guztiak, alderdi politiko guztiak, arte eskola guztiak, sistema etiko guztiak baliozkoak dira maila berean. Gizarte legitimitatearen deshierarkizazio egoera batean bizi da, eta honen eraginez joera, balio eta ideal guztiak, bizimodu eta elkarbizitzako modu oro maila berean dira legitimitateaz eta legitimatzeko gaitasunaz. Postmodernismoaren ezaugarritzat deskribatu duten gizarte izaera honen deskripzioa emanez, Hebdige-k zera esan digu, "espazio bat dela, asmo, definizio eta efekto lehiakorrak, gizarte joerak eta intelektualak eta askotariko indar lerroak biltzen eta topo egiten duten egoera". (Hebdige, 1986,7, 6-7). Bo Reimer-ek "zeitgeist"
gisa edo "gure garaiko sentimendu egitura" gisa definitzen
duena da (1989, 111. or.), "sentimendu aniztasuntzat" azpimarraturik,
sentimendu horiek ezin baitira kontzeptu bakar batean edo kultura bakar
batean bildu. "Aniztasun hau", diosku Reimerrek, "egituratik
egituretarako, kulturatik kulturetarako mugimendu hau da, hain zuzen
ere, postmodernismoa modernismoaren bizimoduetatik bereizten duena",
eta gure gizartearen sentimenduak mikromaila batean jartzera behartzen
gaitu, eta gizabanakoak sortu eta birsortu behar du maila hori elkarbizitzaren
gizarte espazioan, sistema sozioekonomikotik bitartekaritzarik gabe
deduzitzea ezinezkoa baita. Horrela sortu da, egungo espainiar gazteentzat, bitartekaritza tresna bat erabili beharra, bizitza pertsonal eta soziala teorizatzeko modutzat (bermerik gabeko teorizazioaz inolaz ere), determinismoa zalantzan jarriz eta nahiago izanik historiako testuinguru zehatzetako gizarte harreman multzo posibleei buruzko eztabaida (Reimer, 111. or.). Baikortasun modernistaz oso bestela, dimentsio bakarreko teorizazio linealen aldekoa baita ezinbesteko aurrerapen eta garapentzat harturik, gazte hauen planteamendu postmodernistaren oinarriak dimentsio eta fenomeno guztiak printzipio bategile baten pean biltzen dituzten teoria handiak eta osotasunak arbuiatzea du abiagune. Lerro jarraitu, dimentsio bakarreko baten ordez, eta erdigune bakar eta zentripetalaren ordez, lerro desjarraituez eta dimentsio anitzekoez hitz egitea egokiagoa da, zentro aniztasun eta sabakanaketaz bezalaxe. Esangura eta ikuspegi desberdinez osaturiko "collagea" baita nagusi, ideia eta iritzi dibergenteez, gizarte praktikez eta jarrera eskemez, kontsentsua eta errebolta aldi berean goresteaz, dogma eta berrikuntzaz, aurreiritzi eta aldaketaz eratua bera (Chambers, 1986, 185). Zeinu eta mezu ugaritasuna nagusia den gizarte elkarbizitzako egoera honetan –edukiz kontraesankorrak izan ohi dira zeinu eta mezuak, eta koordinatzeko zailak eskema unitario eta barne koherentziadun batean-, zentzugabea da sozializazio printzipio zuzentzaile batez hitz egitea, edo portaera determinatzeko irizpide nagusi batez, edo gizarte egitura homogeneo eta uniforme batez. Guztientzat, baina batez ere gazte belaunaldientzat, izate pertsonal eta sozialaren forma askotarikoak ditugu parean, aniztasun posible eta beharrezkoaz, eta bizitza estilo pertsonalak sortzera, aldatzera eta atzera formulatzera behartzen dute forma horiek, horretarako aukera ere emanez, arrazionalitate nagusi legitimatzailerik eza ordezkatzeko. Gure gizartearen kultur fenomenorik nabarmenena, lehenago genioen bezala, kultur hausturarena da, aldi berean ageri baitira legitimazio irizpide desberdinak eta, sarri askotan, bateraezinak, sozialki onartutako estandarretan oinarrituz gazteria modu homogeneoan sozializatzea eragotziz. Eta honen guztiaren eraginez, gazteek bere portaera autoestilizatu behar dute, beraiek aukeratutako eta, ondorioz, balio unibertsalik ez duten kanon propioak hartuz oinarri. Pribatutasun eta ongura joera nahiago duen desfanatizazio ideologiko eta sentimentala bultzatzen du fenomeno honek, ortodoxia ideologiko edo belizismo etikoa baino gehiago. Bizitza pertsonal pribatuaren Estilizazioa eta desfanatizazioa bultzatzen du eta honek, bere aldetik, gizarte espazio tarteko batean kokatzen diren Bizitza Estiloak agertzea dakar; izan ere, alde batetik ihes egiten du "ortodoxiaren fanatismotik", "erreboltaren intoxikaziotik" bezalaxe, eta bestetik "solipsismotik" eta "narzisismotik" ihes egiteko joera erakusten du, arrotz bihurtuz gizarte sozialera zigortzen baititu. Eta gizarte gazte desfanatizatu, desnarzisizatu eta mosaiko-soziabilitaterako joera duen bat erne dadin eragiten du, bizitza estilo normatibo, autoeraiki, desfanatizatuez eraikia, eta kide izan nahi den mundu handiarekiko, interbentzioa eta partaidetza izan nahi den baina haren mendean geratu nahi ez den harexekiko aldi berean atsegin eta axolagabe dira bizitza estilo horiek; izan ere, "etxe handia onartu arren Big Brother ez da toleratzen". Lehenbiziko aldiz gizartera zabaltzen den gizabanakoak ezin du bere helduek legatutako kosmosa birsortzea galarazi, baina konta ezin ahalako bizitza estiloen estilizazio zatikatutik egiten du, lehenagoko belaunaldi-iraultzen handitasuna izan ez arren aspertze diktatorialaren eszeptizismo pasotak bezain triste ez diren horietatik abiatuta alegia. Disidentzia eta ez adostasuna dira, zimentu gisa, bizitza estiloak eraikitzeko aukera ematen dutenak, eta estilo horiek, protesta edo desobedientzia baino gehiago, legitimaziorako forma modernoa eta gizarte etika postmodernoa adierazten dute. Belaunaldi orok, dio Bo Reimerrek, iraganarekiko lotura eten eta bere bizitza propioa sortzeko esperientzia igaro behar du. Prozesu hau traumatikoa izan daiteke. Beste garai batean, gazteek bazuten bere helduen urratsen atzetik abiatzerik, baina gaur egun ez da horrelakorik gertatzen. Izan ere orain norberaren bizitzaz zer egin behar den erabakitzea norberaren ardura da. Eta horrek antsietatea eta angustia eragin dezake, baina norberaren bizitza aurrez horren automatikoki zehazturik ez dagoela adierazten du. Aukera asko eta asko zabaltzen baitira parean, lehengo belaunaldiek pentsatzerik ere ez zuten moduan. Egiaztapen nagusiak dioenez, "egungo espainiar gazteria gizarte aporiazko egoeran aurkitzen da, eta bertan jarduera kolektiborako ideologia eta planteamenduak ugaritu dira, zeharo desberdinak eta elkarren kontrakoak izanik batetik, eta barregarri utziak bestetik (erakusten duten fanatismo estigmatizatzaile edo karismatikoagatik) gizarteari eta honen administratzaile instituzionalei egiten dizkieten erreklamazioetan. Portaera eta ideologi homogeneotasunaren haustura sakonarekin batera gizarte ernegazioa ematen da, erresuminaren, eszeptizismoaren eta halako moral gabetze kolektibo baten emaitzatzat. Espainiar gazteriak bizi-bizi jasaten du disgregatzailea den aldi berean desfanatizatzaile joera duen anomia kolektiborako prozesu hau; gauzak horrela, gazteriaren baitan birsozializazio ideologiko kulturalaren prozesuak egiaztatu eta zirriborratu daitezke, hauen ezaugarriak izanik, batetik, izaera desfanatizatzailea eta, bestetik, erakusten duten ezarpen minoritario baina hazkorra. Horren guztiaren emaitza berreraikitze ideologiko –etiko moral eta sozial politiko- ugaritan gauzatu da, eta eguneroko portaera zatikatzen eta sozialki sistematizatzen dute (diseinatzen, legitimatzen eta bere gain hartzen baitute), Gizarterako "Mosaiko Sistema" bat eraginez (zatiketa, heterogeneotasun, aldiberekotasun eta bateragarritasun mugatuagatik). Tesi hau globalizatzailea da, eta gazteria osoa biltzen du, eta formulazio mugatuagoetarako aukera iradokitzen du, hauek ez baitira, inondik ere, interes txikiagoko formulazio desafiatzaileak; eta diagnostiko partzialen gisa aurkez daitezke, hurrena datorren bezala esaterako: · Gizarte garaikidearen zatiketa ideologiko etikoak eragotzi egiten die gazteei elkartasun eta homogeneotasun kolektiboaren oinarriak garatzea. Eta ondorioz pribatutasun indibidualismoa garatzea bultzatzen du, bizitza estilo propio eta pertsonala indibidualki sortzea galdatuz. Horrela, talde elkartasunaren ezaugarria galtzen da, eta gizarteratzeko prozesuaren izaera bereganatzen, eta "NI" bakardadezkoaren eta "HAIEK" kolektibo sozialaren arteko bitartekaritza tresna Indibidualizatutako Bizitza Estiloa besterik ez da. · Erabakiaren infantilizazioak, produkzio moduaren eskolaratzeak eta lan espazio-denboraren bazterketaren hedapenak hautsi eta desagertarazi dituzte pertsonaren muga biologikoekin batera zihoazen egiturazko muga eta hesiak. Gaztaroa ez da, dagoeneko, biografia pertsonalaren aldi estrategiko eta pribilegiatua, eta aldi berean bihurtu zaigu, batetik, heldu goiztiar, eta bestetik luzeegia infantilismoan. · Gizarte etikaren poliziazioak, eta Estatuak bizitza zibilak inbaditu izanak, kendu egin diete gizarte protagonismoa tarteko taldeei, eta "Cocooning" maternalizatzailea eragin dute. Fenomeno bikoitz honen emaitza tribuaren familiarizazioa, kalearen etxekotzea, lagun eta kolegaren ordez anai-arreba eta senidea jartzea, harremanen segurtasuna eta tradizionalismoarekiko identifikazioa bilatzea da. Segurtasuna, tradizioa eta gizarte bizitzaren katektizazioa gehiegi azpimarratuz, intimotasunaren, segurtasunaren eta etxeko tradizionalismoaren protagonista bihurtu da gizartea, bazterrean geratzen ziren bitartean merkatuko, kaleko eta arlo politikoko oldarkortasun eta lehiakortasunaren aurrean. Azkenean, onartu beharra dago badela beste gazteria mota bat sortu duen gizarte dinamika bat, gutxiengoa izan arren mota hori, eta horrexetakoak dira elite multzo gisa autonomoki erreakzionatzeko gaitasuna mantentzen duten gazteak. Beharbada, gazteria anomizatu eta aporiazko gizarte egituraketan den honen interpretaziorako, Durkheimek suizidioari buruz egin zuen azterlanean erabilitako interpretazio esparrura jo beharko dugu. Hau bezalako gazteriarengandik, bat-bateko distiraren baikortasunetik zein bat-bateko zorigaitzaren traumatik at baitago, ezin espero dezakegu "etsipenaren errebolta espartakoarrik", edo "afluentziaren errebolta kontrakulturalik". Aitzitik, gazteria honen errebolta onguraren, erredentzioaren, gizarte laguntzaren, esku eskainiaren eta erruki ulerkorraren errebolta da. Bakearen aldeko mugimenduak, baztertuari eta drogazaleari, eta HIESak paria bihurtuari laguntzekoak, ongura eta anaitasuna bultzatzekoak. Gizartean gero eta indar eta kemen handiagoa duten mugimenduak dira. Gizarte mugimendu berriak gehiago dira lurrean bertan izandako konkista zelularraren emaitza aldeko haize batek eragindako kutsatzearena baino. Gizarte honetan ez baita haizerik, bai ordea harreman eta adiskidetasunezko sareak, elkarri lotuz eratuak, eta anaitze katektikoarenak, bat etortze ideologikoarenak baino gehiago inolaz ere. Espainiar gizarteaz dugun ezagutzak zeitgeist
hau hartzen du interpretaziorako giltzatzat; izan ere zeitgeist
hau legitimaziorako egitura etiko bat da, balizko bizitza modu komun
bati egokitu beharrean bere modu partikular propioak sortzen hasten
diren gizarte portaerak legitimatzekoa alegia, hau da, azken batean
legitimotzat finkatzen du egiaz portaera arauen haustea eta disidentzia
ideologikoaren etikotzea dena, edo izan daitekeena. Eta gizarte eraldaketako
prozesu honez, etikoki zuzena dena politikoki zuzen bihurtzen da, eta
zientifikoki neutrala, berriz, situazional eta operatibo. Eta esandako guztiak azken kontu batera garamatza, gure gazteriaren mosaiko bihurtze etiko, ideologiko eta portaerazkora, helduen gizartearen kultur hausturaren emaitza gisa. Iraultza demokratikoak eta industri garapenak gizarte tradizionalen bizimoduak aldarazi zituztenetik, gizarte bizitzaren aztertzaile guztiek diseinatu behar izan dituzte eraldaketa horiek belaunaldi berriei gainean ezartzen zizkieten sozializazio parametroak. Horren bide ezinbestekoaz finkatzen ari zen gizarte berriak gizarte bizitzako genero berriak zekartzan derrigorrez, eta hauek legitimatu eta behin betiko ezarriko baziren prozesu bat, estilo bat, zeharo kanon desberdinak galdatzen zituzten belaunaldi berrientzat. "Erlijio positibista", "kontratu sozietarioa", "burokrataren arrazionaltasun diziplinatua" edo "errepresentazio/nortasun kolektiboa" izan ziren soziologiako klasikoek gizarte berriaren gidatzat eskaini zituzten giltza edo klabeetako batzuk. Hurrena sortu ziren gazte iraultza jarraituen hamarkadak, aurrekoak bezain orokortzaile eta nonahikoak bazirela behintzat. Alabaina ziklo hori itxita dago, eta gure gizarteko elkarbizitza hasia da sozializazio modu berriak ezartzen. Gure gizarteak egoera desberdin bati egin behar dio aurre, zeren eta haur nerabeak ni pertsonaletik ni sozialerako bidean, isolamendu pertsonaletik besteekiko elkarbizitzarakoan aurkitzen duena ez baita arrazionalitate unibertsal, legitimitatu eta legitimatzaile baten presentzia nagusia, ezta horren gabezia ere, baizik eta arrazionalitate asko eta asko batera, guztiak legitimatuak eta legitimatzaileak. Beste garai batean, gazteek bazuten bere helduen urratsen atzetik abiatzerik, baina gaur egun ez da horrelakorik gertatzen. Izan ere orain norberaren bizitzaz zer egin behar den erabakitzea norberaren ardura da. Bizitza estilo osoetan ahalegin gaitezke, edota bazterrean laga edo atzera jar ditzakegu, behin betikoaren bila betiere. Eta lotura tradizionaletatik horrela askatzeak indibidualizazio hazkorra dakar berekin. Guztientzat, baina batez ere gazte belaunaldientzat, izate pertsonal eta sozialaren forma askotarikoak ditugu parean, aniztasun posible eta beharrezkoaz, eta bizitza estilo pertsonalak sortzera, aldatzera eta atzera formulatzera behartzen dute forma horiek, horretarako aukera ere emanez, arrazionalitate nagusi legitimatzailerik eza ordezkatzeko. Besteekiko elkarbizitzan aritu beharraz, gure gizartearen alderdirik espezifikoena printzipio sortzaile bat esklusiboki nazioartekotzerik eza da, hau da, niaren eta gizarte egituraren arteko bitartekaritza tresna baten beharra, mundu pertsonala gizarte munduan sistematikoki antolatzeko balioko duena. Partzialtasun indibidualaren nagusigoa gailentzen baita gizarte osotasunaren aurrean. Horrelako egituraketa sistematiko eta partzialak portaera egonkor eta, era berean, sistematikoak eragiten ditu gizabanako bakoitzarengan, eguneroko bizimoduaren esparruan. -Alde batetik, ezin aipa dezakegu dagoeneko elkarbizitzako forma sozial bakarra, dena delarik, gure gazteen nahiak eta balioak, etika eta ideologia, gidatzeko eta homogeneo bihurtzeko. Erlijioa, formula politikoa, kode etikoa, famili tradizioa, hauek guztiak ez dira dagoeneko gazteriak –oro har harturik- portaera patroi orokortzat hartu behar dituen urratsak markatzeko gai. - Bestalde, demokrazia etiko eta kulturaleko egoera dugu, balio maila berean direna erlijio guztiak, alderdi politiko guztiak, arte eskola guztiak, portaera kode etiko guztiak, baina hauetako batek berak ere ez du lehentasunerako, esklusibotasunerako, nagusigorako eskubiderik, ezta moda unibertsalerakorik ere. Beraz, gurea ez da balio galera edo krisia eman den gizartea, askotan hori entzuten dugun arren, baizik eta balio horien zatiketa jasan duena, guzti-guztiak aldi berean legitimatu baitira. Balioak, kode etikoak, lehentasun politikoak, kultur zaletasunak, gustu estrafalario anarkiatzaileak beti bezala daude, bizirik alegia, baina horiek guztiek zuten patroi unibertsal izaera kosmopolita katolikotzailea da galdu dena. Horixe da, kultura eta etikaren irizpide katolikotzailea da galdu dena, eta orain bizitza estiloen tribalizazioa nagusitu da: tribu narkotikoak daude, kirol tribuak, musikakoak, alkoholikoak, esoterikoak, erlijiosoak, bortitzak, zinikoak, etab., baina, berriro azpimarratuz, ez dago gazteria alkoholikorik, gazteria narkotikorik, kirol gazteriarik edota apolitikorik. Tribu hauek guztiek zatiketaz eta bere ustezko sormenaz ugaritzera jotzen dute, baina egiaz aldez aurretik dute gazteriaren edo gizartearen kolektibo handiari ezarri ezinaren zigorra buru gainean. Ildo honetatik, hedabideetan agertu ohi diren erreportai sentsazionalistak, heaviak, grungeak, bakaleroak, aberaskumeak, fatxak, modak, burusoilduak, ziberpunkiak, okupak, punkiak, grafiteroak etab. erakusten dizkigutelarik, zuzenak dira. Alabaina, irudi okerrekoa helarazten digute, gazteria totum biriko bat bailitzan, nihilismo, narzisismo, haustura suntsitzailearen sukarraren mendean bailegoen, aipatu dugun zatiketak, oso bestela, beste zenbait kontu eragiten dituela ahantziz, hala nola: a) Pribatutasun eta ongura joera nahiago duen desfanatizazio ideologiko eta sentimentala bultzatzen duela, ortodoxia ideologiko edo belizismo etikoa baino gehiago. b) Bizitza pertsonal pribatuaren Estilizazioa eta desfanatizazioa bultzatzen duela eta honek, bere aldetik,c) Gizarte espazio tarteko batean kokatzen diren Bizitza Estiloak agertzea dakar; izan ere, alde batetik ihes egiten du "ortodoxiaren fanatismotik", "erreboltaren intoxikaziotik" bezalaxe, eta bestetik solipsismotik eta narzisismotik ihes egiteko joera erakusten du, arrotz bihurtuz gizarte sozialera zigortzen baititu. d) Eta gizarte gazte desfanatizatu, desnarzisizatu eta mosaiko-soziabilitaterako joera duen bat erne dadin eragiten du, bizitza estilo normatibo, autoeraiki, desfanatizatuez, eta kide izan nahi den mundu handiarekiko, interbentzioa eta partaidetza izan nahi den harexekiko aldi berean atsegin eta axolagabeak diren estiloez. Espainiar gazteek ez dute Moisesen Lege Biblikorik onartzen, baizik eta Bibliako Lege Mosaiko bat, hau da, beren bizitza estiloak. Egunero ugaltzen dira gazteen estilo berriak, adibide gisa gure azterlanen emaitza gisa erakusten ditugunak, baina estilo hauetako bat bera ere ezin zaie, 68ko maiatzeko gazte olatu handiei, amerikar kontrakulturarenei edo mugimendu faxista tradizionalenei hurbildu, are gehiago, horrelako asmorik ere ez du. Gazteria ahuldua, gazteria itxia, gazteria prekarioa eta gazteria zatikatua dira gure espainiar gazteria ulertzeko lau funtsezko parametroak, erdeinuaren eta partaide izateko grinaren artean mugitzen baita, ideologiarik ezaren eta besteei zerbait eskaintzeko borondatearen artean, prekariotasunaren eta prestakuntza pertsonalaren artean, berdinekiko elkartasunaren eta subertsiorako eta ideologi dibergentziarako beharraren artean. Ez da etsitako gazteria, ezta iraultzaile,
ustel, narzisista, galdu edo antzekoa ere, baina ez da gazteria euforikoa,
oinarri ideologikoa duena edo pertsonalki askea edo sozialki autonomoa
dena ere. Presiopean eta baldintza mugatzailez inguraturik, gero eta
maila apalagoan izanik ere mantentzen du oraindik horren biziki ukatzen
zaion heldutasunerako itxaropena. "Moises biratu eta menditik jaitsi zen, eskuan zeramatzala Legearen Harlauza biak, alde bietan idatzirik, aurkian eta ifrentzuan. Jainkoak eginak ziren Harlauzak, eta kanpamendutik hurbil heldu zelarik, amorruz sutan, Harlauzak bota eta mendi oinean puskatu zituen" (Exodoa 32, 15-19). Moises izan zen bere dekalogo etikoa Israelgo herriak baztertu zuela ikusi zuen lehena, herri horrexi zuzendurik idatzia zelarik berariaz. Horrelako iraina jasan ezinik, Moisesek berak puskatu zituen Legearen Harlauzak. Gero berriro bereganatuta, ez zuten soilik berrogei egun iraun, baizik eta urteak eta urteak, milaka. Egiaz, harlauza horiek izan dira europar gizartearen euskarri etiko soziala azken hamazazpi mendeotan. Europar gazteriaren ezaugarri nagusienetako bat, espainiar gazteriari dagokionean behintzat, Moisesen Kodearen haustura kolektiboa da. Gazteria horren zati handi batek ez du besterik gabe onartzen horren Dekalogo zaharraren gizarte indarra, eta beste bat ezartzen du, funtsezko bi elementutan oinarrituta, hala nola: a) autarkia pertsonala kanpotik ezarritako lege baten heteronomiaren aurrean, eta b) gizabanako bakoitzak autoaldarrikaturiko estilizazio pertsonalaren zatiketa. Horrek guztiak, Moisesen dekalogoa erabat baztertzeraino iristeke ere, haren zatiketa eta onarpen partzial eta bereizia eragiten du. Espainiar gazteriaren dekalogo etikoa edo, zehatzago hitz egiteko, gazteriaren dekalogo desberdinak ez datoz bat, ezta funtsezkoenean ere, Moisesen dekalogoarekin, salbuespenak salbuespen. Modu kategorikoan azaldurik, ez dira ehunetik hamar Bibliako Harlauzetan jasotako hamar ustezko aginduak goitik behera onartzen dituztenak (are gutxiago dira egiaz betetzen dituztenak), eta, bide beretik, ez dute harlauzak inolako eztabaidarik onartzen ez duen kodea direnik sinesten. Neurri handi batean, espainiar gazteriaren egoera ideologiko estilizatuak ematen digu, hain zuzen ere, gauzak horrela izatearen arrazoia, zeren eta gazteria "kultur esparruen aldiberekotasunaren" mendean baitago (bateraezinak izaki gainera esparruok, ezein esparruk ez baitu kokagune hegemoniko edo nagusirik bere legitimaziorako gaitasunagatik), "kultur demokraziazko egoerapean" (honetan, gizabanakoak elkarren berdinak izateaz gain, erlijio guztiak baliozkoak baitira maila berean, eta alderdi politiko guztiak, sistema etiko guztiak), eta "gizarte legitimazioaren deshierarkizazio" giroan (honexen eraginez joera, balio eta ideal guztiak, bizimodu eta elkarbizitzako era guztiak, legitimoak eta legitimatzaileak dira). Zuzen-zuzenean Jainkoak diktatutako Harlauza batzuk inolako eragozpenik jartzeke goitik behera onartu beharrean, gazteen %95ek "norberak nahi duen bezala pentsa dezala" dioen irizpidea mantentzen du bere bizitzaren ardatz nagusitzat. Ez baitago pentsamendu indibidualerako eta portaera pertsonalaren autokodetzerako eskubide honen gainetik dagoen inolako portaera irizpide etikorik, gizarte onarpenari dagokionean behintzat. Izan ere, norbera da bere buruaren interprete eta legegilea. Errebelazioa, autoritatea eta karisma ez dira autokontzientzia, autarkia eta autodeterminazio etikoa bezain konbentzigarri eta koaktiboak. Gizarte elkarbizitzaren oinarria ez da errebelatu edo heredaturiko kode baten onarpen heteronomo eta unibertsala, baizik eta norberak aukeratutako kode posibleen artean itundutako bateragarritasunaren bilaketa. Horrelako autonomia etikoa ez da arbitrai moralaren aukera apetazkotzat ulertzen, baizik eta gizarte partaidetza eta elkarbizitzarako aukeratzat. Jarrera moralak aukeramena du buru eta kontrolatzaile, zentzurik zabalenean ulerturiko onaren eta txarraren artean aukeratzeko posibilitatetzat ulerturik betiere aukeramena, determinazio askeko arrazonamendu baten bidez. Aukeramena, ez apeta, gazteen dekalogo deontologikoko aginduetako lehena eta funtsezkoena da. Gazteen artean onarpen mailaz bigarrena den agindua autodeterminismo indibidualaren beste muturrean kokatzen da eta, oso aitzitik, familiako odolezko loturen determinismo biologikorantz lerratzen da. Bigarren agindu hau dugu "gurasoenganako begirunea eta zainketa". Kalea arroztu izanak, auzoko asaldurak, hiriko segurtasunaren galerak, eskolako kokapenaren aurrean berme egonkorrik ezak, gazte ardurarik ezaren luzapenak eta langabezia profesionalaren babesik ezak, etxea eta familia bihurtarazi dituzte babeslekurik seguruen, eta iraupen, laguntza pertsonalaren eta besteren mundu mehatxatzailearen aurreko babesaren gunerik sendoena dira. Familiak babes eginkizuna eskuratu du atzera, gazteak baitan hartzen dituen operazio-plataforma da, beste inolako erakundek ezin baitie horrelakorik eskaini egungo gazteei. Horixe da, hain zuzen ere, famili instituzioarenganako begirunea, familiak osatutako klan intimo eta zelularrarenganako fideltasuna gazte hauen gizarte elkarbizitzarako funtsezko gunea izatearen arrazoia. Gazteen artean ehunetik laurogei baino gehiago dira portaera pertsonalaren irizpide zalantzarik gabekotzat aipatutako horixe dutenak, eta gazte gehien-gehienak horrexen arabera bizi dira. Gazteria libertoaren ezaugarririk nabarmenena familiaren onarpena baita, harekiko erakusten duen begirunearekin batera inolaz ere. Familiak protagonismoa kendu dio kaleari, eta hau ordezkatzerik ez duen arren, berreskuratu egin du kaleari falta zaion gizarte integraziorako eta nortasun pertsonalerako gaitasuna. Afektibitate gune eta portaera irizpidetzat baino gehiago, operazio-gunetzat interpretatzen eta bizi dute familia gazteek, besteekiko lehiakortasunaren itsasoan sartzeko irteera plataformatzat, eta bizitzan galernarik edo hondoraketa arriskurik gertatuz gero ere familia izango da babes portua. Eta familia ez da urrun samar egon daitekeen etorkizunerako pentsio fondoa, baizik eta egungo aseguru poliza, liberto izaera bera baino sistema egonkorragorik eskura ez dugun bitartean. Portaerazko fideltasun eta errespetua da, ez gizabanako gazteak ezinbestez onartu behar duen entrega edo ideologi fideltasuna. Familiako errespetua, jakina, klanak edo tribuak ezarritako murriztapenik zein mugarik gabe norberak bere iritziak adierazteko printzipio funtsezkoaren pean dago. Familiarenganako errespetuak, halaber, ez dakar familiak berak (gurasoek) bere buruari ezarritako kode moralak onartzea. Gurasoenganako errespetuak eta maitasunak ez dakar, ezinbestez, pentsamendu batasunik edo balio moralen homologaziorik. Norberak nahi duen bezala pentsatzen eta baloratzen du. Errespetua maila afektiboan eta gizarte-elkarbizitzakoan sartzen da, ez ordea bizitzaren eta munduaren ideologiak edo kontzeptzioak sartzen diren maila ideologikoan edo intelektualean. Garrantziaren arabera hirugarrena dugun arau etikoa irten egiten da esparru indibidual eta familiarretik, eta besteren mundu arrotzari aurre egiten dio. Besteak, Moisesen kode judutarrean bezalaxe, onarpen gorena merezi du. Ez dago bestea hiltzeko inolako baimenik, ezta esklabu bihurtzerik ere, hartaz abusatuz norberaren probetxurako, eta ezin da bestea mutilatu (torturatu), nahiz eta gizarte-taldearen ongizatearen legearen onerako izan. Gazteen kodeko hirugarren agindu honen arabera, bestea –lagun hurkoa- ni indibiduala bezain baliozko eta errespetagarria da, eta ezin dugu inoiz ez inola abusu edo torturarik zertu harengan, are gutxiago hil. Gazte gehienek irizpide hau babesten duten arren, gazteen artean ehunetik hamar eta hamabost bitarteko multzo bat ez da horren aldeko agertzen, eta bestearenganako errespetua ez du absolututzat hartzen, baizik eta ongizate indibidualerako baldintzatzat. Besteaz abusatzea, bestea mutilatzea, areago, hiltzea onargarria eta baimengarria da gure segurtasun pertsonal edo kolektiborako baliagarria den neurrian. Bestea ez baita beti kolega edo laguna, haren adiskidetasuna kaltegarria ere izan daiteke, eta paretik kentzea komeni dakigune beharbada. Laugarren aginduak hirugarrenaren ildotik jarraitzen du, bestearenganako errespetuaz, eta haren gauzak bidegabeki eskuratzea galarazten du. Beste modu batez esanda, gazteen artean onarpen mailan laugarrena dugun manamendua ez lapurtzea da. Ez hiltzea, ez torturatzea edo besteaz ez abusatzea bezala, ez lapurtzea gazteen artean ehunetik laurogeik baino gehiagok onartzen duten kontua da. Hala eta guztiz ere, gizarte disidentzia maila handietara heltzen ari gara dagoeneko bosgarren manamendu honen inguruan. Bost pertsonatik batek zalantzan jartzen du agindu honek sakratutasuna, eta norberaren probetxurako eginiko lapurretaren zilegitasuna aipatzen du. Bosgarren arau moralak osatu egiten du lehen manamenduak babesturiko politeismo ideologikoaren estremismoa. Bestearenganako errespetuak autarkia indibidualaren egozentrismoa orekatzeko balio duen bezala, Jainkoaren onarpenak orekatzen du kontrolik gabeko pentsamenduaren pluraltasuna. Bakoitzak nahiago duena pentsatu behar du, baina politeismo positibo eta nihilistatik. Kontua ez baita erabateko egiaren ateismo ukatzailea, baizik eta onarpenaren eta aukeraketaren politeismoa. Bakoitzak bere aldare eta konfesioa aukeratzen ditu, baina bat behintzat izan behar du, jainkotiarrarenganako maitasunetik isolaturik bizi gabe alegia. Espainiar gazteriak politeismo militantea ezartzen dio bere buruari, ateismo egosgogorra baino gehiago. Lantzeko erlijioren bat izan behar da, eta maitatzeko Jainkoren bat. Horixe da kode moralak espainiar gazteetatik ehunetik hirurogeiri ezartzen diena. Positibismo morala da, baina zehazgabetasun eta permisibitate tarte handia duen arren ehunetik beste berrogeiek arbuiatzen dute. Gazte sektore zabal honek albedrio ideologikoa bere mailarik muturrekoenera eramaten du, Jainkoaren izatea ukatuz beronen errekonozimendu pertsonal eta sozialarekin batera. Monolitismo moral monoteistaren aurrean polimorfismoa ezartzen dio bere buruari espainiar gazteriak, kasu batzuetan ateokrazia gisa eta beste batzuetan politeismo gisa hain zuzen ere. Famili klanari uko egitea bakar-bakarrik espainiar gazteetatik ehunetik 10ek onartzen bazuten ere, eta bestea hiltzea ia-ia ehunetik hamabostek onartzen zutelarik, monoteismo teokratikoa arbuiatzen dutenak ia-ia ehunetik hogeitabost dira. Adiskidetasun teista, derrigorrezkoa bada ere ehunetik hirurogeita hamabostentzat, aukera pertsonalaren kontua da beste ehunetik hogeita bost lagunentzat. Ez da Jainkoaren heriotza edo baztertzea ezartzen, baizik eta haren onarpen aukerazkoa. Espainiar gazteriaren dekalogoko seigarren agindua idolorik sustraituenetako baten desmitologizazio latza da. Laugarren manamendua, zintzotasunak hipokresiaren gainetik, egiak gezurraren gainetik, ondradutasunak zurikeriaren gainetik eta espontaneitateak kalkuluaren gainetik egon behar duela dioena, ez da dagoeneko baldintza unibertsala, zeren eta gazteen artean ehunetik hirurogei baino gutxiago baitira horrelakotzat onartzen dutenak. Aldi berean, ehunetik berrogeik baino gehiago eskatzen dute batek gezurra esan ahal izatea, non eta egoki edo komenigarri irizten dion. Gezurra ez baita dagoeneko estigma bat, eta zintzotasunak galdua du kutsu paradigmatikoa gazte gehienentzat. Gezurra esatea, faltsutzea, itxurak egitea, zergatik ez, bada, norberaren interesen zerbitzuko denean? Kalkuluak eta errezeloak ordezkatzen dute, horrela, elkarrekiko sineskortasuna eta konfidantza. Gezurra, lapurreta baino maila handiagoan inondik ere, dagoeneko ez da tabua espainiar gazteriarentzat. Izan ere, ehunetik berrogei inguru dira lehena portaera kode ohikoaren zatitzat onartzen dutenak, eta hogei inguru bigarrenari dagokionean. Gazteriak arbuiatzen duen Moisesen azken agindua, eta gazte gehienek arbuiatzen dute gainera, sexuaren praktikak ezkontzako harreman araututik at dituen mugei buruzkoa da. Zalantzarik ez dago hedoniaren gurtza islatzen dela sexu gozamenaren esparruan, aisialdiaren gizartearen kultura postmodernoaren ezaugarritzat. Espainiar gazteetatik bi heren ezkonbizitzatik kanpo sexu jarduera eta gozamena mugatzen duen ororen oso kontra ageri da. Disidentziazko sexu kode berria gorputzaren konstelaziokoa da, eta honentzat "gorputzak eskatzen dizuna egia da, ez sekula traiziorik egin" dioen eslogana egia erabatekoa da. Gazteen munduetan gorputzak bereganatu duen toki nagusia oso gauza garrantzitsua da, eta gazteen produktu guztiak markatzeaz gain pisu erabakigarria eskuratu du gazteen sentsibilitate, praktika eta ideologia berrietan. Giza gorputza kapital ekonomikotzat eta hedoniarako baliabide iraunkortzat hartzen duen ideologiaren baitan, sexu plazerra arrazoi etikoak direla eta mugatzeak ez du inolako zentzurik. Askapen sexualaren sustatzaileek bide diote sexuaren gozamena murriztea ezkontzak sortzen dituen jabetza edo jabetze eskubideetatik sorturiko baldintzen ondorioa dela, ez ordea maila moralean sorturiko mugena. Gorputzaren errekonozimenduaren eta maitasunaren kultura berriaren arteko lotespen intimoa bada. Gorputzak laga egin dio gizakiaren alderdi baxua, alderdi animalia hutsa izateari, eta honexek finkatu ditu maitasuna atzera asmatzeko oinarriak. Maitasuna, aldi berean, nahigabeko erakarpena eta aukera bat baita: patua eta askatasuna gurutzatzen dira maitasunean. Objektu erotikoa subjektu aske eta bakan bihurtzen duen magnetismo arraroa da. Norberaren gorputzarekiko harreman berri eta askeago baten garaipena antzematen da, eta erotismoaren berreskurapen bizia izango du honexek emaitza (7). Horrek guztiak eragindako gazteria motan, liberto izaera funtsezkoa da. Gazteak sekula baino autonomizazio eta erabaki gaitasun handiagoa du, gizarte esparrua mosaikotzearen eta ondorioz portaera eredu homogeneoak eta unibertsalak desagertzearen ondorioz, alabaina mugatuta dago gaitasun hori garatzeko, hainbat baldintza ekonomiko eta sozialek, familiaren instituzioa tartean, mugatzen eta lotzen baitute, eta eusten baitiote; eta horixe da bizimodu libertoa. Egungo mundu zatikatu, askotarikoaren parean,
arau edo portaera eredu unibertsalik edo unibertsal izateko asmorik
gabearen parean, aurreko lerroetan azaldu dugun bezala norbanakoak bere
bizimodua pertsonalizatzera eta eraikitzera bideratzen dituen munduaren
aurrean, gizabanako libertoa nortasun krisialdi suerte bat jasaten duena
da, eta honexek bultzatzen du portaera irizpide zurrun eta aurrezehaztuak
bilatzera, azken batean portaera pertsonalizatuaren bilaketa izan behar
lukeena (8)
homogeneotasunen bilaketa bihurtzera, irudimenezkoak izan arren homogeneotasun
horiek, norberaren eredua tinkotzeko patroien bilaketa behin betikoan
murgildurik, norberaren nortasunari egokituriko bilaketaren ahalegina
saihestuz. |