... .....

Grupo interdisciplinar sobre drogas

Denboraren erabilerari buruzko INJUVE 96 azterlanak, Josune Aginaga eta Domingo Comasek eginak, 14-24 urte bitarteko espainiar gazteek 3.600 egunetan zehar eginiko jardueren denbora banaketa jasotzen duen galdetegi bat (kop.= 1.200) du baitan, bi astetan zeharreko egunkari pertsonalen analisi batekin batera. Lan osoa Cambio de Hábitos en el uso del tiempo izenburupean argitaratu da (Madril, INJUVE, 1997). Testu honetan, konklusioetako batzuk laburtu besterik ez dut egingo.

Lehen-lehenik, gazteek bere denbora banatzeko duten modua gure gizarteak azken bi hamarkadetan zehar izan dituen aldaketa handiak aztertzeko adierazlerik onenetakoa dela esan behar da.

Ildo honetatik, gazteek, pentsatu ohi dugunaren zeharo bestela, bere burua aldaketaren eta gizarte mugikortasunaren ikuspegitik ikusten dute, eta beharbada hauxe da beraien ustezko pasibitatearen azalpen nagusia. Baina gazteen jarrera, 60ko urteen erdialdean abiatu zen epe historiko baten gizarte eta kultur esperientziaren emaitzazko jarrera bat da; epe horrek, nagusiki industriako langileez eta hainbat lurraldetan iraupen hutsaren mugan bizi ziren nekazariez osatutako gizartetik klase ertain nagusi bat sortzea eragin du.

Aldaketa hau hazkunde ekonomikoaren testuinguruan gertatu da, zeren eta aldian-aldiko krisialdiak jasan arren etengabea izan baita hazkunde hori, eta garatuen taldera hurbildu gaitu, Nazio Batuek salatutako diktadura autoritario batetik Europar Batasunak onarturiko eta bertan integratutako demokrazia batera igaro garen bitartean. Hau da, pobreziaren kultura penagarritik kontsumo gizarte xahutzailera igaro gara, eta ondorioz herritarrek gauza aldagarritzat ikusten dute estratifikazio sisteman duten tokia, zeren eta gizarte mailak, klaseak, "etengabe bidaiari desberdinak garraiatzeko gai diren autobusak bailiren" hartzen baitira gaur egun.

Baina autobus orok ez du bidaiari mota oro garraiatzen, eta orain artean gertatu izan den bezala, autobus berriek eta modernoek ez dituzte gurdi zaharretako bidaiariak jasoko. Gutxi gorabehera denok gaude aldatzeari laga dion eta dagoeneko erreproduzitzen, birsortzen hasi den gizarte estratifikazioko sistema batean. Egia da sistema desberdina dela, hobea ere bai, baina aldaketaren garaia igaro da, nahiz eta gehienek, gazteek batez ere, oraindik egiazko kontutzat hartzen duten gizarte aldaketen egoeran gaudela, eta derrigorrez kokagunea hartu beharra dagoela.

Gazteei jartzen zaien muga bakarra marjinalen, bazterrekoen autobusean ez sartzen ahalegintzea da; izan ere, horrelakoak ezgaitzat jo ohi ditugu, edota okerreko autobusean sartu bailiren hartzen. Edonola ere honek ez du kanpo zeinuez zehazturiko klase kontzientzia aberatsa ager dadin galarazten, jarduerek, arropak, oporrek estatusa atxikitzen baitute, baina kontzientzia trukagarria da inolaz ere, orain eta hemen gaudeneko kontzientzia, unean uneko kontsumo aukeren arabera aldatzen dena.

Hauxe da gazteek bizi dutela uste duten errealitatea, mugitzen direla uste izatera daramatzan errealitatea, eta mugitu mugitzen dira, pasibotzat hartzen dituztenak kontraesanean murgilduaraziz; ez baitakite mugitzeari laga dion, behintzat lehen bezain bizkor mugitzen ez den gizartean biribilean, bueltaka ari direla.

Bigarrenik, adierazi beharrekoa da gazteek areagotu egin dutela astearen zikloaren polarizazioa, astegunen eta asteburuen artekoa alegia. Astegunak ikasteko edo lanerako espazioa dira, eta asteburua aisiaren txanda da ezinbestean.

Aisia kontzeptuaren bilakaera historikoa, "lanik ez egitearen bizio"tzat hartzen zutenetik lanaren "utopia askatzailearen" ikuspegirainokoa alegia, lanordu gutxiagoren errebindikazioarekin hasi zen, denbora librearen balorazio positiboaz jarraituz, kultur subkontzientera helduz Prometeoren mitoaren ordez Nartzisorena jarriz, eta lehenik aisiaren kultura berezi baten eta geroago aisiak menderatutako kultura baten agerpenaz, eta lanaren desagerpenaren proposamenaz amaituz.

Baina bilakaera honek ez dakar, inondik ere, ikuspegi antagonikoaren desagerpena; ikuspegi hau lanean eta gizarte erreprodukzioaren lehentasunean biltzen da nagusiki, eta denbora librea berreskuratze fisikorako tartetzat hartzen du, berezko inolako esangurarik gabekotzat. Are gehiago, lanaren banaketari buruzko ikerlanak aurkitzen ari diren denbora librearen areagotzea bera sistemak sortarazitako ilusio bat dela uste du, "herri hedonismoa" Michel Maffesolik erabiltzen dituen hitzez baliatuz gero, herritarren kontzientzia manipulatzeko asmo hutsez zertua.

Eta maila batean gazteek elkartzen dituzte aisia askatzailearen eta lan ezinbestekoaren ikuspegiak, eta mundu bien arteko bereizketari aurre egiten diote, zeren eta lehena asteburuetan biltzen baita nagusiki, eta bigarrena astegunetan zehar.

Horrela ulertzen da asteko astegunetan zehar areagotu izana lan orduak (eskola eta ikasketa orduak), baina ia-ia erabat desagertzen da jarduera hau asteburuan zehar; izan ere, honetan biltzen dira aisiako jarduera gehienak, gizarte jarduerak barne eta kanpo lagata aisia mediatikoa, telebista ikustea funtsean, aste osoan zeharreko jarduera da eta.

Baina hirugarrenik zera gertatzen da, gazteen eginkizun mendekoak eta bizitzako proiektu autonomoa prestatzeak sortzen dizkien zailtasunek galarazi egiten dietela astea, egiaz, laneko eta aisiako egunen artean polarizatzea.

Familiaren mendean dauden ikasleen ikuspegitik, asteak erabateko polarizazioa du, baina gazteak gizarte integrazioko prozesuan abiatzen ahalegintzen direnean, edota lan mundura hurbiltzen besterik gabe, ordurarte gozatu ahal izan duten asteko denbora dual edo bikoaren eredua bazterrean utzi behar dute lehen-lehenik. Hurrena datorren krisialdiak, gizarte eta laneko horrek alegia, argia egin diezaguke gizarteratze prozesuko porrot asko eta askoren inguruan.

Edonola ere, eta laugarrenik, azken bi hamarkadetan gazteen artean eman den denboraren banaketa orokorraren aldaketarik adierazgarrienak ikasle kopuruaren eta ikasketa orduen gorakada, kirola egiten dutenen kopuruaren gorakada eta kultur jardueren multzoaren murrizketa dira.

Maila absolutuetan, 14-24 urte bitarteko gazteak ikasleak dira, guztiek jotzen dute lizentziaturaren bila, ikasketetan porrota besterik eskuratzen dutenek izan ezik, gizarte maila apalago batean kokatzen baititugu. Ez ikasteko aukera ez da apenas, bakar-bakarrik porrota dago. Honexek azaltzen du ikasteko orduek gune nagusia hartzea ikasle gehienei dagokienean.

Baina maila erlatiboetan, gehien hazi den jarduera kirola da, ezen kirola egiten dutenen proportzioak duela hogei urtekoaren halako hamabikoa da.

Ikuspegi ilustratu batetik, prestakuntza mailaren gorakada eta kultur interesaren murrizketa kontraesanean daudela ematen du, baina, aldi berean, halako errealitate bati dagozkio. Eskolatze maila baxuko gizarteak, prestakuntza defizit handiak zituela, nolabaiteko kultur osagarria behar zuen, baina nahi dituen edo asimilatzeko gai den kultur input guztiak jasotzen dituen belaunaldiak ez du uste bere prestakuntza osatu beharra duenik inolako kultur jarduerarekin.

Bostgarren kontua zera dugu, beren jatorrizko familiarekin bizi diren mendeko gazteek denbora eta baliabide gehiago dutela aisiarako, eta gazte autonomoek denbora libre gutxiago eta kalitate baxuagokoa dutela.

Jatorrizko familiarekin bizi izateak emantzipatzen, askatzen diren gazteek mantendu ezin duten bizi maila bat izatea dakar berekin. Gizarte tradizionalean gazteak irrikitan zeuden proiektu autonomo batean abiatzeko, zeren eta jatorrizko familian independentziarik eta intimitaterik gabe bizi baitziren. Baliabide ekonomiko asko zuten familien kasuan ere, famili ondasunak indibidualki erabiltzeko aukera murriztuta zegoen, gaurkoak baino familia handiagoak ziren eta, eta ezin zuten erabakirik hartu, ezta gazteek berek irabazitako diruaz ere.

Gaur egungo gazteak ez dira soilik baliabide asko eskaintzen dieten familiekin bizi, are gehiago, nahiko espazio pertsonal eta intimitate ere badute, eta sexu harremanak ere izan ditzakete familiak onartutako pertsona batekin, nahiz eta toki deserosoetara jo behar, eta lana egiten dutenean irabazitako diruaren zati handi samar bat ere beretzat har dezakete.

Seigarrenik, egia erabatekoa da genero bien artean denborak berdindu egiten direla praktikan, batez ere nerabezaroan, baina adinean aurrera egin ahala itzuli egiten da desberdintasuna.

Denboraren erabileran genero bien artean dagoen desberdintasun sakona gazteen artean zuzendu dela dirudi, nahiz eta aldaketaren zati bat gazteek etxeko lanetan ia-ia batere lanik ez emateak eragin duen.

Baina egiaz, egoera berri hau azaltzen duen aldagaia ia-ia nerabe guztiak, eta gazte gehienak, ikasle izatea da. Ikasketa urteetan zehar, nesken eta mutilen praktikak oso antzekoak dira, alde batzuk badiren arren, esaterako mutilek kirol gehiago egitea eta neskek gehiago ikastea, baina ikasle izaera galtzen denean atzera agertzen dira desberdintasunak, bai laneratzeko orduan bai etxeko lanetan aritzeko denboran. Gainera, hau guztia neskak mutilak baino prestatuago dauden belaunaldi batean gertatzen ari da.

Baina, zazpigarrenik, ezin ahantzi dugu nesken eta mutilen artean badirela alde batzuk denboraren banaketari dagokionean.

Denboren berdintzea ez da erabatekoa. Kopak hartzeko edo lagunekin solasean egoteko denbora berdindu da, etxeko lanei dagokienean zero inguruan biltzen dira neskak eta mutilak, eta laneko eta aisiako denborak hurbilago daude helduen artean edo duela hamar urteko gazteen beren artean baino, baina neskek mutilek baino gehiago ikasten dute, eta mutilek aisia gehiago dute eta neskek baino lan gehiago egiten dute.

Edonola ere, famili dinamikako desberdintasun zenbaitek bizirik dirau, garbi ikusten baita; izan ere, neskak mutilak baino hobeto moldatzen diren arren unibertsitate mailan, ibilgailua duen mutilen proportzioa neskenaren halako bikoa da.

Zortzigarrenik, ahanzten hasi beharko dugu denbora okupatuaren eta denbora librearen bereizketa sinplea, lanaren eta aisiaren artekoa alegia, eta honen ordez, berrindartzeko denborari dagokiona alde batera lagata, bereizketa hirukoitz bat jarri beharko dugu: laneko edo ikasteko denbora, derrigorrezko gizarte "aisiako" jardueretarako denbora, eta aisia librerako denbora.

Alde batera lagatzen baditugu kopak hartzea, lagunekin solasean aritzea, kultur jardueretako batzuk, irakurketa eta hobbyak, denbora libreko beste jarduera guztiak gizarte mailako obligazioak dira. Sekulako presioa baitago denbora libre guztia sozialki antolatutako denbora bihurtzeko, eta honen kontra "egiazko denbora librea" galdatzen duen hainbat ahots altxatzen ari da.

Gizarte mailan derrigorrezkoak diren jarduerak itxuratzen dituzten elementuak, funtsean, kirola, boluntario gisako jarduerak eta beste zenbait kultur jarduera dira. Aisiako jarduera hutsentzat desegokiak diren eguneroko betekizunen martxan kokatutako jarduerak dira. Hau da, inork ez du kirolik egiten, libururik irakurtzen edo boluntario gisa jarduten asteburuetan, batez ere arratsalde edo gauez denean.

Horrelako jarduerei "hastapeneko jarduera" deitu diegu, zeren eta aukera ematen baitute laneko edo ikasteko denboren eta aisiako jardueren arteko trantsizioa zilegi bihurtzeko. Ateak zabaltzen dituzte: nerabe batek horietakoren bat sistematikoki zertzen badu, kopak hartzeko aukera bermatzen du, autojustifikazioa ere lortuz bide batez.

Azkeneko konklusio gisa, denboraren erabileraren inguruko estrategia pertsonalen definizioak zera dakar, etengabe balantzaka aritzea, helburu esplizituak lortzeko planteamendu arrazional baten eta helburu horiexen determinazioa bera oinarritzen duten nahi espresiboen presioaren artean.

Gazteek bere burua "tolerante, zintzo eta solidariotzat" definitzen dute indibidualki, baina bere belaunaldiko beste gazteak "heltzaka, berekoi eta mendekotzat" ikusten dituzte (CIS, 1996); gizarte helburu garbietako bat lagun egonkorra izatea da, baina ez dira bila aritzen, topatu egiten dute; gurasoekiko harremana ez da dioten bezain ona, alabaina, ezin dute jatorrizko familiaren etxea utzi.

Gainera beste faktore bat ere bada, gazteek ez dituzte beren ahalegin guztiak estatusa eskuratzeko estrategiara bideratzen... kontakizunez, sentimenduez beteta dute bizitza, eta hauek guztiek beste helburu, beste plazer berehalako batzuetara bultzatzen dituzte, gero damu diren arren. Egunkariek islatzen baitituzte "programazio akatsek" sortarazten dituzten erruduntasun sentimendu anbibalenteak.

Oso adibide garbia dugu sexu portaeretan: gizarte optimizazioko irizpideen arabera banatzen da denbora, baina sexurako aukerak –eta beste portaera espresibo batzuek- eten egiten du proiektu pertsonalaren objektibotasuna, eta norberak bere buruari ezarritako erritmoari atzera heldu behar izaten dio gero, desgaraian.

Denbora objektibiza daiteke, baina bizitzak berak markatzen du bidea, eta galarazi egiten du gizarte helburuak, kulturalagoak, beste desira sakonago batzuetatik aparte planteatzeko aukera; Marcuseren esaldi ospetsua baitugu argigarri, "plazerraren printzipioaren ordez errealitatearen printzipioa jartzea da gizabanakoaren garapenaren gertakizun traumatiko nagusia, bai espeziearen garapenaren mailan (filogenia) bai norbanakoarenean (ontogenia)". Eta horixe da informazioa eskaini duten gazteen errealitatearen isla, baldin eta "ordez" hitzaz ulertzen badugu arauzko super niaren eta plazerraren printzipioaren irriken arteko amaitzekeko liskarra.