| ..... |
GAZTEEN ASTIALDIRAKO
ILDO BERRIAK Astialdietan sortzen diren edo gertatu ohi diren jarduera eta fenomeno sozialak ugariak eta mota askotakoak dira. Hor sartzen dira erlijio egintzak, jarduera politikoak, kirol ekitaldiak, gizarte mugimenduetako parte hartzeak, kultur bizitza indibiduala, sorkuntza artistikoa, droga kontsumoa, astialdiko heziketa etab. Beraz, gizarte fenomeno horiek noiz gertatzen diren ari gara hemen begiratzen. Denbora jakin batean, astialdian, gertatzen direlako, horixe delarik guzti horiek beren artean lotzen dituena. Astialdia, beraz, mundu zabala da. Hor sartzen dira kontsumo nahikeria eta pasibotasuna, sormenaren garapena eta balore batzuen bizipena eta sustapena (elkartasuna, justizia, errespetua, diskriminaziorik eza,...). Astialdia, gainera, jarduerak aurrera eramateko espazioa da. Helburu, estrategia eta bitarteko ezberdinak izanik ere, hiru sektore handik hartzen dute parte espazio horretan: sektore publikoak, enpresek eta elkarteek. Gure gizartera heltzen diren kultur balore eta ereduak, ezin du beste modu batera izan, inguratzen dituen sistema sozio-ekonomikoaren araberakoak dira. Horren ondorioz, bizi dugun une historikoan, astialdiaz ahalik eta ondoen baliatzea da sustatu nahi den bidea, izan ere jende asko ez baita asetuta geratzen merkataritza izaerako harremana lortu bitartean. Astialdian eman ohi den beste joera bat da gauzak bakarka geroago eta gehiago egiten ohitzea, eta horrela piskanaka pertsonak bakarrik bizitzen ohituz joaten dira (etxe barruan bakarrik bizitzeraino, komunikazioko teknologia berrien mende). Eredu horrek esan nahi du, halaber, menpekotasun harremanak edukitzea eskatzen duten jarduerak geroago eta gehiago egin behar izatea, edota lansari ekonomikoa eskatzen dutelako edo profesional baten laguntza, edota tresna teknologiko sofistikatuak erabiltzea eskatzen dutelako. Gizarte-merkatu horren ondorio logikoa da kontsumoan eta pertsonak sujetu pasibo bihurtuz egindako jardueretan oinarritutako kulturako eta astialdiko jarraibideak sustatzea. Eredu horretatik ez dabiltza gazteak urruti, aurreko belaunaldikoak ez bezala, ohituta baitaude ezer egin gabeko eta eman ahala irentsi beharreko astialdiko jarduerekin eta teknologia informatikako tresneriarekin. Eta hori guztia sormeneko proiektuak egin eta aurrera eramaten dituztenen kaltetan izan ohi da, hau da, gazteek izandako ekimenetatik, eta ez komunikabideetatik eta kultur kontsumoaren bidetik hartutako kultur eredu berdintsu eta diruzaleei mimetikoki jarraitzetik, sortzen diren proiektuen kaltetan. Gazteen astialdian parte hartzen duten sektore eta agente guztiei aldaketa horiei buruzko hausnarketa egin eta eskaini egin behar zaiela kontuan dugunez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bartzelonako Diputazioko Pla Jove bulegoarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, joandako uztailean UPV-EHUko Udako Ikastaroen barruan kurtso bat antolatzea erabaki zuen, "Gazteen astialdirako ildo berriak. Administrazioaren, enpresen eta elkarteen egintzetarako erronka berriak" izenpean. Gipuzkoako Foru Aldundiak irakurleak bere eskuetan duen liburu hau argitaratu nahi izan du, gai horri buruz espezialistek kurtso horretan azaldutako txostenak bildu eta nahi dutenen eskuetan jartzeko. Benetan nahi nuke liburu honek gizarte dinamika
aldatzaile horri buruzko hausnarketa egiteko balio izatea, izan ere astialdia
eta gazteriaren inguruan egun arte ezarritako zeregin, plangintza eta
estrategiak etengabe berrikustea eskatzen baitigute.
Diputada Foral de Juventud y Deportes
|