| ..... |
Aspaldidanik ezaguna zaigu gazteriari zuzendutako ekipamendu soziokulturalek duten garrantzia, zeren eta espazio berezi eta apartak baitira kokatzen diren inguruko bizitza sozial eta kulturala dinamizatzeko. Gainera, gazteen beren sozializazioan, partaidetzan eta espresioan eragiteko bide bihurtzen dira. Izan ere, ekipamendu hauek gazteek sortutako ekimenak indartzen dituzten elementutzat har daitezke, eta gazteen eta udal administrazioaren arteko komunikazio-dinamikak lantzen eta finkatzen laguntzen dute. Zoritxarrez, udal administrazioak ez du beti asmatu behar bezala erantzuten, ezta behar garaian ere, espazio hauek direla-eta gazteek egin dituzten eskariei. Eta gure arreta Gipuzkoara zuzenduz, badirudi aldaketa bat izan dela arlo honetan; aldaketa hau udal ekimeneko gazte-ekipamenduen sorreran antzematen da (gazteleku edo gaztetxoko horiek hain zuzen); eta, beste kasu batzuetan, horrelakoak sortzeko aukeraren inguruko azterlan eta hausnarketa-prozesuetan. Alabaina, udal ekimenaren ezaugarria era boluntaristan jardutea izan da zenbaitetan, dagoeneko esparru honetan burututako beste esperientzien inolako ezagutzarik gabe, edota bazterrean utzita; izan ere, lehen egindakoak erreferentzi gunetzat balio dezake horrelako ekipamenduak diseinatu, antolatu eta gestionatzeko unean, eta bestetan egindako akatsak berriro ez errepikatzeko. Eta hausnarketa-fase horretan dauden Gipuzkoako udalak, edo gutxienez aukera hori eskuartean aztertzen aritu direnak gogoan izanik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Departamentuak zera erabaki zuen 1995ean, SIADECO enpresari lehenbiziko txosten bat egiteko eskatzea, era honetako ekipamenduen plangintzan laguntzearren. Orain aurkezten den liburuak 1996an EUSA enpresari agindutako lana jasotzen du; horrek, lehenbiziko txostenean jasotako informazio eta gomendioetatik abiaturik, beste alderdi eta parametro tekniko batzuetan sakontzen du eta, azken batean, gida bikaina eskaintzen du gazte-ekipamendu bat sortzeko garaian kontuan hartu behar diren elementuak eta estandarrak zehaztean. Beraz, oso interes handiko dokumentu bat dugu aurrean, bai orientabidetzat harturik arlo honetan gauzatzeko asmoa dagoen udal jarduera ororentzat, bai batera edo bestera gazteei zuzendutako ekipamendu soziokulturalekin erlazionatutako lanetan ari diren pertsona guztientzat. Bestalde, irakurleari ohartxo bat egin behar diot liburu honek duen balio erantsiari buruz, zeren eta gazteriarekin eta ekipamendu-plangintzarekin erlazionatutako argitalpenen merkatuan dagoen hutsune bat estaltzen baitu, izan ere gai-esparru hau era monografikoan lantzen duen testu espezializaturik ez baitago ez gazteleraz ez euskaraz. Azkenik, zera esan nahi dut, argitalpen hau benetan erabilgarria izatea espero dudala, eta gazteei zuzendutako ekipamendu soziokultural berriek hemen eskaintzen diren gomendio eta aholku teknikoak erabili ahal izatea aldi berean.
ARRITXU MARAÑON BASARTE Gazteria eta Kiroletako foru diputatua
|