| Kokapen Politikoaren Arabera |
|
Ezkertiarrak
Ezkerrean emakumezkoak eta gizonezkoak daude proportzio
berean. Hala ere, ugariagoak dira nerabeak eta 23 urtetik beherakoak.
Gizarte-klase guztietan banaturik daude. Haien artean daude euskara
dakiten eta erabili ohi duten gehienak.
Diotenez, aisiarako denbora gehiago dute. Nagusiki
telebista ikusten eta liburuak irakurtzen ematen dute denbora
hori eta, neurri txikiago batean, prentsa irakurtzen. Hainbatek
gauza arriskutsuak egiten dituzte noizean behin eta sarritan parte
hartzen dute denetariko elkarteetan.
Pozik daude beren bizitzarekin, baina ez dira oso
libre sentitzen beren erabaki nagusiak hartzeko. Erlijiozko sineste
gutxiago dituzte eta gutxiago kezkatzen dira hurbileneko arazoez.
Politikoki, berdintasuna nahiago dute. Haien erreferentziazko
espaziorik hurbilena Euskadi da eta urrunena, berriz, Espainia.
Horrenbestez, ugariak dira Espainiako Estatutik independizatzearen
aldekoak. Oso kritikoak dira instituzio guztiekin eta gazte guztien
batez bestekoak baino neurri handiagoan jotzen dute justifikagarritzat
kaleko zein armen bidezko bortizkeria. Hala ere, erabat gaitzesten
dute Estatuaren aldetiko legez kontrako jardunbide oro terrorismoaren
aurkako borrokaren arloan.
Zentrokoak
Politikoki moderatuagoak direnak sexu batekoak zein
bestekoak dira neurri berean, baina, batez ere, ugariak dira helduenen
artean. Haietako batzuek bikote finkoa dute edo izan dute. Gehien-gehienak
erdi klasekoak dira.
Ez dute aginpide handirik sumatzen gurasoen aldetik,
behar adinako autonomia badutela sentitzen dute, baina, hala ere,
ez daude guztiz pozik beren bizimoduarekin. Batez bestekoa baino
gehiago dira erlijiozko sinesteak dituztenak. Eguneroko bizitzan
ihes egiten diete jarduera arriskutsuei.
Ez dira kritikoenak instituzioekin eta uste demokratiko
sendoak dituzte. Bortizkeria politikoa gaitzesten dute, baina
apur bat permisiboak dira terrorismoaren aurkako borrokan Estatuak
noizbehinka legez kontrako bideak erabiltzearekin.
Neurri handi batean, beren herriko edo Euskal Herriko
biztanle sentitzen dira, baina ugariak dira oroz gaindi espainiar
sentitzen direnak. Horrenbestez, uste dute Euskadik, lurralde-entitatea
izaki, autonomia maila handiagoa edo txikiagoa izan behar duela,
baina Espainiako Estatuaren baitan betiere.
|