Pozik daudenak
Beren bizimoduarekiko gogobetetasunik handiena erakusten
duten gazteak aztertutako talde guztietan daude, baina batez ere
emakumezkoen artean eta goiko adin-tartean.
Haien familiaren egoera ekonomikoa ona da, erdiko
klasekoak dira, euskara ondo menperatzen dute eta hainbatek bikotea
dute edo izan dute.
Ohiturei dagokienez, gainerakoek baino aisialdi gutxixeago
dute eta denbora gutxiago ematen dute telebista ikusten: gogokoago
dute prentsa irakurtzea; gehienek ez dute jarduera arriskutsurik
egiten eta gutxiago hartzen dute parte edonolako elkarteetan.
Ez dute atzematen aginpide larregirik gurasoen aldetik
eta oso libre sentitzen dira beren bizimodua aukeratzeko orduan;
komunikazio ona dute familiako beste kideekin.
Etorkizunak biziki kezkatzen ditu eta haien artean
ohikoagoak dira erlijiozko sinesteak.
Iritziei dagokienez, liberalak direla diote, baina
gainerakoak baino apur bat kontserbadoreagoak dira abortua bezalako
gaiei dagokienez. Oroz gaindi, beren herri edo hiriko sentitzen
dira, uste demokratiko sendoak dituzte, ez dira gainerakoak bezain
kritikoak instituzio sozial eta politikoekin, ez dute inola ere
onartzen kaleko bortizkeria eta, azkenik, espektro politikoaren
erdian kokatzen dira.
Pozik ez daudenak
Pozik ez daudenek kontrako ezaugarriak dituzte neurri
handi batean. Haien artean nagusi dira gizonezkoak, batez ere
nerabeak. Etxeko egoera ekonomikoa ez da oso ona, gizarte-maila
guztietan banaturik daude, ez dira euskara hobekien menperatzen
dutenak eta ez dute edo ez dute izan bikote-harreman finkorik.
Aisiarako denbora gehiago dute eta telebista ikusteko
erabiltzen dute nagusiki, prentsa irakurtzearen kaltetan. Gauza
arriskutsuak egin ohi dituzte eta parte handiagoa hartzen dute
elkarteetan. Ez dute behar adinako askatasunik sumatzen eta erlijiozko
sinesteen maila txikiena erakusten duten gazteak dira.
Berdintasunaren sentimendu sakona dute eta liberalenak
dira kontzientziazko kontuetan.
Aurrena, beren herri edo hiriko biztanle sentitzen
dira eta, kasu batzuetan, mundukoak, baina ia inork ez du bere
burua Espainiako edo Europako Batasuneko biztanletzat jotzen.
Oso kritikoak dira instituzioekin eta ez dute erabat gaitzesten
kaleko bortizkeria.
Haien uste demokratikoa batez bestekoaren azpitik
dago eta, funtsean, espektro politikoaren ezkerrean kokatzen dira.
|