Sistemaren aurkako jarrera erradikalen indarra neurtzeko, besteak beste, bortizkeria arma politiko gisa erabiltzea bidezkotzat jotzen duten jarrerek zenbaterainoko zabalkundea duten jakin behar da. Hori dugu aldagairik adierazgarrienetako bat. Halatan, planteamendu orokorregiak bazterturik, argi eta garbi galdetu genien gazteei ea bidezkotzat jotzen duten gaur egun Euskal Herrian indarkeria erabiltzea helburu politikoak erdiesteko. Gipuzkoako gazte gehien-gehienen iritziz, ez da zilegi armen bidezko bortizkeria erabiltzea. Hori dugu, alde handiarekin gainera, jarrera nagusia. Horixe adierazten du taulak. Hala ere, aztertutako gazteen %8,4k onartu egiten dute bortizkeria armatua borrokabide politiko gisa73. Bestetik, nabarmendu beharra dago jardunbide horrek onarpen zabalagoa duela gizonezkoen artean, 23 urtetik beherakoen artean eta beheko klasekoen artean. Hala ere, eta aldagai politikoa denez, norberak adierazitako kokapen politikoak lotura estua du bortizkeria armatuari zilegi irizte horrekin, halako moldez, non jarrera hori hedatuago baitago ezkerreko posizioetan kokatzen direnen artean.
Kaleko bortizkeria justifikagarritzat jotzen dutenak bortizkeria armatua bidezkotzat jotzen dutenak baino gehiago dira. Jardunbide horren aurkako jarrera ez da bestearen aurkakoa bezain nabarmena. Alde handirik ez badago ere, oraingo honetan gehixeago dira manifestaldi istilutsuetan parte hartzea justifikagarritzat jotzen duten gazteak -nahiz eta horrek ez duen esan nahi horrelakoetan parte hartzen dutenik-. Bortizkeria armatuari dagokionean bezalaxe, kaleko manifestazio istilutsuetan parte hartzeak oniritzi zabalagoa du gizonezkoen, 23 urtetik beherakoen, beheko klasekoen eta ezkertiarren artean.
Beste muturrera jo, eta elkarrizketatuei galdetu genien zer irudituko litzaiekeen estatu batek terrorismoaren kontrako borrokan noizik behin legez kanpoko baliabideak erabiltzea. Emaitzak, neurri batean behintzat, aurrekoen alderantzizkoak dira.
Elkarrizketatutako gazteen %80k gaitzetsi egiten dute jokabide hori. %7ren iritziz guztiz justifikagarria da eta, azkenik, %7k kasuen arabera justifikatzen dute. (73) Datu hau bat dator Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Saileko Soziologi Prospekziorako Kabineteak 1997an eginiko "Retratos de juventud 1996" azterlanak eskainitakoarekin. Azterlan horren arabera, bakar-bakarrik E.A.E.ko gazteen %8ak dio ados dagoela "Hiltzea justifikatuta dago halako arrazoi edo ideal batzuk lortzeko bada" baieztapenarekin, eta %88a, berriz, horren kontra ageri da. Halaber, azterlan horrek baiesten ditu datuok, arrazoi politikoko bortizkeria justifikatzen duen gazte kopurua murrizten dela baitio, adinean gora egin ahala. |
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||