Gipuzkoako gazteek dituzten sinesteen koadroa osatzeko asmoz, haien balore-egitura nolakoa den jakiteko funtsezkoak diren beste lau gairi buruzko iritziak aztertu ditugu. Sexu-askatasuna, abortua, eutanasia eta droga-kontsumoa dira lau gai nagusi horiek. Hurrengo datuetan ikusiko den bezala, gipuzkoar gazteriaren ezaugarrietako bat moral permisibitate handikoa izatea dugu. Sexualitatearen arloan, sexu-harremanei buruzko jarrera permisiboa ia unibertsala da gazteen artean. Ia %100 ados agertu dira esaldi honekin: "Gizabanako bakoitzak sexu-askatasun osoa gozatzeko aukera izan behar du". Ikusten denez, proposamena izugarri zabala zen, baina baliagarria horren aurrean nolabaiteko zalantzak dituzten taldeak edo kolektiboak zein diren jakiteko. Agertu diren zalantza bakanak gizonezkoek, gazteenek eta goiko klaseetakoek erakutsi dituzte. Abortuari buruz, berriz, galdera hau egin genien: "Uste duzu abortu librea legeztatu behar dela, hau da, emakume haurdunak erabaki behar duela kontu horretan?". Kasu honetan ere, adostasuna oso handia izan da, baina ez aurrekoan bezain unibertsala: %75,3 ados daude esaldi horrekin (elkarrizketatutako lau gaztetik hiru alegia). Iritzi hori espainiar estatuko beste probintzietan baino zabalduago dago Gipuzkoan (Estatu osoko gazteen %64 daude abortu librea legeztatzearen alde)55. Dena dela, aipatu beharreko bi datu daude: batetik, horrekin bat datozen gizonen portzentaia emakumeena baino handixeagoa da; bestetik, abortu librearen aldekoen kopurua nabarmenki txikiagoa da gazteenen artean. Bestetik, eta bakoitzak zer egingo lukeen aintzat hartu gabe, aztertutako gazte gehienek uste dute "eutanasia zigorgabetu behar dela, hau da, gaixo sendagaitzei hiltzen lagundu behar zaiela sufritzen segi ez dezaten". Hala uste dute gehienek (%78,5). Aztertutako talde guztiak bat datoz horretan, eta, gainera, elkarrizketatuaren sexuak edo gizarte-mailak ez du eragin handirik. Horren aldekoak Estatuko beste probintzietan baino ugariagoak dira Gipuzkoan (Estatuan %69,2 daude eutanasia zigorgabetzearen alde56). Droga-kontsumoari dagokionez, iritziak beste edozein gaitan baino banatuago daude. Gaur egun legeak norberaren kontsumoa baimentzen duela kontuan izanik, galdetu diegu ea "drogak hartzea zigortu behar den", hau da, ea elkarrizketatua "drogak hartzea delitutzat jotzearen alde ala kontra dagoen". Oraingoan gehienak, %51,8, drogak hartzea ez zigortzearen alde agertu dira eta %37,5ek erantzun dute drogak hartzea delitutzat jotzearen alde daudela. Hemen ere, iritziak antzera banatuta daude bi sexuen artean, adin-tarte desberdinen artean eta gizarte-klase guztien artean. (55 y 56) INJUVE (1996), op. aip. |